Blogaren artxiboa

Zientziapp eta Mintzatu

ZIENTZIAPP

Zientzia-edukiak euskaraz edonon eta edonoiz eskura izateko lehen aplikazioa da ZIENTZIAPP
Aplikazioak zientzia-eduki berriak eskainiko ditu egunero: zientzia eta teknologiari buruzko azken albisteak, bideoak eta audio-artxiboak, informazioa nonahi eta noiznahi jasotzeko, nahieran.
Eduki guztiak Elhuyar Zientzia erredakzioan aukeratu eta landuko dira. Zientzia.eus webgunean ere argitaratuko dira.
Horrez  gain, zientzia eta teknologiaren inguruko ekitaldiaren berri ere emango du, Agendaren bitartez.
Diseinu garbia eta erraza du, eta doan deskarga daiteke Google Play Storen zein App Storen.
Deskargatu aplikazioa eta izan zientzia eta teknologiari buruzko berritasunak, esku-eskura!

MINTZATU

Euskararen etxeak mezu hau bidali du:

“Aurten, zorion mezu arrunt bat baino, proposamen bat egin nahi dizugu 2017ra begira.
Zer deritzozu erronka batean elkarrekin parte hartzeari ?

Mintzatu, euskaraz  hitz egiten dugun tokiak identifikatu, eta horien berri emateko sarea da, eta guztiok elikatu ahal dugu: euskaraz egiten dugun toki horiek zein diren adierazi, horien berri eman, sustatu…
Une honetan, ia 1.300 leku daude etiketatuta “Mintzatu”n, mundu osoan zehar.
2017rako, berriz, erronka bat proposatu nahi dizuegu:
Guztion ekarpenei esker, baietz datorren urte bukaerarako 5.000 leku etiketatuta egon!
Lagunduko gaituzu ? Guztion artean lortuko dugu !”

Non nago? Live Tracking, kokalekua erregistratzeko aplikazioa

Ander Orbegozo Igartuak, Bilboko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako informatikako ikasleak kokalekua erregistratzeko eta denbora errealean partekatzeko sakelako aplikazio bat sortu du, Live Tracking. Aplikazioa gradu amaierako lana izan da eta puntuazio gorena lortu du: 10.
Ander Orbegozo ingeniari informatiko bergararrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdean garatzen diren gailu mugikorretarako aplikazio onenak saritzen dituen, GipuzkoAPPs 2015 lehiaketara aurkeztu izan du haren lana.
non nago orain?
Irudia: Live Tracking aplikazioak, besteak beste, egindako ibilbideak, altuera eta abiadura datuekin gorde egiten ditu gerora kontsultatzeko.

Kokalekua gorde eta partekatzeko Live Tracking aplikazioak hainbat erabilera ditu, pertsonalak zein profesionalak. Norberaren ibilbideen kokalekuak lagunekin partekatzen ditu edozein momentutan non gauden jakinarazteko; perretxikoak biltzen baditugu, esaterako, hauek non aurkitu ditugun markatzeko eta gordetzeko erabili ahal izango dugu; kirol jarduerak antolatu edota jarraipena egiteko baliagarria da edota aberia bat konpontzen datorren teknikaria noiz etorriko den jakiteko erabil daiteke.

Egun, aplikazioa hobetzen eta Donostiako Informatika Fakultateko Informatika Ingeniaritzako Masterra ikasten diharduen Anderrek azaltzen digu nola sortu zen haren egitasmoa: “Nire proiektuaren zuzendariak, Oscar Casquero irakasleak, bazekien mapekin lan egindakoa nintzela eta gogoko nituela; beraz, kokalekua erregistratzeko gaur egun dauden aplikazioak hobetzea proposatu zidan. Ideia horretatik sortu zen Live Tracking”.
“Live Tracking –azaldu du Ander Orbegozok– aire zabaleko jarduerak (adibidez, mendian paseatzea eta bizikletan ibiltzea) atsegin dituzten pertsonentzat dago pentsatua. Aplikazio honen bidez, zure kokalekua denbora errealean erregistratzen duzu mapa batean, zure sakelakoan, eta, Whatsappen, sare sozialen edo mezu elektronikoen bidez,lagunekin eta senideekin parteka dezakezu kokaleku hori. Hartara, arazoren bat baduzu ere, zu non aurkitu jakingo dute beti. Bestalde, egiten ari zaren ibilbidea ikusi ez ezik, altitudea eta abiadura kontsulta ditzakezu grafiko batean, egindako ibilbidea gorde dezakezu aurrerago kontsultatzeko, eta GPX formatuan esporta dezakezu”. Aplikazioa hiru hizkuntzatan erabil daiteke: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Live Tracking bakarra da halako aplikazioen artean. “Badaude antzeko aplikazioak, baina ez dira doakoak. Live Tracking da ezertxo ere ordaindu gabe deskarga dezakezun eta informazioa denbora errealean ematen dizun aplikazio bakarra“. Aplikazioa eskuragarri dago Play Store gunean Android sistementzat; 2.500 pertsonak baino gehiagok deskargatu dute jada (% 78k Espainian, % 4k Alemanian, % 3k Indian, % 3k AEBetan eta % 1ek Italian, besteak beste), eta 5etik 4,7 puntu eman dizkiote iritzia eman duten erabiltzaileek.
 

 Live Tracking aplikazioaren funtzionamendua erakusten duen bideoa.

Aplikazioak EUSKARAZ!

Inguratzen gaituen teknologietan, EUSKARAk, gero eta indar handiagoz, tokia hartu du.

Ohikoak ditugun mugikor adimenduetan instala daitezkeen aplikazioen berri emeten saiatu izan gara.

Horietako bat IPUINTXO dugu, http://www.ipuintxo.com/ webgunean argi azaltzen dena eta ikasturte hasiera honetan mugikor zein tabletetan erabiltzeko modukoa. Instalazioa egiteko…


Interesgarriago gertatu zait ordea aplikazio hauek guztiak biltzen dituen webgunea aurkitzea http://euskalapps.net/

Txukuna, ondo kategorizatua eta makina aplikazio interesgarri biltzen dituena. Guztientzako gomendagarria!

Androiderako RAR aplikazioa

RAR for Android aplikazioaren bidez zure gailu mugikorretik artxiboak konprimatu eta deskonprimatu zenitzake.
Konprimatzeko RAR eta ZIP formatuak eta deskonprimatzeko RAR, ZIP, TAR, GZ, BZ2, XZ, 7z, ISO eta ARJ formatuak onartzen ditu.
Dohanekoa da eta android 4.0 bertsiotik gora instala daiteke.

Larrialdietarako tresna

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Alpify sakelako aplikazioa aurkeztu du. Garrantzitsua da larrialdietan pertsonak errazago aurkitu eta denbora aurrezteko.

Iparrorratza ahalik eta zehatzen nahi dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean. Hala, larrialdietan erabiltzeko geolokalizaziorako aplikazio bat aurkeztu dute: Alpify. Pertsonak errazago eta lehenago aurkitzeko baliagarria izanen da. Mendira edota kirola egitera bakarrik joaten direnek sakelako telefonoan doako aplikazioa jaitsi eta botoi bat sakatu besterik ez dute egin beharko, larrialdiren bat suertatuz gero, haiek aurkitzeko lana errazagoa eta azkarragoa izan dadin.

«Norbere babeserako berme garrantzitsua du, eta askoz ere azkarragoa», azaldu du Pedro Anituak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak. Denboraren garrantzia nabarmendu izan du, batik bat neguan. Hotz handia egiten duenean, segundoak berebizikoak izan daitezke. «Ez da erabateko konponbidea, baina komunikazioak ailegatzen diren tokira arte jakin dezakegu non dagoen arazoak dituena». Aplikazioa Android, iPhone eta Blackberry gailuetan erabil daiteke. Horregatik, Anituak esan du garrantzitsua dela mendira edo ibiltzera bakarrik ateratzen diren adinekoei tresna hori duen telefonoa ematea.

Ez da aplikazio soila, atzean langileak daudelako. Hiru funtzio ditu tresna berri horrek. Alde batetik, botoi gorri bat du, larrialdietan SOS Deiak zerbitzuarekin zuzenean harremanetan jartzeko. Botoia sakatu bezain pronto, laguntza eskatzen ari denaren izen-abizenak eta hura dagoen toki zehatza ageri duen mapa jasotzen dute larrialdietako langileek. Ondotik, telefonoz deitzen dute laguntza eskaera benetakoa den ziurtatzeko.

Zaharrentzat ere egokia

Bigarren funtzioa aplikazioaren hegal baten bidez aktibatzen da. Hura sakatuta, pertsona hori geolokalizaturik egonen da, eta hortik aurrera egindako ibilbidea gorde egiten da. «Norberak aktibatu behar du geolokalizatzailea. Ezin diogu jendeari jarraitu; hori datuen babeserako legearen aurkakoa litzateke», azaldu du Anituak. Horren onurak azaldu ditu: «Etxetik ateratzean aktibatu egiten duzu, baina istripu bat baduzu, ezin diozu botoiari eman. Orduan, familiakoek larrialdietara deitzean, telefono zenbakia emanen digute, eta badakigu zein den azkenengo tokia». Aukera hori zaharrentzat egokia dela uste du Anituak: «Nagusien kasuan, botoi bat sakatu, eta ez dute deus gehiagorik egin behar».

Aplikazioaren hirugarren ezaugarria alertak SMS bidez bidaltzeko aukera da. Adibidez, ekaitz handia heltzear bada, mezu bat jasoko dute inguru horretan aplikazioa pizturik daukatenek, egoeraren berri ematen duena. Tresna berri hori erabat dohainikakoa dela gogorarazi du Anituak. Haren funtzioak seinalearekin eta Internet konexioarekin lotuta daude, baina azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan seinalea «oso ona» dela. Dena den, aplikazioaren bidez, SMS bat bidali edo 112ra deitzeko aukera ere badago.

Aplikazioa Eusko Jaurlaritzarena izaki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baizik ezinen da erabili.

Iturria: Berria.info