Ebolaren aurkako txertoa, prest 2015erako

Ebolari aurre egiteko behar diren txerto-dosiak datorren urterako prest izan nahi dituela iragarri du Munduko Osasun Erakundeak (MOE), Genevan egin berri duen bileran. Iragarpena ausarta den arren, laborategiek normalean txertoak garatzeko behar izaten duten denbora-tartea laburtzea lortzen ari dira ebolaren kausan. Hala, dagoeneko bi txerto ari dira probatzen pertsona osasuntsuetan; are gehiago, laster, Afrika mendebaldean proba zabalak egiteko moduan izango dituztela uste dute.

ebolaren-aurkako-txertoa-prest-2015erako

ebolaren-aurkako-txertoa-prest-2015erako Ebolaren aurka Estatu Batuetako Osasun Ministerioa eta GSK farmazia-konpainia garatzen ari diren txertoa. Arg. NIAD/GSK

Ebola filovirus bat da, eta zazpi gene ditu. Mukosetatik sartzen da giza organismora, eta, hasiera batean, monozitoak, makrofagoak, zelula dendritikoak eta gibeleko Kupffer zelulak kaltetzen ditu. Horrekin batera, immunologia-sistemaren babes-mekanismoak inhibitzen ditu. Horrenbestez, eraginkorrak izateko, estrategia bikoitz horri aurre egiteko gai izan behar dute txertoek.

Aurreratuen dauden bi txertoetako bat txinpantzeen adenovirus bat da, ebolaren azaleko proteina batekin. GlaxoSmithKline farmazia-konpainiaren eta Estatu Batuetako Gaixotasun Infekziosoen Sailaren artean ari dira garatzen, eta Estatu Batuetan, Britainia Handian eta Malin ari dira probatzen.

Bestea, estomatitis besikularraren birus errekonbinante bat da, Kanadako Osasun Agentziak garatua eta New Links konpainiak ekoitzia. Estatu Batuetan ari dira probatzen, eta laster Europan eta Afrikan probatzea espero dute.

Proba klinikoen lehen fasean daude biak. Fase horretan, txertoek seguruak direla eta erantzun immunologikoa sorrarazten dutela frogatu behar dute. Horrez gain, erantzun hori sortzeko zer dosi behar den ere neurtu behar dute; horren arabera jakin daiteke noizko izan ditzaketen txertoak prest ekoizleek.

Oztopoak oztopo

Hala ere, txertaketekin hasi baino lehen, proba klinikoen beste faseak gainditu behar dituzte. Bigarren eta hirugarren faseek eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko helburua dute, eta aipatutako bi txertoenak abenduan eta urtarrilean egitekotan dira, Liberian eta Sierra Leonan. Horretarako, boluntario ugari behar dituzte: txerto bakoitza 10.000 pertsonatan probatu behar da, eta beste hainbestek plazeboa jaso behar dute. Prozedura azkartzeko, Sierra Leonan plazeborik gabeko proba bat ere egingo dute. Hain zuzen, proba egiteak kalte baino onura handiagoa dakarren kasuetan, plazeborik gabeko proba egitea baimentzen da, baina beti salbuespen gisa.

Txertoak probatu bitartean, beste arazo batzuk ere konpondu behar dituzte. Adibidez, MOE aztertzen ari da nola prestatu populazioa txertaketak onartzeko. Bestetik, txertoek ‐80 ⁰C-ko tenperaturan gorde beharko dira; horrek esan nahi du, hozkailu bereziak beharko dituztela txertaketak egingo diren lekuetan. Eta beste alderdi batek ere sortzen du kezka: dirua. Nork ordainduko ditu gastuak? Ez MOEk ez ebolarekin lanean ari diren gainerako erakundeek ez dute zalantzarik mendebaldeko herrialdeek ere lagundu beharko dutela, baina oraindik ez dago erabaki garbirik. Dena dela, 2015a amaitu baino lehen txertaketekin hasteko moduan egongo direla espero du MOEk, oztopo guztiak gaindituta.

Iturria: Zientzia.net

Advertisements

Posted on 2014/10/30, in Berriak, DBH-3 and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: