Blogaren artxiboa

Material Elektrokromikoa

Ikus ezazue bideoa. Bertan material elektrokromikoaz, hau da elektrizitatearen eraginez koloreak aldatzeko gaitasuna duten materialez egiten dute aurkezpena Teknopolisekoek. Baina zein da zuen lana?

Zuen lana material hauentzako aplikazioa, erabilera, berriak asmatzea da. Zertarako erabil daiteke material elektrokromikoa?

Zenbat eta ideia originalago orduan eta hobeto.  Aurrekoaren ideia kopiatzea ez da onartzen.

Epea: abenduaren 21.

Ibilgailu elektrikoa modu eroso baten eta haririk gabe kargatu

Tecnaliak modu erraz eta eroso baten elektrizitatea zoruan kokatutako elementu batetik ibilgailuko hartzaile batera transmitzeko sistema berria garatu du.

Prentsa ohar baten azaldu dutenez, teknologia honek hortzetako eskuilaren teknologia imitatzen du nolabait. Zoladuran elektrizitatea ibilgailuko hartzailera trasmititzen duen elementua integratzen da. Modu honetan, igorleak hartzailea duen ibilgailua detektatzean konektatu egiten da, trasferentzia hasiz.

Honek suposatzen dun erosotasunaz gain, sistema honek karga konduktiboen (hariak erabiltzen dituztenen) oso antzeko denborak lortu ditu, eta energiaren %93ko eraginkortasuna lortu du. Sistema honek ibilgailu elektrikoaren abantailak hobetzen ditu, adibidez, aurrezte ekonomikoa, isurien murrizpena eta kutsadura akustikoaren murrizpena.

Iturria: Euskadi+innova

Kargatzeko teknologia hau hortzetako eskuiletan, Wii moduko jolasetako mandoetan, telefono mugikorrretan… orain kotxeetan ikusteko eta erabiltzeko aukeran gaude. Indukzio elektromagnetikoz kargatzen omen dira. (loturan bideoa ikus dezakezue)

Baina, etorkizunari begira, bururatzen al zaizu non aplika daitekeen teknologia hau?

Ideiarik bazenu utzi zure ideia eta honen azalpena erantzuneta hurrengo ebaluaziorako gehigarriren baten truke,

Epea? Abenduak 27

Oharra: kopiatutako edo eta errepikatutako ideiak ez dira onartuko.

Telefonoa nola erabili… osasun arazoak saihesteko

Ia ezinbesteko objektu bihurtu dira sakelako telefonoak; gaur egun, batez beste, 13 urtekoa da sakelakoarekin hasteko adina. Ez dago frogatuta kaltegarriak direnik telefonoek sortzen dituzten eremu magnetikoak, baina adituek aholku batzuk betetzea gomendatzen dute.

Sakelakoari egozten zaizkion ondorio negatiboen artean adikzioa da zabalduena.

Herritarren % 50ek baino gehiagok erabiltzen duenez sakelako telefonoa, gero eta kezka handiagoak daude tresna horiek sor ditzaketen ondorio kaltegarrien inguruan. Egia esateko, ez dago oraindik sakelakoek luze gabe nahiz luzera begira eragin ditzaketen kalteei buruzko azterketa behin betikorik; baina, hala ere, ez da alferrik izango arreta eta prebentzio neurri sinple batzuk hartzea. Adibidez, sakelako bat erosterakoan, komeni da jarraibideen eskuliburua irakurtzea, tresna egoki erabiltzeko informazio baliagarri ugari aurkituko baitugu.

Ia ezinbesteko objektu bihurtu da gutariko gehienentzat. Ez da deiak egiteko bakarrik erabiltzen, baizik eta Interneten nabigatzeko, argazkiak egiteko, agenda antolatzeko, eta beste hainbat gauzatarako ere bai. Gainera, gero eta gazteagoak dira erabiltzaileak (gaur egun, batez beste, 13 urtekoa da sakelakoarekin hasteko adina), eta, horregatik, logikoa da tresnaren ondorio kaltegarrien inguruko kezka, nahiz eta Osasunaren Munduko Erakundeak eta gaia aztertu duten beste erakunde batzuek oraindik ere ez duten aurkitu inolako arriskurik.

Uhin elektromagnetikoen eraginak

Eremu elektromagnetikoak sorrarazten dituzte sakelako telefonoek —etxean asko erabiltzen diren beste tresna batzuek bezala, hala nola mikrouhin labeek—. Eremu horiek gure osasunari ekar diezazkioketen ondorioak asko ikertu diren, baina oraingoz ez da inolako erlazio nabarmenik aurkitu.

Azaleko mailan. Gaur arte daukagun informazioarekin, uhin elektromagnetikoek gure gorputzeko ehunak berotzen dituzte; horixe bakarrik frogatu dute orain artean. Oso zaila da, esaterako, sakelakoek igortzen duten energia barruko organoetara —bihotzera edo garunera— iristea. Beraz, ez dago ebidentziarik esateko sakelakoen erabilerak ezagutza mailako funtzioei, bihotzeko erritmoari edo presio arterialari erasan diezaiekeela.

Minbizi arriskua. OMEren arabera, ez dago froga fidagarririk esateko minbizia eragin dezakeela maiztasun txikiko eremu elektromagnetikoekiko esposizioak. Hala ere, tresna horien erabilera masiboa 90eko hamarkadan hasi zela kontuan hartuz, gizakietan luzera begira izan dezakeen eragina aztertzea ez da posible izan oraindik. Animalietan egindako probek ere ez dute erlazio kausalik frogatu.

Hipersentikortasun elektromagnetikoa. Pertsona batzuek tresna horiek erabili ondoren sintoma sail bat (inurridura sentsazioa buruan, nekea, zorabioak, kontzentrazio galera, takikardia, eta abar) jasaten duela ziurtatu arren, ikerketa guztiak baloratu eta gero, sintoma horiek beste trastorno batzuekin lotu ohi dituzte adituek, estresarekin adibidez.

Sakelakoarekiko adikzioa, egiazko arazo

Sakelakoari egozten zaizkion ondorio negatiboen artean, adikzioa da zabalduena eta egiaztatu ahal izan den bakarra. Telefonoa modu arrazoizkoan erabiltzea da sintoma hori borrokatzeko modurik onena.

Zer da? Sakelakoarekiko grina eta atxikimendu exajeratu eta bazterrezin gisa defini daiteke: deiak, mezuak, Interneten nabigatzea… pertsona horren mundua jarduera horietara soilik mugatzen da ia, bere bizitzako beste alderdi garrantzitsu batzuk albo batera utziz.

Sintomak. Adikzio hori jasaten duen pertsona ez da inoiz telefonotik urruntzen (bainugelan, familia giroan, eta nonahi ere erabiltzen jarraituko du), bere bizi-ohiturak erabat aldatuko ditu, gaueko ordu txikiak arte esna egongo da telefonoarekin jolasean, gainerako zaletasunak baztertu eta sakelakoarekin tematuko da, fakturak ikaragarri garestitzeraino.

Ondorioak. Umore txarra, suminkortasuna, agresibitatea (zer esanik ez, telefonoaren erabilera murrizten bazaio), gizartearekiko isolamendua eta eskolako edo laneko errendimendu eskasa izango lirateke eraginik nabarmenen eta azpimarragarrienak.

Zer egin? Erabilera arrazionalizatzea komeni da. Ume, gazte eta nerabeei mugatu egin beharko zaie telefonoarekin jarduteko denbora, eta beste zaletasun edo jarduera batzuk egitera (kirola, lagunekin egotera…) animatu.

Erradiazioekiko esposizioa murrizteko neurriak

Ez dute frogatu sakelakoak sortzen dituen eremu magnetikoak kaltegarriak direla, baina zenbait adituk kontuz ibiltzea eta arreta-neurri batzuk hartzea gomendatzen dute.

Urrundu zaitez gailutik. Telefonoa 30-40 cm-ra edukitzeak nabarmen murrizten du esposizioa. Horregatik, oso gomendagarriak dira distantzia horri eusteko modua ematen duten sistema eta gailuak (esku libreak autorako edo aurikular haridunak, adibidez).

Murriztu deiak. Eguneroko bizimoduan egiten ditugun deiak murriztea eta horien iraupena kontrolatzea komeni da.

Mezuak bidali. SMSak bidaltzerakoan, telefonoa gorputzetik urrun(ago) dago, eta hori sistema egokia da uhinekiko esposizioa ahalik eta gehien murrizteko.

Erabili estaldura maila oneko lekuak. Igogailuek, lurpeko lekuek, garajeek, tunelek eta antzekoek estaldura eskasa dutenez, uhin askoz ere gehiago igortzea eskatzen dute. Ahal bada, beraz, ez erabili telefonoa horrelako lekuetan.

Ez estali antena hatzekin. Askotan ia konturatu gabe egiten dugun keinu horrek uhinen emisioa zailtzen du, eta, beraz, potentzia are eta handiagoarekin igortzera behartuko gaitu.

Urrun zaitez deiaren hasieran. Deia egin ondorengo aurreneko segundoak dira erradiaziorik handiena sorrarazten dutenak. Ez hurbildu telefonoa belarrira, beraz, solaskidearekin konexioa ezarri arte.

Itzali ospitale eta abioietan. Leku horietan telefonoaren uhinek interferentziak eragin ditzakete aparatu medikoetan baita aire nabigazioko sistemetan ere.

Ez erabili trenetan. Garraiobide horretan goazela telefonoa erabili nahi badugu, tresna etengabe ari da antenak bilatu nahian, seinalearen potentzia areagotuz.

Zaindu umeen erabilera. Kontua ez da umeei tresna erabiltzea debekatzea, erabilera gainbegiratzea baizik. Saia zaitez erabilera hori kontrolatzen, bai denboraren aldetik eta bai edukien aldetik ere (filmak, bideo jokoak, eta abar).

Iturria: Berria

Norvegiako aditu talde batek baieztatu du mugikorrak eta wifi-sareak seguruak direla osasunerako

Ez dago inolako frogarik esateko mugikorrek eta wifi-sareak kaltegarriak direla osasunerako. Hori ondorioztatu du Norvegiako Aditu Batzordeak, gobernuaren eskariz egindako ikerketaren emaitzak aztertuta.

Azterketan, Aditu Batzordeak aintzat hartu ditu maiztasun txikiko erradiazio elektromagnetikoa igortzen duten teknologia ohikoenak, hau da, telefono mugikorrak, wifi-sareak, mugikorren antenak, ikus-entzunezkoen antenak eta beste komunikazio-tresnak. Horiek guztiek osasunean izan dezaketen eragina aztertzeaz gain, osasun-arriskuen kudeaketari eta araudiari buruzko aholkuak ere eman ditu Batzordeak.

Osasun-zerbitzuetako eta garraio eta komunikazioetako zenbait aditu eta ikertzailek osatu dute Batzordea, Jan Alexander Norvegiako Osasun Saileko zuzendari nagusiordearen zuzendaritzapean. Aurkeztu duten txostenak berrehun orri inguru ditu, baina laburpen bat ere argitaratu dute.

Edonola ere, gaiari buruz egin den ikerketa sakonenetakoa eta berriena da, eta aurretik beste ikerketa handiek esandakoa berretsi du, alegia, teknologia horiek osasunari kalte egiten diotela erakusten duen froga bakar bat ere ez dagoela. Are gehiago, txostenaren arabera, “zentzuzko ziurtasunez” esan daiteke tresna teknologiko horiek ez direla arriskutsuak osasunerako.

–> Uhin elektromagnetikoak: irudipenen eta frogen artean (Elhuyar aldizkaria, 260 zk, Gai nagusia)

Ez minbizirik, ez besterik

Ikerketa gehienak erradiazioa minbizi-eragilea ote den ikusteko egin dira, eta pertsonetan, animalietan, zeluletan eta baita DNAn ere aztertu da maiztasun txikiko erradiazio elektromagnetikoak duen eragina.

Akats metodologikoak zituzten hainbat ikerketa baztertu badituzte ere, kalitatezko ikerketa ugari aztertu dituzte, bai hazkunde azkarreko minbiziei buruzkoak (gliomak), bai hazkunde motelekoak (meningiomak, neuroma akustikoak). Ikerketen  fidagarritasuna eta kantitatea kontuan hartuta, Aditu Batzordeak uste du ez dagoela esaterik tresna horiek erabiltzeak minbizia izateko arriskua areagotzen duela. Gainera, nabarmendu du azterketa epidemiologikoek ez dutela erakusten minbizi-kasu gehiago dagoenik azken urteotan, nahiz eta mugikorren erabilera izugarri handitu den denbora-tarte horretan.

Ikerketetako batzuk oso luzeak dira (20 urtekoa da luzeena), eta beste batzuk haur eta gazteekin ere egin dituzte, eta inongo kasutan ez dute erlaziorik ikusi mugikorrak erabiltzearen eta minbiziaren artean.

Minbizi-arriskua ez ezik, ugalkortasun-arazoak, sistema endokrinoaren eta immunologikoaren asaldurak eta pazienteek uhin elektromagnetikoekin lotzen duten sintoma-multzoa (electromagnetic hipersensitivity deitu diote txostenean) aztertu dituzte. Horietan, ikerketak ez dira minbiziaren kasuan bezain ugariak, eta asko ahulagoak ere badira, baina, hala ere, ondorioa berdina da: ez da frogatu mugikorrek eta halakoek kalterik eragiten dutenik.

Horrenbestez, Aditu Batzordeak adierazi du “ziurgabetasun txikia” dagoela auzi honetan. Hau da, zalantza handirik gabe baiezta daiteke maiztasun txikiko uhin elektromagnetikoak igortzen dituzten tresna teknologikoak seguruak direla. 

Arauak eta gizartea

Bestalde, Aditu Batzordeak araudiak ere aztertu ditu, eta hor ere kezka guztiak uxatu ditu: batetik, ICNIRPk (Erradiazio Ez-ionizatzailetik Babesteko Nazioarteko Batzordeak) ezarritako segurtasun-mugak nahikoak direla iritzi diote, eta, bestetik, ikusi dute erradiazioa igortzen duten teknologiek potentzia baimendua baino askoz ere txikiagoa erabiltzen dutela.

Hori kontuan izanda, Aditu Batzordearen ustez, ez da komenigarria mugak are gehiago zorroztea, horrek uhin elektromagnetikoekiko errezeloa handitzea ekar baitezake zenbait gizarte-taldetan. Horren ordez, uste dute hobe dela informazioa zabaltzea eta ondo kudeatzea arriskuen komunikazioa.

Esate baterako, zuhurtzia-printzipioa oinarri hartuta, ontzat jo dute gogoraraztea erradiazio-iturriarekiko distantzia handitzean asko gutxitzen dela eragina, eta, beraz, mugikorren erabiltzaileek askoz ere erradiazio txikiagoa jasoko luketela urrutiko mikrofonoa eta entzungailua erabilita, hori nahi izanez gero. Edo, antenen kasuan, esan dute estaldura ahula denean erradiazio handiagoa jasotzen dela; hortaz, hobe dela estaldura ona izateko behar adina antena jartzea, antena gutxi izatea baino.

Iturria: Zientzia.net

2011-12 Teknologiako azken proiektuak

dbh1, Zamak arintzen

dbh2, Makina kontrolatuak

dbh3, Energia fotoboltaikoa

dbh4, Kontrol elektronikoa