Blogaren artxiboa

GORRIZ GAIXOTU DIRA PINUAK

Onddo batek erasan die, eta lehortu egin zaizkie hostoak. Hazkundea moteltzea dakar gaitzak, eta, hurrenez hurrengo urteetan joz gero, zuhaitzen heriotza ere eragin dezake.

Gaitzak jotako pinudi bat, Andoainen (Gipuzkoa). Kolore gorri marroixka hartzen dute hostoek, batik bat koparen beheko zatian.

Gaitzak jotako pinudi bat, Andoainen (Gipuzkoa). Kolore gorri marroixka hartzen dute hostoek, batik bat koparen beheko zatian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Udazkenaren ezaugarri da hostoen gorritzea eta erortzea. Itxura aldatzen zaie haritzei eta urritzei, berdin gaztainondo eta zumarrei. Aurten, baita pinuei ere. Ez urtaroagatik, hala egokitzen delako: gaixo daude, lecanosticta acicola onddoak erasanda. Gaitza hain begi bistakoa izanik, kezkatuta daude baso jabeak. Ezinbestean, gogoan dute fusarium onddoak 2007. urte inguruan eragindako triskantza, hainbat eta hainbat hektarea moztu behar izan baitzituzten. Itxura batera, sintoma bertsuak eragiten zituen hark ere, kolore gorrixka hartu eta idortu eta erori egiten baitziren intsinis pinuaren hostoak. Oraingoan egoera ez dela hain larria diote baso osasunerako teknikariek. Onddoak zuhaitzaren hazkundeari eragiten dio, ahuldu egiten du, baina hurrenez hurreneko urteetan erasan behar du zuhaitza hiltzeko. Joera orokorra ez den arren, egon dira zuhaitzak bota beharreko kasuak.

«Gripe indartsu» batekin konparatu du egoera Dioni Berra Gipuzkoako Foru Aldundiko baso osasunerako teknikariak. «Zuhaitzak enborra eta sustraiak baldintza onetan baditu, jarraituko du elikatzen eta hosto berriak sortzen». Urte batean baino gehiagotan erasotzeak eragiten du arazoa. «Erreserbak agortuko zaizkio, eta, orduan, ahuldu eta lehortu egingo da zuhaitza».Hedatuen Gipuzkoan

Hostoan kokatzen da lecanosticta acicola onddoa, eta haren osagaietatik elikatzen da, gehienbat klorofilatik. Horregatik hartzen du kolore gorri marroixka. Euskal Herri guztian dira agerikoak haren ondorioak, baina gehienbat Gipuzkoan. Lehen, hezetasun handiko lekuetan eragiten zuen onddoak, haran ondoetan edota behe laino handiko eremuetan, eta zuhaitz gazteei eragiten zien, hosto ahulenekoei. Pixkanaka, eremu altuetara eta urte gehiagoko zuhaitzetara ere zabaldu da. Bizkaiko Basogintza Elkarteko ordezkariek ere ikusi dute hainbat eremutan kaltetuta daudela pinuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin landuko dute gaia hurrengo bileretan. Arabako Basogintza elkarteak dio bazkideek ez dutela kezkarik erakutsi oraingoz.

Nafarroan, onddoak aurreko urteetan baino indar handiagoarekin erasan duela adierazi du Gregorio Oiaregi Nafarroako Gobernuko teknikariak. Kantauri inguruaren arduraduna da Oiaregi. «Onddoa ez da izugarri arriskutsua; printzipioz, ez du hiltzen, baina bideragarritasunari kalte egin diezaioke. Jabeak pinuak ipini baditu egurra ekoizteko, hosto gabe geratzeak esan nahi du ez direla espero adina haziko».

Zeharka ere egiten du kalte. «Zakur ahulari kakuso guztiak. Zuhaitza ahultzen bada, errazago da hirugarren patogeno bat etortzea eta zuhaitza hiltzea. Demagun fusarium onddoarekin borrokan ari dela, ba fusarium-a pozik beste onddo bat etortzen bada, hala indar gehiago izango dutelako bien artean egiteko». Oraingoz halako kasuak ez dira ohikoak. Lecanosticta acicola onddoarekin baino kezkatuago jarraitzen du Nafarroako Gobernuak fusarium-arekin, oraindik ere haren eraginak nabariak baitira, batik bat Goizueta inguruan, eta neurri txikiagoan bada ere, Lesakan eta Beran ere bai.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zuhaitz espezierik hedatuena da intsinis pinua, alde handiz: zuhaiztun azaleraren %35 hartzen du. Nafarroan, askoz apalagoa da kopurua, %1,5era ez baita iristen. Jakinekoa da hainbeste egotearen arrazoia ez dela haren edertasuna, baizik eta errentagarritasuna. Manipulatzeko egun erraza izanik eta heltze prozesu azkar izanik, «urre berde» ere deitu izan zaio pinuari.

Horregatik, nahiz eta onddoek zuhaitzak ez hil, ekonomikoki hilda badago zuhaitza, bota egin ohi du jabeak. «Gipuzkoan bota diren plantazioak 10 eta 20 urte artekoak izan dira, ez oso gazteak, eta oso zaharrak», azaldu du Berrak. 30 bat urtetik aurrera bota ohi dira normalean.

Zergatik halako hedapena aurten? Gaitz erabat klimatikoa delako. «Urte oso euritsuak badatoz, batez besteko tenperatura ertain altuekin, onddoa hedatzea errazago izaten da. Aurten hala izan da». Oiaregik azaldu du ondorioak asteotan direla agerikoen. Udaberri amaieran edota uda hasieran agertzen dira lehen sintomak, hostoetan zerrenda hori batzuk ikusten direlarik. Zerrenda horiak gorrixka bihurtzen dira gero, batez ere koparen beheko zatian. «Berriak sortu ahala hostoak erori egingo dira, eta prozesuak ez du arretarik eragingo. Okerrik ezean, udazken negurako errekuperatuko direla pinuak uste dut».

Zehaztu du datorren urtean eraginik izango duen edo ez jakiteko baldintza klimatikoei erreparatu beharko zaiela. «Onddoak mendian bizi dira, eta ezin dira erauzi. Gripea bezalakoak dira, eragiten dute baldintza mesedegarriak ikusten dituztenean».

Erremediorik ez

Bi teknikarien arabera, okerrena da ez dagoela gaitzari aurre egiteko modurik. «Onddoak esporak botatzen ditu, eta aire bidez hedatzen dira. Hedapen hori kontrolaezina da. Aurre egiteko modu eraginkorrena erresistentzia genetikoa litzateke, baina prozesu hori oso luzea da», adierazi du Berrak.

Gaitzaren hedapena saihesteko masa ahalik eta aireztatuena egotea gomendatzen du, eta zuhaitz dentsitate txikia izateak laguntzen du horretan. Era berean, lanabes egokiak erabiltzea komeni da.

Teknikariek garrantzia kendu arren, Iñaki Goenaga Enba sindikatuko presidenteak adierazi du kezka agerikoa dela baserritarren artean. «Zenbat ez dakit, baina jende bat hasi da basoak garbitzen. Pistak eta ondo prestatuta badaude, gaitza sumatu bezain pronto botatzen dituzte pinuak, beste zenbait tokitan ez du merezi horretan hasteak». Hain zuzen ere, nahiz eta hostoak gorrituta egon, pinua ihartuta ez badago, egurrak balio du.

Ordiziko (Gipuzkoa) Jose Ramon Arsuaga da pinudia botako duenetako bat, etxe ondoan duen hektarea eta erdiko saila hain zuzen. 50 urte inguru dituzte pinuek. Ez daki zehatz zein gaitz duten zuhaitzek, baina argi du: «Behin pinuak gorritzen hasten direnean, gaitz bat izan edo bestea izan, pinu horiek ez dira suspertuko».

Onddo baten eraginez pinuak botatzen duen lehen aldia dela kontatu du. «Niri amorrua ematen dit, baina tira, ez naiz basotik bizi, ganadutik baizik. Basoko profesionalentzat, ordea, arazoa larriagoa da, pinu denak ari baitira gorritzen». Zuhaitzak bota ostean, ez du berririk landatuko Arsuagak, belardia jarriko du ganaduarentzat. «Zertarako jarriko dut pinudia, berriz gaitza harrapatzeko? Basoa ez da erakargarria gaur egun».

Hain zuzen, krisiak bete-betean eragin dio azken urteotan basogintzari. Besteak beste, eraikuntza sektorean erabiltzen da intsinis pinuaren egurra, paletak eta oholak egiteko, paketatzeko ere balio du eta paper fabriketan ere erabiltzen dute.

2009ko urtarrilean Klaus zikloiak 40 milioi kubiko zuhaitz bota zituen Landetan (Frantzia), baso azaleraren %60. Merkatuan egur asko sartzea eragin zuen gertaera hark, lehia, eta ondorioz prezioak merkatzea. «Estimazioa galdu du hemengo egurrak, kanpokoa sartu delako. Landetako haizeteen ondorioz jaitsi ziren prezioak, eta beheko maila horretan daude oraindik», kontatu du Goenagak.

Eraikuntza sektorearen krisiak areagotu baino ez du egin sektorearen krisia. Hala ere, baikor da Goenaga. «Erabilera berriak bilatzen ari dira basozaleak. Parametro batzuk ari dira agertzen esaten dutenak egur eskasia datorrela eta urte asko baino lehen estimazioa izan dezakeela».

Iturria: Berria.info, Miren Garate

Dinosauroak unerik txarrenean harrapatu zituen meteoritoak

Duela 66 milioi urte meteorito handi batek Lurra jo zuenean, dinosauroen ekosistema egokitzapen fase betean zegoen. Talka beste uneren batean gertatu izan balitz, bizirauteko nahikoa baliabide izango zutela iradoki dute Edinburgoko Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batean.

“Eztabaida luze eta bizia izan da dinosauroak desagerrarazi zituen kausaren inguruan. Gure ikerketak iradokitzen duenez, dinosauroen komunitateak bereziki kalteberak ziren asteroideak Lurra jo zuen unean, baina ezerk ez du pentsarazten desagertzera kondenatuta zeudenik. Asteroidearengatik izan ez balitz, dinosauroak oraindik hemen egongo ziren seguruenik, eta gu, ziurrenik, ez”, dio Richard Butler Birminghamgo Unibertsitateko Geografia Fakultateko ikertzaileak.

Askotxo esatea da agian, ez baitago jakiterik dinosauroek zer trantze jasan beharko zituzten hurrengo 66 milioi urteetan, ezta horiei aurre egiteko gai izango ote ziren ere. Baina gaur egungo Yucatango penintsulan erori zen hamar kilometro baino gehiagoko objektuak animalion desagerpenean jokatu zuen ezinbesteko rolaren adierazle dira hitz horiek.

1. irudia: Dinosauroen garezurren eta beste hezurdura batzuen irudikapena, Ipar Amerikan bildutako fosiletatik abiatuta.

1. irudia: Dinosauroen garezurren eta beste hezurdura batzuen irudikapena, Ipar Amerikan bildutako fosiletatik abiatuta. |

Izan ere, kultura herrikoian nahiko zabalduta dago meteoritoaren hipotesia, baina orain arte, adituek zalantzak izan dituzte gertaera hark izan zuen garrantziaren inguruan. Askoren ustez, animalion dibertsitatea gainbeheran zegoen ordurako, eta horri egotzi izan zaio desagerpena nagusiki. Edinburgoko Unibertsitateak zuzentzen duen eta Birminghamgoaren parte hartzea duen ikerketa honek, baina, gezurtatu egin du hipotesi hori: dinosauroen biodibertsitatea ez zegoen arriskuan, baina ekosistema aldaketa fase betean zegoen eta meteoritoak ez zien egokitzeko denborarik eman.

Kate trofiko ahula

Ikerketan azaltzen denez, talka gertatu zen unean, dinosauroen kate trofikoa ahulduta zegoen, dibertsitatea txikia baitzen dinosauro belarjaleen artean. Dinosauro mota eta espezie mordoa zegoela kontuan hartuta, gabezia zehatz horrek ez zuen animalia guztien biziraupena arriskuan jartzen berez. Baina kontua da dinosauro belarjaleok ekosistemaren kate-begi garrantzitsuenetarikoa zirela, eta egoera zail horri buelta ematea ez zen egun batetik besterako kontua.

Dinosauroak egokitzen ari ziren, eta une horretan harrapatu zituen meteoritoak. Talka haren erruz, ahulguneak zituen katea hautsi egin zen erabat. Dinosauroen artean, hegalariak besterik ez ziren atera onik: gaur egungo hegaztiak haien oinordeko dira.

Ikerketan adierazitakoaren arabera, meteoritoa milioika urte lehenxeago erori izan balitz, kate trofikoa sendoagoa izango zen, eta dinosauroek asmatuko zuten nola egin aurrera. Geroago izan balitz, bestalde, espezieek eboluzionatzeko eta egoera berrira egokitzeko nahikoa denbora izango zuten, eta beste hainbeste gertatuko zen. Izan ere, hamar kilometroko diametroa duen objektu bat jaustea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina animaliok egoera zailen aurrean bizirauteko zuten ahalmena ere ez zen nolanahikoa.

2. irudia: Indiako Deccan Traps ingurunea. (Argazkia: Baajhan@Gmail.com / CC BY 3.0)

2. irudia: Indiako Deccan Traps ingurunea. (Argazkia: Baajhan@Gmail.com / CC BY 3.0) |

Baina zergatik zeuden dinosauroak krisialdi txiki batean murgilduta, duela 66 milioi urte? Garai hartan asaldura handia gertatzen ari zen kliman: sumendiak, itsasoaren mailaren aldaketak, tenperatura gorabeheratsuak… Badirudi orduan Indiako Deccan Traps eskualdeko sumendiek izan zituzten erupzioak daudela fenomeno horien atzean. Hain izan ziren handiak eta ugariak, ezen klima globalari eragin baitzioten.

Ikertzaile batzuek uste dute Indiako jarduera bolkaniko izugarri hark ekarri zuela dinosauroen desagerpena zuzenean. Edinburgoko Unibertsitateko ikerketa honek, ordea, arazoaren abiapuntuan kokatzen du Deccan Traps, baina ez besterik: erupzio horiek eragindako klima aldaketaren ondorioz ahuldu zen dinosauroen kate trofikoa, eta horregatik ez zeuden prest meteoritoaren talkari aurre egiteko.

Horren erakusle, ikerketaren berri emateko argitaratutako artikuluan azaldu dutenez, aztertutako fosilek eta aztarnek iradokitzen dute dinosauroen desagerpena zakarra eta bat-batekoa izan zela geologiaren ikuspegitik. Horrenbestez, badirudi tenperaturak eta itsas mailak epe luzean izandako gorabeherak ez zirela kausa nagusia izan. Desagerpenaren zakartasunak meteoritoaren moduko gertaera batekin egiten du bat, gehiago.

Ipar Amerika bakarrik

Dena dela, ikerketa honek badu hutsune nagusi bat: Ipar Amerikan aurkitutako fosilak besterik ez dituzte baliatu lanerako. Izan ere, artikuluan azaldu bezala, Ipar Amerikan besterik ez daude Kretazeo garaiko azken hamabost milioi urteetako (duela 80-65 milioi urte) fosilen bildumak ondo datatuta eta kontserbatuta. Eremua are mugatuagoa da Kretazeoko azken milioi urteari erreparatzen bazaio: AEBetako ipar mendebaldean dagoen Hell Creek formazioko fosilak izan dituzte informazio iturri.

Emaitzek ahulezia hori dutela onartuta, munduko beste toki batzuetan Kretazeoko garai horretarako dauden dinosauroen fosil urriagoak aztertzea dute helburu ikertzaileok, ikerketa osatzeko eta gertatu zena hobeto ulertzeko. Hain zuzen, Txinan eta Katalunian (Lleidako Pirinioetan dagoen Tremp arroan) egingo dituzte azterketa osagarri horiek.

Iturria: Zientzia Kaiera, Amaia Portugal

Baleen ehizari debekua

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Japoniak egiten duen baleen ehiza ez dela helburu zientifikoekin egiten, eta horretarako baimenak bertan behera uzteko agindu du.

Nazioarteko Justizia Auzitegia argi mintzatu da: Japoniak Antartikan egiten duen baleen ehiza ez da legezkoa, eta, horren atzean, arrazoi zientifikoak baino gehiago, komertzialak daude.

1986tik debekatua dago helburu komertzialekin baleak ehizatzea. Japoniak, berez, orduan utzi zuen baleen ehiza. Baina handik urte batzuetara, berriro ekin zion, helburu zientifikoekin egiten zuela argudiatuta. Horretarako Jarda I programa jarri zuen martxan. Animalien eta naturaren aldeko talde ugari kontra agertu ziren, baita zenbait herrialde ere. Aurka agertu ziren herrialdeen artean zegoen Australia.

Balea haragiaren salmenta nabarmen jaitsi dela gogorarazi du Ramagek. «Zaharkitua dagoen sektore bat da, eta ez da batere errentagarria». Hori baieztatzen duen datu bat eman du: 1962an, 230.000 tona balea haragi saltzen ziren Japonian; orain, berriz, 4.200. «Azken 20 urteetan, 10.000 baleatik gora hil dituzte».

Islandian ere baleen ehizak gobernuaren babesa du. Iaz hasi zen berriro ehiza han. Greenpeacek gogor salatu zuen erabakia, baita Islandiako Bidaia Agentzien Elkarteak ere. Bidaia agentzietako ordezkariek gogorarazi zuten etekin handiagoa lortzen dela baleak ikusteko antolatzen diren irteeren bidez baleak ehizatuz baino.

Iturria: Berria.info

Basurde talde handia Urbian?

EHNEk bideo honen laguntzaz Basurdea ugaltzen ari adierazi nahi du. EHNEren ustez, hauen ugalketa gehiago kontrolatu beharko litzateke, hauen txikizioek nekazaria kaltetuta izan dutelako. Iaz 300 kasu baino gehiagoren berri eman zuten baserritarrek EHNEn eta aurten ere kopurua altua da.

Hasiera batean Urbian grabatutako bideoa zela zabaldu bada ere, EHENEk Europa ekialdean grabatutakoa dela argitu du.

Iturria: Berria

Jaizkibel, harri eta bizitza eremua

Gaur bezalako egun eguzkitsu batean balio biologiko zein geologikoengatik ezaguna den eremuaz gozatzeko aukera izan dut.
Aukera hori izan ez baduzu hona hemen ingurunea eta ingurune honek jaso dezakeen inpaktuaren kezka jasotzen duen El Escarabajo Verdek telebistarako egindako programa.