Blogaren artxiboa

Bederatzigarren planeta ote?

Neptunoz harago, Lurraren masa halako hamar duen eta eguzki sisteman ezohikoa den orbita daukan planeta bat dagoela uste dute Mike Brown eta Konstantin Batygin ikertzaileek. Kuiperren gerrikoan dauden zenbait gorputzetan detektatu dituzten mugimendu bitxiek eman dizkiete ondorio horretara iristeko zantzuak.

2006an, Plutonek eguzki sistemako bederatzigarren planeta izateari utzi zion, Nazioarteko Astronomia Elkarteak adostuta. Erabaki horretan zerikusi handia izan zuenMike Brownek, Caltecheko ikertzailea. Izan ere, bere taldeak Eris astroa aurkitu zuen 2005ean: eguzki sisteman, Neptunoz haraindi, orain arte aurkitutako gorputz handiena. Pluton bera baino handiagoa da Eris, eta orduan indarrean zegoen definizioaren arabera, hamargarren planeta behar zuen izan; baina aurkikuntza hark zer pentsa eman zien astrofisikariei, eta hitzaren definizioa gainbegiratu behar zutela ikusi zuten. Hori horrela, Pluton, Erisekin batera, planeta nano izeneko kategoria berrian sartu zen, eta ordutik, eguzki sistemak zortzi planeta ditu.

Bada, orain Mike Brown zorrak kitatu nahian dabilela dirudi: Konstantin Batyginlankidearekin batera, bederatzigarren planeta bat egon badagoela iradokitzen duten zantzuak aurkitu ditu. Hala azaldu dute, The Astronomical Journal aldizkarian argitaratu duten artikulu batean.

Brownek eta Batyginek egindako lana azaltzen duen bideoa, ingelesez

Planeta honen masa Lurrarena halako hamar izango litzateke, eta Neptunorena baino zertxobait txikiagoa. Bere orbita litzateke bereizgarri nagusia: oso desberdina gainerako zortzi planetenarekin alderatuta, eta ikaragarri zabala. Horren erakusle, Jupiterrek hamabi urte behar ditu eguzkiaren inguruan bira bakarra egiteko; bederatzigarren honek, aldiz, 20.000 urte beharko lituzke.

Planetaren balizko neurriak ezagutu arren, bi ikertzaileok ez dute gorputz hori benetan ikusi, baina argudio sendoak dituzte, izan badela ondorioztatzeko. Chad Trujillo eta Scott Sheppard ikertzaileek Kuiperren gerrikoari buruz egin zuten lan bat izan dute abiapuntu. Neptunoren orbitatik kanporantz dagoen eguzki sistemako eremua da Kuiperren gerrikoa; planeta nano, asteroide eta bestelako gorputz ugari dago bertan. Objektu horien orbitei erreparatuta, hamahiruk antzekotasun susmagarriak zituztela ikusi zuten Trujillok eta Sheppardek, eta horrek Brownen interesa piztu zuen.

Batyginekin batera ikertzen hasi, hamahiru objektu horien artean urrutien zeuden seiak hartu, eta hor aurkitu zuten gakoa: sei gorputzon orbitetan, lerrokatze eta inklinazio mota berberak ikusi zituzten, eta planeta baten grabitatearen indarrak ezin hobeto azaltzen du, kasualitatea izateko oso aukera gutxi dituen fenomeno hori. “Urrutien dauden objektuek, denek era berean egiten zuten bira; oso modu arraroan, gertatu behar ez zuen moduan. Konturatu ginen, denak norantza berean mugitzen ari baziren, planeta masibo batek egon behar zuela hor, eguzki sistemaren barruan baina oso urrun. Planeta horrek nor bere tokian mantentzen zuela, eguzkia inguratu bitartean”, dio Brownek.Irudia: Bederatzigarren planeta eta Kuiperren gerrikoko objektuak erakusten dituen irudia. (Argazkia: Caltech / R. Hurt (IPAC))Irudia: Bederatzigarren planeta eta Kuiperren gerrikoko objektuak erakusten dituen irudia. (Argazkia: Caltech / R. Hurt (IPAC))

Irudia: Bederatzigarren planeta eta Kuiperren gerrikoko objektuak erakusten dituen irudia. (Argazkia: Caltech / R. Hurt (IPAC))

Eguzki sistemako gainontzeko planetekin alderatuta, bederatzigarren hau desberdina litzateke, beraz. Gure sistematik kanpo dauden beste askorekin konparatuz gero, ordea, ez da hain arraroa. Izan ere, ikertzaileok azaldu bezala, tamainaren aldetik planeta gehienak bederatzigarren honen modukoak dira: Lurraren masa halako hamar izatea ez da harritzeko moduko zerbait.

Bestalde, orbitari dagokionez, eguzkiaren moduko beste izar batzuen bueltan dabiltzan planeten artean, gorabehera handiak izaten dira maiz. Hau da, sistema berean, izarretik oso gertu, ikaragarri urrun, eta askotariko inklinaziotan orbitatzen duten planetak topatzea da ohikoena. Hain zuzen ere, eguzki sistema salbuespentzat jo izan da hemen: gurean, planeten orbitak nahiko erregularrak dira elkarren artean, eta hori da arraroa. “Azken finean, agian normalagoak gara”, gaineratu du Batyginek.

Hipotesia planteatuta, planeta hori topatzen ahaleginduko dira astronomo asko ziurrenik. Tresna arruntak ez dira aski izango horretarako, baina Brownen ustez, munduko teleskopio handienek detektatzeko moduko distantzian legoke bederatzigarren planeta.

Iturria: Amaia Portugal, ZientziaKaiera

Urrats sendoen urtea zientzian

Eguzki sistemaren esplorazioa eta genetikaren arloko aurrerapenak izan dira 2015ak zientziaren alorrean utzitako uzta oparoaren bitxietako batzuk. Osasunari dagokionez, haragi prozesatuak minbiziarekin lotzen dituen txostena eta ebolaren aurkako txertoa izan dira sonatuenak.

Gizakiaren etorkizuna geneetan idatzita dago, eta giltza hori eskura izateak gaixotasun askoren aurkako tresna izango da seguruenera. Baina etorkizuna idazteaz gain, iragana berridazteko ere baliagarria da genetika. Horrela jakin ahal izan da euskaldunak direla Iberiar penintsulako lehen nekazariekin lotura gehien dutenak, edota Europaren iragana uste baino konplexuagoa dela. Atzean utzitako urtearen irakaspenak dira, baina beste asko ere badaude.

GENEEN EDIZIOA, AZKAR ETA MERKE

Medikuntzaren alorrean izugarrizko itxaropena piztu du CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren garatzeak. Science aldizkariaren arabera, 2015ean izandako garapenik garrantzitsuena izan da. Biologoak aspalditik saiatu dira geneetako informazioa aldatzeko teknikak garatzen, baina Emmanuelle Charpentier eta Jennifer Doudna ikertzaileek hobetutako sistema horrek 2015ean izan du hazkunderik handiena.

Alor askotan izango du eragina, baina bereziki gaixotasun arraroen aurka erabili ahal izango da, gaitz horiek gehienetan herentzia genetikoan dutelako abiapuntua. Horiek horrela, teknika horren bitartez pertsona bati aldatutako geneak etorkizunean izan ditzakeen seme-alabengana ere igaroko dira. Aurreko teknikekin alderatuz, azkarra eta merkea izango da. Teknika hori erabilita, apirilean Junjiu Huang biologo txinatarrak giza enbrioien edizioari ekin zion; mundu mailako polemika eragin zuen, eta esperimentu horien zilegitasun etikoaz eztabaida ekarri zuen.

ZERES ETA BERTAKO DISTIREN MISTERIOA

NASAren Dawn zunda —egunsentia— martxoan heldu zen asteroideen gerrikoan dagoen Zeres planeta nanora. Marte eta Jupiterren artean dagoen gerriko horretako gorputzik handiena da Zeres, batez beste 940 kilometroko diametrokoa baita. Oraindik ere misterioa da horrelako objektu bat zergatik dagoen bertan. Zientzialariek uste dute Neptunotik gertu sortu zela, eta arrazoi ezezagunak zirela medio orain dagoen lekura heldu zela. Baina astronomoen zein zaleen jakin-min handien piztu duena bertan ikusten diren puntu distiratsuen zergatia da. 130 bat puntu dira guztira, baina bereziki Occator izeneko kraterrean diren bi puntuek eguzkiaren argia islatzen dute inon ez bezala. Gatzak, sumendiak, izotza edota geiserra dira proposatu diren aukeretako batzuk, baina oraindik argitzeke dago galdera.

MARTEKO UR LIKIDOA AGERIAN

Curiosity robotak Gale kraterrean egindako analisiari esker, Marten ur likidoa dagoela jakin zen apirilean. Zientzialariek bertako ingurumen baldintzak aztertuz ondorioztatu zuten, hipotesia aspaldikoa bazen ere. Gauez baino ez dago ur hori, egunsentiarekin batera lurruntzen baita. Beraz, eta Curiosity-k gauez ezin duenez lanik egin —planeta gorrian gauez dauden tenperatura baxuegiak dira horretarako—, ezin izan dute zuzenean ikusi. Bai, ordea, haren zantzuak. Irailean NASAk beste froga bat aurkeztu zuen: Mars Reconnaissance Orbiter zundaren irudiei esker planetaren azalean gatz hidratatuak aurkitu zituzten, ura lurrundu eta gero gelditzen diren hondarrak.

LHC AZELERAGAILUA BERRIRO LANEAN

Ia bi urtez konponketa eta berritze lanetan egon ondoren, apirilean gizakiak inoiz martxan jarritako esperimenturik handiena berriro lanean hasi zen. Genevako LHC Hadroi Talkagailu Handian erabilitako energia kopurua nabarmen igo zen: 8 TeV-tik 13 TeV-ra (teraelektroi-Volta). Indar horretaz baliatuz, zientzialariek materiaren mugetan are gehiago sakontzea espero dute. Abenduan plazaratutako lehen datuak norabide horretan joan ziren: azeleragailuan diren bi detektagailu nagusiek, bakoitzak bere aldetik, ezusteko patroia antzeman dute talketan. 2016ra arte ezin izango dute baieztatu akats estatistikoak baino ez diren ala fisikaren oinarriak asaldatuko dituen oinarrizko partikula berri bat ote den. Bestalde, aurten egiaztatu ahal izan da lehen aldiz 1964tik fisikarien lanetan agertzen den beste partikula bat baina orain arte teoriaren alorrean baino ez zegoena:pentaquark izenekoa. Lau quarkez eta antiquark batez osatuta dago oinarrizko partikula hori.

GENOMA, IRAGANAREN GILTZA

Harvardeko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) genetista David Reichek orain dela 5.000 urte Europara izandako migrazio handi baten frogak aurkeztu zituen ekainean. Garai horretara arte kontinente zaharrean bi migrazio handi izan zirela uste zen. Lehen migrazioan, orain dela 45.000 urte ingurukoa,Homo sapiens espeziea sartu zen Europan. Bigarren migrazioan, duela 8.000 urte, Ekialde Hurbiletik lehen nekazariak etorri ziren. Baina Reichek egindako ikerketari esker jakin ahal izan denez, hirugarren sarrera bat egon zen orain 4.500 urte. Yamnayaizenarekin bataiatu dute artzainen herri hori, Asiako estepetatik heldutakoa.

Reichen eta beste askoren aburuz, haiekin batera gurpila eta hizkuntza indoeuroparrak ekarri zituzten yamnayatarrek. Ikerketa egin ahal izateko, adituek orain dela 8.000— 3.000 urteko ehun giza genoma inguru aztertu zituzten. Azaroan argitara emandako lan batean antzinako beste 230 giza genoma aztertu zituzten; hala, Historiaurrea ikertzen ari direnei oso informazio baliagarria eskaini zieten.

HAMAR URTEKO BIDAIA PLUTONERA

New Horizons misioak planeta nanorik ezagunena inoiz ez bezala ikusteko aukera eman zuen. Zundak uztailaren 14an izan zuen Plutonekiko hurbilketarik handiena, eta gutxira hasi ziren lehen sorpresak NASAren egoitzan. Irudietan planeta nanoa uste baino askoz dinamikoagoa zela ikusi zuten. Izotzezko mendiak, nitrogenoa eta metanoa aurkitu zituzten haren azalean, eta zientzialarien lilura piztu duen orografia traketsa ere bai. Plutonen ilargietako bat den Karon ere inoiz ez bezala ikusi ahal izan zuten.

Objektu horiek aztertu ondoren, orain zunda Kuiper gerrikoan are gehiago barneratu da; barruan daramatza Pluton aurkitu zuen Clyde Tombaugh astronomoaren errautsak. New Horizons 2030. urtera arte lanean izango dela espero dute ingeniariek.

EBOLAREN AURKAKO TXERTOA BIDEAN

Uztailean argitaratu zituzten The Lancet aldizkarian Ginean 4.000 lagun ingururekin egindako entsegu klinikoaren emaitzak. Datuek itxaropena piztu zuten, OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, tratamenduaren eraginkortasuna %100ekoa baita. Urtearen amaierako, izurriteak 28.637 kutsatze eta 11.315 heriotza eragin ditu. Abenduaren 29an OMEk bukatutzat eman zuen ebola birusaren izurritea Afrikako herrialde horretan.

LURRAREN BIKIA, BAINA URRUNEGI

Uztailean topatu zuen NASAk Kepler-452b izeneko exoplaneta. Lurraren tamainakoa da, eta bizigarritasun eremuan dago: bere izarrarekiko ez gertuegi eta ez urrunegi. Eguzkia bezalako izar baten inguruko orbitan dabil Kepler-452b planeta, eta orain arte aurkitutakoen artean, Lurrarekiko parekotasun handiena duena da. Hara heltzeko, ordea, 1.400 argi urteko bidaia egin beharko luke gizakiak. Abenduan, berriz, beste hautagai gertuago bat topatu zuten Australiako astronomoek: Wolf 1061c, Lurra baino lau aldiz handiagoa, baina bizigarritasun eremukoa eta «soilik» hamalau argi urtera kokatuta.

‘HOMO NALEDI’, GURE ARBASO BERRIA

Irailean eman zuten Rising Star kobazuloetan (Hegoafrika) aurkitutako fosilen berri. Australopitekoen eta Homo generoen arteko lerroan legoke gure generoaren partaide berria, eta, hasierako kalkuluen arabera, orain dela 2,8-2,5 milioi urte inguru bizi izan zen. Zuzeneko datazioak egin gabe daude oraindik, eta azterketa horren emaitzak heldu arte aditu asko zuhur azaldu dira. Hezur asko aurkitu dituzte, 1.500 baino gehiago, eta horregatik izan dute arkeologoek haien morfologiaren berri zehatza. Ezaugarri primitiboak eta modernoak azaltzen dira arrasto horietan. 500 zentimetro kubikoko garezurra zuen hominido hark, eta metro eta erdiko altuera. Zutik ibiltzeko gaitasuna zuen, adituen arabera. Bitxiena da, hala ere, hamabost lagunen fosilak koba berean topatu izana. Agian nahi gabe bertan itxita geratu ziren, baina badira proposatu dutenak hil eta gero bertan «hilobiratu» zituztela, garai hartarako zaila dirudien sinbolismo baten erakusle.

EUSKALDUNAK, LEHEN NEKAZARIEI LOTURIK

Atapuercan aurkitutako Neolito garaiko zortzi lagunen genomak aztertu zituen irailean nazioarteko talde batek, eta ezusteko ondorioa atera zuen: egungo populazioen genomekin alderatuz, euskaldunek dute ahaidetasun handiena. Ikerketaren arabera, Mediterraneotik heldu ziren Iberiar penintsulako lehen nekazariak, eta apurka bertako ehiztari-biltzaileekin nahastu ziren. Euskaldunekin batera, sardiniarrek dute Atapuercako lehen nekazariekiko gertutasunik handiena.

HARAGI PROZESATUAK, MINBIZIAREN ERAGILE

Hautsak harrotu zituen OMEk urrian plazaratutako txostenak. Orain arte argitaratutako ikerketen berrikuspen zabala egin ostean, erakunde horretako aditu talde batek haragi gorri eta prozesatuak minbizia eragin dezaketen produktuen atalean sailkatu zituen. Haragi prozesatuak lehen arrisku taldean sartu zituzten, produktu horiek kolon eta ondesteko minbiziarekin lotura zutela ikusita. Haragi gorriak, berriz, arrisku gutxiagoko eremuan sailkatu zituzten, hain lotura estua frogatzerik ez zegoelako. Tabakoa, alkohola, amiantoa eta halako produktuen parean egoteak, ordea, ez du esan nahi minbizia eragiteko gaitasun bera dutenik, gaixotasunarekiko lotura frogatutzat dagoela baizik.

Iturria: Berria.eus

Lur planeta bizigarri egiten duen 5 gako

ISS estazioa 3Dn

Ba al dituzu 3D betaturrekoak? Har itzazu eta ISS estazioaren 3D bisitaz goza ezazu!

Rosetta iritsi da jomugara

67P/C-G kometaren orbitan sartu da eta, ondo bidean, azaroan lur hartuko du kometan Philae moduluak

Arg. ESA/Rosetta/MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/SSO/INTA/UPM/DASP/IDA

Hamar urte eta 6.400 milioi km-ko bidaia egin ondoren, gaur iritsi da jomugara Europako Espazio AgentziarenRosetta zunda. Dagoeneko 67P/Churyumov-Gerasimenko kometaren inguruko orbitan da, gainazaletik 100 bat km-ra. “Europaren Rosetta kometa batera iritsi den historiako lehen espazio-ontzia da; gure jatorria esploratzeko pauso handia da” adierazi du Jean-Jacques Dordain ESAko zuzendari nagusiak. Orain pixkanaka kometara gehiago hurbiltzen jarraituko du, eta, dena ondo badoa, azaroan Rosettak daraman Philae moduluak kometan lur hartuko du.

2004ean abiatu zen Rosetta Lurretik, 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa helburu. Bidean, hiru aldiz jaso du Lurraren grabitate-indarraren laguntza, eta behin Marterena. Eta Steins eta Lutecia asteroideekin topo egin eta argazkiak atera zizkien. Lozorroan ere pasa zituen bi urte eta erdi; eta, joan den urtarrilean esnatu eta abiatu zen berriz kometaren bila.

Bideo honetan ikus daiteke Rosettaren ibilbidearen laburpena:

Azken asteotan, kometara gerturatu ahala, irudi eta datu berriak bidali ditu zundak. Uztailaren 11an, 17.000 km-ra hartutako irudiek sorpresa eta zirrara eragin zuten: kometa elkarri itsatsitako bi nukleoz osatuta zegoen.

Gero, 14.000 km-tik 5.000ra hurbildu bitartean, tenperatura hartu zioten. Kometaren batez besteko tenperatura -70 ºC-koa da. Eguzkiarekiko distantzia kontuan hartuta espero zitekeena baino 20-30 ºC epelagoa dela adierazi zuten ESAko adituek. “Oso datu interesgarria da hori, kometaren gainazalaren konposizioaren eta propietateen inguruko lehen pistak ematen batizkigu” zioen Fabrizio Capaccionik ikertzaileak ESAren prentsa-oharrean.

Laster jakingo dugu askoz gehiago. Izan ere, abuztuaren 24rako 50 km-ra hurbiltzea aurreikusten dute, irailaren 10erako 30 km-ra. Puntu horretara iritsita, kometaren grabitate-indar ahulak nahikoa behar luke Rosettaorbitan mantentzeko. Hala ere, 20 km-raino hurbilduko da iraila bukaeran, eta kometaren jardueraren arabera, litekeena da urrian 10 km.raino hurbiltzen saiatzea. Bitartean, datuak hartu eta hartu ariko dira Rosettak daramatzan 11 tresnak, eta, Philae ontziak lur hartzeko lekurik onena zein den ere erabakiko dute. Lur hartzea azaroan izatea aurreikusten dute.

Ibilbide hau jarraituko du Rosettak gutxi gorabehera gaurtik aurrera:

67P/Churyumov-Gerasimenko kometak 6,4 urtean osatzen du eguzkiaren inguruko itzulia, eta orain eguzkira hurbiltzen ari da. Bide horretan lagun izango du Rosettak, eta, besteak beste, eguzkira hurbildu ahala kometan gertatzen diren aldaketak aztertu ahal izango ditu. Bestalde, eguzki-sistemaren sorrerari buruzko informazio preziatua jasotzea espero dute ikertzaileek. Izan ere, astrofisikarien ustez, eguzki-sistema sortu zenetik kometek ia ez dute eboluziorik jasan, eta, horregatik, litekeena da prozesu hari buruzko pista garrantzitsuak gordetzea.

Kronologia:

–> ESAk ez du momentuz Rosetta jaurtiko

–> Rosetta-ren bigarren helburua

–> ‘Kometaratzeko’ asmoz

–> Rosetta: lozorrotik aterata, helmugara berrabiatzeko prest

–> Rosetta misoaren jomuga nukleo bikoitzeko kometa bat da

Iturria: Elhuyar eta Berria