Blogaren artxiboa

2015a Argiaren Nazioarteko Urtea

1. irudia: Argiaren Nazioarteko Urtearen logoa. (Argazkia: Unesco)

2015a Argiaren Nazioarteko Urtea izendatu du Unescok, eta horren harira egin ditu adierazpenok Matherrek:

“Argiak bizitza ematen digu fotosintesiaren bitartez; denboran atzerantz begiratzeko aukera ematen digu, Big Bang kosmikorantz; eta lagundu egiten digu zentzumenen jabe diren Lurreko beste izakiekin komunikatzen. Gainera, espazioaren esploraziorako garatu diren optikaren eta fotonikaren alorreko teknologiek ekarpena egin dute eguneroko bizitzan, hortik abiatuta bestelako aplikazio baliotsuak sortu baitira”.

Let there be a Year of Light (izan bedi urte bete argi) da Argiaren Nazioarteko Urtearen leloa, eta urtarrilaren 1arekin abiatuko bada ere, aurkezpen ofiziala hilaren 19 eta 20an egingo dute Parisen, Unescoren egoitzan. “Argian oinarritutako zientziak teknologian duen garrantziaz arreta erakarri nahi dugu. Gure helburua da gizarteei sustengua ematea energia eraginkortasunaren eta argi adimendunaren alorreko erronkak har ditzaten, eta hala garapen jasangarrira heltzeko bide berriak urra ditzaten”, azaldu du Irina Bokova Unescoko zuzendari nagusiak.

Edozein une izan liteke egokia argiaren urtea ospatzeko, baina 2015a aukeratu izana ez da ausazko kontua. Hain zuzen ere duela mila urte, argiaren zientzian mugarri izan den zazpi bolumeneko liburu sorta bat plazaratu zen: Kitab al-Manathir, edo Optikaren liburua, Ibn al-Haytham zientzialari arabiarrak idatzia. Lehen hiru aleetan begiaren fisiologiaz eta pertzepzioaren teoriaz dihardu, eta hurrengo lau aleetan, optika fisikoaz.

2. irudia: Argiaren Nazioarteko Urtea ospatzeko egindako zenbait posterren bilduma. (Argazkia: © Offenburg University)

Ibn al-Haytham optika modernoaren, oftalmologiaren eta fisika esperimentalaren aita dela esan ohi da. Bai eta metodo zientifikoarena ere, eta aipaturiko liburu sorta da horren lekuko: esperimentuen deskribapen zorrotza egiten du bertan, baliatutako gailuak eta haren funtzionamendua zehaztuz, bai eta hartutako neurriak zein emaitzak ere. Bere teoriak garatzeko matematika (geometria) ereduak aplikatzen zituen, eta teoria horiek egiaztatzeko egiten zituen aipaturiko esperimentuak. Ez alferrik, benetako lehen zientzialaria izan zela ere esaten dute askok.

Basoran (gaur egungo Irak) jaio zen k.o. 965. urtean, eta Kairon (Egipto) hil, k.o. 1040.ean. Guztira 96 liburu idatzi zituela uste da, baina 55 besterik ez dituzte aurkitu. Denbora luzez bizi izan zen Egipton, eta bertan zela, hamar urte igaro behar izan zituen etxean preso; atxikitze horretan idatzitako lana da Optikaren liburua.

Ibn al-Haythamek garai hartan iraultzaileak ziren ekarpenak egin zituen; adibidez, argiaren jatorriari buruz. Orduan, batzuek uste zuten argi izpiak begietatik ateratzen zirela, eta beste batzuek zioten zerbait sartzen zela begietan, eta horrela irudikatzen zirela objektuak. Berak frogatu zuen argia ikusmen prozesuaren osagai ezinbestekoa eta independentea dela. Camera obscura (ganbera iluna) delakoa erabili zuen horretarako, erakutsiz zulo txiki bat aski dela irudi oso bat proiektatzeko. Duela mila urte bizi izan zen zientzialari honek oinarria jarri zuen, eta ondoren, beste askoren ekarpenari esker, ikasi dugu giza begiak nola antzematen duen argia. Nolabait, argazkilaritzaren aitzindaria izan zela ere esan daiteke.

Dena dela, Optikaren liburuaren agerpena izan arren argiarekin lotutako 2015eko urteurren borobilena, ez da bakarra. Beste gertakari edo aurkikuntza hauengatik ere hasiko gara bihar ospatzen Argiaren Nazioarteko Urtea:

1815: Augustin-Jean Fresnel. Argiaren uhinen teoria.

1865: James Clerk Maxwell. Uhin elektromagnetikoak.

1915: Albert Einstein. Erlatibitatearen teoria orokorra: argia espazioan eta denboran.

1965: Arno Penzias eta Robert Wilson. Mikrouhinen hondo kosmikoa.

1965: Charles Kao. Zuntz optikoa.

Iturria: Zientzia Kaiera

Argia, Naturgaiako baliabide berria

Ikasmateriala, DBHko 2. mailako Natur Zientziak alorrean, nahiz helduen heziketan (HHE) lantzeko prestatua dago.

Hausnarraraziko diguten galderak planteatuz, animazioak ikusiz eta jarduerak osatuz, apurka-apurka, argiaren inguruko ezagutza sakontzen joango gara: haren izaera, nola hedatzen den, zer abiaduraz, eklipseen zergatia, irudien eraketa-prozesua, lenteen erabilera eta abar.

Lotura: Argia

Argia harrapatua izan da, nanoGUNEn

Gara egunkariak abuztuaren 23an argitara ematen duen artikulu batek dioenez, CIC nanoGUNEko ikerlariek argia grafeno izeneko material batez harrapatu egin dute. Baina zertarako?

Behin argia harraptuta, argia garraiatzeko tresneria garatu liteke. Korrontez dabiltzan ordenagailuak gaindituz, argiz baliatzen diren ardenagailu eraginkorragoak egiteko, egungoak baino 40 bat aldiz txikiagoak.

Grafenoa kantitate txikietan ekoiztea ez dela zaila diote, baina etorkizunean izango daitekeen grafeno eskaera maila industrialean produzitzea dute Donostiako nanoGUNEko erronka gisa.

Artikulu osoa: GARA

Ekiona, eguzki-farolak

Eguzkiaren argia behar dute kargatzeko eta ilunpean egiten dute lan. Eguzki-farol hauek Donostiako enpresa batek diseinatzen ditu.

Kasuaren arabera erabakitzen dira kale-argia osatzen duten elementuen ezaugarriak eta neurria. Fabrikazioa baino, ingeniaritza-lana egiten dute.

Ekologikoak eta garbiak dira.

Baina zehazki zertan hobetzen dute egungo farola-sistema? Erantzunetan utzi zure iritzia, apirilaren amaiera baino lehen.

Argia itzali, Lurra piztu.

Iturria: WWF

Datorren larunbatean, World Wide Fund talde ekologistak bultzatuta, ordubetez argiak itzaltzeko ekimena bultzatu nahi da, berotegi efektuaz eta klima aldaketaz ohartarazteko.

Ekimen honekin, martxoaren 31.ko 20:30etatik 21:30etara, ordubetez, argiak itzali nahi dira. Ordubetez argiak itzali eta energia aurreztu nahi da. Eta batez ere ordubetez CO2 gutxiago igorri atmosferara.

Ekimena azaltzeko eta parte hartzeko web orria jarri dute martxan http://www.horadelplaneta.es

DV-ek dioenez Errenteriako udalak bat egin du ekimenarekin. Beraz, datorren larunbatean Errenteriako kaleko argiak 20:30etatik 21:30etara itzali egingo dira.

Animatu! Norberaren ekimen ttikiek planeta salba bai dezakete eta!