170.000 tona hondakin tratatzeko TMB planta bat egingo dute Zubietan

2014 eta 2015ean itxiko dituzte Gipuzkoako zabortegiak; ordurako, TMB planta bat, bi konpost planta eta biltegi bat egingo dituzte

80.000 tona hondakin organiko konpost bihurtuko dituzte Lapatx, Epele eta Zubietan

Bi kamioi, Zubietako gainetan, errauste planta egin nahi zuten orubean. Bertan konpost planta bat eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat egin nahi dituzte. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Zabortegi eta errauste plantarik gabeko hondakinen kudeaketa martxan jarri nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Prest du horretarako beharko den azpiegituren zerrenda: hiru konpost planta, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat eta hondakin geldoen biltegi bat. Horiekin batera, gaur egun dagoeneko martxan dauden beira, paper eta ontzi arinak birziklatzeko zentroak ere erabiliko dira. Aipatutako azken horiek ez ezik, Lapatxeko konpost planta da egun jardunean dagoen bakarra. Beste guztiak 2015 bukaerarako jarri nahi dituzte martxan. Hala bada, herrialdeko hiru zabortegiak —Lapatx, Sasieta eta Urteta— 2014 eta 2015 artean itxiko dituzte.

BERRIAk jakin duenez, TMB planta Zubietan eraikiko dute, errauste planta egitekoa zen lur sailaren ondoan. 170.000 tona jasotzeko prestatuta egongo da azpiegitura hori, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, hondakinak bereiztu eta ahal den gehiena berreskuratzea konpostatzera edo birziklatzera eraman ahal izateko; eta, bestetik, nahasitako hondakinek sortu ohi dituzten kutsagaiak (lixibiatuak eta gasak) ezabatzea.

Tratamendu horren ostean, berreskuratu ezin izan diren hondakinak —65.000 tona inguru— hondakin geldoen biltegi batera eramango dituzte. Edonola ere, kutsadura eragin dezaketen osagaiak kenduko zaizkienez, lehortze prozesu baten ondorioz, biltegi horretara eramango diren hondakinek ez dute kutsadurarik sortuko ezta usain txarrik eragingo ere, diputazioaren arabera.

Hondakin geldoen biltegi hori egiteko dagokion Arloko Lurraldeko Plana berritu egin beharko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, biltegia egiteko dauden aukerak aztertuko ditu, eta baten aldeko apustua egingo du. TMB planta eta biltegia 2015 bukaeran jarri nahi dituzte martxan.

Edonola ere, hori posible izateko, oposizioko alderdiren baten babesa beharko luke diputazioak. Hala izango ez balitz, ezingo lituzke eraiki bi azpiegitura horiek, eta, beraz, ezin izango dituzte zabortegiak itxi.

Konpost guztia, Gipuzkoan

Birziklatzea eta konpostatzea izango dira Gipuzkoako hondakin kudeaketa berriaren ardatzak. Diputazioaren asmoa da 2016rako hondakinen %60 gaika biltzea, 2002an Batzar Nagusiek onartutako Gipuzkoako hondakinen plan nagusiaren helburuekin bat eginez. Hala, 130.000 tona errefus sortuko lirateke herrialdean.

Politika horren oinarrietako bat da zati organikoa behar den bezala jasotzea, konpostatu ahal izateko. Horretarako, gaur egun Lapatxeko konpost planta besterik ez dauka martxan Gipuzkoak, baina urtean 3.500 tona bakarrik tratatzeko gai da. Herrialdean erraz gainditu dute 10.000 tonaren marra —12.000 bildu ziren iaz—, eta, beraz, zati handi bat herrialdetik kanpo eramaten ari dira, Funesko konpost planta batera (Nafarroa). Etorkizunean are eta materia organiko gehiago bilduko da herrialdean bereizita, aurten espero baitute 50 bat herritan %70etik gorako birziklatze tasak gainditzea.

Herrialdean beste bi konpost planta izango dira. Epelen, Bergaran, eraikitzen ari dira jadanik, eta urtea amaitu aurretik jarriko dute martxan. Beste bat Zubietan egingo dute, eta 2015ean egongo da prest. Hiruren artean urtean 80.000 tona tratatu ahal izango dituzte, alegia, herrialdean bereizita bildutako hondakin organiko guztia.

Aurrekontua

Zubietako errauste plantak 400 milioi euroko aurrekontua zuen, eta diputazioak aurkeztu duen azpiegitura sare berria prezio horren erdia baino gutxiago kostatuko da.

Hilaren 24 eta 25ean egingo ditu diputazioak bilerak Gipuzkoako oposizioko alderdiekin plan hau aurkezteko, eta haietakoren baten babesa lortzen saiatuko da.

Izan ere, bere hondakinen plana «osasungarri, iraunkor eta ekonomikoa» dela uste du foru aldundiak. Gainera, Europako Batasunak ezarritako prebentzioaren, berrerabileraren eta birziklatzearen lehentasunak bere egiten dituela iritzi dio. «Helburua da hurrengo hamarkadetarako arazoari irtenbide bat emateko oinarri iraunkor bat jartzea». Hondakinen kudeaketaren oinarria birziklatzea izatea da asmoa, eta horretarako kontsentsu politiko eta soziala lortzea.

Iturria: Berria.info

Advertisements

Posted on 2014/02/16, in Berriak and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: