Fosilak, El Hierroko sumendiak jaurti zituen opariak

2011n La Restingako itsas hondoan gertatu zen erupzioari esker, Kanariar Uharteen azpiko geruzetatik eratorritako antzinako mikrofosilak agertu ziren ur azalean. Horiei esker, artxipelagoa nola sortu zen gero eta garbiago dute Uppsalako Unibertsitateko ikertzaileek: puntu magmatiko bakar batek du erru guztia.

Orain hiru urte pasatxo, Kanarietako El Hierro irlaren airetiko ikuspegia etengabe erakusten ziguten telebistako albistegietan. 2011ko urrian, uharte honetako La Restinga udalerritik ez oso urrun, sumendi bat esnatu zen itsas hondoan. Erupzio hark irudi ikusgarriak utzi zituen: eztanda bolkanikoek ur azalean eragindako burbuila ikusgarriak, labak ilundutako itsasertza…

Erupzio horrek buruhauste ugari ekarri zizkien La Restingako bizilagunei, behin-behinean haien etxebizitzak uztera derrigortu baitzieten agintariek. Dena dela, gaurtik gaur, dena bere onera itzuli da eta sumendia lo dago berriz, zientzialarientzat opari baliotsua utzita. Izan ere, laba ez ezik fosilak jaurti zituen El Hierroko ur azalera, eta horiek emandako datuei esker, ikertzaileek gero eta garbiago dute nola sortu ziren Kanariar Uharteak. Hala azaldu dute berriki Scientific Reports aldizkarian argitaratutako eta Uppsalako Unibertsitateko (Suedia) adituek zuzendutako artikulu batean.

Bideoan: Eztanda bolkanikoek La Restingako itsasertzetik gertu eragindako burbuilak erakusten dituen grabazioa, 2011ko azaroan grabatua.

La Restingako ur azpiko sumendiak kea zerien harri bolkaniko bitxi batzuk jaurti zituen azalera, eta horiek emandako informazioan dago oinarrituta ikerketa hau.Harriok irlaren azpiko sedimentu geruzetan dute jatorria, eta ez hori bakarrik: zelula bakarreko antzinako itsas organismoen fosil mikroskopikoak gordetzen dituzte bere baitan. Hori horrela, asko dute esateko Kanariar Uharteen sorrerari buruz. Valentin Troll Uppsalako Unibertsitateko ikertzaileak azaldu bezala, “fosilak eta sumendiak ez dira bateragarriak normalean, eta horregatik, lagin hauek oso bereziak dira”.

Bi hipotesi nagusi egon izan dira Kanarien sorreraren inguruan. Batak dio Atlas mendilerroarekin zerikusia duen haustura bat dela uharte hauen iturburua. Besteak,Lurraren mantuko irregulartasun batek puntu magmatiko bat sortu zuela, eta puntu bakar horretatik abiatuta osatu zirela artxipelagoko uharte guztiak.

Irudia: Kanariar Uharteetako irla bakoitzaren adinaren estimazioa irudikatzen duen mapa. (Argazkia: Kirsten Zaczek, Valentin R. Troll et al.) |

Bigarren hipotesiaren aldekoak asko ziren lehendik ere. Kanarien azpian dagoen Afrikako plaka tektonikoa eskuinerantz ari da mugitzen, eta hipotesiaren arabera, plakaren azpian puntu magmatiko finko hori egotekotan, Kanarietako lurretan ekialderago dauden materialak lirateke zaharrenak. Alderantziz, zenbat eta mendebalderago egin orduan eta berriagoak lirateke geruzak, puntu magmatikoa beti toki berean baina plaka gero eta eskuinerago dagoenez gero. Hain zuzen, orain arte uharteotan egindako datazio erradiometrikoek bat egiten dute hipotesi horrekin: esaterako, datuek iradokitzen dute Lanzarote zaharragoa dela Tenerife baino, eta azken hau zaharragoa El Hierro baino.

Orain, sumendiak jaurtitako harri bolkanikoetan aurkitutako fosilei esker, uharteen datazioa ez ezik, haien azpiko sedimentu geruzen adinaren estimazioa dute esku artean. Ikerketa honen emaitzek bat egiten dute hipotesiarekin: ekialdeko irlen azpiko sedimentuak dira zaharrenak, eta gaztetuz doaz mendebaldera egin ahala. Zehazki, ikerketa honetan aztertutako mikrofosil gazteena duela 2,5 milioi urtekoa dela ondorioztatu dute: badirudi orduan hasi zirela eraikitzen gaur egun El Hierro izenez ezagutzen dugun irlaren zimenduak.

Iturria: Zientzia Kaiera Amaia Portugal

Advertisements

Posted on 2015/02/05, in Berriak, DBH-1 and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: