Blogaren artxiboa

Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodoa

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saileko ikertzaileek, karbono zuntzezko materialen hondakinen %100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute.

hands-952510_1280
Irudia: Airbus eta Boeingen azken bi modeloen pisuaren % 50 baino gehiago karbono zuntzezko konpositezkoa da.

Gaur egun izugarri erabiltzen dira konpositeak edo karbono zuntzez osatutako materialak, besteak beste aireontziak, aerosorgailuen palak, kirol artikuluak eta automobilak fabrikatzeko. Izan ere, materialok metal askoren propietate oso antzekoak dituzte, eta, gainera, ez dira batere astunak. Hori dela eta, urte hauetan sekulako gorakada izan du material horien erabilerak. Merkatuko azterlan guztien arabera, hurrengo urteetan ia-ia esponentzialki egingo du gora konpositearen erabilerak.

Material horiek erabiliz gero, hondakinak sortzen dira; hondakinok hegazkinen, aerosorgailuen eta abarren osagaiak fabrikatzetik sor daitezke, edo materialen balio bizitza amaitzen denean ere bai (adibidez, karbono zuntzez osaturiko hegazkin zatiak birziklatzean).

Karbono zuntzezko konpositeen osagai nagusiak karbono harizpiak dira, erretxina batekin inpregnatuak eta aglomeratuak. Material horiek birziklatzea ez da batere erraza, hiru arrazoi nagusi direla azaltzen du Isabel de Marco ikertzaileak:

  1. “material gehien-gehienak erretxina termoegonkorrez osatuta daude, hau da, ez dira urtzen beroa aplikatuta, eta, beraz, ezin dira berriz moldatu”;
  2. “askotariko osagai ugariz osatuta daude (erretxina, zuntzak, betetzeko gehigarriak…)”;
  3. “nahasita egon daitezke, edo beste material batzuk eduki (metalezko tartekiak, film termoplastiko babeslea, pinturak, etab.)”.

Enpresa mundura bideratu nahian

Karbono hutsezko zuntza oso-oso garestia da merkatuan. Horregatik, zuntzak berreskuratzeko instalazio batzuk hasi dira eraikitzen, zuntz horiek birziklatu eta konposite berriak lortzeko asmoarekin, “baina oraindik ere ikertzen dabiltza”. Instalazio horietan, zuntzak erretxinatik bereizten dira prozesu termiko baten bidez (pirolisia). Zehazki, erretxina deskonposatu eta lurrunak eratzen dira; hala, zuntzak matrizetik aske gelditzen dira, eta berreskuratu egin daitezke. Fabrika horietan, erretxinaren deskonposizioak sortutako lurrunak errausketaren bitartez ezabatzen dira; haien balioa, beraz, ez da aprobetxatzen, eta horrek isuri kutsatzaileen arazoa ekartzen du.

UPV/EHUko ikertaldeak argitaraturiko patenteak metodo bat zehaztu du lurrun horiek tratatu eta hidrogeno proportzio handiko gas baliotsu bat lortzeko, eta, ondoren, konposatu hori bereizi eta saldu ahal izateko. “Hidrogenoa etorkizuneko erregaia izango da, ez duelako kutsatzen: hidrogenoa erretzean, ura baino ez da sortzen. Gainera, sintesi kimikorako erabil daiteke hainbat eta hainbat aplikaziotan”, esan du De Marcok.

Horrenbestez, metodo patentatu horri esker, erretxina polimerikoari balioa eman dakioke, eta ez soilik karbono zuntzezko erretxinari, gaur egun egiten den moduan. Beraz, metodo horrek gaur egungo teknika hobetuko du, eraginkorrago eta iraunkorrago eginda. “Metodoa hondakin konpositeak tratatzeko egungo fabriketan instala liteke, edo diseinu berrietan txertatu. Aurretik egin dugun balantze ekonomikoaren arabera, hidrogenoa eta berreskuraturiko karbono zuntzak saltzeko prezioak errentagarri bihurtzen du prozesua”, azaldu du Alexander Lopez-Urionabarrenecheak, ikerlanaren zuzendariak.

Patentea interesgarria izan daiteke, batetik, karbono zuntzezko konpositeekin fabrikaturiko materialak egiten dituzten enpresentzat, euren hondakinak kudeatzeko, eta, bestetik, hondakinak kudeatzen dituzten enpresentzat. “Patenteari diru etekina atera ahal izateko, are gehiago sakondu behar da laborategiko ikerketan, eta eskala aldaketaren inguruko azterlan bat egin. Taldea hasia da prozesuan interesa duen enpresa batekin hizketan”, adierazi du Lopez-Urionabarrenecheak.

Iturria: Zientzia Kaiera

Zergatik zahartzen diren aparailuak

Orain egun batzuk, hainbat lankiderekin aritu nintzen jendeari “zaharkitze programatua” delako kontzeptua azaltzeko aukerez. Irrati-saio espezializatugabeaz ari ginen, eta mundu guztiak ulertzea genuen helburu. Ni egoskor nengoen “esateko beste erarik ez dago, ez dago eta ez dago, eta gainera, mundu guztiak ulertuko du termino hau erabilita”. Eztabaida hura zela eta, hainbat galdera egin nituen Facebookeko eta Twiterreko lagunen artean. Oso emaitza interesgarriak lortu nituen.

teknologia
Irudia: Zaharkitze programatua produktu baten bizitza erabilgarriari bukaera zehatza ezartzeari deritzo, ekoizleak berak produktua diseinatu eta merkaturatzean aurreikusi dena. Laburbilduz, biziraupena mugatua dute jaiotzatik aparailuak kontsumitzaileak berri bat eros dezan tarte jakin batean.

Lehenengo kasuan, nahiko feedback eskasa lortu nuen, 3.000 jarraitzailetik 27k baizik ez baitzidaten erantzun. Hala ere, %89k esan zuten bazekitela zer zen zaharkitze programatu hori. Facebookeko emaitzak argigarriagoak izan ziren. 130 iruzkin bidali zizkidaten, eta haietatik 8 mezutan bakarrik esan zidaten ez zekitela zertaz ari nintzen. Hala ere, ezagutzen nituen erantzuna eman zidatenak, eta azkenean ohartu nintzen irratiko nire lankideak zuzen zebiltzala: aurretik azaldu gabe ezin eman daiteke jakintzat horrelako termino bat, irrati espezializatugabe batean.

Hona galdera hau, Interneten begiratu gabe erantzuteko:

Badakizue zer den zaharkitze programatua delako hori?

Izan ere, hainbat lankiderekin hitz egin dut honetaz, eta ez dakigu ziur hau termino ezaguna den ala ez.

Nire lagun batek aditzera eman zidan zientzia esparrukoak ditudala Facebookeko lagunak, eta beraz nire galdetegiaren emaitzak ez zirela estrapolagarriak. Nik hasiera batean, nire laguna oker zebilela pentsatu nuen, baina erantzun guztiak jaso ondoren konturatu nintzen baiezko erantzunak batez ere teknikariek edo zientzialariek emanak zirela.

Beste alde batetik, galdetegia ez zen anonimoa eta hori kontuan hartzekoa da baiezkoen kopuru nagusia ulertzeko. Ezetz esan zutenen perfila bat zetorren irrati espezializatugabeen porfil orokorrarekin: 25-55 urtekoak, klase ertainekoak, bigarren hezkuntzako ikasketadunak, eta 10.000-550.000 biztanleko herri eta hirikoak.

Izatez, enpresek eta fabrikatzaileek egiten dute produktuak zenbat iraun behar duen kalkulatzen dute diseinu-fasean. Alegia, berariaz diseinatzen dute, epe jakin bat beteta produktua honda dadin.

Askok esan zidaten badagoela RTVEren dokumental interesgarri bat honi buruz:Comprar, tirar, comprar. La historia secreta de la obsolescencia programada. Bertan zehatz-mehatz jorratzen dute kontua.

“1911.ean 2.550 orduko bizitza bermatzen zen bonbilletan, baina 1924.ean, fabrikatzaile nagusiek iraupena 1.000ra jaistea adostu zuten. Phoebus taldeak sinatu zuen akordio hau, ‘erosi, bota, erosi’ zeritzona. Ofizialki ez zen horrelako akordiorik egon, baina gure saio honetan akordioaren dokumentu-frogak aurkeztuko ditugu, akordioa zaharkitze programatuaren sorrera izan zela agerian uzteko”.

Bestetik, nik neuk aurkitu dut “zaharkitze sumatua” deitu litekeen zerbait. Izan ere, norbaitek Facebooken aditzera eman zuen une jakin batean kontsumitzaileek beraiek sumatzen dutela bere objektuak modatik kanpo gelditu direla. Beraz, funtzionatzen jarraitzen badute ere, objektu berriak erosteko gogoa pizten zaie.

Kasu batean zein bestean, enpresak dira egoerari etekina ateratzen diotenak. Hala gertatzen da, bai denbora mugatua duten objektuen kasuan, bai eta merkatuan aldiro-aldiro diseinu-berrikuntza baizik ez dakarten produktuak jartzen direnean. Kasu guztietan ere, gora egiten dute salmentek.

Garbi dago erosleak eten gabe erostera bultzatuak gertatzen direla, baina horretaz gain, ingurumena oso kaltetua suertatzen da, maiz biodegradagarriak ez diren hondar asko sortzen direlako. Smarphone edo tablet bezalako objektu elektronikoen kasuan, zaharkitze mota biak jazotzen dira, eta gainera, milaka urte igarotzen dira litio edo berun-bateriak bezalako kutsatzaileak desagertu baino lehen.

Zer esanik ez, nekez alda dezakegu hau guztia, merkatu honetan milaka miloi baitaude jokoan.

Iturria: Maria José Moreno,  ZientziaKaiera

Mexiko-Tenochtitlan: Zero Zabor hiriburua espainolak heldu arte

Munduko megapoli handi eta kutsatuenetakoa den Mexiko hiriak bere zenbait arazo larriren giltza historian aurkituko luke. Etorkizunerako soluzioak, iraganean. Espainiarrek –euskaldunak barne– menderatu zutenean Azteken inperioa, hondakinak eta oro har iraunkortasuna Europako beste inon baino hobeto kudeatzen zituen gizartea suntsitu zuten.

net

Tomás Filsinger grafista mexikarrak Mapas y vistas del Anahuac. Espacio y tiempo en la cuenca y la ciudad de Mexico, 1325-2000 obran erakusten du ondoko irudia: Hernan Cortes eta bere gizonek nolako lurraldea aurkitu zuten 1520an Tenochtitlanera iritsi zirenean. Mapa zaharretan oinarrituta dago. 12 kilometro karratuko hedadura zeukan, aintziraren erdian kokatua. Inperioaren bihotza zen erdigune hiritartu eta monumentala, piramidez eta bestelako eraikinez betea, emankortasun handiko chinampa edo uharte txikiz inguratuta zegoen. Kanal txiki sareak bermatzen zuen pasabide azkarra, behar militarretarako bezala hiriaren horniketa eta hondakinen berrerabiltzea errazteko. Espainiarren konkista ondoren lakua hein handienean idorrarazi arren, oraindik geratzen dira chinampak Mexikoko auzo batzuetan. Famatuak dira Xochimilco aintzirakoak, espekulazioari aurre eginez gaurdaino iraun dutenak.

‘Zero Zabor’ kontzeptua 2010. urtean erabili zen estreinakoz euskaraz, kazeta honetan bertan. Zero Waste 1970eko hamarkadan sortu omen zuen Paul Palmer kimikariak. Duela bost mende horrelako izenik  ezagutzen ez zuten arren gaur Mexiko den herrialdean nagusi ziren Azteka jendeek, disziplina izugarriz zaintzen zuten Zero Zabor ideia… horretan askoz atzeratuagoak ginen europarrok menperatu eta haien egitura ekonomiko eta sozialak txirtxilatu genizkien arte.

Hondakinetan aditua den Martin Medina irakasleak azaldu berriak ditu horren zertzeladak, Nazio Batuen Erakundeak iraunkortasun gaiak lantzeko daukan Our World gunean: “The Aztecs of Mexico: A Zero Waste society”. Udan gorputzez bezala irudimenez urrutira txango egitea maite duen irakurleari atsegingarri gertatuko zaio zibilizazio haren berri ezagutzea. Etorkizuneko poz batzuk iraganera bidaiatuz   ikasitakotik sortu ditzakegulakoan.

Medinak plazaratuta dauka “The World’s Scavengers: Salvaging for Sustainable Consumption and Production” (Munduko txatarreroak: gaiak berreskuratu kontsumoa eta produkzioa iraunkor izan daitezen). Bertan aipatzen du gaur oraindik Mexikon hondakinak berreskuratzeari gaztelaniaz pepenar esaten diotela eta kaleko birziklatzaileei pepenadores: aztekek mintzo zuten nahuatl hizkuntzan pepenalia ei ziren antzinako birziklatzaileok. Azteken zibilizazioa zerbaitetan izatekotan  trebea, gogortasun militarraz gain, zaborretarako deus ez uzten baitzen.

Azteka jendea oso berandu arte gaur Mexiko denaren iparraldean eta AEB direnen hego-mendebaldean bizi ziren, basamortuetan nomada gisa, ehizari eta fruitu bilketari emanak. Gero hegorantz migratu ahala klima gozoagoa eta ur iturri oparoak aurkitu zituzten Mexikoko erdialdean. XIV. mendean bost aintzira zeuden lurralde horietan elkarri lotuak.

Aztekek gaur hiriburua den  lekuan Tenochtitlan fundatu zuten 1325ean, izen bereko aintziran, europarrak iritsi baino bi mende lehenago. Haiek heldu  aurretik ere han bizi ziren beste herriz inguraturik, aztekek hiri-estatua antolatu behar izan zuten baliatuz beren gerlari fama. Mende luzez mertzenario bezala borrokatuak ziren, besterentzako. Kokaleku berrian jende kopurua handitzen hasitakoan, diziplina militar berarekin antolatu behar izan zuten hiriburuaren handitzea aintziraren erdian.

Chinampa izeneko baratze-uhartetxo berriak eraikitzen hasi ziren, inguruko jendeek neolitikotik garatutako sistema ikasita. Zabalean 4-9 metro eta luzean 91 edukitzen zituzten. Aintzirako uretan lehenik oholez osatzen zuten hesia. Ondoren horietan ihiak landatu eta barruko eremua pixkanaka lokatzaz betezen zuten, inguruan urpetik aterata txalupaz garraiatutako lohiz. Ur-azalean lehorra azaldutakoan, perimetroan zuhaitzak landatzen zituzten chinampa egonkortzeko.

Espainiarrak iritsi zirenean –1521an menderatu zuen Hernan Cortesek– Tenochtitlan hiriburu gotorreko biztanle gehienak chinampa horietan bizi ziren. Monumentuak, agintea eta zerbitzuak zeuzkan erdiguneko hiritarrek behar zituzten elikagai gehienak kanalez kanal txalupaz oso eskueran zeuden uhartetxo horietan ekoizten zituzten. Eta gaur Mexiko den Tenochtitlan hura bere 200.000 biztanleekin zen Ameriketako handienaz gain munduko hiri handienetakoa, Europako beste edozein baino handiagoa.

Gurpilean

Azteken chinampen oparotasunaren gakoa, klima gozoa eta ura eskueran edukitzeaz gain, birziklatzean zetzan: baratzotan erabiltzen zituzten jendeen eta azienden hondakin guztiak.

“Areago –dio Medinak– chinampetan usatutako ongarririk onena gizakien simaurra zen. Hiriak komun publiko sarea zeukan jendeen eginkariak biltzeko eta arteka hiriko azoka nagusian ere saltzen zen. Pixa berriz oso preziatua zen adreiluen finkatzailetzat. Etxe bakoitzak zeuzkan zeramikazko ontziak pixa bildu eta saltzeko”.

Bide batez esanda, zibilizazio askok erabili izan dute giza simaurra nekazaritzan. Txinako adibidea izan da famatuena, baina izan dira beste asko. Aldiz, sarritan idatzi da Asia eta Afrikako gizarteek giza simaurrarekin harreman normalagoa duten bitartean Hegoamerikako jendeak koprofoboak direla. Mexikoko azteken historiak alderantzizkoa adierazten digu. Agian europarrok, zehazki Mediterraneoko jendeok, pasatu ote genien hainbat eritasunekin batera beren kakarekiko fobia traumatikoa?

Kontua da, Medinak aztertu duenez, Hernan Cortesek azpiratu aurreko Tenochtitlanen ez zela kasik ezer alferrik galtzen. Oihalak eta sua egin moduko materialak gauez erretzen ziren hiriko gune publikoak argitzeko.

Mende gutxitan nomada izatetik inperioa izatera iristeko baliatu zuten gogortasun militar berarekin antolatu zuten aztekek bizimodua Tenochtitlanen. Azken erregea suertatuko zen Moctezuma II.aren garaian (1502-1520) hondakinak gune publikoetan uztea edo lurperatzea zigortu egiten zen.

Gizakiak, batik bat etsai preso hartuak, sakrifikatzen zituen gizarte hark heriotza zigorra ezartzen zion zuhaitz bat baimenik gabe eraisten zuenari. Zigorretik ez zen libratzen ez pobrerik eta ez noblerik: aberatsen ume xahuketan harrapatuak heriotzara kondenatzen zituzten. Hierarkiak goitik eman behar zuen etsenplu.

Tenochtitlango antolaketan baziren funtzionarioak garbitasunaz okupatzen zirenak. Medinak dioenez,  “hondakin biltzaileok 700 urte daramatzate birziklatze lanean, lehenik Tenochtitlanen, Mexikon gaur egun”.

Aztekek antolatu zuten gizarte eredu berria agrarian urbanism delako ereduan sailkatu izan da, nekazaritzan oinarritutako hirigintza. Gero espainiarrek aztekak militarki menperatu ostean, haien hondakin kudeaketa ere suntsitu egin zuten, aintzirak gero eta gehiago idortu bertan Mexiko hiriburua eraikitzeko. Eta bertan hondakinen arazoa handitzen hasi zen, hiri moderno gehienetan den moduan.

Medinak azteken zenbait ikasgai nabarmendu ditu. Batetik, larritasun egoeretara egokitzeko ahalmena badutela gizarteek, ingurumen arazoak ere gainditu ditzaketela. Bigarrenik, orduan bezala gaur hondakinak baliabide direla, dena aprobetxatzen asmatuz gero. Hirugarrenik, gizarte batek antolatutako egokitzapenak arrakasta daukala saritzen baditu ondo dagitenak eta zigortzen oker jokatzen tematzen direnak.

Iturria: Argia

170.000 tona hondakin tratatzeko TMB planta bat egingo dute Zubietan

2014 eta 2015ean itxiko dituzte Gipuzkoako zabortegiak; ordurako, TMB planta bat, bi konpost planta eta biltegi bat egingo dituzte

80.000 tona hondakin organiko konpost bihurtuko dituzte Lapatx, Epele eta Zubietan

Bi kamioi, Zubietako gainetan, errauste planta egin nahi zuten orubean. Bertan konpost planta bat eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat egin nahi dituzte. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Zabortegi eta errauste plantarik gabeko hondakinen kudeaketa martxan jarri nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Prest du horretarako beharko den azpiegituren zerrenda: hiru konpost planta, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat eta hondakin geldoen biltegi bat. Horiekin batera, gaur egun dagoeneko martxan dauden beira, paper eta ontzi arinak birziklatzeko zentroak ere erabiliko dira. Aipatutako azken horiek ez ezik, Lapatxeko konpost planta da egun jardunean dagoen bakarra. Beste guztiak 2015 bukaerarako jarri nahi dituzte martxan. Hala bada, herrialdeko hiru zabortegiak —Lapatx, Sasieta eta Urteta— 2014 eta 2015 artean itxiko dituzte.

BERRIAk jakin duenez, TMB planta Zubietan eraikiko dute, errauste planta egitekoa zen lur sailaren ondoan. 170.000 tona jasotzeko prestatuta egongo da azpiegitura hori, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, hondakinak bereiztu eta ahal den gehiena berreskuratzea konpostatzera edo birziklatzera eraman ahal izateko; eta, bestetik, nahasitako hondakinek sortu ohi dituzten kutsagaiak (lixibiatuak eta gasak) ezabatzea.

Tratamendu horren ostean, berreskuratu ezin izan diren hondakinak —65.000 tona inguru— hondakin geldoen biltegi batera eramango dituzte. Edonola ere, kutsadura eragin dezaketen osagaiak kenduko zaizkienez, lehortze prozesu baten ondorioz, biltegi horretara eramango diren hondakinek ez dute kutsadurarik sortuko ezta usain txarrik eragingo ere, diputazioaren arabera.

Hondakin geldoen biltegi hori egiteko dagokion Arloko Lurraldeko Plana berritu egin beharko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, biltegia egiteko dauden aukerak aztertuko ditu, eta baten aldeko apustua egingo du. TMB planta eta biltegia 2015 bukaeran jarri nahi dituzte martxan.

Edonola ere, hori posible izateko, oposizioko alderdiren baten babesa beharko luke diputazioak. Hala izango ez balitz, ezingo lituzke eraiki bi azpiegitura horiek, eta, beraz, ezin izango dituzte zabortegiak itxi.

Konpost guztia, Gipuzkoan

Birziklatzea eta konpostatzea izango dira Gipuzkoako hondakin kudeaketa berriaren ardatzak. Diputazioaren asmoa da 2016rako hondakinen %60 gaika biltzea, 2002an Batzar Nagusiek onartutako Gipuzkoako hondakinen plan nagusiaren helburuekin bat eginez. Hala, 130.000 tona errefus sortuko lirateke herrialdean.

Politika horren oinarrietako bat da zati organikoa behar den bezala jasotzea, konpostatu ahal izateko. Horretarako, gaur egun Lapatxeko konpost planta besterik ez dauka martxan Gipuzkoak, baina urtean 3.500 tona bakarrik tratatzeko gai da. Herrialdean erraz gainditu dute 10.000 tonaren marra —12.000 bildu ziren iaz—, eta, beraz, zati handi bat herrialdetik kanpo eramaten ari dira, Funesko konpost planta batera (Nafarroa). Etorkizunean are eta materia organiko gehiago bilduko da herrialdean bereizita, aurten espero baitute 50 bat herritan %70etik gorako birziklatze tasak gainditzea.

Herrialdean beste bi konpost planta izango dira. Epelen, Bergaran, eraikitzen ari dira jadanik, eta urtea amaitu aurretik jarriko dute martxan. Beste bat Zubietan egingo dute, eta 2015ean egongo da prest. Hiruren artean urtean 80.000 tona tratatu ahal izango dituzte, alegia, herrialdean bereizita bildutako hondakin organiko guztia.

Aurrekontua

Zubietako errauste plantak 400 milioi euroko aurrekontua zuen, eta diputazioak aurkeztu duen azpiegitura sare berria prezio horren erdia baino gutxiago kostatuko da.

Hilaren 24 eta 25ean egingo ditu diputazioak bilerak Gipuzkoako oposizioko alderdiekin plan hau aurkezteko, eta haietakoren baten babesa lortzen saiatuko da.

Izan ere, bere hondakinen plana «osasungarri, iraunkor eta ekonomikoa» dela uste du foru aldundiak. Gainera, Europako Batasunak ezarritako prebentzioaren, berrerabileraren eta birziklatzearen lehentasunak bere egiten dituela iritzi dio. «Helburua da hurrengo hamarkadetarako arazoari irtenbide bat emateko oinarri iraunkor bat jartzea». Hondakinen kudeaketaren oinarria birziklatzea izatea da asmoa, eta horretarako kontsentsu politiko eta soziala lortzea.

Iturria: Berria.info

Birziklaia, bideo bitxia