Blogaren artxiboa

Elikagaiak mantentzeko, krustazeoen oskolak plastikozko filmen ordez

Nork ez du etxean, elikagaiak bildu eta mantentzeko erabiltzen dugun ezinbesteko material hori, plastikozko film-biribilkia? Ahalik eta luzaroen irauteko eta mikrobioetatik babesteko, besteak beste, estali ohi dira jakiak plastikozko filmez. Hori dela eta, gure sukaldeetan ohikoa dugu plastiko hau baina ohikoa da ere beste hainbat lekuetan aurkitzea. Izan ere, itsasoak eta ibai-bazterrak plastikoz beterik daude, arrain askok plastiko-zatiak irensten dituzte, zabortegiak ere plastikoz gainezka ageri dira.  Nonahi ikusten dira plastikozko poltsak eta filmak, eta 100-400 urte behar izaten dira haiek degradatzeko. Horrenbestez, petrolioaren deribatu diren plastikoez bestelako materialak sortzea premiazko eginkizuna da, ingurumenari egiten diogun kaltea leuntzeko.
Egun, hauen erabilera murrizteko, hain kaltegarriak ez diren materialen bila ari dira ikertzaile asko eta dirudienez badugu bat: kitosanoa, krustazeoen oskolekin egindako materiala.

plastikozko filma

Kitosanoa kitinatik lortzen da. Krustazeoen (karramarroak, otarrainak, izkirak eta abar) exoeskeletoko egitura-elementu bat da kitina. Zelulosaren ondoren naturan dagoen polimero ugariena da, ez da konposatu toxikoa eta gaitasun antimikrobiar handia du bakterioei eta onddoei aurre egiteko. Propietate hauek kontuan izanik, Itsaso Leceta ingeniari kimikoak, elikagaiak estaltzeko kitosanoaren erabilera aztertu du azenarioetan. Egindako ikerketa-lanean Lecetak frogatu du, alde batetik, kitosanoz egindako estalkiek ongi eutsi zietela jakiaren kalitate-ezaugarriei, eta luzaroago kontserbatu zirela.  Bestalde, ingurumenari kalte txikiagoa egiten diotela kitosanozko filmek plastikozkoek baino, inpaktu-kategoria ugaritan.

Ikertzaileak azaldu du, kitosanoz egindako estalkiak erabili dituztela lanerako eta zeintzuk diren honen onurak: “ganba, otarrainxka eta beste krustazeo batzuen oskolekin egiten da kitosanoa. Ingurumenari mesede egiten zaio oskol horiek aprobetxatuta; horrez gain, produktu biodegradagarri bat egiten da, kitosanoa alegia. Produktu horrek propietate antimikrobianoak ere baditu, eta oso aproposa da, hortaz, elikagaien industriarako. Horrez gain, azenarioen karga mikrobianoa murriztu egin du kitosanoak. Hori dela eta, hobeto eutsi diete beren propietateei”.

Laborategiko probek emaitza onak ekarri arren, elikagaiak ontziratzeko kitosanoaren erabilera industrial masiboa ez da berehalako kontua izango. “Oraindik ere ikerketa gehiago egin behar da. Energia berriztagarriekin gertatzen den bezala, bakarra ez da aski; hobe da ‘mix’ bat egitea. Biopolimero ezberdinekin lan egitea komeniko litzateke, petrolioaren deribatu diren materialak ahalik eta gehiena murriztuz joateko”, dio Lecetak. Dena dela, positiboa da egindako lanaren bere balorazioa: “Bizi-ziklo osoa kontuan hartuz gero, hobea da gure materiala petrolioaren deribatuekin egindakoak baino, ingurumen-kategoria ugaritan gainera. Izan ere, ingurumena da gakoa, eta hori izan du ardatz nire tesiak. Ingurumenaren aldetik hobea den material bat ez badugu lortzen, ez du zentzurik gure lanak”.

Nolanahi dela ere, oro ez da urre, eta hala aitortu du Lecetak: “Ingurumenari dagokionez, plastikozko filmak baino hobea da kitosanozkoa, ingurumen-inpaktuen kategoria ugaritan. Hala ere, horrek ez du esan nahi kutsatzen ez dutenik. Ohiko plastikoen produkzioan gertatzen ez den bezala, kitosanoaren manufaktura optimizatu gabe dago, oraindik. Optimizatuz gero, are gehiago murriztuko litzateke kitosanoaren ingurumen-inpaktua”. Laburbilduz, konponbide guztiek dituztela beren alde txarrak, eta kalte txikiena eragiten duen hura hautatzean datzala gakoa: “Zer da ‘hobea’: itsua izatea, ala gorra? Bada, antzeko erabakiak hartu behar izaten ditugu guk ere”, adierazi du ikerketaren egileak.

Ikertzaileari buruz:

Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen Itsaso Lecetak (Donostia, 1985), Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan (UPV/EHU), eta Material Berriztagarrien Ingeniaritzan (Donostiako Eskola Politeknikoa, UPV/EHU) masterduna da. Biopolimeroetan oinarritutako filmen prestaketa, karakterizazioa eta bizi zikloaren analisia du izenburu Lecetaren doktore-tesiak; tesiaren zuzendari, berriz, Koro de la Caba (unibertsitate-irakasle titularra eta BIOMAT ikerketa-taldeko burua) eta Pedro Guerrero (ikertzailea) izan ditu.

Iturria: Zientzia Kaiera

Gorputzari iruzur egiten dion pilula: Argaltzeko pilula ote?

Fexaramina izeneko konposatua gai da gure barrenari ziria sartzeko eta bazkaltzekotan gaudela pentsarazteko, hala ez izanda ere. Ondorioz, digestioa egiteko prestatzen da eta kaloriak erretzen ditu, datozenei tokia uzteko. Argaltzeko botika gisa potentzialtasuna baduela uste dute AEBtako Salk Institutuko ikertzaileek.

Joan den astean iragarri bezala, Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote? Izeneko hitzaldia eskainiko du Jon Irazusta fisiologoak, hilaren 20an Bilbon. Galdera horri erantzuteko zain gauden bitartean, argaltzeko bestelako pilula bat dakarkigu gaur Zientzia Kaierara; pilula konbentzionalagoa itxuraz, baina hain arrunta ere ez, funtzionamenduari dagokionez. AEBtako Salk Institutuan sortu dute, eta aparteko emaitzak eman ditu saguekin eginiko esperimentuetan. Nature Medicinealdizkarian eman du haren berri Ronald Evans genetistak zuzendutako taldeak.

Argaltzeko pilula honek iruzur egiten dio gorputzari: jatear dela pentsarazten dio. Evansek azaldu bezala, “pilula hau otordu bat bezalakoa da. Asko jaten duzunean bidaltzen dituzun seinale berberak igortzen ditu, eta orduan, gorputza tokia egiten hasten da kaloriak biltegiratzeko. Baina ez dago kaloriarik”. Hau da, pilula honek ez dio pertsonaren goseari eragiten; balizko arrakastaren gakoa ez da asebeteta sentitzea eta ondorioz gutxiago jatea. Ziria ez dio argaldu nahi duen horri sartzen, bere gorputzari baizik: kaloriak lekualdarazten dizkio, horretarako behar fisiologikoa dagoela sinestarazita.

Irudia: Pilula berriaren balizko efektuen erakusle den ilustrazioa) (Argazkia: Salk Institutua)

Irudia: Pilula berriaren balizko efektuen erakusle den ilustrazioa. (Argazkia: Salk Institutua) |

Orain arte saguei bakarrik aplikatu bazaie ere, emaitzak oso onak izan dira: bost asteko tratamenduaren ondoren, obesitatea zuten sagu horiek gizentzeari utzi zioten, gantza galdu zuten, azukre gutxiago zuten odolean, bai eta kolesterol maila txikiagoa ere. Gainera, pilula hauek badute beste abantaila oso nabarmen bat: ez dute albo ondoriorik eragiten. Izan ere, argaltzeko kafeinazko ohiko pilulak odolean disolbatzen dira, gorputzeko atal gehiagotara iritsiz eta kalteren bat izateko aukerak handituz. Aipaturiko artikuluan aurkeztutako pilula, ordea, hesteetan geratzen da, odolak ez baitu xurgatzen.

FXR izeneko proteina da pilula berri honen jomuga. Giza gorputzak proteina horiek piztu egiten ditu otordu bat hastera doanean. Izan ere, FXRak agindua ematen dio gibelari behazun azidoa askatu eta horrela digestiorako prestatzeko. Gainera, odolaren azukre maila aldatzen du eta gorputzari bertan duen gantzaren zati bat errearazten dio, otordu berrian etorriko den janariari tartea uzteko. FXR aktibatzeko ahalmena duen botika bat diseinatzea da erronka, beraz, otordu baten beharrik gabe.

Evansen laborategian ia bi hamarkada daramatzate FXR aztertzen, baina ez dira bakarrak. Enpresa farmazeutikoek makina bat botika sortu dituzte proteina hori aktibatzeko; obesitatea, diabetesa, gibeleko gaitzak eta beste zenbait arazo metaboliko tratatzeko metodo moduan. Botika horiek, baina, askotariko organoetara iristen dira odolak xurgatuta, eta albo ondorioak eragiten dituzte. Alde horretatik aldaketa handia ekar dezake pilula berri honek: fexaramina izeneko konposatua du oinarri, eta horrek egiten du desberdin.

Evansen taldeak ikusi du ez dela beharrezkoa hainbeste organotara iristea ondo funtzionatzeko. Aski da fexaramina pilula bat: ahotik irensten da, hesteetan geratzen da, eta bertan FXRa aktibatzen du. Horrek kate erreakzioa eragiten du berez beste organoetan, zuzenean horiek tratatu beharrik gabe. Hala, pilula mota honek kalte fisikoren bat eragiteko probabilitatea askoz murritzagoa da; hesteetan baino ezin du inpakturen bat eragin, ez baita odolean disolbatzen eta beste edonora joaten.

Orain arte saguekin egindako esperimentuek frogatzen dute bere eraginkortasuna: saguen gorputzeko tenperatuta handitu egiten da, metabolismoa jo eta ke ari den seinale. Gainera, gantz zuriak osatutako gorputzeko zenbait deposito erre eta ehunaren zati osasuntsuagoa bihurtzen da.

Saguen emaitzok ikusita, gizakiekin entsegu klinikoak egiteko lanean ari da Salk Institutuko talde hau orain, fexaramina obesitatea eta gaitz metabolikoak tratatzeko eraginkorra ote den egiaztatzeko. Ikertzaileon ustez, FXRaren aktibazioa jomugan duten beste botikak ez bezala, hau odolak xurgatzen ez duenez, seguruagoa da eta arrakasta izateko aukera handiagoa dauka. Ondo bidean, obesitateari aurre egiteko medikuak agintzeko moduko botika bihurtu daiteke inoiz, noski, aldi berean dieta eta bizimodua zaintzeari utzi gabe.

Iturria: Amaia Portugal, Zientzia Kaiera

Glutenarekiko intolerantzia: populazioaren % 1i eragiten dion gaixotasuna

Gaixotasun zeliakoa bizitza osoa irauten duen glutenarekiko intolerantzia da eta genetikoki horretarako joera duten pertsonetan agertzen da. Donostia Unibertsitate Ospitaleko pediatra den, Francisco Javier Eizaguirrek gaixotasun hori baldintzatu dezaketen faktoreen ikerketa genetiko bat egin du eta emaitzak argigarriak izan dira.

Francisco Javier Eizaguirrek glutenarekiko intolerantzia baldintzatzen duten faktoreak aztertu ditu haren tesi lanean. Egindako lanak ondorioztatu du, D bitaminaren gene hartzailearen polimorfismo multzo bat proportzio handiagoan azaltzen dela kontroleko populazioan (gaixotasuna ez duten pertsonetan) gaixotasun zeliakoa dutenetan baino. Beraz, Eizaguirre doktorearen esanetan “mota horretako geneak ez dituztenek arrisku handiagoa dute zeliakoak izateko”.

1. Irudia: zereal batzuen irinak dituen proteina batzuk , batez ere gari-irinak.

1. Irudia: Gari-irinaz egindako elikagaiak dira batez ere gaixotasun zeliakoa eragiten dutenak.

Gaixotasun zeliakoa glutenarekiko intolerantzia iraunkor bat da. Glutena jateak eragiten du, hau da, zereal batzuen irinak dituen proteina batzuk (batez ere gari-irinak, baina baita zekalearenak eta garagarrarenak ere, beste batzuen artean). Gaixotasuna garatzeko, derrigorrezko faktoreak dira glutena eta gaixotasuna hartzeko joera genetikoa izatea, eta, horiez gain, baita ingurumen-faktore batzuk ere. Paziente zeliako gehienek dituzte HLA DQ2 eta HLA DQ8 molekula genetikoak. Baina gaixotasuna ez duten pertsonen % 30ek ere molekula genetiko horiek berak dituzte. Horregatik, gaur egun, gaixotasun horrekin zerikusia duten beste gene batzuk ikertzen ari dira. Izan ere, paziente zeliakoen lehen graduko senitartekoek arrisku handiagoa dute gaixotasuna izateko gainerako herritarrek baino. Gaixotasunak populazioaren % 1i eragiten dio, nahiz eta gehienak ez dauden diagnostikatuta.

“Glutenik gabeko dieta eginda sendatu egiten da gaixotasuna, baina, oraingoz, bizitza osorako tratamendua behar du” azaldu du medikuntzako doktore eta pediatriako espezialista Francisco Javier Eizaguirrek.

Azterketa genetikoa

UPV/EHUn egindako ikerketan, D bitaminaren gene hartzailearen aldaera edo polimorfismoak aztertu dituzte. Izan ere, D bitamina lotua dago patologia autoimmuneekin, beste funtzio batzuk ere betetzen dituen arren -hala nola gorputzari laguntzea hesteko kaltzioa xurgatzen-. “Lan horren bidez, ikusi nahi genuen D bitaminaren gene hartzailearen polimorfismoek ba ote duten loturarik gaixotasun zeliakoarekin, zeina gaixotasun autoimmune bat baita” azaldu du Eizaguirrek.

2. Irudia: Francisco Javier Eizagirre medikua, ikerketaren egilea.

2. Irudia: Francisco Javier Eizagirre medikua, ikerketaren egilea. Argazkia: UPV/EHU

Ikerketan, 61 paziente zeliako eta haien lehen graduko 132 senitartekoak multzo bakarrean bildu, eta kontroleko populazio batekin alderatu zituen (gaixotasun zeliakorik eta bestelako gaixotasun autoimmunerik ez zuten pertsonak). Kontroleko populazioa gaixotasun autoimmuneen aurrekari familiarrik eta pertsonalik gabeko 88 paziente euskaldunek osatu zuten.  Ikusi zuen bazela aldea batzuen eta besteen artean. Zehazki, hauxe ondorioztatu zuen Eizaguirrek: “D bitaminaren gene hartzailearen Fok I polimorfismoaren FF genotipoa proportzio handiagoan agertzen da kontroleko populazioan populazio zeliakoan baino (estatiskikoki esanguratsua da proportzioa); beraz, genotipo hori ez duen populazioak 2,6 aldiz arrisku handiagoa izango luke zeliakoa izateko”. “Polimorfismo horrek gaixotasunetik nolabait babesten gaitu” gehitu du.

Egileari buruz

Francisco Javier Eizaguirre Arocena medikuntzako doktorea da eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko arloko mediku espezialista. “Contribución del gen VDR en la susceptibilidad autoinmune en niños con enfermedad celíaca y en sus familiares de primer grado” izenburua duen tesia aurkeztu berri du UPV/EHUn.

Iturria: Zientiza Kaiera

Lehen aldiz identifikatu dituzte alkohol gehiegi edateak neuronetan, eskala molekularrean, eragiten dituen kalteak

Garuneko eremu prefrontalaren proteinen profilak. Paziente alkoholikoen garun laginek proteinetan garrantzitzako murrizketa erakusten dute C: paziente ez alkoholikoen garun laginak A: paziente alkoholikoen garun laginak

UPV/EHUren eta Nottingham-eko Unibertsitatearen artean eginiko ikerketa baten bidez, alkoholaren gehiegizko kontsumoak garunean eragin ditzakeen kalteak, eskala molekularrean, identifikatu dituzte lehen aldiz. Zehazki, ikertzaile taldeak garuneko eremu prefrontalean sortzen diren asaldurak zehaztu ditu. Eremu hori garuneko eboluzionatuena da eta funtzio exekutiboak kontrolatzen ditu, esaterako: estrategien plangintza eta diseinua, lanerako memoria, arreta selektiboa edo portaeraren kontrola. Ikerketa honek bide ematen dio alkoholikoen bizitza hobetuko duten eta alkoholismoaren ondoriozko gaixotze eta heriotza tasak murriztuko dituzten medikamentu eta terapia berrien sorrerari. PLOS One aldizkari digitalean argitaratu da.

Ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado, Benito Morentin eta Amaia Erdozain doktoreek, Nottigham-eko Unibertsitateko Wayne G. Carter doktorearen taldearekin batera, post mortem azterketa egin zieten alkohol gehiegikeria/menpekotasuna diagnostikatu zieten 20 pertsonaren garunei eta alkoholikoak ez ziren beste 20 pertsonaren garunei. Kortex prefrontalaren azterketan, ikertzaileek zitoeskeleto neuronalaren asaldurak ikusi dituzte paziente alkoholikoen garunetan, zehazki, proteina hauetan: α eta β tubulina eta β II espektrina. Etanolak egitura neuronalean eragindako aldaketa horiek antolamenduari, harremanak izateko ahalmenari eta sare neuronalaren funtzionamenduari eragin diezaiekete, eta alkoholismoa duten pertsonei lotzen zaizkien portaera aldaketen, aldaketa kognitiboen eta ikasteko arazoen arrazoia izan daitezke.

Lehen aldiz garuneko eremu prefrontalean, maila molekularrean, ikusitako kalteak eta asaldurak deskribatzea beste alor batzuk ikertzeko lehen urratsa izan daiteke. Helburu berrien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: alkoholak asaldura horiek eragiteko dituen mekanismoak argitzea, proteina horien funtzionamendua erregulatzen duten entzimek jasan ditzaketen asaldurak zehaztea eta prozesu horiek garunaren beste eremu batzuetan ere gertatzen ote diren ikustea (esaterako, higitze-funtzionamendua kontrolatzen dutenetan). Azken helburua aldaketa molekular horiek identifikatzea da, batetik, alkoholaren gehiegikeria eta menpekotasun prozesuekin lotzeko, eta, bestetik, alkoholak sortutako asaldurak arintzeko medikamentuak eta aukera terapeutikoak sortzeko, pertsona alkoholikoen bizitza hobetuz eta alkoholismoaren ondoriozko heriotza tasa murriztuz.

Ikerketa prozesua

Erabilitako garun laginak UPV/EHUren Farmakologia Saileko Neuropsikofarmakologia Taldearen garun laginen bildumakoak dira. Lagin horiek UPV/EHUren eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez eskuratzen dituzte. Pazienteen diagnostikoa beren mediku arduradunek zehaztu zuten horiek hil aurretik, Buruko Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuari jarraituz (Amerikako Psikiatria Elkartearen DSM liburua).

Azterlana egiteko, ikertzaileek hainbat teknika erabili dituzte: mikroskopia optikoa, proteomika, Western blot eta masa espektrometria. Mikroskopia optikoak agerian utzi zuen paziente alkoholikoen garunetako eremu prefrontaleko neuronak hondatuta zeudela, paziente ez alkoholikoen garunekin alderatuta. Hurrengo pausoan, ikerketa taldeak proteomika teknikak erabili zituen neurona horietan zein proteina aldatu diren ikusteko. Hala, asaldatutako elementuak tubulina eta espektrina izeneko proteina familietakoak direla zehaztu zuten. Tubulinek neuronen zitoeskeletoa osatzen dute, hau da, beren arkitektura. Espektrinen funtzioa, aldiz, zelulen formari eustea da. Beraz, biek garuneko sare neuronaleko osagaien arteko harremana eta jarduera ahalbidetzen dute.

Lagin bakoitzeko proteina kopurua zenbatzeko helburuarekin, Western blot teknika erabili zuten. Horren bidez, etanolak sorrarazitako kaltearen ondorioz proteina mailak murriztuta zeudela ikusi zuten. Hurrengo pausoan, masen espektrometriaren bidez, kaltetutako proteinak zehazki identifikatu ahal izan zituzten; alegia, tubulinen familiaren barnean, α eta β proteinak murrizten zirela ikusi zuten, eta, espektrinen artean, β II proteinak.

Erreferentzia: Amaia M. Erdozain, Benito Morentin, Lynn Bedford, Emma King, David Tooth, Charlotte Brewer, Declan Wayne, Laura Johnson, Henry K. Gerdes, Peter Wigmore, Luis F. Callado, Wayne G. Carter. “Alcohol-Related Brain Damage in Humans”, Plos One (Published: April 03, 2014) DOI: 10.1371/journal.pone.0093586

Iturria: Zientzia kaiera

Sasoiko elikagaiak? Laranja baten istoria

Hona hemen istorio sano interesgarria: LARANJA BATEN ISTORIA. Uste baino eragin handiagoa ei dugu klima aldaketan eta planetaren arazoetan. Ikusi bestela laranjaren istorioa, ikusi.

Sasoiko gure barazki ekologikoak  zein diren ikusteko klik egizu eskuineko irudian: