Blogaren artxiboa

Mexiko-Tenochtitlan: Zero Zabor hiriburua espainolak heldu arte

Munduko megapoli handi eta kutsatuenetakoa den Mexiko hiriak bere zenbait arazo larriren giltza historian aurkituko luke. Etorkizunerako soluzioak, iraganean. Espainiarrek –euskaldunak barne– menderatu zutenean Azteken inperioa, hondakinak eta oro har iraunkortasuna Europako beste inon baino hobeto kudeatzen zituen gizartea suntsitu zuten.

net

Tomás Filsinger grafista mexikarrak Mapas y vistas del Anahuac. Espacio y tiempo en la cuenca y la ciudad de Mexico, 1325-2000 obran erakusten du ondoko irudia: Hernan Cortes eta bere gizonek nolako lurraldea aurkitu zuten 1520an Tenochtitlanera iritsi zirenean. Mapa zaharretan oinarrituta dago. 12 kilometro karratuko hedadura zeukan, aintziraren erdian kokatua. Inperioaren bihotza zen erdigune hiritartu eta monumentala, piramidez eta bestelako eraikinez betea, emankortasun handiko chinampa edo uharte txikiz inguratuta zegoen. Kanal txiki sareak bermatzen zuen pasabide azkarra, behar militarretarako bezala hiriaren horniketa eta hondakinen berrerabiltzea errazteko. Espainiarren konkista ondoren lakua hein handienean idorrarazi arren, oraindik geratzen dira chinampak Mexikoko auzo batzuetan. Famatuak dira Xochimilco aintzirakoak, espekulazioari aurre eginez gaurdaino iraun dutenak.

‘Zero Zabor’ kontzeptua 2010. urtean erabili zen estreinakoz euskaraz, kazeta honetan bertan. Zero Waste 1970eko hamarkadan sortu omen zuen Paul Palmer kimikariak. Duela bost mende horrelako izenik  ezagutzen ez zuten arren gaur Mexiko den herrialdean nagusi ziren Azteka jendeek, disziplina izugarriz zaintzen zuten Zero Zabor ideia… horretan askoz atzeratuagoak ginen europarrok menperatu eta haien egitura ekonomiko eta sozialak txirtxilatu genizkien arte.

Hondakinetan aditua den Martin Medina irakasleak azaldu berriak ditu horren zertzeladak, Nazio Batuen Erakundeak iraunkortasun gaiak lantzeko daukan Our World gunean: “The Aztecs of Mexico: A Zero Waste society”. Udan gorputzez bezala irudimenez urrutira txango egitea maite duen irakurleari atsegingarri gertatuko zaio zibilizazio haren berri ezagutzea. Etorkizuneko poz batzuk iraganera bidaiatuz   ikasitakotik sortu ditzakegulakoan.

Medinak plazaratuta dauka “The World’s Scavengers: Salvaging for Sustainable Consumption and Production” (Munduko txatarreroak: gaiak berreskuratu kontsumoa eta produkzioa iraunkor izan daitezen). Bertan aipatzen du gaur oraindik Mexikon hondakinak berreskuratzeari gaztelaniaz pepenar esaten diotela eta kaleko birziklatzaileei pepenadores: aztekek mintzo zuten nahuatl hizkuntzan pepenalia ei ziren antzinako birziklatzaileok. Azteken zibilizazioa zerbaitetan izatekotan  trebea, gogortasun militarraz gain, zaborretarako deus ez uzten baitzen.

Azteka jendea oso berandu arte gaur Mexiko denaren iparraldean eta AEB direnen hego-mendebaldean bizi ziren, basamortuetan nomada gisa, ehizari eta fruitu bilketari emanak. Gero hegorantz migratu ahala klima gozoagoa eta ur iturri oparoak aurkitu zituzten Mexikoko erdialdean. XIV. mendean bost aintzira zeuden lurralde horietan elkarri lotuak.

Aztekek gaur hiriburua den  lekuan Tenochtitlan fundatu zuten 1325ean, izen bereko aintziran, europarrak iritsi baino bi mende lehenago. Haiek heldu  aurretik ere han bizi ziren beste herriz inguraturik, aztekek hiri-estatua antolatu behar izan zuten baliatuz beren gerlari fama. Mende luzez mertzenario bezala borrokatuak ziren, besterentzako. Kokaleku berrian jende kopurua handitzen hasitakoan, diziplina militar berarekin antolatu behar izan zuten hiriburuaren handitzea aintziraren erdian.

Chinampa izeneko baratze-uhartetxo berriak eraikitzen hasi ziren, inguruko jendeek neolitikotik garatutako sistema ikasita. Zabalean 4-9 metro eta luzean 91 edukitzen zituzten. Aintzirako uretan lehenik oholez osatzen zuten hesia. Ondoren horietan ihiak landatu eta barruko eremua pixkanaka lokatzaz betezen zuten, inguruan urpetik aterata txalupaz garraiatutako lohiz. Ur-azalean lehorra azaldutakoan, perimetroan zuhaitzak landatzen zituzten chinampa egonkortzeko.

Espainiarrak iritsi zirenean –1521an menderatu zuen Hernan Cortesek– Tenochtitlan hiriburu gotorreko biztanle gehienak chinampa horietan bizi ziren. Monumentuak, agintea eta zerbitzuak zeuzkan erdiguneko hiritarrek behar zituzten elikagai gehienak kanalez kanal txalupaz oso eskueran zeuden uhartetxo horietan ekoizten zituzten. Eta gaur Mexiko den Tenochtitlan hura bere 200.000 biztanleekin zen Ameriketako handienaz gain munduko hiri handienetakoa, Europako beste edozein baino handiagoa.

Gurpilean

Azteken chinampen oparotasunaren gakoa, klima gozoa eta ura eskueran edukitzeaz gain, birziklatzean zetzan: baratzotan erabiltzen zituzten jendeen eta azienden hondakin guztiak.

“Areago –dio Medinak– chinampetan usatutako ongarririk onena gizakien simaurra zen. Hiriak komun publiko sarea zeukan jendeen eginkariak biltzeko eta arteka hiriko azoka nagusian ere saltzen zen. Pixa berriz oso preziatua zen adreiluen finkatzailetzat. Etxe bakoitzak zeuzkan zeramikazko ontziak pixa bildu eta saltzeko”.

Bide batez esanda, zibilizazio askok erabili izan dute giza simaurra nekazaritzan. Txinako adibidea izan da famatuena, baina izan dira beste asko. Aldiz, sarritan idatzi da Asia eta Afrikako gizarteek giza simaurrarekin harreman normalagoa duten bitartean Hegoamerikako jendeak koprofoboak direla. Mexikoko azteken historiak alderantzizkoa adierazten digu. Agian europarrok, zehazki Mediterraneoko jendeok, pasatu ote genien hainbat eritasunekin batera beren kakarekiko fobia traumatikoa?

Kontua da, Medinak aztertu duenez, Hernan Cortesek azpiratu aurreko Tenochtitlanen ez zela kasik ezer alferrik galtzen. Oihalak eta sua egin moduko materialak gauez erretzen ziren hiriko gune publikoak argitzeko.

Mende gutxitan nomada izatetik inperioa izatera iristeko baliatu zuten gogortasun militar berarekin antolatu zuten aztekek bizimodua Tenochtitlanen. Azken erregea suertatuko zen Moctezuma II.aren garaian (1502-1520) hondakinak gune publikoetan uztea edo lurperatzea zigortu egiten zen.

Gizakiak, batik bat etsai preso hartuak, sakrifikatzen zituen gizarte hark heriotza zigorra ezartzen zion zuhaitz bat baimenik gabe eraisten zuenari. Zigorretik ez zen libratzen ez pobrerik eta ez noblerik: aberatsen ume xahuketan harrapatuak heriotzara kondenatzen zituzten. Hierarkiak goitik eman behar zuen etsenplu.

Tenochtitlango antolaketan baziren funtzionarioak garbitasunaz okupatzen zirenak. Medinak dioenez,  “hondakin biltzaileok 700 urte daramatzate birziklatze lanean, lehenik Tenochtitlanen, Mexikon gaur egun”.

Aztekek antolatu zuten gizarte eredu berria agrarian urbanism delako ereduan sailkatu izan da, nekazaritzan oinarritutako hirigintza. Gero espainiarrek aztekak militarki menperatu ostean, haien hondakin kudeaketa ere suntsitu egin zuten, aintzirak gero eta gehiago idortu bertan Mexiko hiriburua eraikitzeko. Eta bertan hondakinen arazoa handitzen hasi zen, hiri moderno gehienetan den moduan.

Medinak azteken zenbait ikasgai nabarmendu ditu. Batetik, larritasun egoeretara egokitzeko ahalmena badutela gizarteek, ingurumen arazoak ere gainditu ditzaketela. Bigarrenik, orduan bezala gaur hondakinak baliabide direla, dena aprobetxatzen asmatuz gero. Hirugarrenik, gizarte batek antolatutako egokitzapenak arrakasta daukala saritzen baditu ondo dagitenak eta zigortzen oker jokatzen tematzen direnak.

Iturria: Argia

170.000 tona hondakin tratatzeko TMB planta bat egingo dute Zubietan

2014 eta 2015ean itxiko dituzte Gipuzkoako zabortegiak; ordurako, TMB planta bat, bi konpost planta eta biltegi bat egingo dituzte

80.000 tona hondakin organiko konpost bihurtuko dituzte Lapatx, Epele eta Zubietan

Bi kamioi, Zubietako gainetan, errauste planta egin nahi zuten orubean. Bertan konpost planta bat eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat egin nahi dituzte. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Zabortegi eta errauste plantarik gabeko hondakinen kudeaketa martxan jarri nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Prest du horretarako beharko den azpiegituren zerrenda: hiru konpost planta, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat eta hondakin geldoen biltegi bat. Horiekin batera, gaur egun dagoeneko martxan dauden beira, paper eta ontzi arinak birziklatzeko zentroak ere erabiliko dira. Aipatutako azken horiek ez ezik, Lapatxeko konpost planta da egun jardunean dagoen bakarra. Beste guztiak 2015 bukaerarako jarri nahi dituzte martxan. Hala bada, herrialdeko hiru zabortegiak —Lapatx, Sasieta eta Urteta— 2014 eta 2015 artean itxiko dituzte.

BERRIAk jakin duenez, TMB planta Zubietan eraikiko dute, errauste planta egitekoa zen lur sailaren ondoan. 170.000 tona jasotzeko prestatuta egongo da azpiegitura hori, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, hondakinak bereiztu eta ahal den gehiena berreskuratzea konpostatzera edo birziklatzera eraman ahal izateko; eta, bestetik, nahasitako hondakinek sortu ohi dituzten kutsagaiak (lixibiatuak eta gasak) ezabatzea.

Tratamendu horren ostean, berreskuratu ezin izan diren hondakinak —65.000 tona inguru— hondakin geldoen biltegi batera eramango dituzte. Edonola ere, kutsadura eragin dezaketen osagaiak kenduko zaizkienez, lehortze prozesu baten ondorioz, biltegi horretara eramango diren hondakinek ez dute kutsadurarik sortuko ezta usain txarrik eragingo ere, diputazioaren arabera.

Hondakin geldoen biltegi hori egiteko dagokion Arloko Lurraldeko Plana berritu egin beharko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, biltegia egiteko dauden aukerak aztertuko ditu, eta baten aldeko apustua egingo du. TMB planta eta biltegia 2015 bukaeran jarri nahi dituzte martxan.

Edonola ere, hori posible izateko, oposizioko alderdiren baten babesa beharko luke diputazioak. Hala izango ez balitz, ezingo lituzke eraiki bi azpiegitura horiek, eta, beraz, ezin izango dituzte zabortegiak itxi.

Konpost guztia, Gipuzkoan

Birziklatzea eta konpostatzea izango dira Gipuzkoako hondakin kudeaketa berriaren ardatzak. Diputazioaren asmoa da 2016rako hondakinen %60 gaika biltzea, 2002an Batzar Nagusiek onartutako Gipuzkoako hondakinen plan nagusiaren helburuekin bat eginez. Hala, 130.000 tona errefus sortuko lirateke herrialdean.

Politika horren oinarrietako bat da zati organikoa behar den bezala jasotzea, konpostatu ahal izateko. Horretarako, gaur egun Lapatxeko konpost planta besterik ez dauka martxan Gipuzkoak, baina urtean 3.500 tona bakarrik tratatzeko gai da. Herrialdean erraz gainditu dute 10.000 tonaren marra —12.000 bildu ziren iaz—, eta, beraz, zati handi bat herrialdetik kanpo eramaten ari dira, Funesko konpost planta batera (Nafarroa). Etorkizunean are eta materia organiko gehiago bilduko da herrialdean bereizita, aurten espero baitute 50 bat herritan %70etik gorako birziklatze tasak gainditzea.

Herrialdean beste bi konpost planta izango dira. Epelen, Bergaran, eraikitzen ari dira jadanik, eta urtea amaitu aurretik jarriko dute martxan. Beste bat Zubietan egingo dute, eta 2015ean egongo da prest. Hiruren artean urtean 80.000 tona tratatu ahal izango dituzte, alegia, herrialdean bereizita bildutako hondakin organiko guztia.

Aurrekontua

Zubietako errauste plantak 400 milioi euroko aurrekontua zuen, eta diputazioak aurkeztu duen azpiegitura sare berria prezio horren erdia baino gutxiago kostatuko da.

Hilaren 24 eta 25ean egingo ditu diputazioak bilerak Gipuzkoako oposizioko alderdiekin plan hau aurkezteko, eta haietakoren baten babesa lortzen saiatuko da.

Izan ere, bere hondakinen plana «osasungarri, iraunkor eta ekonomikoa» dela uste du foru aldundiak. Gainera, Europako Batasunak ezarritako prebentzioaren, berrerabileraren eta birziklatzearen lehentasunak bere egiten dituela iritzi dio. «Helburua da hurrengo hamarkadetarako arazoari irtenbide bat emateko oinarri iraunkor bat jartzea». Hondakinen kudeaketaren oinarria birziklatzea izatea da asmoa, eta horretarako kontsentsu politiko eta soziala lortzea.

Iturria: Berria.info

Ureko hondakinak

 

Itsasora iristen diren hondakinen %10 aktibitate nautikoak praktikatzen dituztenek sortzen dituzte, beste %10 hondartzetatik iristen da. Eta gainontzeko %80a? Lur barrutik dator!

Iturriak: Berde-berdea eta  Surfrider Europe (Youtube)

Sasoiko elikagaiak? Laranja baten istoria

Hona hemen istorio sano interesgarria: LARANJA BATEN ISTORIA. Uste baino eragin handiagoa ei dugu klima aldaketan eta planetaren arazoetan. Ikusi bestela laranjaren istorioa, ikusi.

Sasoiko gure barazki ekologikoak  zein diren ikusteko klik egizu eskuineko irudian:

Birziklatu, berrerabili!

Iturria: Teknopolis

Isola itzazu zure etxeko hormak praka bakeroekin. Erokeria dirudi, baina baliteke ez izatea!

Ikusi bideoa: