Blogaren artxiboa

Aire garbigailu erraldoia

Smog Free Tower eraikinak aireko partikula kutsakorrak xurgatzen ditu, eta hondakin horietan metatutako karbonotik abiatuta, bitxiak sortzeko aukera ematen du. Ordu betean 30.000 metro kubiko aire garbitzen dituela diote proiektuaren sustatzaileek. Rotterdamen jarri dute lehen prototipoa, eta Txinara eramango dute irailean.

Iazko irailetik, zazpi metroko eraikin berezi bat dago Rotterdamgo (Herbehereak) parke publiko batean. Smog Free Tower du izena. Garai batean batez ere Londresko laino toxikoari erreferentzia egiteko erabiltzen zen smog anglizismoa, baina tamalez, gaur egun munduko makina bat hiri industrializaturi aplika dakioke. Hain zuzen ere, laino toxikorik gabeko dorre hau aire garbigailu erraldoi baten modukoa da, bertan dauden partikula kutsakorrak xurgatu egiten baititu. Datorren irailean Beijingera (Txina) eramango dutela dago aurreikusita.

Zazpi metroko luzera eta hiru metro eta erdiko zabalera duen modulu multzoak osatzen du dorrea. Daan Roosegaarde diseinatzaile herbeheretarraren proiektua da, eta Bob Ursem Delfteko Teknologia Unibertsitateko ikertzailearen patente bat du oinarri. Funtsean, ospitaletan aurki daitezkeen aire garbigailu modernoen moduan funtzionatzen du, baina kalean eta eskala handian erabilgarria izateko moduan prestatu dute. Horrenbestez, ionizagailu bat da: elektrizitatearen bitartez, ioi negatiboak sortzen ditu, eta horiek airean dauden partikula kutsakorrak harrapatu eta dorrera eramaten dituzte, xurgagailu erraldoi bat balitz bezala.

Irudia: Rotterdamen jarri dute gisa honetako lehen dorrea. (Argazkia: Studio Roosegaarde)

Irudia: Rotterdamen jarri dute gisa honetako lehen dorrea. (Argazkia: Studio Roosegaarde)

Lehen emaitzek erakutsi dutenez, ordu betean 30.000 metro kubiko aire garbitu ditzake eraikinak, elektrizitatean 1.400 watt baino gutxiago baliatuta (tearentzat ura berotzeko erabiltzen diren gailu elektriko txiki horien pare).

Gainera, airea garbitu ez ezik, xurgatutako partikula zikinak berrerabili egiten dituzte proiektu honetan. Izan ere, nagusiki karbonoz osatuta dagoen laino toxikoaren arrastoetatik abiatuta, bitxiak sortzen dituzte. Behin dorrearen barruan metatuta,partikulak konprimatu egiten dituzte presio handiaren pean, eta hala sortzen dituzte Smog Free eraztunak eta bestelako bitxiak. Hain zuzen, karbonotik diamantea sortzeko trantsizioaren antzera, baina prozesua asko bizkortuta. Proiektuaren arduradunek diotenez, pieza hauetako bakoitza garbitutako mila metro kubiko aireren emaitza da.

 

Smog Free proiektuaren berri ematen duen bideoa, ingelesez

Horrenbestez, aire garbigailu erraldoi hau Txinara iritsiko da datorren irailean, eta litekeena da etorkizunean Mexiko Hiria, Paris edo Los Angeles bezalako hiri handietan erakusgai jartzea.

Ez da harritzekoa gisa honetako ekimenek hainbesteko interesa piztea. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak ezarritako marra gorria gainditzen duen airea arnasten du zonalde urbanoetan bizi den populazioaren %80ak baino gehiagok. Egoera bereziki kezkagarria da Mediterraneo ekialdean eta Asia hego-ekialdean, behe edo erdi mailako diru sarrerak dituzten herrialdeetako hirietan: erakundeak ezarritako muga hamar aldiz gainditzen dute toki batzuetan. Aire kutsadura oso arriskutsua da osasunarentzat, eta munduan hiru milioi heriotza goiztiar eragiten dituela uste da urtero. Smog Free Tower delakoak aletxoa jarri nahi du, arazo larri honi irtenbideak ematen haste aldera.

Iturria: Zientzia Kaiera, Amaia Portugal (@amaiaportugal)

Sakelako telefono bat, GIBa eta sifilia detektatzeko

Smartphone bati gailu bat konektatuta egiten den test baten bidez, garabidean dauden herrialdeetan oso zabalduta dauden bi gaitz antzemateko metodoa garatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek. Laborategietan egiten den test arrunta baino nabarmen merkeagoa da, eta ez du elektrizitaterik behar. Ruandan egin dute esperientzia pilotua.

Hiesa eta sifilia dira garabidean dauden herrialdeetan triskantza handiak eragiten dituzten gaitzetako bi. Laborategi eroso batean eta behar adina baliabiderekin lan egiteko aukera dagoenean, ohikoa izaten da halako gaixotasunak detektatzeko ELISA metodoan oinarritutako testak baliatzea: odol lagin batetik abiatuta, GIBaren adierazle diren antigorputzak detektatu daitezke adibidez horrela, bai eta sifiliari dagozkionak ere.

Ruanda bezalako herrialde batean lan egin behar denean, ordea, bi arazo nagusi daude ELISA metodoa baliatzeko. Lehena, prezioa, test mota hori laborategian egiteko ekipamendu arruntak 18.000 dolarretik gorako kostua baitu. Bigarrena, herrialde eta zonalde pobreenetan dagoen elektrizitate eskasia.

Irudia: Gailua eta odol lagina daraman plastikozko kasetea, sakelako telefonoari lotuta. (Argazkia: Samiksha Nayak / Columbia Engineering)

Irudia: Gailua eta odol lagina daraman plastikozko kasetea, sakelako telefonoari lotuta. (Argazkia: Samiksha Nayak / Columbia Engineering) |

Samuel K. Sia ikertzaileak eta Columbia Unibertsitateko bere lan taldeak bi arazo horiei irtenbidea eman diezaiekeen proposamena aurkeztu berri dute, Science Transnational Medicine aldizkarian plazaratu duten artikulu batean. ELISA metodoaren funtzio guztiekin bat egiten duen test bat da, baina smartphone soil baten bitartez funtzionatzen du. Odol lagin bat eta hamabost minutu aski ditu analisiaren emaitzak emateko, ikertzaileok azaldu dutenez. Gailua ekoizteak 34 dolarreko kostua baino ez lukeela izango estimatu dute.

Test hirukoitza egiteko moduan garatu dute erreminta, hiru antigorputz mota detektatzen baititu. Batetik, GIBari dagozkionak. Bestetik, sifiliaren adierazle izan daitezkeen bi antigorputz mota: treponemalak eta ez-treponemalak. Hain zuzen, testa bera berritzailea da, gaurtik gaur laborategian ez baita egiten hiru emaitzok aldi berean ematen dituen analisirik.

Garatu duten tresna arina eta txikia da, eta erabiltzen erraza. Edozein smarphone hartu (android zein iOS sistemak onartzen ditu) eta honi atxiki behar zaio gailua, sakelakoan testari dagokion aplikazioa zabaltzeaz gain. Mikrofluxuentzako txip bat eta aztertu behar den lagina daramatzan plastikozko kasete moduko bat sartu behar zaio gailuari orduan, eta testa abiarazi. Hamabost minuturen buruan, hiru testen emaitzak ageri dira sakelakoaren pantailan.

Bideoan, gailuaren funtzionamenduari buruzko azalpena.

Ikertzaileok bi berrikuntza aplikatu dituzte test honetan ahalik eta energia gutxien behar izateko, eta horrenbestez, sakelako telefonoa aski izan dadin haren funtzionamendurako (sortu duten gailuak berak ez du bateriarik). Lehenik, testa abiarazteko gailuak daukan botoiak huts-ponpa moduko bat aktibatzen du, atxikita duen plastikozko kasetean biltegiratuta dauden erreaktibo batzuk askatuz. Bestetik, telefonoko audio irteeraren bitartez dago lotuta gailua smartphoneari, eta hortik transmititzen dira energia eta informazioa.

Artikuluan azaltzen denez, gailu honekin Ruandan aplikatutako esperientzia pilotuak emandako emaitzekin pozik daude ikertzaileak. Zehazki, ama eta seme-alaben arteko gaitzen transmisioa prebenitzeko programa batean baliatu zuten, zentroko osasun langileei 30 minutuko ikastaro bat eman eta gero. Guztira 96 pazienteri egin zitzaizkion analisiak metodo berri honen bitartez. Ikertzaileek artikuluan diotenez, testek %92 eta %100 arteko sentikortasuna izan zuten, eta %79 eta %100 arteko espezifikotasuna. Gaur egungo algoritmo klinikoen beharrekin bat egiten du horrek.

Samuel K. Sia ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, “sifili infekzioen detekzioa handituz gero, heriotza tasa hamar aldiz txikiagoa izatea lor dezakegu agian. Eta gailuarekin eskala handiko monitorizazioa eginez, akaso gai izango ginateke GIBaren testak zabaltzeko eta terapia antierretrobiralak berehala aplikatzeko, ia GIBaren transmisioak etetea lortuz eta gaitz ikaragarri hau deuseztatzeko urratsak eginez. Oso itxaropentsu gaude, garabidean dauden herrialdeetan produktu hau merkaturatzeko eman beharreko hurrengo pausoei dagokienez”.

Iturria: Zientzia Kaiera. Amaia Portugal

Tomatea, gizakiak moldatua

tomatea-gizakiak-moldatua

Arg. Barazki eta Landareen Institutua, Txinako Nekazaritza Zientzien Akademia

Nature Genetics aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean 360 tomate-landareren genomak sekuentziatu dituzte. Landare horien artean badira basatiak eta komertzialak, eta baita tartekoak ere, adibidez, etxekotuta daudenak baina tamainaren arabera hautatu ez direnak.

Andeetan tomate-landareak etxekotzen hasi zirenetik, hazitarako tomateen aukeraketak ehunka barietate sorrarazi ditu. Belaunaldiz belaunaldi tomate handienak eta zaporetsuenak aukeratu ahala sortu dira, adibidez, barietate komertzialenak. Baina bidean dibertsitate genetikoa txikitu da.

Txinako Nekazaritza Zientzien Akademiako ikertzaile baten gidaritzapean egin den genoma-bilduma handi horrekin tomatearen hobekuntzarako erabilgarri izan daitezkeen genoma-zatiak identifikatu ahal izango direla espero da.

Iturria: Zientzia.net

Beso artifizialak, haragizkotik gertuago

beso-artifizialak-haragizkotik-gertuago

beso-artifizialak-haragizkotik-gertuago Arg. Tyler Lab, Cleveland VA Medical Center

Science Translational Medicine aldizkarian argitaratutako bi ikerketak beso artifizialetan egin diren aurrerapenen berri ematen dute. Ikerketa bakoitzak alderdi bat garatu du: besoa askatasun handiagoz kontrolatzea, batak, eta eskuetako ukimenaren antzerako sentsazioak izatea, besteak.

Lehenengo ikerketan beso artifiziala zuzenean besondoko hezurrari, muskuluei eta nerbioei konektatu diete. Protesia osteointegratua da, eta eramalearen eskeletuarekin bat egiten du. Emaitza: mugimenduak modu naturalagoan egiten ditu protesiaren eramaleak kontrol handiagoa duelako.

http://c.brightcove.com/services/viewer/federated_f9?isVid=1

Bigarren ikerketan nerbioen konexioetan jarri dute enfasia. Besoa ukalondoaren gainetik moztuta zuten bi gizonezkori ebakuntza eginda, elektrodoak lotu zizkieten besondoko azalaren azpiko nerbioei. Besoa trebatzeko, hatzamarretan kokatutako sentsore batzuen bitartez  intentsitate desberdinetako pultsu elektrikoak jasotzen zituzten, eta, urte beteren ondoren, ukimen naturalaren antzeko sentsazioak dituztela esan daiteke. Horri esker, besoa bereago sentitzen dute,  eta ataza finagoak egiteko gai dira; hala nola, fruta bati haziak kendu fruta birrindu gabe.

http://c.brightcove.com/services/viewer/federated_f9?isVid=1

Iturria: Zientzia.net

Ebolaren aurkako txertoa, prest 2015erako

Ebolari aurre egiteko behar diren txerto-dosiak datorren urterako prest izan nahi dituela iragarri du Munduko Osasun Erakundeak (MOE), Genevan egin berri duen bileran. Iragarpena ausarta den arren, laborategiek normalean txertoak garatzeko behar izaten duten denbora-tartea laburtzea lortzen ari dira ebolaren kausan. Hala, dagoeneko bi txerto ari dira probatzen pertsona osasuntsuetan; are gehiago, laster, Afrika mendebaldean proba zabalak egiteko moduan izango dituztela uste dute.

ebolaren-aurkako-txertoa-prest-2015erako

ebolaren-aurkako-txertoa-prest-2015erako Ebolaren aurka Estatu Batuetako Osasun Ministerioa eta GSK farmazia-konpainia garatzen ari diren txertoa. Arg. NIAD/GSK

Ebola filovirus bat da, eta zazpi gene ditu. Mukosetatik sartzen da giza organismora, eta, hasiera batean, monozitoak, makrofagoak, zelula dendritikoak eta gibeleko Kupffer zelulak kaltetzen ditu. Horrekin batera, immunologia-sistemaren babes-mekanismoak inhibitzen ditu. Horrenbestez, eraginkorrak izateko, estrategia bikoitz horri aurre egiteko gai izan behar dute txertoek.

Aurreratuen dauden bi txertoetako bat txinpantzeen adenovirus bat da, ebolaren azaleko proteina batekin. GlaxoSmithKline farmazia-konpainiaren eta Estatu Batuetako Gaixotasun Infekziosoen Sailaren artean ari dira garatzen, eta Estatu Batuetan, Britainia Handian eta Malin ari dira probatzen.

Bestea, estomatitis besikularraren birus errekonbinante bat da, Kanadako Osasun Agentziak garatua eta New Links konpainiak ekoitzia. Estatu Batuetan ari dira probatzen, eta laster Europan eta Afrikan probatzea espero dute.

Proba klinikoen lehen fasean daude biak. Fase horretan, txertoek seguruak direla eta erantzun immunologikoa sorrarazten dutela frogatu behar dute. Horrez gain, erantzun hori sortzeko zer dosi behar den ere neurtu behar dute; horren arabera jakin daiteke noizko izan ditzaketen txertoak prest ekoizleek.

Oztopoak oztopo

Hala ere, txertaketekin hasi baino lehen, proba klinikoen beste faseak gainditu behar dituzte. Bigarren eta hirugarren faseek eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko helburua dute, eta aipatutako bi txertoenak abenduan eta urtarrilean egitekotan dira, Liberian eta Sierra Leonan. Horretarako, boluntario ugari behar dituzte: txerto bakoitza 10.000 pertsonatan probatu behar da, eta beste hainbestek plazeboa jaso behar dute. Prozedura azkartzeko, Sierra Leonan plazeborik gabeko proba bat ere egingo dute. Hain zuzen, proba egiteak kalte baino onura handiagoa dakarren kasuetan, plazeborik gabeko proba egitea baimentzen da, baina beti salbuespen gisa.

Txertoak probatu bitartean, beste arazo batzuk ere konpondu behar dituzte. Adibidez, MOE aztertzen ari da nola prestatu populazioa txertaketak onartzeko. Bestetik, txertoek ‐80 ⁰C-ko tenperaturan gorde beharko dira; horrek esan nahi du, hozkailu bereziak beharko dituztela txertaketak egingo diren lekuetan. Eta beste alderdi batek ere sortzen du kezka: dirua. Nork ordainduko ditu gastuak? Ez MOEk ez ebolarekin lanean ari diren gainerako erakundeek ez dute zalantzarik mendebaldeko herrialdeek ere lagundu beharko dutela, baina oraindik ez dago erabaki garbirik. Dena dela, 2015a amaitu baino lehen txertaketekin hasteko moduan egongo direla espero du MOEk, oztopo guztiak gaindituta.

Iturria: Zientzia.net