Blogaren artxiboa

Lurrak lurra irentsi zuen

Eurasia eta Indiako plakek talka egin zutenean, bion gainean zegoen lurrazalaren masaren erdia galdu egin zela kalkulatu dute Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azalpen posible bakarra aurkitu diote desagertze horri: material hori guztia hondoratu egin zen, eta mantuarekin nahastu.

Duela hirurogei milioi urte inguru egin zuten talka Eurasia eta Indiako plaka tektonikoek. Lurrazalaren zati bat harrotu egin zen inpaktuarekin, eta ondorioz, Himalaia mendilerroa jaio. Beste zati bat, aldiz, mugitu egin zen bi plaken ertzeetan behera, eta hala sortu ziren gaur egungo Asia hego-ekialdeko lurraldeak. Baina hori izan al zen guztia?

Chicagoko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuk ezezkoan daude. Haien kalkuluen arabera, talkaren aurretik lurrazalak zuen masa askoz ere handiagoa zen; mendilerro, irla eta penintsula berriek hartu zutena baino handiagoa. Gainontzekoa ezin izan zen besterik gabe desagertu. Orduan, non dago? Zientzialariok argudiatu dutenez,Lurraren mantuak irentsi zuen lurrazalaren zati bat. Hala azaldu dute Nature Geoscience aldizkarian, sarean argitaratutako artikulu batean.

himalaia-640x323
1. irudia: Plaken arteko talkak mugiarazi zuen lur masaren zati handi bat Himalaia mendilerrora joan zen, baina beste zati handi bat desagertu egin zen lurrazaletik. (Argazkia: NASA)

Orain hirurogei milioi urte hor zegoen masaren erdia desagertu egin da lurrazaletik”, azaldu du Miquela Ingalls ikerketaren arduradunak. Datu hori ez dute arinkeriaz eman. Izan ere, batetik, berriki berrikusiak izan diren plaken mugimenduei buruzko estimazioak baliatu dituzte, denboran atzera egin eta talkaren aurretik bi plakek zer azalera zuten kalkulatzeko. Eta bestetik, Lurreko zenbait zonaldetako datu geologikoak aztertu dituzte, duela hirurogei milioi urteko lurrazalak zer lodiera zuen argitu nahian. “Funtsezko datu multzoak aztertuta, talkaren hastapenetan lurrazal zati horrek zer masa zuen zehaztu ahal izan dugu”, gaineratu du David Rowleyk, ikertzaileetako batek.

Halako masa kantitate handia galdu bada eta aurkitzen ez badute, mantuan behera hondoratu delako behar du izan, ikertzaileok artikuluan azaldu dutenez. Horrek orain arteko teoriak hankaz gora jartzen ditu, ordea. Izan ere, geologian irakasten denez, lurrazal kontinentalak dentsitate txikia du, eta horregatik, ezin du azpian duen mantuarekin nahastu. Hau da, teoria horri eusten badiogu, Eurasia eta Indiako plakek talka egin zutenean, astindutako lurrazalak ezingo zukeen hondoratu. Mantuaren gainetik geratuko zen, hondartzako baloiak ur azalean nola, inoiz behera egin gabe.

“Lurrazal kantitate handia desagertu da, eta mantuaren barruan baino ezin du egon.Pentsatzen genuen mantuak eta lurrazalak oso interakzio txikia zutela elkarren artean, baina lan honek iradoki bezala, egoera zehatz batzuetan behintzat, hori ez da hala”, dio Rowleyk.

ikerketa-taldea-640x375

Graduate student Miquela Ingalls, geophysical Professor David Rowley, and graduate student Albert Colman, in Rowley’s office, September 19, 2016. (Photo by Jean Lachat)

2. irudia: Miquela Ingalls, David Rowley eta Albert Colman, Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileak. (Argazkia: Jean Lachat)

Duela hirurogei milioi urteko talka hark mugitu zuen masaren erdia Himalaiara, Asia hego-ekialdera eta itsas sedimentuetara joan zen, beraz; eta beste erdia, Lurreko arrakaletan behera. Hala iradokitzen dute artikulu honetan. Baina gainera, proposamen berri hau baliagarria da beste misterio geokimiko bat ere argitzeko.

Erupzioak gertatzen direnean, mantuak jaurtitzen dituen askotariko substantzien artean daude beruna eta uranioa, baina bi elementu horiek ez dira mantuaren berezko osagaiak. Nola liteke, orduan? Bada, lurrazalean bai, maiz aurkitzen dira beruna eta uranioa, eta artikulu honetan iradoki bezala, lurrazalaren eta mantuaren arteko interakzioa uste baino handiagoa bada, hor legoke galderaren erantzuna. Rowleyk adierazi bezala, “India eta Eurasiako plaken talka prozesu jarraitua bada [gure oinen azpian, oso poliki bada ere, mugitzen segitzen baitute], lurrazal kontinentaleko elementuak mantuarekin nahasten ari dira etengabe, eta horregatik, mantutik gaur egun ateratzen diren material bolkanikoetan ikus ditzakegu”.

Iturria: Amaia Portugal, Zientzia Kaiera

Mendia itsasoa zenean

Legendak egiazkoak izaten dira batzuetan, eta barne aldeko herrietako jende adinduak kontatzen dituen legenden artean, nahiko maiz entzuten da tunel bat dagoela elizako aldare nagusiaren azpitik hiriaren kanpo alderaino. Tunel hauek gerra zibileko soldaduek erabiliko zuten. Batzuk, ausartzen dira Erdi Arokoak ere badirela esaten. Areago, ziur sentitzen badira beraiei entzuten ari direnen aurrean, zaharragoak ere badirela esaten ausartzen dira. Landa arkeologoek esan ohi dute, lanean ari zirenean sarritan aurkitzen zituztela tunel hauen “zaindariak” eta sutsuki adierazten zietela non aurki zitezkeen aztarna erromatarrak.

Centro Nacional de Investigación sobre Evolución Humana (CENIEH) delakoaren zuzendari den Alfredo Pérez-Gonzálezek aipaturiko gertaerak agerian uzten du zeinen korapilatsua den gure denboraren pertzepzioa: “Esaten bazenien duela 200-400 milioi urteko fosilen bila zenbiltzala, berehala erantzuten zizuten hortxe bertan zegoela aztarnategi erromatar bat. Hau da, “berehalako” zerbaiten berri eman nahi zizuten”.

Antzerako ideia iradoki zuen Activa Tu Neurona Radio nº 10 saioan José María Rodríguez Pongak, Fundación Atapuercako Patronatuaren idazkari denak: “Ezagutzen dugun denbora mende bat besterik ez da. Denok ezagutzen dugu mende bat bizitzetik hurbil ibili den jendea, eta nonbait, gauza gara denbora hori geureganatzen eta barneratzen. Badakigu intelektualki zenbat diren 500 urte, ehun bider bost, baina ez dugu horrelakorik barneratzen. Zer esanik ez, 5.000 urte edo areago 1.000.000 urteko tarteak oso urrun gelditzen dira gure oharmenetik. Horrela, 2.000 urteko tartea urruna egiten zaigu…baina hor bertan dago”.

“Izan ere”, jarraitzen zuen, “Geologia zaila da ulertzen. Jendeak, ideiarik izan gabe ere, aise mintzatzen da politikaz edo erlijioaz… baina ez ordea Geologiaz”.

1. irudia: Tsunami-jalkinaren oinarria, dinosauroen aztarnen moldeak agerian dituela.

1. irudia: Tsunami-jalkinaren oinarria, dinosauroen aztarnen moldeak agerian dituela. |

Horrela bada, harrigarria da Gaztelako lautada betean, 700 metrora itsas mailatik gora, itsas barraskilo fosilak aurkitzea: zure ingurura begiratzen duzu sinesgogor, eta galdezka hasten zara “non ote da itsasoa, nola urrundu ote da 300 km?”

Antzera sumatzen dute bidaiari batzuek Aragoiko hainbat tokitara iristen direnean. Horra hor, adibidez, Aliagako tolestura. Garai horretan, Aliaga-Miravete zonaldea (Terueleko Maestrazgo delakoaren barruan), itsas zerrenda bat zen, eta itsasotik area-barra batek banatua zegoen. Geologian, barrera-irla esaten zaio horri.

Egungo lur horrek baditu uhindura ugari, bere buruaren inguruan bihurritzen direnak, eta forma biluziak eta irregularrak ematen dituztenak. Egun dauden harkaitz horietan pizti erraldoi haiek, generikoki dinosauro deituak, erraz irudikatzen ditugu ibaira edo aintzirara bidean, egarria baretzeko.

Ikniten artean, hau da, kasu honetan dinosauroen aztarnen artean, ikerlariek ornitopodo- edo sauropodo-aztarnak aurkitu dituzte: hitzez hitz txori-oindunen edo narrasti-larrudunen aztarnak.

Animalia hauen oinatzak aurkitu izana ez da ordea harrigarriena Sedimentary Geology aldizkarian berriki argitaratu den artikuluan. Askoz ere txundigarriagoa da aztarnak gaur arte hain ondo kontserbatu izana.

2. irudia: Ikertzaile nagusia den Rocío Navarrete, ondoan Carlos Liesa duela. Azken honek ornitopodo-aztarna bat erakusten du.

2. irudia: Ikertzaile nagusia den Rocío Navarrete, ondoan Carlos Liesa duela. Azken honek ornitopodo-aztarna bat erakusten du. |

Rocío Navarrete buru duen ikerlari taldea, Zaragozako Unibertsitateko estratigrafia esparruan ari da lanean, eta ondorioztatu dute ziur aski tsunami handi batek eragingo ziola egun Teruel eskualdea denari, duela 128 miloi urte. Ondorioz, ehunka dinosauro-aztarna fosilizatu eta Europan ezagutzen den iknita-aztarnategi handiena eman zuketen. Aztarnak, 7 kilometroan kokatuta daude gaur lehorra baina garai hartan kostaldea izango zen horretan. Izatez, erliebe modura azaltzen dira harearrian.

Harkaitz-oinarriaren eratzetik eta desitxuratzetik sortu bide diren ezaugarri litologikoak direla eta, ikerlariek ondorioztatu dute agian episodio anitzeko tsunami bat izango zela jalkina eratu zuena.

Horrela, Geologiak egiaztatu du gutxienez itsasoa bost aldiz sartu zela, eta uhinek etengabe higatu zuketela barrera-irla. Area garau asko eramango ziren barruko alderantz, eta bertan jalkiko ziren, batez ere ondorengo itsasbeheraranzko periodoetan.

Tsunamiren hainbat eragile proposatu dira, baina geologoek nagusiki pentsatzen dute itsaso zabalean lurrikara bat gertatuko zela, eta horrek eragingo zituela hurrenez hurrengo tsunamiak, kostaldearen ekialdea joko zutenak eta ziur aski dinosauroren bat harrapatuko zutenak. Ikerlariek baina, aurreratu dute oraindik ez dela dinosaurorik aurkitu.

Iturria: Zientzia kaiera, Javier San Martín

Fosilak, El Hierroko sumendiak jaurti zituen opariak

2011n La Restingako itsas hondoan gertatu zen erupzioari esker, Kanariar Uharteen azpiko geruzetatik eratorritako antzinako mikrofosilak agertu ziren ur azalean. Horiei esker, artxipelagoa nola sortu zen gero eta garbiago dute Uppsalako Unibertsitateko ikertzaileek: puntu magmatiko bakar batek du erru guztia.

Orain hiru urte pasatxo, Kanarietako El Hierro irlaren airetiko ikuspegia etengabe erakusten ziguten telebistako albistegietan. 2011ko urrian, uharte honetako La Restinga udalerritik ez oso urrun, sumendi bat esnatu zen itsas hondoan. Erupzio hark irudi ikusgarriak utzi zituen: eztanda bolkanikoek ur azalean eragindako burbuila ikusgarriak, labak ilundutako itsasertza…

Erupzio horrek buruhauste ugari ekarri zizkien La Restingako bizilagunei, behin-behinean haien etxebizitzak uztera derrigortu baitzieten agintariek. Dena dela, gaurtik gaur, dena bere onera itzuli da eta sumendia lo dago berriz, zientzialarientzat opari baliotsua utzita. Izan ere, laba ez ezik fosilak jaurti zituen El Hierroko ur azalera, eta horiek emandako datuei esker, ikertzaileek gero eta garbiago dute nola sortu ziren Kanariar Uharteak. Hala azaldu dute berriki Scientific Reports aldizkarian argitaratutako eta Uppsalako Unibertsitateko (Suedia) adituek zuzendutako artikulu batean.

Bideoan: Eztanda bolkanikoek La Restingako itsasertzetik gertu eragindako burbuilak erakusten dituen grabazioa, 2011ko azaroan grabatua.

La Restingako ur azpiko sumendiak kea zerien harri bolkaniko bitxi batzuk jaurti zituen azalera, eta horiek emandako informazioan dago oinarrituta ikerketa hau.Harriok irlaren azpiko sedimentu geruzetan dute jatorria, eta ez hori bakarrik: zelula bakarreko antzinako itsas organismoen fosil mikroskopikoak gordetzen dituzte bere baitan. Hori horrela, asko dute esateko Kanariar Uharteen sorrerari buruz. Valentin Troll Uppsalako Unibertsitateko ikertzaileak azaldu bezala, “fosilak eta sumendiak ez dira bateragarriak normalean, eta horregatik, lagin hauek oso bereziak dira”.

Bi hipotesi nagusi egon izan dira Kanarien sorreraren inguruan. Batak dio Atlas mendilerroarekin zerikusia duen haustura bat dela uharte hauen iturburua. Besteak,Lurraren mantuko irregulartasun batek puntu magmatiko bat sortu zuela, eta puntu bakar horretatik abiatuta osatu zirela artxipelagoko uharte guztiak.

Irudia: Kanariar Uharteetako irla bakoitzaren adinaren estimazioa irudikatzen duen mapa. (Argazkia: Kirsten Zaczek, Valentin R. Troll et al.) |

Bigarren hipotesiaren aldekoak asko ziren lehendik ere. Kanarien azpian dagoen Afrikako plaka tektonikoa eskuinerantz ari da mugitzen, eta hipotesiaren arabera, plakaren azpian puntu magmatiko finko hori egotekotan, Kanarietako lurretan ekialderago dauden materialak lirateke zaharrenak. Alderantziz, zenbat eta mendebalderago egin orduan eta berriagoak lirateke geruzak, puntu magmatikoa beti toki berean baina plaka gero eta eskuinerago dagoenez gero. Hain zuzen, orain arte uharteotan egindako datazio erradiometrikoek bat egiten dute hipotesi horrekin: esaterako, datuek iradokitzen dute Lanzarote zaharragoa dela Tenerife baino, eta azken hau zaharragoa El Hierro baino.

Orain, sumendiak jaurtitako harri bolkanikoetan aurkitutako fosilei esker, uharteen datazioa ez ezik, haien azpiko sedimentu geruzen adinaren estimazioa dute esku artean. Ikerketa honen emaitzek bat egiten dute hipotesiarekin: ekialdeko irlen azpiko sedimentuak dira zaharrenak, eta gaztetuz doaz mendebaldera egin ahala. Zehazki, ikerketa honetan aztertutako mikrofosil gazteena duela 2,5 milioi urtekoa dela ondorioztatu dute: badirudi orduan hasi zirela eraikitzen gaur egun El Hierro izenez ezagutzen dugun irlaren zimenduak.

Iturria: Zientzia Kaiera Amaia Portugal

Lurrikara Txilen, tsunami alerta orain.

8,2 magnitudeko lurrikarak Txile iparraldea astindu eta bost hildako izan dira. Lurrikararen ondorioz tsunamien beldur dira orain.

Terremoto-Txile

LEHIAKETA: Marea biziak eta denboralea = Itsasoaren indarra!

Aurtengo lehiaketako bigarren aukeran neguan emaniko gerataera bat dugu. Argazkian argi ikusten denez itsasoaren indarrak erakustaldia eman du.

Adituek esaten dutenez, gertatutakoa ez da batere ohikoa. Bi faktore arteko batura omen da: Denboraldia eta marea biziak batera gertatzea alegia.

Denboraldiak, borraska sakonak, haizete handiak sortu eta olatu handiak altxatzen ditu. Donostiako kanpoko boiak 11 metroko olaturen bat neurtu omen du.

Baino denboraldia ez litzateke nahikoa halako txikizioa sortzeko. Denboraldiarekin batera marea biziak gertatu dira. Baina zer dira marea biziak? Ikus Zumaiko bokalean marea bizitan jasotako irudien sekuentzia.

Zumaia ezagutzen ez duzuenontzat esan, Irailan eta Martxoan salbu, mareak gora egiterakoan ez duela inola ere maila hori hartzen. Urtean zehar, marea gora askoz beherago geratzen da.

Baina Irailan eta Martxoan zergatik igotzen da gehiago? Ea beste bideo honek zerbait ulertzen laguntzen dizuen…

Bideoa ikusi ondoren hauek dituzue erantzun beharreko galderak:

1.- Zer dira marea biziak? Zergatik gertatzen dira?

2.- Iraileko eta Martxoko marea biziak bereziak dira. Zergatik?

Erantzuna emateko iruzkinak erabili. Informazio honen bukaeran lauki zuzen grisa ikusiko duzu eta ekuinean Iruzkin bat utzi gainean klik egin.

Erantzunak idatzi eta zure e-posta (ikastolakoa) jarri, baita zure izen eta abizena ere. Webgunea jartzen duen atala hutsik utzi.

Bukatzeko Erantzuna bidali botoia sakatu.

OHARRA: Erantzunak moderatuak daude. Hau da baimena eman arte ez dira ikusiko, beraz bidali ondoren ez ikustea guztiz normala da. Erantzunak jasotzeko EPEA: Martxoaren 30a.

Ondo erantzuten dutenen artean zozketaz hautatutako batek, DBH 4koek prestatzen duten hamaiketakoa dohan jasoko du astebetez. Zorte on!