Category Archives: DBH-4

Agenda30: Oiartzungo Eskolen Arteko Foroa

Apirilaren 23an, Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan Haurtzaro ikastolako eta Elizalde ikastetxeko LH eta DBHko ikasleak bildu ziren, aurtengo Amaierako Udal Foroa prestatzeko. Bertan, ikasturtean zehar ikasleek burututako ekintzak elkarri aurkeztu zioten. Hona hemen, Haurtzaro ikastolako ikasleen ekarpenak. Eskerrik asko, aipatutako ekintzaetan eta bertan parte hartu duzuen ikasle guztioi!

STEM: Pellet galdararen sistema ezagutzen (A30)

Aste Ekosozialarekin jarraituz, gaur martxoak 19 pellet galdararen sistema ezagutzeko tartea izan dute Haurtzaro Ikastolako ikasleek.

Lehen gasoila erabiltzen genuen ikastolan. Duela laupabost urte, pellet galdara erabiltzen hasi ginen, ur beroa eta berogailua izateko.

Xabier Landa mantenuko arduradunak LH5, LH6 eta DBHko ikasle guztiei pelleta eta galdararen funtzionamendua eta eragin energetikoa ulertzeko behar adina azlapen eskaini dizkigu.

Mila esker, Xabier!

STEAM eta Agenda 30: Argitturriren hitzaldia (Aste ekosoziala)

Ingurumen Aste Ekosozialaren barruan, Argitturriko Xabier Irigoien (gurasoa da) etorri da gaur, martxoak 15, ikastolara. 09:00etatik 12:00etara DBHko maila guztiekin eta LH5-6 mailekin egon da. Asteartean egongo da LH3-4 mailekin.

Argitturri Oiartzungo energia berriztagarrien komunitatea da. Beraien definizioa hauxe da:

Jasangarria.

Gaur egungo energia sistema aldatu nahi dugu, jasangarria izan dadin. Energia eskuragarria izateko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Burujabea.

Herritarrak ahaldunduz: zenbat energia, nola sortu eta nola banatu nahi dugun erabaki nahi dugu. Hemen kontsumitutako energia bertan sortuz.

Berriztagarria.

Kontsumo eredua aldatzen hastea da lehen urratsa. Sortzen dugun energia berriztagarria izanik.

Informazioa eta bazkidetzak, beraien webgunean.

Mila esker azalpenengatik, Xabier!

Jolaslekuko paperontziak aztertzen…

Haurtzaro Ikastolako aste ekosoziala hastearekin batera, DBH4. mailako Lanbide Jarduerari Aplikatutako Zientziak ikasgaiko ikasleak Ikastolan bertan sortzen diren hondakinak ezagutzeko jarduera egin zuten martxoaren 13an.

Hain zuzen ere, jolaslekuan dauden paperontziak aztertu dituzte. Alde batetik, hondakinak gaika ongi sailkatuta ote zeuden aztertu zuten. Bestetik, gaizki zeuden hondakin horiek zein motatakoak ziren ere aztertu zuten. Datu hauek bildu ondoren, Ikastolan hondakinen kudeaketa hobetzeko neurriak landu eta proposatuko dituzte. Emaitzen zain geratuko gara.

“Energia gutxitzeko proiektuak” lantzeko proiektuak

Energia gutxitzeko proiektuak lantzea erabaki dute Agenda 30eko foroan herriko ikasleek

Abenduaren 12an Landetxe kultur aretoan elkartu dira herriko ikasleak udaleko zinegotzi eta teknikariarekin eta Araziko laguntzailearekin. Aurrez landutakoaren arabera hiru lanlerro proposamen zeuden eta horien artetik lerro bat lantzea erabaki dute: energia kontsumoa gutxitzeko proiektuak egitea. Helburua herri mailako ekintza amankomunak egitea da, beraz, hemendik aurrera zein ekintza egingo dituzten erabakiko dute ikasleek, planifikatu, garatu eta komunikatu egin beharko dute. Proiektua amaitzean ebaluatu ere egin beharko dute. 

Bestalde, Haurtzaro ikastolan bertan ere gaia lantzen ari gara. Ikastolako Ekoordezkariek gelako tenperatura neurtzeko termometroak ikasgeletan jarri dituzte geletako tenperatura kontrolatzeko. Helburua ikasgeletan tenperatura egokia mantentzea da eta beroa ez galtzea, alferrikako kontsumorik ez egoteko. Erabaki honekin batera, pasilloetako tenperatura kontrolatzeko kaleko ateen erabilera arautzen ari gara. 

Beraz, ikasturte honetan ikastola barruan nahiz herri mailan energia kontsumoa murrizteko ekintzak egiten arituko gara ikastolako komunitatean.