Blogaren artxiboa

Ezin Lurrari gehiago berotzen utzi

IPCCk “klima aldaketaz inoiz egin den ebaluazio osoena” aurkeztu du. Lan mardul honetan garbi igorri dute mezua: gizakiak klima aldaketan izan duen eragina eztabaidaezina da. Hala ere, mundu jasangarriago bat eraikitzeko trantsizioa oraindik bideragarria da teknikoki, baina berehala hasi beharra dago.

Klima aldaketaren aurkako borrokak zifra zehatz bat du jomugan: 2 gradu. Ezin diogu gure planetari industria aurreko garaian baino bi gradu beroagoa izaten utzi, dagoeneko atzera bueltarik ez duten ondorioak are kaltegarriagoak izan daitezen nahi ez badugu. Gaur egun Lurra XIX. mende bukaeran baino 0,8 gradu epelagoa da, eta tenperaturak gora egiten jarraitzen du. Baina IPCCk argitaratu berri duen txostenean oharrarazi bezala, orain da ekiteko unea, auzia ezin da gehiago atzeratu.

Izan ere, IPCCk “klima aldaketaz inoiz egin den ebaluazio osoena” omen den lanaren sintesi txostena aurkeztu du pasa den asteburuan Kopenhagen. 800 ikertzailetik gora aritu dira horretan lanean azken hamahiru hilabeteotan. Inork zalantzarik bazuen, lan mardul honetan inoiz baino garbiago eta ozenago igorri dute mezua kideok: gizakiak klima aldaketan izan duen eragina eztabaidaezina da. Ez da albiste ona, noski, baina badu gauza on bat: horrek esan nahi du gizakion esku dagoela, era berean, akatsak zuzentzea eta hala klima aldaketa motelaraztea.

Txostenak erakusten duenez, ur eta lurrazalaren tenperatura hazkundea etengabekoa izan da, eta are handiagoa 1980ko hamarkadatik hona. Jakina, hotzberoak gorabeherak izan ohi ditu urte batetik bestera, baina epe ertainera begiratuz gero, honakoa ikusten da: 1850etik, denbora hiru hamarkadaka multzokatu eta batez bestekoak eginez gero, 30 urteko denbora tarte horietako bakoitza aurrekoa baino epelagoa izan da, beti.

“Gure ebaluazioan ondorioztatu dugunez, atmosfera eta ozeanoak berotuz joan dira, elur eta izotz bolumenak murriztu dira, itsasoaren maila igo da eta karbono dioxido kontzentrazioak hainbeste handitu dira, ezen ez baitago aurrekaririk, gutxienez, azken 800.000 urteotan”, azaldu du Thomas Stocker txostenaren egileetako batek.

Hain zuzen, besteak beste eta bereziki karbono dioxidoak eragiten duen berotegi efektuari begiratu besterik ez dago. Aspaldi dugu ekintza antropogenikoek ingurunean duten eragin kaltegarriaren berri, eta hala ere, berotegi efektuaren eragile diren isuriek inoiz baino gehiago egin zuten gora 2000 eta 2010 urteen artean, IPCCk azaldu duenez. Isuri horien artean, %35 energiaren sektoretik datoz, %24 nekazaritzatik, %21 industriatik, %14 garraiotik eta %6 eraikuntzaren sektoretik.

Ozeano Artikoko izotzaren eta glaziarren urtzea, itsas mailaren igoera… hasiak gara klima aldaketaren lehen urratsak antzematen, baina inpaktu potentziala are okerragoa da. Aipatutakoez gain, lehorteek landarako lur eremuak murriztu eta ur edangarri kopurua urriagotu lezakete, uholdeak gerta litezke kostaldeetan, eta askok eta askok beren sorterritik ihes egin beharko dute agian, beste norabait. “Klima aldaketa zuzenean pairatzeko aukera gehien duten pertsonetako askok ia ez dute zerikusirik izan berotegi efektua eragiten duten gasen isurian”, esan du R.K. Pachauri IPCCko presidenteak.

Irudia: Oina: IPCCren txostenari erreferentzia egiten dion irudia. (Argazkia: IPCC) (Sinadura: IPCC)

Irudia: Oina: IPCCren txostenari erreferentzia egiten dion irudia. (Argazkia: IPCC) (Sinadura: IPCC) |

Hala ere, erakunde honek argi azaldu du oraindik badagoela klima aldaketaren aurka lehiatzerik, gaur egungo gizakiak badituela hura mugatzeko eta etorkizun oparoago bat eraikitzeko baliabideak. Dena dela, azkar ibili beharra dago. Izan ere, adibidez, 2 graduei dagokien helburu hori betetzeko, karbonoaren isuriak mugatu behar dira berehala. 790 GtC da karbonoa baliatzeko dugun guztizko ‘aurrekontua’, xedea bete nahi badugu. Baina industrializazioa hasi zenetik hona, dagoeneko aurrekontu horren %65a kontsumitu du gizakiak. Ezinbestean beste bide batetik jo beharra dago.

Trantsizioa teknikoki bideragarria dela dio IPCCk, teknologia eta baliabideak eskuragarri daudela, baina politika egokiak aplikatzea falta dela. “Ez zaigu denbora askorik geratzen, 2 graduko berotze marjinari eusteko aukera itxi aurretik. Horretarako, isuriak %40 eta %70 artean txikitu behar ditugu munduan, 2010a eta 2050a bitartean. Eta 2100ean ez luke batere isuririk egon behar. Esku artean daukagu aukera, eta gure esku dago erabakia”, dio Pachaurik. Txostenean bertan ageri denez, esaterako neurri horien aplikazioa 2030era atzeratu balitz, teknologia, ekonomia, gizarte eta instituzio erronkak askoz ere zailagoak izango lirateke, betiere kontuan izanda 2 graduko berotze tarteari eustea dela helburua.

Horretarako, energia berriztagarriak izango dira gakoetako bat, baina ez bakarra. Norberaren ohiturak aldatzea ere ezinbestekoa izango da. Orain arte, herrialde baten gas isuri kopurua eta bertako aberastasun maila elkarri lotuta joan dira: zenbat eta ekonomia garatuagoa, orduan eta kutsadura handiagoa. Joera hori etetearen garrantzia azpimarratu dute IPCCtik, eta ez zaiola beldurrik izan behar hazkunde ekonomikoa moteltzeari. Epe luzera, errentagarriagoa izango da ingurune jasangarriak bermatzea, poltsikoan diru pixka bat gehixeago izatea baino.

Iturria: Zientzia Kaiera, Amaia Portugal

LEHIAKETA: Marea biziak eta denboralea = Itsasoaren indarra!

Aurtengo lehiaketako bigarren aukeran neguan emaniko gerataera bat dugu. Argazkian argi ikusten denez itsasoaren indarrak erakustaldia eman du.

Adituek esaten dutenez, gertatutakoa ez da batere ohikoa. Bi faktore arteko batura omen da: Denboraldia eta marea biziak batera gertatzea alegia.

Denboraldiak, borraska sakonak, haizete handiak sortu eta olatu handiak altxatzen ditu. Donostiako kanpoko boiak 11 metroko olaturen bat neurtu omen du.

Baino denboraldia ez litzateke nahikoa halako txikizioa sortzeko. Denboraldiarekin batera marea biziak gertatu dira. Baina zer dira marea biziak? Ikus Zumaiko bokalean marea bizitan jasotako irudien sekuentzia.

Zumaia ezagutzen ez duzuenontzat esan, Irailan eta Martxoan salbu, mareak gora egiterakoan ez duela inola ere maila hori hartzen. Urtean zehar, marea gora askoz beherago geratzen da.

Baina Irailan eta Martxoan zergatik igotzen da gehiago? Ea beste bideo honek zerbait ulertzen laguntzen dizuen…

Bideoa ikusi ondoren hauek dituzue erantzun beharreko galderak:

1.- Zer dira marea biziak? Zergatik gertatzen dira?

2.- Iraileko eta Martxoko marea biziak bereziak dira. Zergatik?

Erantzuna emateko iruzkinak erabili. Informazio honen bukaeran lauki zuzen grisa ikusiko duzu eta ekuinean Iruzkin bat utzi gainean klik egin.

Erantzunak idatzi eta zure e-posta (ikastolakoa) jarri, baita zure izen eta abizena ere. Webgunea jartzen duen atala hutsik utzi.

Bukatzeko Erantzuna bidali botoia sakatu.

OHARRA: Erantzunak moderatuak daude. Hau da baimena eman arte ez dira ikusiko, beraz bidali ondoren ez ikustea guztiz normala da. Erantzunak jasotzeko EPEA: Martxoaren 30a.

Ondo erantzuten dutenen artean zozketaz hautatutako batek, DBH 4koek prestatzen duten hamaiketakoa dohan jasoko du astebetez. Zorte on!

Ura eta bizitza

Hemen dituzue bi gelek buruturiko aurkezpenak, ikusi eta esaiguzu irudirik onena zein irudi  iruditzen zaizun:

Utzi erantzunetan zure iritzia, noren irudia eta zergaitia adioeraziz.

 

James Cameron zinemagilea Lurreko puntu sakonenera heldu da

Iturria: Berria

11.000 metroko sakonerara iritsi da. Inguru horretara bakarrik jaitsi den lehena da. 1960an Don Walshek eta Jacques Piccardek elkarrekin egin zuten espedizioa. Bideo bat egin du National Geographic-ek.

James Cameron zinemagilea Lurreko itsas puntu sakonenera heldu da, eta horrela, leku horretara bakarrik jaitsi den lehena bilakatu da, National Geographic-ek jakinarazi duenez. 11.000 metroko sakonerara jaitsi da, Marianetako fosan, Guam uhartearen inguruetan, Ozeano Barearen hegoaldean.

Cameronek Deepsea Challenger itsaspekoan egin du bidaia, eta National Geographicek zuzeneko kontakizuna egin du Twitterren. Bidaiak helburu zientifikoak zituen. Bideo bat ere egin dute, bidaiaren inguruko azalpenekin.

Aurretik behin bakarrik heldu dira inguru horretara: 1960an Don Walsh AEBetako Itsas Armadaren tenienteak eta Jacques Piccard esploratzaileak elkarrekin egin zuten espedizioan.

Uste dute ezagutu gabeko 750.000 itsas espezie daudela inguru horretan.

 

Perito Morenoren haustura, fenomeno ikusgarria

Argentiako glaziar ezagunena ikusgarria da berez, baina are harrigarriagoa da ikustea nola urak izotz puska erraldoia zulatzen duen, haren orroak Patagonia osoan zabaltzen direlarik. Milaka pertsona aho zabalik uzten duen naturaren azken erakustaldia 2008ko neguan gertatu zen azkenekoz, eta, orain, gertatzear da berriro.

Lurrean glaziar ezagunik bada, hori Perito Moreno da. Ibai zuria Patagoniako izotz kontinentaletik askatzen da, Atlantikora bidean, eta Lago Argentino aintzirara iristen da. Egunean, batez beste, 2 metroko ibilbidea egiten du aurrera Lago Argentinon zehar, baina bere ibilbideak badu etenik: Magallaneseko penintsula. Izotzak arroketan aurkitzen du muga, eta banatu egiten ditu aintziraren zati nagusia eta haren hegoaldeko adarra.

Horrela, 50 eta 70 metroko altuera hartzen duen horma zuriak irteera-jariorik gabe uzten du hegoaldeko adarra, eta bertan ura pilatzen hasten da. Aintziraren bi aldeetan ur-mailen arteko aldea 25 metrora irits daiteke, izotz puskak presio handia jasaten duelarik. Eta presio horrek eragiten ditu Pepito Morenoren haustura ikusgarriak.

Izotza pitzatu egiten da beheko aldetik, eta ubide txikiak azaltzen dira lehenik. Gero, pìtzadura handituz joaten da, tunel bat osatu arte. Eta, azkenik, tunelaren sabaia erori egiten da, ibai zuriaren orroak Patagonia osoan zabaltzen direlarik. Horrek egin du Perito mundu guztian ezagun.

Milaka pertsona aho zabalik uzten duen naturaren azken erakustaldi hori 2008ko neguan gertatu zen. Inoiz ez da jakiten ordea noiz izango den hurrengo haustura, Perito Morenoren hausturak ez baitu ziklo erregularrik. Baina oraingoan ez du asko itxaronarazi, lau urteren buruan gertatzear delako berriro Argentinako glaziar erraldoiaren haustura.