Author Archives: jarotzena

Elisa Sainz de Murieta: “Klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka da”

Planetaren batez besteko tenperaturaren igoera edo bioaniztasunaren galera klima-aldaketaren adierazle orokorrak dira. Hala ere, klima-aldaketak ekar ditzakeen arriskuak eta kalteak oso desberdinak izan daitezke lekuaren arabera.

Euskal Herriak jasango duen klima-aldaketaren inpaktu garrantzitsuenetariko bat itsas mailaren igoera izango da. Izan ere, igoera honek gure hondartzen atzerakada edo marea altueran dauden eremu batzuen ureztatzea ekar ditzake.

Baina, zenbat igoko da itsas maila Euskal Herrian? Zeintzuk dira inpaktuei aurre egiteko hartu beharreko neurriak? Gai honen inguruan sakontzeko BC3 zentroko Elisa Sainz de Murieta ikertzailearekin izan gara. Bere esanetan, klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka bat da eta arazo orokorra den heinean, herri bakoitzak inpaktuei nola aurre egin jakitea oso garrantzitsua da.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

Informazioaren ‘janari lasterrean’, gezurra garaile

Sare sozialetan gezurrak nola zabaltzen den aztertu dute zientzialariek eta ondorio garbia atera dute: informazio gehiegi dago eta jasotzailearen arreta mugatua da.

1 irudia: Sare sozialen bitartez zabaltzen dira gezur gehienak. (Argazkia: Kansasko Unibertsitatea)
Facebook-en horman ez –oraindik ez zegoen halakorik-, baina Egiptoko hainbat tenplutako hormetan marraztu zuen Ramses II faraoiak Historian dokumentatutako lehen gezur handia. Bertan zehaztu zituen hititen aurka Kadeshko guduan izandako garaipena. Historialariek badakite, ordea, errealitatea oso bestelakoa izan zela, eta gudu horretan garaile garbirik ez zela izan. Berdinketa tekniko horretatik atera zen ere Historiako lehen bake hitzarmena.
Nahita zabaldutako desinformazioa ez da, beraz, gaur egungo kontua. Halere, normalean estatuek edo korronte ideologiko boteretsuek zabaldutako propaganda izan da erraz barreiatu dena. Zorionez ala zoritxarrez, Interneten garapenak informazio eredu hau irauli egin du. Orain edozeinek zabal dezake mezua eta, teorian behintzat, mila milioika laguni heltzeko ahalmena dago.
Informazio andana izateak, ordea, gezurren zabalpena erraztu du, eta fenomenoak zientzialariek arreta ekarri du. Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aztertu dute gaia Indianako Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) eta Shanghaiko Teknologia Institutuko (Txina) ikertzaileek. Ondorio nagusia atera dute: gero eta informazio gehiago dago eta erabiltzaileen arreta gero eta mugatuagoa da. Horrek hauspotzen du gezurren eta berri faltsuen hedapena sare sozialetan.
Aurreko ikerketetan oinarrituta, zientzialariek bazekiten kalitatea ez dela beharrezkoa Interneten informazio bat birala bilaka dadin. Baina erantzunik gabeko galdera bat zegoen airean. Zergatik bilakatzen da birala kalitate baxuko informazioa? Egileek John Milton poetak zabaldutako ideia bat ekarri dute gogora: ideiak askatasunez eta modu irekian alderatzen direnean, egia garaile aterako da. Senak ala agintzen du, eta munduan diren antzeko beste hainbat fenomeno ere ideia borobil horren zuzentasunaren adierazle dira: eboluzioan, esaterako, inguruarekiko hoberen egokitzen direnak nagusituko dira; ekonomian, berriz, merkatuaren beharrak egokien asetzen dituzten produktuak ere hobetsiko dira. Errealitateak, ordea, poeta ingelesa erratu zela erakutsi du; bidelagun aparta izanda ere, sena ez da beti garaile ateratzen.
Ikertzaileek eredu teoriko bat garatu dute sare sozialetan izaten den informazioaren jarioa jarraitzeko. Halako informazio zati bakoitzari “meme” deritzo. Meme horiek oso bestelakoak izan daitezke: albiste bati lotura, esaldi bat, traola bat, bideo bat edo irudi bat. Twitter, Facebook eta Tumblr sare sozialetan egin dute albisteen jarraipena.
Funtsezko bi faktore kontuan hartu dituzte ikerketan: batetik, hedatzeko lehian dauden memeak; bestetik, jasotzaileek duten arreta mugatua. Bi faktore horien arteko elkarrekintzatik erabakitzen omen da informazio sistema batean zeintzuk izango diren hedadura gehien lortuko duten memeak. Jende gehienak denbora laburrez mantentzen du arreta albiste bakoitzean. Ondorioz, arreta lortzeko lehia gehiago sortzen da meme ezberdinen artean. Egoera horretan, erabiltzaileak di-da batean erabaki behar du albiste bat onartzea ala alboratzea, eta askotan erabaki hori ez da egokiena.

2 irudia. Noizbehinka berri faltsuak ere hedabide “tradizionaletan” sartzen dira. ‘Euskalburroa’, horren adibide da.
Egileek arazoaren tamainaz ohartarazi dute: “hedabide sozialetan, ebidentzia anekdotikoetan oinarritzen diren iruzurrak, konspirazioaren teoriak eta berri faltsuak” barra-barra zabaltzen ari dira, eta, hortaz, “desinformazio digital masiboa gure gizarteak dituen goi mailako arriskuen artean” kokatu behar da. Metafora bat baliatu dute egoera azaltzeko: “sare sozialak gure arreta eskuratzeko lehian ari diren ideia eta albisteen merkatu masiboak dira”.
Bestetik, “bot” automatikoen papera azpimarratu dute. Informazio faltsuak automatikoki eta abiadura handiz zabaltzen dituzte automatizatutako programa hauek. Desinformazioaren hedatzeari aurre egiteko, ikertzaileek zerbitzu hauen erabilera mugatzea proposatzen dute eta, orokorrean, sisteman sartzen diren sarrera kopurua mugatzearen alde azaldu dira.
Sare sozialak, informazio iturri
Beti hala ez bada ere, informazioaren atzean hedabide jakin bat egotea, beraz, informazioaren gutxienezko bermea izan daiteke. Halere, sare sozialen bitartez eskuratutako berrien kontsumoa gora doa, Nafarroako Unibertsitateak egindako inkesta baten arabera. Unibertsitate hau mundu mailan urtero osatzen den Digital News Report ikerketaren Espainiako atalaz arduratzen da. Guztira 36 herrialdetan egindako 70.000 inkestatan oinarritzen da ikerketa; horietatik, 2.000 inguru Espainian egin dira.
Inkestaren arabera, Espainiako erabiltzaileen %41ek sare sozialen bitartez kontsumitzen ditu albisteak. Hori egiten duten lagunen kopurua gora badoa ere (%35 ziren duela bi urteko inkestan), oraindik internauta gehienek hedabide marka “tradizionalak” erabiltzen dituzte informazioa jasotzeko (telebista kateetako webguneak, egunkariak edo hedabide digitalak). Gainera, hamar internautetatik seik gutxienez zazpi hedabide ezberdin kontsumitzen ditu Interneten.
Copy-pastearen garaian, hedabide horietan ere kontsumitzaileek askotan informazio beretsua jasoko dute seguruenera, baina, noizean behin, gizaki batek denboraz landutako informazio kontrastatua jasotzeko aukera izango dute. Informazio hori egokia ala okerra izan daiteke, baina, bederen, sinatzaile bat egongo da atzean. Ohitura bitxi horri kazetaritza deritzo, eta, garai latzetan egonda ere, oraindik pizten du John Miltonek aipatutako ilusioa: ideiak askatasunez alderatzean, egia –edo horren antzeko zerbait- garaile aterako da.
Iturria: Juanma Galledo, ZientziaKaiera

Bertsozientzia (7): “Nanoarkitektura”

Kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdia antolatu? Bertsolaritza eta zientzia uztartu? Bai, “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian. Zelan, baina? Lau zientzialarik gai baten inguruko azalpen laburrak emanda, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jartzen dutelarik eta guztia Kike Amonarrizen gidaritzapean.

Erreakzio kimikoen bidez nano eskalan egitura bereziak sortzeaz aritu zen Gotzone Barandika, 2016ko hirugarren hizlaria. Egitura ñimiño hauek sortzeko metodoez eta baita izan ditzaketen aplikazio praktikoez. Hidrogeno baterietan, adibidez.

Hidrogeno bateriak omen dira arazo energetikoaren irtenbide bideragarrienetako bat. Erregai fosilen alternatiba modura aurkezten dira, hidrogenoa oso arina eta ugaria da eta, beraz, erabat aproposa energia iturri gisa. Funtzionamendua ere nahiko erraza da, oso erreakzio sinplea dute oinarrian:

Erreakzioa gertatzerakoan elektroiak alde batetik bestera pasatzen dira, energia elektrikoa sortuta. Hidrogeno bateriek elektroien energia aprobetxatzen dute, bideoan ikus daitekeen bezala:

Hidrogeno baterien funtzionamendua

Hidrogeno bateriek, hala ere, zailtasunak ere badituzte. Giro tenperaturan gasa da hidrogenoa eta, gas guztiak bezala, ez du ez forma ezta bolumen definiturik. Libreki mugitzen diren H2 molekulez osatua dago eta abiadura handian mugitzen da, edukiontziaren azalera osoa bete arte.

Arriskutsu bihurtzen dute ezaugarri hauek, izan ere, hidrogenoa sukoia da gas egoeran eta zuzenean oxigenoarekin harremanetan jartzean eztanda egiten du. Bi elementu hauen arteko erreakzioa kontrolik gabe egiten bada, energia trukaketa bat-batean ematen da (hidrogeno ihes baten ondorioz, esaterako), eztanda egiten du eta energia aprobetxatzerik ez dago.

Eztanda ekiditeko molekulen antolaketari erreparatu behar zaio. Hidrogenoaren eta oxigenoaren arteko erreakzio kontrolgabea saihesteko molekulen antolaketa aldatu behar da. Molekulak ordenatzeko metodoetako bat nanoarkitektura da, nano eskalan sortutako materialak baliatu hidrogeno molekulak harrapatu eta antolatzeko.

Kimikariak, nanoarkitektoak

Hau da nanoarkitekturan lantzen den tamaina. Eta nanoarkitektura baliatzen dute kimikariek, besteren artean, hidrogeno molekulak antolatzeko balio duten egiturak sortzeko, erreakzio kimikoen bidez ezaugarri bereziak dituzten molekulak sortzen dituzte: MOFak.

Material solido, kristalino eta porotsuak dira eta oso baliagarriak izan daitezke, adibidez, hidrogeno molekulak harrapatu eta modu ordenatuan egituratzeko.

MOF hitza ingelesezko “Metal Organic Framework” da eratorria eta, izenak azaltzen duen moduan, metalez eta molekula organikoz osatutako egiturak dira. Katioi metaliko bat (kluster izenekoa) eta molekula organiko bat (ligando izenekoa) elkartzen direnean sortzen dira. Ioi metalikoa erdigunean kokatzen da eta koordinazio lotura bidez gehitzen zaizkio molekula organikoak.

Molekula errepikatuz osatutako makromolekulak dira MOFak, polimeroak, hortaz. Koordinazio polimeroak, zehazki. Metal ioia izatea da koordinazio polimeroek duten berezitasuna. MOFak, koordinazio polimeroen azpitaldea osatzen dute, poroak izateko gaitasuna duten azpitaldea, hain justu.

Klusterrak eta ligandoak osatzen duten egituraren errepikapenaz bat, bi edota hiru dimentsioko egitura dituzten materialak sortzen dira.

Egitura hauek dituzten barrunbeetan (poroetan) kokatzen dira hidrogeno edo harrapatu nahi diren molekulak. Modu honetan, hidrogenoa bezalako gasen molekulak modu ordenatuan finkatzen dira, berezko duen gas egoerako sukoitasuna deuseztatuta. Horretaz gain, bestelako abantailak ere eskaintzen ditu ordena molekularrak, gasak hartzen duen bolumena ere izugarri murriztu baitaiteke: 1g. material porotsu batek 7.000m²ko azalera har baitezake.

Hidrogenoa metatzeko eta garraiatzeko ez ezik, bestelako aplikazioak ere izan ditzake nanoarkitekturak, kutsatzaileen absortzioa edota farmakologia, adibidez.


Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik Onintze Salazar meteorologoak “Zerk eragiten du gure osasunean?” hitzaldian dago oinarrituta artikulua.

Hitzaldi osoa:

Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.

Iturria: Zientzia Kaiera

Itziar Laka: “Hizkuntza gure buruetan egiten den sorkuntza da”

Komunikatzeko darabilgun tresna da hizkuntza, hitz egitean seinale gisa transmititu eta hartzen dena. Hizkuntza entzun eta ulertu egiten da. Informazio akustikoa litzateke hizkuntzaren garraiatzaile ahoz ahoko komunikazioan. Seinaleak ez du zertan oso konplexua izan, informazio asko kenduta ere uler baitaiteke. Esterako, informazio tonalarekin bakarrik (tonuarekin bakarrik) asma daiteke zer den transmititu nahi dena.

Hizkuntza ulertzeko, seinale akustikoaz gain, pista asko erabiltzen direlako da horrela. Itziar Lakak azaltzen duen moduan: “Hizkuntzaren seinaleak oso informazio gutxi garraiatzen du. Hizkuntza gure buruetan egiten den sorkuntza bat da”. Izan ere, seinale akustikoa oso probrea da eta errealitatetik bestelako zantzuak hartu behar dira esanahia osatzeko. Hala, bista ere erabiltzen da hizkuntza hartzeko. McGurk efektuak erakusten duenez, hizkuntza begietatik ere sartzen da.

McGurk efektua azaltzen duen bideoa (ingelesez).

Hitzez dago osatua hizkuntza, pertsona bakoitzak 70.000 hitz inguru ezagutzen dituelarik. Jaio baino lehen hasten  eskuratzen da hitza, Amaren sabelean: Amaren ahotsaren hitzak. Ama hizkuntza, beraz, amaren hizkuntza da.

Haurtzarotik helduarorako tartean amaren lehengo hitz horietaz gain, beste 70.000 hitz inguru ikasten ditugu. Matematikoki, egun bakoitzeko 8-10 hitz. Ez da horrela gertatzen, baina. Bi urterekin hitzak ikasteko gaitasunak gorakada izugarria du eta “hiztegiaren eztanda” izenarekin ezagutzen den fenomenoa gertatzen da, non hitzen gehiengoa ikasten den. Helduek ez dira gai horrelako ikasketa prozesua aurrera eramateko.

Hitza zer da, baina

Ibon Sarasolaren hiztegiak ematen duen definizioaren arabera “Hizkuntza batean berezko esanahia duen hots edo hots-multzo bakoitza” da hitza. Itziar Lakak, gainera, elefante hitzak eta inurri hitzak ezberdintzen ditu, non elefante hitzak hitz handiak diren (emakume, ikusi) eta inurri hitzak hitz txikiak diren (eta, du).

Hitzekin sintagmak sortzen dira, elefante hitzak eta inurri hitzak uztartzen. Hizkuntzaren arabera elefante hitzen eta inurri hitzen hurrenkera aldatzen da, hala, euskarak elefante-inurri-elefante-inurri moduko egitura du. Gaztelerak, adibidez, kontrako ordena du: inurri-elefante-inurri elefante.

Munduko hizkuntza guztiek dute honako egitura. Gutxi gorabehera hizkuntzen erdiek dute inurri-elefante-inurri-elefante egitura, kontrako egitura dutenak gutxi batzuk gehiago badira ere. Hitzen baturari esker zentzua duten perpausak osatzen dira eta, esan bezala, pertsona bakoitzak 70.000 hitz inguru baino ezagutzen ez baditu ere, sor daitezkeen perpaus kopurua infinitua da.

Itziar Lakak 2016ko ekainaren 23an Azkuna Zentroan eskainitako “Hitzaz” hitzaldian dago oinarrituta artikulua. Hitzaldi osoa:

http://www.eitb.eus/eu/get/multimedia/screen/id/4197040/tipo/videos/

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

Iturria: Ziortza Guezuraga, Zientzia Kaiera

DBH1 laborategian kuriositatea lantzen…