Kosmosa ulertzeko beste ate bat

Grabitazio uhinak topatu dituzte: unibertsoa ikertzeko beste informazio bide bat izango da argiaz aparte. Einsteinek iragarritako uhinak badirela egiaztatu dute ehun urteren ondotik

Grabitazio uhinen aurkezpena jarraitzen, zientzialari bat, atzo, Alemanian.

Egiaztatu nahian aritu dira urteetan, eta lortu dute baieztapena: Albert Einsteinek orain dela ehun urte iragarritako grabitazio uhinak existitzen dira. Atzeman dituzte uhin horiek. Zehazki, irailaren 14an aurkitu zituzten LIGO proiektuko bi detektatzaileek. Pisuzko aurkikuntza da, zientzialarien esanetan: unibertsoa aztertzeko beste ate bat zabaldu du. Orain arte, argia izan dute ardatz, eta hemendik aurrera uhinak ere izango dituzte informazio bide. Teknologia garatzen den heinean, itxaro dute kosmosaren hasiera aztertzeko aukera ere izatea.

Zurrumurruak zabaltzen ari ziren azken asteetan, eta atzo agerraldi bat egin zuten Washingtonen (AEB Ameriketako Estatu Batuak): baieztatu zuten atzeman dituztela grabitazio uhinak. «Zurrumurruak entzuten ari ginen, oso handia zen itxaropena, eta bete dute», adierazi du EHUko Fisika Aplikatuko irakasle Ricardo Huesok. Luzea izan da prozesua. «Hamarkadetan aritu dira uhin horien atzetik. Teknikoki oso-oso zaila izan da atzematen». Ehun urte dira Einsteinek uhin horiek aipatu zituela Erlatibitatearen Teorian: unibertsoan mugitzen diren objektuek uhinak sortzen dituztela. Orain arte ezinezkoa izan da teoria hori frogatzea.

Laserrak erabili dituzte ikerketa egiteko. Irailaren 14an, Louisianan eta Washingtonen dituzten bi detektatzaileetan sumatu zituzten uhinak. «Hilabeteak behar izan ditugu benetan grabitazio uhinak zirela ikusteko», aitortu du LIGO laborategiko zuzendariak, David Reitzek. Adierazi du hamarkadetako «helburu anbiziotsua» bete dutela. «Gainera, Einsteinen ondarea osatu dugu Erlatibitatearen Teoriaren ehungarren urteurren honetan».

Big-Bangaren atzetik

Aurkikuntzari pisu handia eman diote zientzialariek, ikuspegi aldaketa bat ekarriko baitu. «Unibertsoa aztertzeko, beti argiari begiratzen diogu. Beste bide bat edukiko dugu orain: grabitazioarena», azaldu du EHUko irakasleak. «Beste zentzumen bat eskuratzearen modukoa da: gor egon gara orain arte, eta entzumena izango dugu hemendik aurrera».

Grabitazio uhinak atzematearekin ez da amaituko ikerketa bidea. «Hau hasiera da, etorkizun handiko hasiera». Bi zulo beltzen artean orain dela 1.300 milioi urte izaniko talka baten uhinak atzeman dituzte: bi zuloak bat egin ziren, eta hiru eguzki masak adinako energia askatu zuten. Aurrera begira, erronka da beste fenomeno batzuetako uhinak ere topatzea. Teknologia hobetu beharko da horretarako, Huesoren esanetan. Ari dira garatzen LISA proiektua: espazioan jarriko dituzte detektagailuak. Hor dago ametsa: «Big-Bangaren uhinak ere atzematea, denboren hasierakoak».

Iturria: Berria.eus

Advertisements

Posted on 2016/02/12, in Berriak, DBH-1 and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: