Konputagailuak emakumeen gauza zirenekoa

Zientzia eta teknologiaren alorrean emakumezkoek egindako ekarpenak lausotuta gelditu dira historian. Informatikaren hastapenetan, ordea, hantxe zeuden emakumeak, adibidez, ENIACen sorreran.

Emakumeek konputagailuen historian uste baino zeresan handiagoa izan ote zuten otu zitzaion Kathy Kleimani. 80ko hamarkadaren amaiera zen. Kleiman konputazio zientziak ikasten ari zen Harvarden, eta adoregabetuta zegoen, inguruan horren emakume gutxi ikusita. Historian begiratu behar zuela erabaki zuen, eta, bide horretan, 1946an lehen konputagailu elektronikoa aurkeztu zenean —ENIAC ( Electronic Numerical Integrator and Computer)— egunkarietan aterako argazkiei begira jarri zen. Irudietako gizonezkoak izendatuta zeuden, baina nor ziren han agertzen ziren emakume haiek? Konputazioaren historiako aditu bati galdetu zion, eta hark publizitateko modelo modukoak zirela azaldu zion, irudi nolabait apainagoa eskaintzeko jarriak, hozkailuak saltzeko katalogoetan jartzen ziren emakumeak bezalakoak.

Baina Kleimani ez zitzaizkion modeloak iruditu. Eta arrazoia zuen: ez ziren modeloak. Kleiman eta beste ikerlari askoren lanari esker, pixkanaka-pixkanaka, aurreritziek lausotutako historian argiuneak zabaltzen hasi ziren.

II. Mundu Gerra ez zen inondik inora aurreko gerrak bezalakoa izan, hainbat ikuspegitatik. Adibidez, aurrerapen teknologikoei esker, historian lehen aldiz, zuzenean begiz ikusteko urrunegi zegoen etsaia ere jomuga bihurtu zen armentzat, urruneko muinoetatik jaurtitako artilleria proiektilentzat, edota hegazkinetatik botatako bonbentzat. Baina horretarako proiektilaren ibilbidea ondo kalkulatu behar zen. Jaurtiketa guneak, jaurtigailuaren abiadura, goratze angeluak, tenperatura, airearen dentsitatea, haizea… Aldagai mordoa izan behar zen kontuan.

Eta jakina, lan hori ez zen gerra eremuan egiten. AEBetako Armadak, esaterako, Pennsylvania Unibertsitatean egiten zituen kalkulu horiek guztiak jasotzen zituzten taulak, gero bonbardaketariek edo artilleriagizonek erabiliko zituztenak.

Konputagailuen lana izan zen hori. Eta konputagailu haiek ez ziren makinak: gizakiak ziren; emakumeak, zehatzago esateko. Gizon gazteak gerran zeudela, “herrialdeak behar zituelako” lantegietan eta armagintzan lanean hasi ziren lehen emakume haiek bezala, balistikako kalkuluak egiteko ere emakumeei deitu zieten, kasu honetan berezitasun jakin bat eskatuz: matematiketan jakintza izatea. Eta baldintza normaletan asko jota irakasle izatera kondenatuta zeuden emakume gazteez osatutako talde hark egin zuen lana ez zen nolanahikoa izan. Adibidez, kalkulu diferentzialeko ekuazio horietako bakoitzak, 30 orduko lana zuen, eta milaka eta milaka ekuazio egin behar zituzten, gerrak aurrera egin ahala. Analisi diferentzialerako analizatzaile mekanikoak, arkatza eta papera ziren haien lanabesak.

Emakume talde hark lanean jarraitu zuen, baita aliatuek Europan garaipena eskuratu ostean ere. Bitartean, Pennsylvaniako Unibertsitateko beste areto batean John Mauchly eta J. Presper Eckert, sekretupeko proiektu batean murgilduta zeuden: ENIAC makina asmatzen ari ziren, hain zuzen balistikarako kalkulugintza bizkortzeko helburuarekin.

1945. ekainean, makina eraikitzeko prest zeudenean, hura nork programatuko zuen pentsatzen hasi ziren. Haien ustez, benetako erronka makina egitea zen. Aldiz, programazioa lan astuna, aspergarria eta erraza izango zela uste zuten, bulegoko lanen antzekoa; zein hobeagorik bigarren maila horretarako unibertsitate berean jo eta su ekuazioak egiten zebiltzan emakume konputagailu haiek baino?

Hala errekrutatu zituzten: Betty Jean Jennings, Kathy McNulty, Frances Bilas, Elizabeth Snyder, Ruth Lichterman eta Marlyn Wescoff.

Makinatzarra

“Ez zeukaten oso argi zer eskatzen ziguten”, gogoratu zuen geroago haietako batek. Are gehiago, emakume haiek ez zuten askoz beranduagora arte ENIAC makina bera ikusteko segurtasun baimenik izan. “Plano bilduma itzela eman ziguten. Han zeuden makinaren panel guztien kable instalazioak. ‘Dezifratu makinak nola egiten duen lan eta nola programatu daitekeen’, esan ziguten”, gogoratuko zuen Kathy McNultyk.

Eta 18.000 huts tutu eta zirkuituz eta kablez jositako milaka zati zituen 27 tonako makinatzarraren logika estudiatu zuten, eta finean hura nola programatu asmatu zuten. Ez zen ez lan aspergarria edota milioika txartel zulatu egiteko lan astuna. Aitzitik, sekulako kreatibotasuna eskatu zien sei emakume haiei. Ez hori bakarrik, arazo askotarako, makinaren ingeniariek baino jakintza handiagoa lortu zuten, programazioa edo softwarea soilik ez, hardwarea ere ondo asko ezagutzen zutelako.

Itzelezko lana zen lehen konputagailu programatzaile hauena. Makinak segundu gutxitan kalkulatu edo ebatziko zuen problema sartzeak izugarrizko prestaketa lana baitzekarren. 1945eko udazkenerako ENIACen lehen demostrazioa prestatzen ari zirela, beste lan bat agertu zitzaien lehenago egiteko. Stanley Frankel eta Nicholas Metropolis Los Alamosetik etorri ziren, IBMren milioi bat txartel zulaturekin, hidrogeno bonbak erreakzio termonuklearra nola abia zezakeen jakin nahian. ENIACeko emakumeak beharrezkoak ziren txartel zulatu haietan zetorren programa makinan ezarri eta hura lanean jartzeko. Huraxe izan zen makina ikusi ahal izan zuten lehen aldia.

1946ko otsailean aurkeztu zuen AEBetako Gobernuak ordura arte sekretupean landutako ENIAC makina. Bazkari batekin ospatu zuten gertaera. Hantxe egon ziren unibertsitateko goi karguak, Armadaren eta Gobernuaren ordezkariak eta makinaren asmatzaileak. Eta sei programatzaileak ez zituzten gonbidatu ere egin.

Hasia zen haien presentzia lausotzen. Hedabideetan, aurkezpenaren berri ematerakoan ez zen emakume haien aipamenik ere egin. Argazkietan ere desagertuz joan ziren. The New York Times egunkariak plazaratu zuen argazki nagusia atzeko planoan agertzen ziren bi emakume. Gero, errekrutamendurako propaganda egiteko erabili zenean, argazki hura bera moztu egin zuten, ENIACeko emakumeak desagertaraziz.

Gerra bukatu eta gizonezkoak AEBetara itzuli zirenean, matematiketan jantziak ziren emakumeentzako tokirik ez zen gelditu Armadako proiektuetan, kriptografian, kalkuluan… Gobernutik irakaskuntzara edota aseguru konpainiatara joateko gomendioa eta guzti egin zitzaien. Sei emakume haietako batzuek, dena den, teknologiaren arloan jarraitu zuten, programazioaren historiako lehen pauso haietan parte hartuz.

Konputagailuen iraultzak, dena den, guztien beharra zuen eta emakumeak ere informatika alorrera deitzea beste erremediorik ez zen izan hurrengo hamarkadetan. Eta aurreiritzik gabeko alor berria zenez, emakume ugari sartu zen, hori bai, lanpostu horiek gero eta prestigio handiago lortu zuten arte. Hori gertatu zenean pixkanaka arloa maskulinizatzen joan zen. Gizonezkoen gauza bihurtu zen konputagailuena.

Montse Maritxalar: “Teknologiaren sorkuntzan egon behar dugu emakumeok”

Iturria: Irune Lasa, Berria

Advertisements

Posted on 2013/11/03, in Berriak and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: