Blogaren artxiboa

Zergatik zahartzen diren aparailuak

Orain egun batzuk, hainbat lankiderekin aritu nintzen jendeari “zaharkitze programatua” delako kontzeptua azaltzeko aukerez. Irrati-saio espezializatugabeaz ari ginen, eta mundu guztiak ulertzea genuen helburu. Ni egoskor nengoen “esateko beste erarik ez dago, ez dago eta ez dago, eta gainera, mundu guztiak ulertuko du termino hau erabilita”. Eztabaida hura zela eta, hainbat galdera egin nituen Facebookeko eta Twiterreko lagunen artean. Oso emaitza interesgarriak lortu nituen.

teknologia
Irudia: Zaharkitze programatua produktu baten bizitza erabilgarriari bukaera zehatza ezartzeari deritzo, ekoizleak berak produktua diseinatu eta merkaturatzean aurreikusi dena. Laburbilduz, biziraupena mugatua dute jaiotzatik aparailuak kontsumitzaileak berri bat eros dezan tarte jakin batean.

Lehenengo kasuan, nahiko feedback eskasa lortu nuen, 3.000 jarraitzailetik 27k baizik ez baitzidaten erantzun. Hala ere, %89k esan zuten bazekitela zer zen zaharkitze programatu hori. Facebookeko emaitzak argigarriagoak izan ziren. 130 iruzkin bidali zizkidaten, eta haietatik 8 mezutan bakarrik esan zidaten ez zekitela zertaz ari nintzen. Hala ere, ezagutzen nituen erantzuna eman zidatenak, eta azkenean ohartu nintzen irratiko nire lankideak zuzen zebiltzala: aurretik azaldu gabe ezin eman daiteke jakintzat horrelako termino bat, irrati espezializatugabe batean.

Hona galdera hau, Interneten begiratu gabe erantzuteko:

Badakizue zer den zaharkitze programatua delako hori?

Izan ere, hainbat lankiderekin hitz egin dut honetaz, eta ez dakigu ziur hau termino ezaguna den ala ez.

Nire lagun batek aditzera eman zidan zientzia esparrukoak ditudala Facebookeko lagunak, eta beraz nire galdetegiaren emaitzak ez zirela estrapolagarriak. Nik hasiera batean, nire laguna oker zebilela pentsatu nuen, baina erantzun guztiak jaso ondoren konturatu nintzen baiezko erantzunak batez ere teknikariek edo zientzialariek emanak zirela.

Beste alde batetik, galdetegia ez zen anonimoa eta hori kontuan hartzekoa da baiezkoen kopuru nagusia ulertzeko. Ezetz esan zutenen perfila bat zetorren irrati espezializatugabeen porfil orokorrarekin: 25-55 urtekoak, klase ertainekoak, bigarren hezkuntzako ikasketadunak, eta 10.000-550.000 biztanleko herri eta hirikoak.

Izatez, enpresek eta fabrikatzaileek egiten dute produktuak zenbat iraun behar duen kalkulatzen dute diseinu-fasean. Alegia, berariaz diseinatzen dute, epe jakin bat beteta produktua honda dadin.

Askok esan zidaten badagoela RTVEren dokumental interesgarri bat honi buruz:Comprar, tirar, comprar. La historia secreta de la obsolescencia programada. Bertan zehatz-mehatz jorratzen dute kontua.

“1911.ean 2.550 orduko bizitza bermatzen zen bonbilletan, baina 1924.ean, fabrikatzaile nagusiek iraupena 1.000ra jaistea adostu zuten. Phoebus taldeak sinatu zuen akordio hau, ‘erosi, bota, erosi’ zeritzona. Ofizialki ez zen horrelako akordiorik egon, baina gure saio honetan akordioaren dokumentu-frogak aurkeztuko ditugu, akordioa zaharkitze programatuaren sorrera izan zela agerian uzteko”.

Bestetik, nik neuk aurkitu dut “zaharkitze sumatua” deitu litekeen zerbait. Izan ere, norbaitek Facebooken aditzera eman zuen une jakin batean kontsumitzaileek beraiek sumatzen dutela bere objektuak modatik kanpo gelditu direla. Beraz, funtzionatzen jarraitzen badute ere, objektu berriak erosteko gogoa pizten zaie.

Kasu batean zein bestean, enpresak dira egoerari etekina ateratzen diotenak. Hala gertatzen da, bai denbora mugatua duten objektuen kasuan, bai eta merkatuan aldiro-aldiro diseinu-berrikuntza baizik ez dakarten produktuak jartzen direnean. Kasu guztietan ere, gora egiten dute salmentek.

Garbi dago erosleak eten gabe erostera bultzatuak gertatzen direla, baina horretaz gain, ingurumena oso kaltetua suertatzen da, maiz biodegradagarriak ez diren hondar asko sortzen direlako. Smarphone edo tablet bezalako objektu elektronikoen kasuan, zaharkitze mota biak jazotzen dira, eta gainera, milaka urte igarotzen dira litio edo berun-bateriak bezalako kutsatzaileak desagertu baino lehen.

Zer esanik ez, nekez alda dezakegu hau guztia, merkatu honetan milaka miloi baitaude jokoan.

Iturria: Maria José Moreno,  ZientziaKaiera

Euskal baleazaleek arrantzatutako baleen gantzak Europa osoko etxeak argiztatzen zituen

Euskal Baleazaleen istorioa. Eñaut Tolosa

Fikziozko nahiz dokumentalezko hamaika film labur eta film luzetan parte hartu du Eñaut Tolosak (Beasain 1977) eta hamaika betebehar izan ditu zinemagintzan. Attrezzoan hasi eta gero, ekoizpenean ibili zen, errealizadore, gidoigile, ekintzaile… proiektu batzuetan guztiak batera egin ditu, orkestra gizonen erara. Hamabost ofizio eta hamasei miseria ikus-entzunezkoaren bidez istorioak kontatze aldera.

2015ean Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentala grabatzeko helburuz joan zen Islandiara, crowdfunding kanpaina bati esker lortutako sei mila euroekin proiektua eta ametsa zen zerbait egia bihurtzera: 1615ean Islandiako historian gertatu zen sarraskirik handiena jaso hemen kontatzeko, 32 euskal baleazaleen hilketa.

1. irudia: Eñaut Tolosa zinemagilea Islandian dokumentala grabatzen zebilen sasoian. (Argazkia: Eñaut Tolosa / Goierriko Hitza)

1. irudia: Eñaut Tolosa zinemagilea Islandian dokumentala grabatzen zebilen sasoian. (Argazkia: Eñaut Tolosa / Goierriko Hitza)

– Zer da “Euskal Baleazaleen Triskantza” egitasmoa?

Euskal Baleazaleen Triskantza dokumental arkeologiko bat da non euskal ikertzaile talde bat 1615ean gertatutako hilketa argitze aldera Islandiara abiatuko garen. Hau da 400 urte beranduago detektibe lanak egitera joan gara: galdeketak egin, hilketak gertatu ziren lekuak miatu, aztarnak bilatu, etab… gertaera ilun honen gainean argi pixka bat jartzeko asmoz.

– Gaur egungo euskal gizarteak ezagutu beharko lukeen gaia al da baleazale hauen istorioa? Zergatik?

Zinemazale naizen heinean uste dut istorio historiko honek pelikula ikaragarri bat izateko osagarriak dituela: mundu ezezagun batera bidai bat, protagonista tragiko bat eta itzelezko abentura bat.

Honez gain, ezezaguna zitzaidan euskal baleazaleen historia orokorra. Gure herriaren industriaren aitzindariak izan ziren. Miresgarria da suposatzen zuen herri elkarlana. Barnealdeak egurra, burdinolak eta sagardoa jartzen zuen. Kostaldeak berriz itsasontzigintza eta teknologia garatzeko banku proba hoberena zena, Kantauri itsasoa. Arrantzatutako balearen gantzak Europa osoko etxeak argiztatzen zituen. Lehorrekoa izanik, gai honi buruz estrenekoz Albaola museoan entzun nuenean, txundituta geratu nintzen eta historia aro honi buruz dokumentatzeari ekin nion neure eskuetara iristen zen guztia irakurriz eta ikus-entzunez. Balioan jarri beharreko ondarea dela uste dut eta grina hau kutsatu nahi nieke dokumentala ikusten duten guztiei.

– Zergatik joan ziren hain urrun baleazaleak? Nolakoa izan zen haien eta bertakoen elkarbizitza?

Mendeetan zehar mundu osoan liderra izan eta gero, euskal balea-industriak indarra galdu zuen XVII. mendean. Holandarrek eta ingelesek euskaldunak ohikoa zuten arrantza-lekutik, hots, Labrador eta Ternuatik, bortizki bidali zituzten merkatua bereganatzeko asmoz. Honela Norvegia eta Islandiarantz jo zuten euskal marinelek baleei segika, inor joatea ausartzen ez zen lekuetara, aukera berrien bila. Marinelek “infernu zuria” deitzen zuten parajetara.

Zerk eragin zuen 1615eko triskantza? Zergatik akabatu zituzten hain bortizki? Bizirik atera al zen inor?

Nire ustez ez dago arrazoi bakarra, hau da, zenbait zirkunstantziaren konfluentziarengatik gertatu zen gertatutakoa: krisi ekonomiko globala pairatzen zuen Europak eta batez ere Islandiak, agintarien ustelkeri politikoa ere tartean zegoen, ezberdintasun erlijiosoak, arrotzari beldurra (xenofobia)… Gaur ere hilketen iturburu diren aferak.

Bortxaren erabilerak arreta deitzen duen arren, niri, behinik behin, ez zait horren harrigarria iruditzen, krudeltasuna garaikidea da. Lehenengo munduan gaude eta ia egunero daude labankadaz hiltzen dituzten emakumeak, zer esanik ez gatazka armatuak edo goseteak dauden lekuetan. Beharbada gizakiak, garbiagoak eta eraginkorragoak izatera heldu gara pertsona talde bat hiltzerako orduan eta teknologia garapenari 32 gizaseme akabatu ditzakegu roiboos bat hartzen dugun bitartean. Baina, teknologia hori eskura ez dagoenenean aizkora, mailua eta labanak erabiltzen jarraitzen ditugu. Asko daukagu hobetzeke zentzu horretan, ez dakigu oraindik liskarretan bestearen lekuan jartzen.

– Zein izan zen gertakari horren eragina Euskal Herrian? Eta Euskal Herriko arrantzan?

Ziurrenik Euskal Herrian ez zuten gertatutakoaren berri izango. Ageria den bezala, bertan hildakoek ez zuten kontatzeko aukerarik eduki. Bestalde, bizirik iraun zutenei ez zitzaien jazotakoren berri ematea komeni, espioitza industriala ekiditeko heriotza zigorrarekin zigortzen zituelako Espainiako koroak bandera atzerritarreko ontzietan sartzen ziren euskal baleazaleak. Orduan, nire ustez (eta hau espekulazio hutsa da), iritsi zirenean isil isilik gorde zuten bizitako abentura.

Euskal baleazaleek Islandiara arrantzatzera joaten jarraitu zuten XVII. mende osoan zehar eta islandiarrekin hartu eman oparoa izan zuten, honen adierazgarri da elkarrekin komunikatzeko asmatu zuten eusko-islandiera pidgina: tratuak ahalbideratzeko hitz soltez eta esaldi laburrez osaturiko hiztegi bat baino gehiago baina hizkuntza bat baino gutxiago.

– Zenbat aste iraun zuen grabaketak? Zer harritu zintuen gehien herrialde horretaz? Zein izan da zuen taldea (arkeologoak, buzoak, soinua, argazkia…)?

Grabaketak Islandian bi aste eta Euskal Herrian beste bi iraun ditu. Lantalde guztia gehien harritu duena, (paisaia izugarriez aparte), islandiarren estres eza da, iparraldeko karibetarrak deitzen genien, lanak oso era efizientean ateratzen dituzte aurrera baina kontinentean bizi dugun antsietatea sufritu gabe. Iritsi ginenean erritmo honetara ohitzea kosta egin zitzaigun baina behin gure doinu eta frekuentziak berdindu zirenean lanaz gozatzeko modu hobea dela konbentzitu ninduen. Naturaren eta ez merkatuaren musika pean lan egin behar dela ikasi dut iparralde urrun hartan beraz.

Bertatik sei pertsona joan ginen Islandiara; hiru urpekari eta arkeologo, bi kamera errealizadore eta soinu teknikaria. Gure arteko elkarbizitza izan da abenturaren erronka handienetako bat. Furgoneta, garraiobide izateaz gain, gure logela, jantokia eta lantokia zen era berean. Baleontziak marinelarentzat ziren bezala. Paralelismo hau jokatu nahi genuen dokumentalean eta ez da erreza izan gu bezalako kalekume koadrila batentzat.

– Noiz, nola eta zein hizkuntzetan ikusi ahal izango dugu dokumentala?

Dokumentalaren estreinaldia Orioko baleazale egunean izango da, maiatzaren 12an. Jatorrizko bertsioan 5 hizkuntzatan hitz egiten da filmean, euskara, islandiera, pidgina, gaztelera eta ingelesa. Baleazaleen erara bidaian zehar komunikatzeko behar izan ditugun mintzaira guztiak erabili ditugu. Hala ere, ulertuak izate aldera behar adina hizkuntzetan azpititulatuko ditugu edukiak.

– Zein da egun zure harremana zinemarekin?

Zinema maite dut. Hiru urterekin amaren eskutik askatu eta herriko Usurbe antzokian “Tiburoi” ematen ari ziren bitartean ezkutatu nintzenetik. Orduz geroztik ez naiz itsasoan gerria baino gehiago bustitzera ausartzen. Zine areto barruko itzalpean ordea milaka abentura bizitzeko ausardia sentitzen dut. Nerabezaroan, trenak egiten diren herrian, Beasainen, pelikulak egiteko ametsa neukan, Goierriko fabrika handiena itxi eta Europako zine estudio handienean bihurtu nahi nituen. Gaur, umilagoa naizen arren ez diot filmak egiteko ametsari uko egin. Beranduegi da ni sendatzeko.

Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentalaren aurkezpen bideoa.

Iturria: Zientzia Kaiera

Trafikoaren kutsadura metalikoa Pirinioetaraino heltzen da

Elementu metalikoak ez dira degradatzen, ez kimikoki ez biologikoki, eta, horren ondorioz, iraun egiten dute ingurumenean. Toxikoak izan daitezkeela kontuan hartuta, hauek arazo larriak sor ditzakete. Azibar Rodriguez UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileak kutsadura metalikoa nora heltzen den aztertu du.

Estuarioetako eta goi-mendietako kutsadura metalikoak zer banaketa geografikoa duen, denborarekin nola aldatu den eta kutsadura horrek zer ondorio toxikologiko dituen aztertu du tesian Azibar Rodriguezek. Ikerketaren ondorioetako bat izan da inguruetako trafikoak eta jarduera industrialek eragindako kutsadura metalikoa Pirinioetako atmosferara heltzen dela airetik.
Irudia:
Irudia: Euskal Herriko trafikoaren emisioak ez dira kutsatzaile bakarrak, industria-emisioek ere garrantzia handia dute.

Munduko bost estuariotako uretan, sedimentuetan, izaki bizidunetan eta abarretan kutsadura metalikoa zenbaterainokoa den ikertu du Azibar Rodriguezek. Horrez gain, kutsaduraren banaketa geografikoa zein den eta denborarekin nola aldatzen den ere ikertu du. Azterketak Brasilgo Santa Catarina estatuko Tubarão ibaiaren estuarioan; Portugalgo Esposende hiriko Cávado estuarioan; India ekialdean, Bengalako Hugli ibaian eta, Euskal Herrian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Oka ibaiaren estuarioan, eta Nerbioi-Ibaizabalen estuarioan egin ditu. Bestetik, atmosferako kutsadura metalikoaren efektuak aztertzeko, Pirinioetako landarediak duen kutsadura metalikoa eta 2.000 m-tik gora dauden 18 aintziratako sedimentuak analizatu ditu. Tesia zazpi ataletan banatua dago eta bakoitzetik “ondorio bereiziak atera ditugu, kasu eta zonalde bakoitzak bere bereizgarriak baititu”, adierazi du Rodriguezek.

Atmosferaren kutsadura metalikoari dagokionez, Irati oihaneko pago-hostoak, likenak eta goroldioak analizatu dituzte, Pirinioetako atmosferako kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa aztertzeko. Hala, frogatu dute mendebaldetik datorren haizearen bidez distantzia luzeetan garraiatzen direla jatorri antropogenikoko elementu metalikoak, inguruetako industrien jardueraren (hala nola altzairugintzaren) eta trafikoaren ondorioz sortuak. Gainera, 18 aintziratan egindako ikerketatik ondorioztatu dute “antzinako meatzaritza-jarduerek eta azken urteotako erregai fosilen errekuntza masiboak eragin zuzena izan dutela aintziretako ekosisteman“, adierazi du ikertzaileak.

Estuarioen osasuna

Euskal Herrian aztertutako bi estuarioei dagokienez, ikertzaileak adierazi du egoerak hobera egin duela: “Sedimentuek izaki bizidunetan eragin dezaketen toxikotasunak behera egin du denborarekin, eta kutsadura metalikoa gero eta txikiagoa da”. Nerbioi-Ibaizabal estuarioko 50 puntutan hartutako sedimentu-laginen elementu metalikoen kontzentrazioak neurtu zituzten 2009tik 2014ra, eta kontzentrazio horien denborarekiko bilakaera aztertu. Karakterizazio horrek balio izango du gaur egungo Zorrotzaurre uhartearen eraikuntzak -sedimentuak mugitzeak, egoera hidrodinamikoa aldatzeak eta abarrek- estuarioaren egoeran etorkizunean zer ondorio izan ditzakeen kuantifikatzeko. Ikerketan, “agerian geratu zen sedimentuetako kutsadura metalikoa nabarmen aldatu zela 2009-2011tik 2014ra“, azaldu du; izan ere, “2014ko laginketan, ordura arte ikusi gabeko kontzentrazio handiak zituzten puntuak agertu ziren, Abra inguruan eta Portuko kaian, eta litekeena da itsasontzi handiak porturatzeko egindako obren ondorioz izatea”.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Oka ibaiaren estuarioan sedimentuetako eta ostretako elementu metalikoen kontzentrazioak analizatu ziren, estuarioko kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa ikertzeko eta denborarekiko duen bilakaera ikertzeko. Hiru hilean behin, monitorizazio-lanak egin ziren 2010ean eta 2011n. Horrez gain, estuarioko ostren osasun-egoera ikertu zuten, ostren zelulen eta ehunen indize biologikoak neurtuz. “Sedimentuen toxikotasuna txikia zen, eta bat zetorren ostretan hautemandako indize biologikoen alterazio txikiekin”, adierazi du ikertzaileak. Ikerketa honetan erregistratutako datuak aurreko beste ikerketa batzuekin alderatuta, “frogatu da ostren osasun-egoerak hobera egin duela urteak pasatu ahala“, ondorioztatu du.

Iturria: Zientzia Kaiera

Kosmosa ulertzeko beste ate bat

Grabitazio uhinak topatu dituzte: unibertsoa ikertzeko beste informazio bide bat izango da argiaz aparte. Einsteinek iragarritako uhinak badirela egiaztatu dute ehun urteren ondotik

Grabitazio uhinen aurkezpena jarraitzen, zientzialari bat, atzo, Alemanian.

Egiaztatu nahian aritu dira urteetan, eta lortu dute baieztapena: Albert Einsteinek orain dela ehun urte iragarritako grabitazio uhinak existitzen dira. Atzeman dituzte uhin horiek. Zehazki, irailaren 14an aurkitu zituzten LIGO proiektuko bi detektatzaileek. Pisuzko aurkikuntza da, zientzialarien esanetan: unibertsoa aztertzeko beste ate bat zabaldu du. Orain arte, argia izan dute ardatz, eta hemendik aurrera uhinak ere izango dituzte informazio bide. Teknologia garatzen den heinean, itxaro dute kosmosaren hasiera aztertzeko aukera ere izatea.

Zurrumurruak zabaltzen ari ziren azken asteetan, eta atzo agerraldi bat egin zuten Washingtonen (AEB Ameriketako Estatu Batuak): baieztatu zuten atzeman dituztela grabitazio uhinak. «Zurrumurruak entzuten ari ginen, oso handia zen itxaropena, eta bete dute», adierazi du EHUko Fisika Aplikatuko irakasle Ricardo Huesok. Luzea izan da prozesua. «Hamarkadetan aritu dira uhin horien atzetik. Teknikoki oso-oso zaila izan da atzematen». Ehun urte dira Einsteinek uhin horiek aipatu zituela Erlatibitatearen Teorian: unibertsoan mugitzen diren objektuek uhinak sortzen dituztela. Orain arte ezinezkoa izan da teoria hori frogatzea.

Laserrak erabili dituzte ikerketa egiteko. Irailaren 14an, Louisianan eta Washingtonen dituzten bi detektatzaileetan sumatu zituzten uhinak. «Hilabeteak behar izan ditugu benetan grabitazio uhinak zirela ikusteko», aitortu du LIGO laborategiko zuzendariak, David Reitzek. Adierazi du hamarkadetako «helburu anbiziotsua» bete dutela. «Gainera, Einsteinen ondarea osatu dugu Erlatibitatearen Teoriaren ehungarren urteurren honetan».

Big-Bangaren atzetik

Aurkikuntzari pisu handia eman diote zientzialariek, ikuspegi aldaketa bat ekarriko baitu. «Unibertsoa aztertzeko, beti argiari begiratzen diogu. Beste bide bat edukiko dugu orain: grabitazioarena», azaldu du EHUko irakasleak. «Beste zentzumen bat eskuratzearen modukoa da: gor egon gara orain arte, eta entzumena izango dugu hemendik aurrera».

Grabitazio uhinak atzematearekin ez da amaituko ikerketa bidea. «Hau hasiera da, etorkizun handiko hasiera». Bi zulo beltzen artean orain dela 1.300 milioi urte izaniko talka baten uhinak atzeman dituzte: bi zuloak bat egin ziren, eta hiru eguzki masak adinako energia askatu zuten. Aurrera begira, erronka da beste fenomeno batzuetako uhinak ere topatzea. Teknologia hobetu beharko da horretarako, Huesoren esanetan. Ari dira garatzen LISA proiektua: espazioan jarriko dituzte detektagailuak. Hor dago ametsa: «Big-Bangaren uhinak ere atzematea, denboren hasierakoak».

Iturria: Berria.eus

Ibilgailu elektrikoak eta hibridoak: efizientzia energetikoa hobetzeko aukera

Gaur egun, aurrezte energetikoa eta ingurumen-arrazoiak direla eta, ibilgailu elektriko eta hibridoen arrakasta areagotuz doa.

ibilgailu eletrikoak

Energia-kontsumoaren mailak gizartearen bilakaera eta ongizatea neurtzea ahalbidetzen du. Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, munduko energiaren kontsumoa % 56 haziko da 2010-2040 tartean. Energia-iturri tradizionalak mugatuak dira, eta beraz, eskari hori ezin izango da inoiz ase. Hori gogoan hartuta, Ibilgailu Elektrikoak (IE) etorkizuneko irtenbide gisa irudikatzen dira, haien efizientzia energetiko altuaz gain, berotegi-efektuko gas eta beste kutsatzaileen igorpena gutxitu egiten dutelako. Betiere, ibilgailu horiek propultsatzeko erabiltzen den elektrizitatea energia-iturri berriztagarrietatik baldin badator. Hori dela eta, beheko taulan azaltzen da ibilgailu ezberdinen propultsio-sistemaren eraginkortasuna.

_-_2015-04-27_12.41.16
Hainbat ibilgailu-mota bereiz badaitezke ere, automobilaren historian ibilgailu elektrikoa izan zen garatu zen aurrenetako bat. Bestalde, XX. mendean zehar Barne Errekuntzako Motorrak (BEM) nagusi izan dira, baina ibilgailuen elektrifikazioa errealitate bat da gure egunotan. Teknologia honen garrantzia dela eta, ibilgailu hibrido eta elektrikoen konfigurazio ezberdinak garatzen joan dira. Horretaz gain, beraien osagaiek eta funtzionamenduak etengabeko hobekuntzan jarraitzen dute efizientzia maila areagotuz.

2011ean Teknopolis programan ibilgailu elektronikoei buruz egindako erreportajea.

Ekaia aldizkariaren 27. alean “Ibilgailu elektrikoak eta hibridoak: efizientzia energetikoa hobetzeko aukera” izeneko artikuluak ibilgailu hibrido eta elektrikoen teknologia aztertzeaz gain, ibilgailu elektrikoaren osagaiak eta funtzionamendua azaltzen ditu. Izan ere, gaur egun, aurrezte energetikoa eta ingurumen-arrazoiak direla eta, ibilgailu elektriko eta hibridoen arrakasta areagotuz doa.

Artikuluan ibilgailu motak aztertzen dituzte egileek, ondoren, xehetasunez azaltzen dira baterietara konektatuko ibilgailu elektrikoaren teknologia eta osagaiak. Gero funtzionamendua argitzen da eta, azkenik, teknologia honen etorkizuneko erronka eta ikergai nagusiak zeintzuk diren azaltzen dira.

Iturria: Zientzia kaiera, Jokin Altzibar, Edorta Ibarra, Jon Andreu, Jose Ignacio Garate eta Iñigo Kortabarria