Blogaren artxiboa

Zientzia kontatzen: Ikasleen narrazio digitalak (Oiartzungo Haurtzaro Ikastola) DBH-3B

2016-17ko ikasturtean, DBH-3B. mailako zientzia arloetako ikasleek sortutako:

  • Osasuna eta bizi ohituren arteko erlazioaz,
  • drogomenpekotasunaz,
  • Kongo eta Afrikako gertaeren zalaketaz,
  • agenda 21eko programaren barruan mugikortasuna eta bioaniztasunarekin

lotutako NARRAZIO DIGITAL ederrak ikusgai dituzue. Guk adina gozatu!

Advertisements

DBH1 laborategian kuriositatea lantzen…

Basoen biodibertsitatea aberasgarria da, zentzu guztietan

Inoiz egin den zuhaitzen inbentario handiena bildu dute nazioarteko ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, basoak espezieen aldetik zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta azkarrago eta gehiago hazten dira zuhaitzak, eta beraz, egurrari merkatuan ateratzen zaion etekina ere handiagoa da. Ekonomiaren terminologia aplikatuta, biodibertsitateari eusteak superabita dakar.

Ekologiaren ikuspegitik, basoen biodibertsitateak duen garrantziaz ez dago zalantzarik. Baina baten batek horrekin nahikoa ez badu, ekonomiari dagokionez ere bada aberasgarria, nazioarteko ikerketa zabal batean egiaztatu berri dutenez. Izan ere, espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira; beraz, biomasa handiagoa da, eta horietan ekoizten den egur kantitatea ere bai. Hala azaldu dute, Science aldizkarian argitaratutako artikuluan.

Global Forest Biodiversity Initiative izeneko ekimenak orain arte egin duen lan garrantzitsuenaren emaitza da hau. Basoen ikerketan jarduten duen sare handienetakoa da, eta berrogei herrialde baino gehiagotako kideak ditu. Ikerketa Mendebaldeko Virginiako eta Minnesotako unibertsitateek (AEB) eta Herbehereetako Ekologia Institutuak koordinatu badute ere, hamarnaka erakundetako laurogei ikertzailetik gora daude artikuluaren sinatzaileen artean.

biodibertsitatea-768x511
Irudia: Espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira. (Argazkia: Dario Di Gallo, Friuli Venezia Giulia Forest Service)

Inoiz egin den zuhaitzen inbentario handiena bildu dute lan honetarako. Hain zuzen, 770.000 lursaildik gora aztertu dituzte, eta hala, 30 milioi zuhaitz eta 8.700 espezie baino gehiagori buruzko informazioa jaso. 44 estatutako baso ekosistema nagusi guztiak hartu dituzte kontuan; klima eta kondizio bereziki esanguratsuak dituzten asko, tartean. Esaterako, Siberiakoak, Patagoniakoak, Errusiako Oimyakon eskualdekoak (hotzenak), Ozeaniako Palau artxipelagokoak (beroenak) eta Brasilgo Bahia eskualdekoak (anitzenak).

Datu horiek guztiak bildu, eta orain arte zuhaitzen biodibertsitatean izan den bilakaera hartu dute kontuan. Hala, deforestazioa dela, edo klima aldaketa dela, zuhaitz espezieen aniztasunak behera egiten duenean, basoen produktibitatea ere murriztu egiten dela ondorioztatu dute. Egin dute kalkulua: zuhaitz biodibertsitatearen %10eko galerak haien produktibitatearen %3ko galera ere badakar, gutxi gorabehera. Are gehiago, gaur egun ditugun zuhaitz espezie guztiak izan beharrean, bakarra izango bagenu, nahiz eta zuhaitz kopurua berbera izan, basoei aterako litzaiekeen etekin komertziala %66 murriztuko litzateke.

Baina zuhaitz kopurua berbera bada, zer dela eta halako aldea? Bada, zuhaitz espezie bakoitzak modu desberdina darabilelako elikatu eta hazteko. Espezie bereko zuhaitzek lehiatu egin behar dute elkarren artean, denek bide bera baliatzen baitute bizirauteko baliabideak lortzeko. Espezieak desberdinak direnean, aldiz, traba gutxiago egiten diote elkarri, nork bere modua du aurrera egiteko, eta batak besteari kendu gabe, gehiago eta azkarrago hazten dira.

Iturria: Amaia Portugalzientziakaiera

Denon arbasoaren arrastoen atzetik

Organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea da LUCA, edo azken arbaso komun unibertsala. Hark zituen 355 gene familia identifikatu ditu ikerketa talde batek, eta horietan oinarrituta, bere profila irudikatu: beroa eta hidrogenoa maite zituen eta oxigenoa gorroto zuen mikrobioa zen. Ezaugarri horiek eta beste zenbait kontuan hartuta, itsaspeko sumendien bueltan dauden tximinia hidrotermalen inguruan bizi izan zela uste dute.

Zer ari gara galdetzen, nondik gatoz galdetzen dugunean? Biologiaz ari al gara galdezka, ala fisikaz, ala filosofiaz? Ertz asko dituen auzia da. Bizitzaz, edo hobe esanda, guk ezagutzen ditugun bizitza formez ari bagara, LUCA da erantzuna:Last Universal Common Ancestor, edo azken arbaso komun unibertsala. Gaur egun gure mundu honetan bizi garen organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea, gutxienez duela 3.500 milioi urte bizi izan zena. Baina arazoa zera da, LUCA erantzuteak galderak areagotu baino ez dituela egiten.

Nolakoa zen organismo hau? Non bizi zen? Eta nola? Horiei erantzun nahianDusseldorfeko Unibertsitatean egin duten ikerketa batek piztu du arreta berriki.Ustez LUCAk zeuzkan 355 proteina familia identifikatu dituzte, eta horietan oinarrituta, bere profila egin dute: beroa maite zuen mikrobioa zen, hidrogenoa funtsezkoa zuen, eta oxigenorik gabeko ingurunean bizi zen,Nature Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez. Garbi dago haren ondorengo askok eta askok beste bide batzuk hartu ditugula.

1. irudia: Bakterio eta arkeoetatik abiatu dira LUCAren balizko geneak identifikatzeko. (Argazkia: Madeline C. Weiss et al.)
1. irudia: Bakterio eta arkeoetatik abiatu dira LUCAren balizko geneak identifikatzeko. (Argazkia: Madeline C. Weiss et al.)

LUCA aurkitzeko, arkeologia lana egin behar da, bizitzaren historia luzea berreraiki. Eta horretarako organismo prokariotikoak dira abiapuntua. Animaliak, landareak, onddoak, bai eta legamiak ere, eukariotoak gara, organismo konplexuagoak; baina datuek diote prokariotoetatik sortuak garela guztiak, eta horregatik jo behar da horietara. Prokariotoak, aldiz, bi motatakoak izan daitezke: bakterioak edo arkeoak. Hain zuzen ere, bakterioak eta arkeoak bereizi izana, hori izan da bizitza formen bilakaeran gertatu den banaketarik sakonena. Horregatik, biek ala biek gene batzuk partekatzen badituzte, LUCAk ere gene horiek izango zituela pentsatzeak badu zentzua.

Ez da hain erraza, ordea. Bakterio batek eta arkeo batek gene bera izan dezakete erro beretik datozelako, baina gene transferentzia gertatu delako ere bai. Hizkuntzetan maileguekin gertatzen denaren parekoa da: euskarak baditu latinetik datozen hitzak (bakea, gela, zerua…) haren eragina izan eta transferituegin dituelako, baina ez dute jatorri bera. Orduan, nola bereizi bi organismoek LUCAtik oinordetzan jaso dituzten geneak, eta elkarri gerora kopiatu dizkiotenak?

Bada, bakterio eta arkeo espezie banak partekatzen dituzten geneak besterik gabe bilatu beharrean, irizpideak eta metodoa zorroztu dituzte. Gutxienez bi bakterio espeziek eta bi arkeo espeziek dituzten gene komunak identifikatu dituzte aurrena. 1.847 bakterioren eta 134 arkeoren genomak aztertu eta 6,1 milioi gene kontatu dituzte horrela, eta horiek guztiak 286.514 proteina familiatan multzokatu. Baina familia horien guztien artean, 355 baino ez daude gaur egungo organismo guztietan luze-zabal barreiatuta. 355 gene familia horiek dira, beraz, LUCAren parte izateko hautagai nagusiak.

2. irudia: Tximinia hidrotermala, Ozeano Atlantikoan. Halakoak izan zituen LUCAk balizko bizitoki. (Argazkia: P. Rona- NOAA Photo Library)
2. irudia: Tximinia hidrotermala, Ozeano Atlantikoan. Halakoak izan zituen LUCAk balizko bizitoki. (Argazkia: P. Rona- NOAA Photo Library)

“LUCAren fisiologia da. LUCA nola bizi zen ez ezik, non bizi zen ere esaten ari zaizkigu gene horiek”, dio William Martin ikerketaren arduradunak. Hala, gene horiek diotenez, LUCA anaerobioa zen (oxigeno askerik gabe bizi zen), karbono dioxidoa eta nitrogenoa ingurunetik hartu eta baliatu egiten zituen zuzenean, hidrogenoaren menpekoa zen, eta sufrea erabiltzeko ahalmena ere bazuen. Gainera, termofiloa zen, berrogei gradutik gorako tenperatura zuten inguruneetan bizi zen. Hori horrela, gaur egun gurean dauden izakien artean, badirudi Clostridium taldeko bakterioek eta arkeo metanogenoek dutela LUCArekin antz handiena.

Horiek guztiak kontuan hartuta, ikerketa honetan ondorioztatzen dutenez,badirudi LUCA ingurune hidrotermalen batean bizi izan zela, itsas hondoan; hidrogenoz, karbono dioxidoz eta burdinaz inguratuta. Hori dela eta, itsaspeko sumendien bueltan izaten diren tximinia hidrotermaletan kokatu dute bere balizko bizitokia, eta gaur egungo bizidun guztien abiapuntua.

Iturria: Amaia Portugal, Zientzia Kaiera

Pl@ntNet landareak identifikatzeko aplikazioa

Mugikorraz baliatuz, landarearen argazkia atera eta aplikazioak zein landare ote den proposatuko dizu. Pla@ntNet

Iturria: Pl@antNet