Blogaren artxiboa

GPS seinaleak, itsasoaren mailaren ispilu

Autoetako nabigatzaileek erabiltzen dituzten satelite berberak baliatuta, ozeanoen garaiera ezagutu daitekeela erakutsi dute ikerketa batean. GPS seinaleek itsas azalean egiten duten islapenari buruzko informazioa biltzea da gakoa.

GPS seinaleei esker, askoz ere gutxiagotan galtzen gara orain, ezezaguna zaigun errepideren batean gidatzen ari garenean. Satelite bidezko nabigazio sistema globala estrategia militarrerako sortu zuten hasiera batean, baina haren aplikazioak nabarmen zabaldu dira azken hamarkadetan. Orain, gure autoko nabigatzailea martxan jartzen duten satelite horiek berek baliatuta, itsasoaren maila neurtu daitekeela egiaztatu dute ikertzaile batzuek.

Normalean, radar bidezko altimetroak erabiltzen dira, espaziotik Lurraren itsas mailaren mapa osatu nahi denean. Kasu honetan, lehenengoz erakutsi dute neurketa hori beste metodo baten bitartez ere egin daitekeela: GPS islapenen teknika (GNSS-R). Ozeanografia Zentro Nazionalak (Southampton, Ingalaterra)Michigango Unibertsitatearekin eta NASArekin (AEB) egindako ikerketa da honakoa, eta Geophisycal Research Letters aldizkarian eman dute lanaren berri.

Irudia: GNSS-R teknikaren nondik norakoak azaltzen dituen irudia. (Argazkia: National Oceanography Centre)
Irudia: GNSS-R teknikaren nondik norakoak azaltzen dituen irudia. (Argazkia: National Oceanography Centre)

Orbitan dauden 24 satelite geoegonkorrek osatutako sistema bati esker (GNSS) funtzionatzen dute gure autoetako GPS nabigatzaileek. Lurrean dauden objektuen latitudea, longitudea, altuera, norabidea eta abiadurari buruzko informazioa emateko ahalmena dute satelite horiek. Bada, itsasoaren altuera neurtu ahal izateko, GPS seinale zuzenaren ordez, seinale horren islapena izan dute informazio iturri.

Zuzenean igorletik hartzailera doan seinale baten datuak bildu beharrean, kasu honetan,seinaleak itsas azalera bidaltzen duen islaren informazioa biltzen du hargailu espezifiko batek. Islapen horri esker, itsas mailaren eta haren gorabeheren berri izan dezakegula frogatu dute ikertzaileok.

Ez hori bakarrik. Metodo honekin itsasoaren maila kalkulatu badaiteke, ozeanoetako korronteei behatzeko ere baliagarria izan daiteke. Izan ere, islapen teknika honen bidez itsas azalean detektatu daitezkeen gorabehera txiki eta labur zenbait korronteen adierazleak dira. Paolo Cipollini artikuluaren egileetako batek azaldu bezala, “gure emaitzekin oso pozik gaude, lehenbizikoz erakutsi baitute, itsasoaren mailaren mapa orokorra egin dezakegula espaziotik, GPS islapen teknikarekin. Honek pentsarazten digu, etorkizun hurbilean, gai izan beharko genukeela espaziotik korronteen mapa ere egiteko, itsas azaleko altueran egon daitezkeen bariazio txikiagoak detektatuta”.

NASAk laster martxan jarriko duen CYGNSS misioaren berri ematen duen bideoa

GPS seinaleen islapenetan oinarritzen den teknika honek baditu abantaila batzuk, altimetroekin alderatuta. Izan ere, dagoeneko orbitan dauden eta autoetako nabigatzaileei informazioa ematen dieten satelite berberak baliatzen ditu. Horrenbestez, Lurraren bueltan egon badauden gailuak probesten ditu, eta horiei bigarren erabilera eman. Seinalearen islari buruzko datuak biltzen dituzten hargailu espezifikoak, aldiz, beharrezkoak dira; baina arinak dira, ez dute energia askorik xahutzen, eta beraz, ez da ahalegin oso handirik egin behar halako tresnak espaziora bidaltzeko.

Hain zuzen ere, NASAren CYGNSS misioakhorixe du helburu, 2016a bukatzerako GPS seinaleen islapenak jasotzeko ahalmena duen hargailu taldea orbitan jartzea. Ikerketa honetan egindako urratsaren ondoren, atzetik lorpen gehiago ere etor daitezen.

Ituttia: Amaia Portugal, Zientzia Kaiera

Kosmosa ulertzeko beste ate bat

Grabitazio uhinak topatu dituzte: unibertsoa ikertzeko beste informazio bide bat izango da argiaz aparte. Einsteinek iragarritako uhinak badirela egiaztatu dute ehun urteren ondotik

Grabitazio uhinen aurkezpena jarraitzen, zientzialari bat, atzo, Alemanian.

Egiaztatu nahian aritu dira urteetan, eta lortu dute baieztapena: Albert Einsteinek orain dela ehun urte iragarritako grabitazio uhinak existitzen dira. Atzeman dituzte uhin horiek. Zehazki, irailaren 14an aurkitu zituzten LIGO proiektuko bi detektatzaileek. Pisuzko aurkikuntza da, zientzialarien esanetan: unibertsoa aztertzeko beste ate bat zabaldu du. Orain arte, argia izan dute ardatz, eta hemendik aurrera uhinak ere izango dituzte informazio bide. Teknologia garatzen den heinean, itxaro dute kosmosaren hasiera aztertzeko aukera ere izatea.

Zurrumurruak zabaltzen ari ziren azken asteetan, eta atzo agerraldi bat egin zuten Washingtonen (AEB Ameriketako Estatu Batuak): baieztatu zuten atzeman dituztela grabitazio uhinak. «Zurrumurruak entzuten ari ginen, oso handia zen itxaropena, eta bete dute», adierazi du EHUko Fisika Aplikatuko irakasle Ricardo Huesok. Luzea izan da prozesua. «Hamarkadetan aritu dira uhin horien atzetik. Teknikoki oso-oso zaila izan da atzematen». Ehun urte dira Einsteinek uhin horiek aipatu zituela Erlatibitatearen Teorian: unibertsoan mugitzen diren objektuek uhinak sortzen dituztela. Orain arte ezinezkoa izan da teoria hori frogatzea.

Laserrak erabili dituzte ikerketa egiteko. Irailaren 14an, Louisianan eta Washingtonen dituzten bi detektatzaileetan sumatu zituzten uhinak. «Hilabeteak behar izan ditugu benetan grabitazio uhinak zirela ikusteko», aitortu du LIGO laborategiko zuzendariak, David Reitzek. Adierazi du hamarkadetako «helburu anbiziotsua» bete dutela. «Gainera, Einsteinen ondarea osatu dugu Erlatibitatearen Teoriaren ehungarren urteurren honetan».

Big-Bangaren atzetik

Aurkikuntzari pisu handia eman diote zientzialariek, ikuspegi aldaketa bat ekarriko baitu. «Unibertsoa aztertzeko, beti argiari begiratzen diogu. Beste bide bat edukiko dugu orain: grabitazioarena», azaldu du EHUko irakasleak. «Beste zentzumen bat eskuratzearen modukoa da: gor egon gara orain arte, eta entzumena izango dugu hemendik aurrera».

Grabitazio uhinak atzematearekin ez da amaituko ikerketa bidea. «Hau hasiera da, etorkizun handiko hasiera». Bi zulo beltzen artean orain dela 1.300 milioi urte izaniko talka baten uhinak atzeman dituzte: bi zuloak bat egin ziren, eta hiru eguzki masak adinako energia askatu zuten. Aurrera begira, erronka da beste fenomeno batzuetako uhinak ere topatzea. Teknologia hobetu beharko da horretarako, Huesoren esanetan. Ari dira garatzen LISA proiektua: espazioan jarriko dituzte detektagailuak. Hor dago ametsa: «Big-Bangaren uhinak ere atzematea, denboren hasierakoak».

Iturria: Berria.eus

Telefonoa nola erabili… osasun arazoak saihesteko

Ia ezinbesteko objektu bihurtu dira sakelako telefonoak; gaur egun, batez beste, 13 urtekoa da sakelakoarekin hasteko adina. Ez dago frogatuta kaltegarriak direnik telefonoek sortzen dituzten eremu magnetikoak, baina adituek aholku batzuk betetzea gomendatzen dute.

Sakelakoari egozten zaizkion ondorio negatiboen artean adikzioa da zabalduena.

Herritarren % 50ek baino gehiagok erabiltzen duenez sakelako telefonoa, gero eta kezka handiagoak daude tresna horiek sor ditzaketen ondorio kaltegarrien inguruan. Egia esateko, ez dago oraindik sakelakoek luze gabe nahiz luzera begira eragin ditzaketen kalteei buruzko azterketa behin betikorik; baina, hala ere, ez da alferrik izango arreta eta prebentzio neurri sinple batzuk hartzea. Adibidez, sakelako bat erosterakoan, komeni da jarraibideen eskuliburua irakurtzea, tresna egoki erabiltzeko informazio baliagarri ugari aurkituko baitugu.

Ia ezinbesteko objektu bihurtu da gutariko gehienentzat. Ez da deiak egiteko bakarrik erabiltzen, baizik eta Interneten nabigatzeko, argazkiak egiteko, agenda antolatzeko, eta beste hainbat gauzatarako ere bai. Gainera, gero eta gazteagoak dira erabiltzaileak (gaur egun, batez beste, 13 urtekoa da sakelakoarekin hasteko adina), eta, horregatik, logikoa da tresnaren ondorio kaltegarrien inguruko kezka, nahiz eta Osasunaren Munduko Erakundeak eta gaia aztertu duten beste erakunde batzuek oraindik ere ez duten aurkitu inolako arriskurik.

Uhin elektromagnetikoen eraginak

Eremu elektromagnetikoak sorrarazten dituzte sakelako telefonoek —etxean asko erabiltzen diren beste tresna batzuek bezala, hala nola mikrouhin labeek—. Eremu horiek gure osasunari ekar diezazkioketen ondorioak asko ikertu diren, baina oraingoz ez da inolako erlazio nabarmenik aurkitu.

Azaleko mailan. Gaur arte daukagun informazioarekin, uhin elektromagnetikoek gure gorputzeko ehunak berotzen dituzte; horixe bakarrik frogatu dute orain artean. Oso zaila da, esaterako, sakelakoek igortzen duten energia barruko organoetara —bihotzera edo garunera— iristea. Beraz, ez dago ebidentziarik esateko sakelakoen erabilerak ezagutza mailako funtzioei, bihotzeko erritmoari edo presio arterialari erasan diezaiekeela.

Minbizi arriskua. OMEren arabera, ez dago froga fidagarririk esateko minbizia eragin dezakeela maiztasun txikiko eremu elektromagnetikoekiko esposizioak. Hala ere, tresna horien erabilera masiboa 90eko hamarkadan hasi zela kontuan hartuz, gizakietan luzera begira izan dezakeen eragina aztertzea ez da posible izan oraindik. Animalietan egindako probek ere ez dute erlazio kausalik frogatu.

Hipersentikortasun elektromagnetikoa. Pertsona batzuek tresna horiek erabili ondoren sintoma sail bat (inurridura sentsazioa buruan, nekea, zorabioak, kontzentrazio galera, takikardia, eta abar) jasaten duela ziurtatu arren, ikerketa guztiak baloratu eta gero, sintoma horiek beste trastorno batzuekin lotu ohi dituzte adituek, estresarekin adibidez.

Sakelakoarekiko adikzioa, egiazko arazo

Sakelakoari egozten zaizkion ondorio negatiboen artean, adikzioa da zabalduena eta egiaztatu ahal izan den bakarra. Telefonoa modu arrazoizkoan erabiltzea da sintoma hori borrokatzeko modurik onena.

Zer da? Sakelakoarekiko grina eta atxikimendu exajeratu eta bazterrezin gisa defini daiteke: deiak, mezuak, Interneten nabigatzea… pertsona horren mundua jarduera horietara soilik mugatzen da ia, bere bizitzako beste alderdi garrantzitsu batzuk albo batera utziz.

Sintomak. Adikzio hori jasaten duen pertsona ez da inoiz telefonotik urruntzen (bainugelan, familia giroan, eta nonahi ere erabiltzen jarraituko du), bere bizi-ohiturak erabat aldatuko ditu, gaueko ordu txikiak arte esna egongo da telefonoarekin jolasean, gainerako zaletasunak baztertu eta sakelakoarekin tematuko da, fakturak ikaragarri garestitzeraino.

Ondorioak. Umore txarra, suminkortasuna, agresibitatea (zer esanik ez, telefonoaren erabilera murrizten bazaio), gizartearekiko isolamendua eta eskolako edo laneko errendimendu eskasa izango lirateke eraginik nabarmenen eta azpimarragarrienak.

Zer egin? Erabilera arrazionalizatzea komeni da. Ume, gazte eta nerabeei mugatu egin beharko zaie telefonoarekin jarduteko denbora, eta beste zaletasun edo jarduera batzuk egitera (kirola, lagunekin egotera…) animatu.

Erradiazioekiko esposizioa murrizteko neurriak

Ez dute frogatu sakelakoak sortzen dituen eremu magnetikoak kaltegarriak direla, baina zenbait adituk kontuz ibiltzea eta arreta-neurri batzuk hartzea gomendatzen dute.

Urrundu zaitez gailutik. Telefonoa 30-40 cm-ra edukitzeak nabarmen murrizten du esposizioa. Horregatik, oso gomendagarriak dira distantzia horri eusteko modua ematen duten sistema eta gailuak (esku libreak autorako edo aurikular haridunak, adibidez).

Murriztu deiak. Eguneroko bizimoduan egiten ditugun deiak murriztea eta horien iraupena kontrolatzea komeni da.

Mezuak bidali. SMSak bidaltzerakoan, telefonoa gorputzetik urrun(ago) dago, eta hori sistema egokia da uhinekiko esposizioa ahalik eta gehien murrizteko.

Erabili estaldura maila oneko lekuak. Igogailuek, lurpeko lekuek, garajeek, tunelek eta antzekoek estaldura eskasa dutenez, uhin askoz ere gehiago igortzea eskatzen dute. Ahal bada, beraz, ez erabili telefonoa horrelako lekuetan.

Ez estali antena hatzekin. Askotan ia konturatu gabe egiten dugun keinu horrek uhinen emisioa zailtzen du, eta, beraz, potentzia are eta handiagoarekin igortzera behartuko gaitu.

Urrun zaitez deiaren hasieran. Deia egin ondorengo aurreneko segundoak dira erradiaziorik handiena sorrarazten dutenak. Ez hurbildu telefonoa belarrira, beraz, solaskidearekin konexioa ezarri arte.

Itzali ospitale eta abioietan. Leku horietan telefonoaren uhinek interferentziak eragin ditzakete aparatu medikoetan baita aire nabigazioko sistemetan ere.

Ez erabili trenetan. Garraiobide horretan goazela telefonoa erabili nahi badugu, tresna etengabe ari da antenak bilatu nahian, seinalearen potentzia areagotuz.

Zaindu umeen erabilera. Kontua ez da umeei tresna erabiltzea debekatzea, erabilera gainbegiratzea baizik. Saia zaitez erabilera hori kontrolatzen, bai denboraren aldetik eta bai edukien aldetik ere (filmak, bideo jokoak, eta abar).

Iturria: Berria

Zer dira Erradiazioak?

Zer diren jakiteko hona hemen arikulu zientzifiko bat, ulerterraza. Txarrena gaztelaniaz soilik eman dutela argitara:  ¿Qué son las radiaciones?

Eta hemen Hezkuntza teknikari baten artikulua “El wifi no es peligroso”

Bonbilarik gabeko argia?

Bideo honetan ikusten den asmakizunak aldaketa optikoetan ikusi ditugun fenomenoekin ba al du zerikusirik? Esplika ezazu erantzunetan asmakizun honen funtzionamendua.

Urtarrilaren 31ean itxiko da erantzuna emateko aukera.