Blogaren artxiboa

Aire garbigailu erraldoia

Smog Free Tower eraikinak aireko partikula kutsakorrak xurgatzen ditu, eta hondakin horietan metatutako karbonotik abiatuta, bitxiak sortzeko aukera ematen du. Ordu betean 30.000 metro kubiko aire garbitzen dituela diote proiektuaren sustatzaileek. Rotterdamen jarri dute lehen prototipoa, eta Txinara eramango dute irailean.

Iazko irailetik, zazpi metroko eraikin berezi bat dago Rotterdamgo (Herbehereak) parke publiko batean. Smog Free Tower du izena. Garai batean batez ere Londresko laino toxikoari erreferentzia egiteko erabiltzen zen smog anglizismoa, baina tamalez, gaur egun munduko makina bat hiri industrializaturi aplika dakioke. Hain zuzen ere, laino toxikorik gabeko dorre hau aire garbigailu erraldoi baten modukoa da, bertan dauden partikula kutsakorrak xurgatu egiten baititu. Datorren irailean Beijingera (Txina) eramango dutela dago aurreikusita.

Zazpi metroko luzera eta hiru metro eta erdiko zabalera duen modulu multzoak osatzen du dorrea. Daan Roosegaarde diseinatzaile herbeheretarraren proiektua da, eta Bob Ursem Delfteko Teknologia Unibertsitateko ikertzailearen patente bat du oinarri. Funtsean, ospitaletan aurki daitezkeen aire garbigailu modernoen moduan funtzionatzen du, baina kalean eta eskala handian erabilgarria izateko moduan prestatu dute. Horrenbestez, ionizagailu bat da: elektrizitatearen bitartez, ioi negatiboak sortzen ditu, eta horiek airean dauden partikula kutsakorrak harrapatu eta dorrera eramaten dituzte, xurgagailu erraldoi bat balitz bezala.

Irudia: Rotterdamen jarri dute gisa honetako lehen dorrea. (Argazkia: Studio Roosegaarde)

Irudia: Rotterdamen jarri dute gisa honetako lehen dorrea. (Argazkia: Studio Roosegaarde)

Lehen emaitzek erakutsi dutenez, ordu betean 30.000 metro kubiko aire garbitu ditzake eraikinak, elektrizitatean 1.400 watt baino gutxiago baliatuta (tearentzat ura berotzeko erabiltzen diren gailu elektriko txiki horien pare).

Gainera, airea garbitu ez ezik, xurgatutako partikula zikinak berrerabili egiten dituzte proiektu honetan. Izan ere, nagusiki karbonoz osatuta dagoen laino toxikoaren arrastoetatik abiatuta, bitxiak sortzen dituzte. Behin dorrearen barruan metatuta,partikulak konprimatu egiten dituzte presio handiaren pean, eta hala sortzen dituzte Smog Free eraztunak eta bestelako bitxiak. Hain zuzen, karbonotik diamantea sortzeko trantsizioaren antzera, baina prozesua asko bizkortuta. Proiektuaren arduradunek diotenez, pieza hauetako bakoitza garbitutako mila metro kubiko aireren emaitza da.

 

Smog Free proiektuaren berri ematen duen bideoa, ingelesez

Horrenbestez, aire garbigailu erraldoi hau Txinara iritsiko da datorren irailean, eta litekeena da etorkizunean Mexiko Hiria, Paris edo Los Angeles bezalako hiri handietan erakusgai jartzea.

Ez da harritzekoa gisa honetako ekimenek hainbesteko interesa piztea. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak ezarritako marra gorria gainditzen duen airea arnasten du zonalde urbanoetan bizi den populazioaren %80ak baino gehiagok. Egoera bereziki kezkagarria da Mediterraneo ekialdean eta Asia hego-ekialdean, behe edo erdi mailako diru sarrerak dituzten herrialdeetako hirietan: erakundeak ezarritako muga hamar aldiz gainditzen dute toki batzuetan. Aire kutsadura oso arriskutsua da osasunarentzat, eta munduan hiru milioi heriotza goiztiar eragiten dituela uste da urtero. Smog Free Tower delakoak aletxoa jarri nahi du, arazo larri honi irtenbideak ematen haste aldera.

Iturria: Zientzia Kaiera, Amaia Portugal (@amaiaportugal)

Hondamendi eremuetan 3D inprimagailu batek etxeak eraikiko ditu

Bideo hauetan azaltzen da proiektua. Lehenengoak goitik ikusia eta bigarrenean 3D inprimagailua lanean:

Iturria: engadet

Zergatik ditu egunak 24 ordu eta orduek 60 minutu?

Egin dezagun atzera 5.200 urte inguru eta koka gaitezen sumertarrak idazten eta kontatzen hasi omen ziren garaian. Mesopotamian idazkera kuneiformeaerabiltzen zen eta zenbakietan kokapen bidezko notazioa erabiltzen hasi zen lehen aldiz. Kokapen bidezko notazioan zenbakiak zutabeka antolatzen dira, eta zenbaki erromatarrek ez bezala, sinbolo (zenbaki) batek hartzen duen balioa magnitude-ordenaren araberako kokapenarekin aldatzen da.

1. irudia: Sumertarrak munduko lehen zibilizaziotzat hartuak dira. Haien jatorria ezezaguna da eta hipotesi ugari dago

1. irudia: Sumertarrak munduko lehen zibilizaziotzat hartuak dira. Hauek sistema duodezimala (12an oinarrituta) eta sexagesimala (60an oinarrituta) erabiltzen zuten zenbatzeko.

Guk kontatzeko erabiltzen dugun sistema hori berberori denez, adibide batek balioko digu esaten ari garena azaltzeko eta erraz ulertzeko. 2 zenbakiak balio desberdina hartuko du, batekoen tokian, hamarrekoenean, ehunekoenean, milakoenean edo bestelakoetan kokatzen bada. Horrela 2.222 zenbakia denok irakurriko dugu bi mila berrehun eta hogeita bi, nahiz eta sinbolo berbera (2a) lau aldiz agertu. Konparatu MMCCXXII notazio erromatarrarekin. Edozein eragiketa aritmetiko egiteko, kokapen bidezko notazioak abantaila handiak eskaintzen dituenez, kokapen bidezko notazioa da gailendu den sistema.

Zenbatzen ikasten dabilenean, edozein umek erabiltzen ditu atzamarrak une jakin batera arte zenbatu dituenak zenbat diren gogoratzeko. Ez da inor harrituko suposatzen badugu kontaketa errazteko atzamarrak erabiltzen zirela ia inork zenbatzen ez zekien antzinako garai haietan.

Eskuetako hamar atzamarrak daude gure zibilizazioan nagusia den kontaketa-sistemadezimalaren oinarrian. Euskaldunok sistema “bigesimala” erabiltzen dugu, esku eta oinetako hogei hatzak erabiltzen omen genituelako zenbatzeko. Sumertarrek eta ondoren etorri ziren babiloniarrek sistema duodezimala (12an oinarrituta) etasexagesimala (60an oinarrituta) erabiltzen zuten. Hasieran harrigarria dirudi oinarri bi horiek erabiltzeak, ez baitigute lehen unean gogora ekartzen gure gorputzaren inolako atalik.

Sumertarrek zenbatzeko ez zuten erabiltzen atzamar kopurua, esku bateko lau atzamar luzeenen hiru hatz-hezurrak baizik: falangea (hatz-hezur proximala, ahurretik gertuen dagoena), falangina (erdiko hatz-hezurra) eta falangeta (hatz-hezur distala, ahurretik urrunen dagoena) (ikusi 2. irudia).

1. irudia: Ezkerreko eskuak batekoak zenbatzeko balio du eta eskuinak bururakoak.

2. irudia: Ezkerreko eskuak batekoak zenbatzeko balio du eta eskuinak bururakoak.

Kontaketa aurrera zihoan heinean, erpuru oposagarria hatz-hezurrez hatz-hezur mugitzen joango ziren, eta, beraz, 12 zenbakiraino konta zezaketen ezkerreko eskuko hatz-hezurrekin. Aldi berean, beste eskuko lau atzamar luzeenak bururakoak gogoratzeko erabil zitzaketen, kopurua 12 baino handiagoa zenean. Horrela, erraz eraman zitekeen kontua, eskuineko eskuarekin, ordura arte zenbaturiko 12aren lehen 4 multiploetariko (12, 24, 36 eta 48) edozeini, ezkerreko eskuko batekoen kopurua gehituta, harik eta kopurua 60ra heldu arte: eskuineko eskuak adierazten zituen buruko 48ak gehi ezkerreko eskuarekin zenbaturiko 12 batekoak. Eta kito. Hatz-hezur gehiagorik ez zitzaien geratzen, kontuarekin aurrera jarraitzeko. Hortik gorako kopuruak, beste magnitude batekoak izatera iristen ziren (ikusi 3. irudia).

2. irudia: 44 zenbakia sumertar erara adierazita. Bururako 36ei 8 bateko gehituta. Argazkian ikusten denez, 60 da atzamarrak erabilita konta daitekeen kopuru handiena: Bururako 48ei 12 batekoak gehituta, denetara 60.

3. irudia: 44 zenbakia sumertar erara adierazita. Bururako 36ei 8 bateko gehituta. Argazkian ikusten denez, 60 da atzamarrak erabilita konta daitekeen kopuru handiena: Bururako 48ei 12 batekoak gehituta, denetara 60.

Bestalde, sumertarrak lehenengoetarikoak izan ziren behaketa astronomikoak egiten ere. Zenbaketa-sistema duodezimala erabiltzen zutenez, irakurleak honezkero asmatuko zuen eguna 12 zatitan banatuko zutela. Belaunaldi batzuk beranduago etorri zen eguna bi zatitan banatzearena: argia zegoeneko zatia eta argirik ez zegoeneko zatia, gaua, bakoitza 12 zatitan banatuta. Hori da arrazoia mundu osoan zehar egunak 24 ordu edukitzearena. Sumer ekuatoretik gu baino gertuago egon arren (30º Ipar, Marokoko Marrakeshen paraleloan gutxi gorabehera) sumertarrentzat nabaria zen egun bakoitzeko argitasunaren eta iluntasunaren iraupena urtaroaren arabera aldatzen zela; hala ere, argitasun-orduak beti ziren 12 eta iluntasunarenak beste horrenbeste. Orduen iraupena zen aldatzen zena. Izan ere, udan argitasun-orduak dezente luzeagoak ziren iluntasun-orduenak baino, eta neguan alderantziz. Gezurra badirudi ere, orduen luzerak aldakorra izaten jarraitu zuen, harik eta Europan XIV. mendean erloju mekanikoak agertu ziren arte.

Eguna 12, edo 24, zatitan banatzeak ez zuen zehaztasun nahikorik ematen astronomiarekin zerikusia zuten gertaerak aztertzeko; esate baterako, ondoko galdera bi hauei erantzuteko: egunetik egunera, edo aste batetik bestera, zenbat luzatzen da gaua udaburutik neguburura bitartean?, gaur zenbat denbora lehenago ezkutatu da eguzkia atzo baino?, eta abar. Beraz, 12 zati “handi” horietariko bakoitza zati “txikiagotan” zatikatu behar zen.

Ez dakigu, artikulu honen egileok bederen, sumertarrek zein hitz erabiltzen zuten zati txiki horiek izendatzeko; badakigu ordea, ordua zenbat pusketatan zatitu zuten. Zati handiak (orduak) egiteko sistema duodezimala erabili zutenez, pusketa txikiak egiteko sistema sexagesimala erabili zuten eta horregatik, orduak 60 zati ditu.

Guganaino heldu den pusketa horien izenak jatorri latindarra du. Pusketa horiek partes minutae primae, bezala ezagutzen ziren, alegia “zati txiki lehenak” euskaraz. Latinezkominuta= txikia horretatik datorkigu orduak lehen aldiz zatituta lortzen ditugun 60 pusketen izena, “minutuak”, etimologikoki: txikiak. Hala ere, lehen zatiketa horretan lortutako pusketak artean handiegiak ziren, zehaztasun-premia handiagoak zeudelako; hori dela eta, minutuak 60 pusketatan zatitzen ziren, beste behin, bigarren aldiz, eta berriz ere sistema sexagesimala erabiliz. Ostera ere, pusketa horien izena latinaren bitartez heldu zaigu: partes minutae secundae, alegia “zati txiki bigarrenak”. Beraz,“segundoak”, etimologikoki “bigarrenak” esan nahi du. Gure inguruko hizkuntzetan erabat nabaria da latinezko “bigarren” horren isla: maskulinoan, secundus (lat), segundo(gazt), seconde (fra), second (ing), sekunde (ale), eta abar.

Iturria: ZientziaKaiera, Estitxu Txurruka eta Jesus Mari Txurruka

Sakelako telefono bat, GIBa eta sifilia detektatzeko

Smartphone bati gailu bat konektatuta egiten den test baten bidez, garabidean dauden herrialdeetan oso zabalduta dauden bi gaitz antzemateko metodoa garatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek. Laborategietan egiten den test arrunta baino nabarmen merkeagoa da, eta ez du elektrizitaterik behar. Ruandan egin dute esperientzia pilotua.

Hiesa eta sifilia dira garabidean dauden herrialdeetan triskantza handiak eragiten dituzten gaitzetako bi. Laborategi eroso batean eta behar adina baliabiderekin lan egiteko aukera dagoenean, ohikoa izaten da halako gaixotasunak detektatzeko ELISA metodoan oinarritutako testak baliatzea: odol lagin batetik abiatuta, GIBaren adierazle diren antigorputzak detektatu daitezke adibidez horrela, bai eta sifiliari dagozkionak ere.

Ruanda bezalako herrialde batean lan egin behar denean, ordea, bi arazo nagusi daude ELISA metodoa baliatzeko. Lehena, prezioa, test mota hori laborategian egiteko ekipamendu arruntak 18.000 dolarretik gorako kostua baitu. Bigarrena, herrialde eta zonalde pobreenetan dagoen elektrizitate eskasia.

Irudia: Gailua eta odol lagina daraman plastikozko kasetea, sakelako telefonoari lotuta. (Argazkia: Samiksha Nayak / Columbia Engineering)

Irudia: Gailua eta odol lagina daraman plastikozko kasetea, sakelako telefonoari lotuta. (Argazkia: Samiksha Nayak / Columbia Engineering) |

Samuel K. Sia ikertzaileak eta Columbia Unibertsitateko bere lan taldeak bi arazo horiei irtenbidea eman diezaiekeen proposamena aurkeztu berri dute, Science Transnational Medicine aldizkarian plazaratu duten artikulu batean. ELISA metodoaren funtzio guztiekin bat egiten duen test bat da, baina smartphone soil baten bitartez funtzionatzen du. Odol lagin bat eta hamabost minutu aski ditu analisiaren emaitzak emateko, ikertzaileok azaldu dutenez. Gailua ekoizteak 34 dolarreko kostua baino ez lukeela izango estimatu dute.

Test hirukoitza egiteko moduan garatu dute erreminta, hiru antigorputz mota detektatzen baititu. Batetik, GIBari dagozkionak. Bestetik, sifiliaren adierazle izan daitezkeen bi antigorputz mota: treponemalak eta ez-treponemalak. Hain zuzen, testa bera berritzailea da, gaurtik gaur laborategian ez baita egiten hiru emaitzok aldi berean ematen dituen analisirik.

Garatu duten tresna arina eta txikia da, eta erabiltzen erraza. Edozein smarphone hartu (android zein iOS sistemak onartzen ditu) eta honi atxiki behar zaio gailua, sakelakoan testari dagokion aplikazioa zabaltzeaz gain. Mikrofluxuentzako txip bat eta aztertu behar den lagina daramatzan plastikozko kasete moduko bat sartu behar zaio gailuari orduan, eta testa abiarazi. Hamabost minuturen buruan, hiru testen emaitzak ageri dira sakelakoaren pantailan.

Bideoan, gailuaren funtzionamenduari buruzko azalpena.

Ikertzaileok bi berrikuntza aplikatu dituzte test honetan ahalik eta energia gutxien behar izateko, eta horrenbestez, sakelako telefonoa aski izan dadin haren funtzionamendurako (sortu duten gailuak berak ez du bateriarik). Lehenik, testa abiarazteko gailuak daukan botoiak huts-ponpa moduko bat aktibatzen du, atxikita duen plastikozko kasetean biltegiratuta dauden erreaktibo batzuk askatuz. Bestetik, telefonoko audio irteeraren bitartez dago lotuta gailua smartphoneari, eta hortik transmititzen dira energia eta informazioa.

Artikuluan azaltzen denez, gailu honekin Ruandan aplikatutako esperientzia pilotuak emandako emaitzekin pozik daude ikertzaileak. Zehazki, ama eta seme-alaben arteko gaitzen transmisioa prebenitzeko programa batean baliatu zuten, zentroko osasun langileei 30 minutuko ikastaro bat eman eta gero. Guztira 96 pazienteri egin zitzaizkion analisiak metodo berri honen bitartez. Ikertzaileek artikuluan diotenez, testek %92 eta %100 arteko sentikortasuna izan zuten, eta %79 eta %100 arteko espezifikotasuna. Gaur egungo algoritmo klinikoen beharrekin bat egiten du horrek.

Samuel K. Sia ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, “sifili infekzioen detekzioa handituz gero, heriotza tasa hamar aldiz txikiagoa izatea lor dezakegu agian. Eta gailuarekin eskala handiko monitorizazioa eginez, akaso gai izango ginateke GIBaren testak zabaltzeko eta terapia antierretrobiralak berehala aplikatzeko, ia GIBaren transmisioak etetea lortuz eta gaitz ikaragarri hau deuseztatzeko urratsak eginez. Oso itxaropentsu gaude, garabidean dauden herrialdeetan produktu hau merkaturatzeko eman beharreko hurrengo pausoei dagokienez”.

Iturria: Zientzia Kaiera. Amaia Portugal

Pneumatika DBH-4

Hauek dituzue DBH 4. mailako ikasleek 2. ebaluazio hoentan aurkeztu dituzten proiektuak: