Blogaren artxiboa

Igeldoko Behatokiko meteorologoa: Felisa Martin (1898-1974)

Egun, zientziei eta jakintza-alorrei buruz dugun pertzepzioen artean, fisika “arlo gogorra” dela dirau. Fisikaz gain, kimikak eta matematikak ere irudi berdina ohi dute. Pertzepzio hauek, aldiz, ez zuten eragin handirik izan Euskal Herriko historiaren lehen emakume zientzialarien artean. Izan ere, gehienak fisika eta kimika gaietan jantziak ziren eta ibilbide profesionala garatu zuten arlo hauetan. Emakume horien artean dugu, 1926. urtean Fisikan doktoratu zen Felisa Martin Bravo donostiarra. Felisa, Estatu mailan, Fisikako doktoregoa lortu zuen lehen emakumea izan zen. Eta bestelako alor batzuetan ere, lehena izan zen.

1. irudia: Felisa Martin Bravo fisikaria eta meteorologoa (1898-1974)

1. irudia: Felisa Martin Bravo fisikaria eta meteorologoa (1898-1974) |

Felisa Donostian jaio zen 1898ko ekainaren 11an eta bertan zegoen Institutu Orokor eta Teknikoan ikasi zuen Batxilergoa burutu arte. Ikasketak amaitu ondoren Madrilera joan zen Zientzia Fisikoak ikastera. Unibertsitatean zegoela, institutuetako zientzia irakasle titulua lortzeko, Ikasketen Hedapenerako Batzordearen (JAE) menpe zegoen Institutuko zientzien sailean kolaboratzen hasi zen klaseak emanez. 1922an, 24 urterekin, Fisikan lizentziatu zen eta ondoren, Blas Cabrera fisikaria tutore zuelarik, praktikak egin zituen ikerketan murgiltzeko. Asmoak gauzatuz, X izpien bidez kristalen egitura ikertzen zituen Julio Palacios fisikariaren lantaldean hasi zen lanean,LIF laborategian (Fisikako Ikerketen Laborategia). Palaciosen lantaldeko eta Fisikako Ikerketen Laborategiko lehen emakume ikertzailea izan zen.

X izpien aparatuak erabiliz, kristal-sareen egiturak ikertu zituen laborategian. Horren baitan, Henry eta Lawrence Bragg aita-semeen metodoa eta baita ere, Peter Debye etaPaul Scherrer fisikarien hauts difrakzioaren sistema erabili zuen nikel eta kobalto oxidoen, eta berun sulfuroaren egiturak zehazteko. Lan hauek 1926. urtean defendatu zuen doktorego-tesiaren oinarri izan ziren eta bikain nota lortuz, Fisikan doktoratu zen lehen emakumea izan zen Felisa Martin Bravo. Horrez gain, Espainiakokristalografiaren historian argitaratutako lehen ekarpen zientifikoa berea izan zen ere,  X izpien bidezko kristalografiari buruzko “Determinación de la estructura cristalina del óxido de níquel, del óxido de cobalto y el sulfuro de plomo” artikulua.

1927an atzerrian eman zituen hainbat hilabete, Connecticuten eta Vermonten nesken institutuetan fisikako eta gaztelaniako klaseak ematen. Egonaldia aprobetxatuz, Harvardeko eta Yaleko unibertsitateak bisitatu zituen bertako laborategiak ezagutzeko. Etxera bueltatu zenean Sevillako Unibertsitateko Katedraduna zen José Vallejo filologoarekin ezkondu zen.

1928. urtean, sasoiko hainbat fisikarik bezala, Meteorologia Agentzia Estatalean lanean aritzeko eskaera egin zuen eta oposaketak prestatu zituen. 1929. urtean hasi zen bertan lanean meteorologiako laguntzaile gisa. Agentziako lehen emakumea, eta bakarra, izan zen 1935. urtera arte. Felisa laguntzaile moduan aritu zen bertan baina ez zituen baztertu beste zereginak. Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Fisikako eta Kimikako Institutuaren baitan, Julio Palaciosek zuzentzen zuen egitura kristalinoen determinaziorako X izpien sailean, ikertzaile bezala aritu zen Cajal Katedrako beka bati esker.

1932. urtean, ikerketak sakontzeko, Cambridgera joateko diru-laguntza eman zioten eta Cavendish laborategian egon zen lanean.  X izpien espektrografiaz gain, Meteorologia Agentziaren aginduz, zundaketa atmosferikoen gaia landu zuenCharles Thomson Rees Wilson fisikariarekin. Behin beka bukatuta, bertan jarraitzea eskatu zuen baina ez zioten eman luzapenik. 1934an etxera bueltatu zen Meteorologia Agentzian lanean jarraitzeko. Eta bertan harrapatu zuen Gerra Zibilak.

1936an Meteorologia Agentzia bi zatitan banatu zen eta Felisak alde errepublikanoan jarraitu zuen lanean Madrilen. Tropa frankistak hirira hurbildu zirenean agentziako arduradunek erakundea Valentziara eramatea erabaki zuten. Ondorioz, langileek Valentziara joateko agindua jaso zuten 1937an baina Felisa Martinek uko egin zion aginduari eta ez zen aurkeztu Valentzian. Berehala kanporatu zuten erakundetik.

Meteorologia behatokiek berebiziko garrantzia izan zuten gerran, komunikazio-gune estrategikoak bihurtu baitziren. Bistakoa izan zen garrantzia, frankisten menpe zeuden meteorologia behatokien ardura aireko armadak hartu baitzuen. Armadak behatokietako zuzendariak karguetatik kendu eta militarrengatik ordezkatu zituen. Horrela gertatu zen 1937. urtean, ordura arte Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean zegoen, Igeldoko Meteorologia Behatokian ere. Urriaren 30ean Juan López Cayetano militarrak hartu zuen bertako zuzendaritza. Baina berehala utzi behar izan zuen Igeldo, Salamancara itzultzeko. Igeldoko Meteorologia Behatokiko egoera juridikoa nahasgarria zen une horretan. Kudeaketa ez zen Gipuzkoako Aldundiarena, beraz, ezin zituen teknikoak kontratatu. Aldiz, eraikina eta bestelakoak haren ardurak ziren. Militarrek ez zuten kargurako hautagairik baina zuzendari bat behar zuten behatokian. Egoera juridiko korapilatsu hark eta Donostiakoa izateak lagundu egin zioten nonbait Felisari.

2. irudia: Igeldoko Behatokian lan egin zuten meteorologoak. Argazkia: AEMET - Estatuko Meteorologia Agentzia

2. irudia: Igeldoko Behatokian lan egin zuten meteorologo batzuk. Euren artean, Felisa Martin Bravo. Argazkia: AEMET – Estatuko Meteorologia Agentzia |

Aireko armadak ez zuenez baliabiderik behatokietako zuzendaritzak ordezkatzeko, gerra aurretik Meteorologia Agentzia Estatalean lanean ibilitako teknikariak esleitu zituen toki batzuetan, adibidez, Igeldon. Horrela, 1937ko azaroan Igeldoko Meteorologia Behatokiko zuzendari “akzidentala” izendatu zuten, Felisa Martin Bravo anderea, López Cayetano militarraren ordez. 1937ko azaroaren 13tik 1940ko ekaina arte bertan egon zen lanean.

Behatokian Karlos Santamaria Ansa matematikaria eta euskaltzalea izan zuen lankide. Elkarrekin egon ziren urteotan harreman estua izan omen zuten eta Felisak kargua utzi zuenean, Karlos Santamaria proposatu zuen zuzendari lanetarako. Iradokizuna aintzat hartuta, Karlos Santamaria izendatu zuten Igeldoko Meteorologia Behatokiko behin-behineko arduraduna. Igeldon egon zen bitartean Felisa galernei buruz ikertzen ibili zen.

Felisa eta haren senarra Madrilera bueltatu ziren. Lehenak, Espainiako Meteorologia Zerbitzuan sarrera eskatu zuen eta bigarrenak, Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Eskaerak jasota, “garbitasun espedientea” gainditu behar izan zuen batak zein besteak. Felisak errepublikanoen meteorologia zerbitzuan lan egin izanagatik eta baita ere, erbesteratuak zeuden bere ahizpa Rosaliarekin eta haren senarrarekin, Alejandro Casona dramaturgoarekin, zuten harreman estuarengatik. Errepublikako Meteorologia Agentziako teknikoei Valentziara joateko aginduari uko egiteak “garbitasun espedientea” gainditzen lagundu zion eta Meteorologia Zerbitzu Orokorrean onartu zuten. Zerbitzuko emakume bakarra izan zen 1960. urtera arte eta baita ere, kargu militarrik ez zuen bakarrenetarikoa. Laguntzaile izatetik meteorologoa izatera pasatu zen eta elektrizitate atmosferikoaren ikerketa ildoa jorratu zuen. Gaiari lotuta hainbat artikulu argitaratu zituen 1943tik 1954ra bitartean. Erretiroa hartu arte jarraitu zuen lanean Meteorologia Agentzian.

Felisak egin zuen azken ibilbideaz asko ez dakigun arren, jakin badakigu askok mesfidantzaz ikusi zutela haren onarpena Meteorologia Agentzian eta meteorologo kargua lortu izana “garbitasun espedientea” gainditu ondoren. Baina Felisa soberan trebatua zegoen zientzialari ekina izan zen. Hainbat traba, arazo eta oztopo gainditu behar izan zituenak aurrera ateratzeko.

Zientziaren hainbat arlotan lehen emakumea izan zen haren historia, sasoi hartako beste hainbat emakumeena bezala, ahaztuta egon da testu batzuetako lerroen artean. Merezi du horiek gordetzen dituzten istorioak plazaratzea, dokumentu zaharrek batutako hautsa astinduz.

1974. urtean hil zen Igeldoko Behatokiko meteorologo eta fisikari aitzindaria, Felisa Martin Bravo.

Iturria: Zientzia Kaiera, Uxue Martinez

Marie Curie eta Gerla Handia

Marie Curie.

Zientzia eta guda gizonezkoen alor esklusiboak ziren XX. mendearen hasieran. Espresuki debekatuak zitzaizkien emakumezkoei, neskametzarako edo gizasemeen menpeko lan anonimoetarako ez bazen behintzat. Lehen alorraren itxitura beste inork ez bezala gainditu zuen Mari Curiek, Fisikan eta Kimikan nobel sari bana irabazitako zientzialari bakarra dela kontuan hartuta. Bigarren esparruak ere jaso zuen haren alerik, hain laudatua izan ez den arren.

Arma modernoak zirela medio, latza eta odoltsua zihoan Lehen Mundu Gerra, eta Curie andereari ideia bat bururatu zitzaion fronteko zaurituak laguntze alde. Gorputzaren barrenak arakatzeko sistema iraultzaile bat zeukan gogoan, tirokatuen kasuan bala zehazki non zegoen azkar batean jakitea ahalbidetuko ziona, eria tokitik sobera mugitu gabe. Bere plana: auto flota bat erradiografiak egiteko aparatuz hornitzea eta fronteko sendagile eta zirujauen eskura jartzea. Automobilek dinamo bana ere eraman beharko zuten, motorraren martxa argindar bilakatuko zuena, erradiografiak egiteko ezinbestekoa.

Gaur egungo ikuspegitik begi bistako kontua eman badezake ere, ideia bikaina zen Curierena. Plana burutzeko, ordea, Frantziako Gerla ministerioa jarri behar bere alde, eta ez zirudien xamurra. Azken finean, erakunde militar batek, armadak, laguntza zibilari hauspoa ematea, baina gainera, emakumezko baten gidaritza onartzea baitzekarren proposamenak.

Zailtasunak zailtasun, lortu zuen goi agintariak limurtzea. Misiorako agindua 1914ko abuztuaren 12an heldu zitzaion Curie andereari, ez ordea inolako baliabiderik flota osatzeko. Frantses aberatsei joan zitzaien eskean, eta bereziki gizon ez zirenei. Hain zuzen, Frantziako Emakumeen Batasuneko diruari esker egin zuen bidea bere proiektuak, La Radiologie et La Guerre (1921) liburuan aitortu zuenez.

1914ko irailean, 20 Petite Curie edo erradiologi automobil prestatu zituen, alaba zaharrena, Irene, lagun zuela. Aipa dezagun bidenabar, amaren bideari jarraiki Kimikako nobel saria jaso zuela alabak ere, 1935ean. Bereizgarri, grisez margotu zituzten Curie Txikiak, eta gurutze gorriaren ikurra itsatsi zieten albo banatan.

Ama-alabek beste oztopo bati egin beharko zioten aurre, halaz ere. Fronteko zirujauek harri eta zur begiratzen zioten lagundu asmoz heldu berri zen tramankuluari. Luxua iruditzen zitzaien ibilgailu hura, baina batez ere, denbora galtzea. X izpien balioa ulertu behar izan zuten lehenik, Curie Txikiaren lana beren prozeduran onartzen hasteko. Apurka, behin-behineko soluzio bilakatu ziren, eta segidan zirujauen estimuko aparatu. 200 Curie Txiki inguru egin zituzten gerrak iraun zuen bitartean. 1,1 milioi erradiografia atera ziren automobilotan.

Baina erradiografiak egitea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, eta Curie andereak eskola sortu behar izan zuen emakumezkoek, sarbidea debekatua zuten ospitale militar haietan, zirujauekin batera lan egin zezaten. Edith Cavell, alemanek exekutatutako erizain britainiarraren izena eman zion eskolari. Mariek berak eman zizkien eskolak bi hilabetez, han formatu ziren 150 emakumeei. Besteak beste, matematika, fisika eta anatomia erakutsi zien.

Curie Txikia.

Erradiologia zerbitzuari paralelo, Radona lantzen aritu zen Curie anderea. Radioaren gasa da radona, garai hartan zenbait zauri osatzeko ospitaleetan oso erabilia. Teknika berriei esker, gas hori likido bihurtzen hasiak ziren zientzialariak, eta Marie Curiek radon hodiak fabrikatzeko Frantziako lehen zerbitzua sortu zuen Pariseko Ulm karrikan zuen lantegian.

Iturria: Argia

Konputagailuak emakumeen gauza zirenekoa

Zientzia eta teknologiaren alorrean emakumezkoek egindako ekarpenak lausotuta gelditu dira historian. Informatikaren hastapenetan, ordea, hantxe zeuden emakumeak, adibidez, ENIACen sorreran.

Emakumeek konputagailuen historian uste baino zeresan handiagoa izan ote zuten otu zitzaion Kathy Kleimani. 80ko hamarkadaren amaiera zen. Kleiman konputazio zientziak ikasten ari zen Harvarden, eta adoregabetuta zegoen, inguruan horren emakume gutxi ikusita. Historian begiratu behar zuela erabaki zuen, eta, bide horretan, 1946an lehen konputagailu elektronikoa aurkeztu zenean —ENIAC ( Electronic Numerical Integrator and Computer)— egunkarietan aterako argazkiei begira jarri zen. Irudietako gizonezkoak izendatuta zeuden, baina nor ziren han agertzen ziren emakume haiek? Konputazioaren historiako aditu bati galdetu zion, eta hark publizitateko modelo modukoak zirela azaldu zion, irudi nolabait apainagoa eskaintzeko jarriak, hozkailuak saltzeko katalogoetan jartzen ziren emakumeak bezalakoak.

Baina Kleimani ez zitzaizkion modeloak iruditu. Eta arrazoia zuen: ez ziren modeloak. Kleiman eta beste ikerlari askoren lanari esker, pixkanaka-pixkanaka, aurreritziek lausotutako historian argiuneak zabaltzen hasi ziren.

II. Mundu Gerra ez zen inondik inora aurreko gerrak bezalakoa izan, hainbat ikuspegitatik. Adibidez, aurrerapen teknologikoei esker, historian lehen aldiz, zuzenean begiz ikusteko urrunegi zegoen etsaia ere jomuga bihurtu zen armentzat, urruneko muinoetatik jaurtitako artilleria proiektilentzat, edota hegazkinetatik botatako bonbentzat. Baina horretarako proiektilaren ibilbidea ondo kalkulatu behar zen. Jaurtiketa guneak, jaurtigailuaren abiadura, goratze angeluak, tenperatura, airearen dentsitatea, haizea… Aldagai mordoa izan behar zen kontuan.

Eta jakina, lan hori ez zen gerra eremuan egiten. AEBetako Armadak, esaterako, Pennsylvania Unibertsitatean egiten zituen kalkulu horiek guztiak jasotzen zituzten taulak, gero bonbardaketariek edo artilleriagizonek erabiliko zituztenak.

Konputagailuen lana izan zen hori. Eta konputagailu haiek ez ziren makinak: gizakiak ziren; emakumeak, zehatzago esateko. Gizon gazteak gerran zeudela, “herrialdeak behar zituelako” lantegietan eta armagintzan lanean hasi ziren lehen emakume haiek bezala, balistikako kalkuluak egiteko ere emakumeei deitu zieten, kasu honetan berezitasun jakin bat eskatuz: matematiketan jakintza izatea. Eta baldintza normaletan asko jota irakasle izatera kondenatuta zeuden emakume gazteez osatutako talde hark egin zuen lana ez zen nolanahikoa izan. Adibidez, kalkulu diferentzialeko ekuazio horietako bakoitzak, 30 orduko lana zuen, eta milaka eta milaka ekuazio egin behar zituzten, gerrak aurrera egin ahala. Analisi diferentzialerako analizatzaile mekanikoak, arkatza eta papera ziren haien lanabesak.

Emakume talde hark lanean jarraitu zuen, baita aliatuek Europan garaipena eskuratu ostean ere. Bitartean, Pennsylvaniako Unibertsitateko beste areto batean John Mauchly eta J. Presper Eckert, sekretupeko proiektu batean murgilduta zeuden: ENIAC makina asmatzen ari ziren, hain zuzen balistikarako kalkulugintza bizkortzeko helburuarekin.

1945. ekainean, makina eraikitzeko prest zeudenean, hura nork programatuko zuen pentsatzen hasi ziren. Haien ustez, benetako erronka makina egitea zen. Aldiz, programazioa lan astuna, aspergarria eta erraza izango zela uste zuten, bulegoko lanen antzekoa; zein hobeagorik bigarren maila horretarako unibertsitate berean jo eta su ekuazioak egiten zebiltzan emakume konputagailu haiek baino?

Hala errekrutatu zituzten: Betty Jean Jennings, Kathy McNulty, Frances Bilas, Elizabeth Snyder, Ruth Lichterman eta Marlyn Wescoff.

Makinatzarra

“Ez zeukaten oso argi zer eskatzen ziguten”, gogoratu zuen geroago haietako batek. Are gehiago, emakume haiek ez zuten askoz beranduagora arte ENIAC makina bera ikusteko segurtasun baimenik izan. “Plano bilduma itzela eman ziguten. Han zeuden makinaren panel guztien kable instalazioak. ‘Dezifratu makinak nola egiten duen lan eta nola programatu daitekeen’, esan ziguten”, gogoratuko zuen Kathy McNultyk.

Eta 18.000 huts tutu eta zirkuituz eta kablez jositako milaka zati zituen 27 tonako makinatzarraren logika estudiatu zuten, eta finean hura nola programatu asmatu zuten. Ez zen ez lan aspergarria edota milioika txartel zulatu egiteko lan astuna. Aitzitik, sekulako kreatibotasuna eskatu zien sei emakume haiei. Ez hori bakarrik, arazo askotarako, makinaren ingeniariek baino jakintza handiagoa lortu zuten, programazioa edo softwarea soilik ez, hardwarea ere ondo asko ezagutzen zutelako.

Itzelezko lana zen lehen konputagailu programatzaile hauena. Makinak segundu gutxitan kalkulatu edo ebatziko zuen problema sartzeak izugarrizko prestaketa lana baitzekarren. 1945eko udazkenerako ENIACen lehen demostrazioa prestatzen ari zirela, beste lan bat agertu zitzaien lehenago egiteko. Stanley Frankel eta Nicholas Metropolis Los Alamosetik etorri ziren, IBMren milioi bat txartel zulaturekin, hidrogeno bonbak erreakzio termonuklearra nola abia zezakeen jakin nahian. ENIACeko emakumeak beharrezkoak ziren txartel zulatu haietan zetorren programa makinan ezarri eta hura lanean jartzeko. Huraxe izan zen makina ikusi ahal izan zuten lehen aldia.

1946ko otsailean aurkeztu zuen AEBetako Gobernuak ordura arte sekretupean landutako ENIAC makina. Bazkari batekin ospatu zuten gertaera. Hantxe egon ziren unibertsitateko goi karguak, Armadaren eta Gobernuaren ordezkariak eta makinaren asmatzaileak. Eta sei programatzaileak ez zituzten gonbidatu ere egin.

Hasia zen haien presentzia lausotzen. Hedabideetan, aurkezpenaren berri ematerakoan ez zen emakume haien aipamenik ere egin. Argazkietan ere desagertuz joan ziren. The New York Times egunkariak plazaratu zuen argazki nagusia atzeko planoan agertzen ziren bi emakume. Gero, errekrutamendurako propaganda egiteko erabili zenean, argazki hura bera moztu egin zuten, ENIACeko emakumeak desagertaraziz.

Gerra bukatu eta gizonezkoak AEBetara itzuli zirenean, matematiketan jantziak ziren emakumeentzako tokirik ez zen gelditu Armadako proiektuetan, kriptografian, kalkuluan… Gobernutik irakaskuntzara edota aseguru konpainiatara joateko gomendioa eta guzti egin zitzaien. Sei emakume haietako batzuek, dena den, teknologiaren arloan jarraitu zuten, programazioaren historiako lehen pauso haietan parte hartuz.

Konputagailuen iraultzak, dena den, guztien beharra zuen eta emakumeak ere informatika alorrera deitzea beste erremediorik ez zen izan hurrengo hamarkadetan. Eta aurreiritzik gabeko alor berria zenez, emakume ugari sartu zen, hori bai, lanpostu horiek gero eta prestigio handiago lortu zuten arte. Hori gertatu zenean pixkanaka arloa maskulinizatzen joan zen. Gizonezkoen gauza bihurtu zen konputagailuena.

Montse Maritxalar: “Teknologiaren sorkuntzan egon behar dugu emakumeok”

Iturria: Irune Lasa, Berria

Emakume zientzialariak

   Lehen lehiaketa emakume batek irabazi zuela kontuan edukirik, eta zer demontre! Merezi dugulako! Oraingo honetan emakume baten inguruan galdegingo dizuet. Ezkerreko irudian ageri den emakumeaz.

Baina ez dizuet erraza jarriko ez. Buruari eragin beharko diozue.

Era berean zientzialari honen bizitza ez zela batere erraza izan konturatuko zarete.

Gogoratu, galdetegia ikusi eta erantzuteko ikastolako zuen posta irekita eduki behar duzuela beste lehio batean.

Zuzen erantzun duten ikasle guztien artean, astebetez, hamaiketakoa dohan edukitzeko aukera zozketatuko da.

Erantzuteko Epea otsailaren 28a, gaueko 12ak.

Galdetegia erantzuteko klik egin hemen

(ikastolako zure posta irekia mantendu)

Kontuz! Kasu honetan galdetegiak lau atal ditu. Atal bateko galderak erantzutean “continuar” botoiari emanez hurrengo ataleko galderetara pasatzerik izango duzu. Bukaeran zure erantzunak jaso ditugunaren konfirmazio mezua ikusi behar duzu.

Emakumeak: generoaren mugak gainditzen zientzian

Iturria: Zientziategia

Oso denbora luzean zehar, gizonak izan dira nagusi ikerkuntzaren munduan. Gaur egun ere, ordezkorik gabe daude emakumeak hainbat diziplinatan, eta nekez bereganazen dituzte erantzukizun handiko lanpostuak zientzia arloan. Zein da desoreka horren arrazoia? Zer egin behar emakumeek aukera gehiago izan ditzaten?