Marie Curie eta Gerla Handia

Marie Curie.

Zientzia eta guda gizonezkoen alor esklusiboak ziren XX. mendearen hasieran. Espresuki debekatuak zitzaizkien emakumezkoei, neskametzarako edo gizasemeen menpeko lan anonimoetarako ez bazen behintzat. Lehen alorraren itxitura beste inork ez bezala gainditu zuen Mari Curiek, Fisikan eta Kimikan nobel sari bana irabazitako zientzialari bakarra dela kontuan hartuta. Bigarren esparruak ere jaso zuen haren alerik, hain laudatua izan ez den arren.

Arma modernoak zirela medio, latza eta odoltsua zihoan Lehen Mundu Gerra, eta Curie andereari ideia bat bururatu zitzaion fronteko zaurituak laguntze alde. Gorputzaren barrenak arakatzeko sistema iraultzaile bat zeukan gogoan, tirokatuen kasuan bala zehazki non zegoen azkar batean jakitea ahalbidetuko ziona, eria tokitik sobera mugitu gabe. Bere plana: auto flota bat erradiografiak egiteko aparatuz hornitzea eta fronteko sendagile eta zirujauen eskura jartzea. Automobilek dinamo bana ere eraman beharko zuten, motorraren martxa argindar bilakatuko zuena, erradiografiak egiteko ezinbestekoa.

Gaur egungo ikuspegitik begi bistako kontua eman badezake ere, ideia bikaina zen Curierena. Plana burutzeko, ordea, Frantziako Gerla ministerioa jarri behar bere alde, eta ez zirudien xamurra. Azken finean, erakunde militar batek, armadak, laguntza zibilari hauspoa ematea, baina gainera, emakumezko baten gidaritza onartzea baitzekarren proposamenak.

Zailtasunak zailtasun, lortu zuen goi agintariak limurtzea. Misiorako agindua 1914ko abuztuaren 12an heldu zitzaion Curie andereari, ez ordea inolako baliabiderik flota osatzeko. Frantses aberatsei joan zitzaien eskean, eta bereziki gizon ez zirenei. Hain zuzen, Frantziako Emakumeen Batasuneko diruari esker egin zuen bidea bere proiektuak, La Radiologie et La Guerre (1921) liburuan aitortu zuenez.

1914ko irailean, 20 Petite Curie edo erradiologi automobil prestatu zituen, alaba zaharrena, Irene, lagun zuela. Aipa dezagun bidenabar, amaren bideari jarraiki Kimikako nobel saria jaso zuela alabak ere, 1935ean. Bereizgarri, grisez margotu zituzten Curie Txikiak, eta gurutze gorriaren ikurra itsatsi zieten albo banatan.

Ama-alabek beste oztopo bati egin beharko zioten aurre, halaz ere. Fronteko zirujauek harri eta zur begiratzen zioten lagundu asmoz heldu berri zen tramankuluari. Luxua iruditzen zitzaien ibilgailu hura, baina batez ere, denbora galtzea. X izpien balioa ulertu behar izan zuten lehenik, Curie Txikiaren lana beren prozeduran onartzen hasteko. Apurka, behin-behineko soluzio bilakatu ziren, eta segidan zirujauen estimuko aparatu. 200 Curie Txiki inguru egin zituzten gerrak iraun zuen bitartean. 1,1 milioi erradiografia atera ziren automobilotan.

Baina erradiografiak egitea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, eta Curie andereak eskola sortu behar izan zuen emakumezkoek, sarbidea debekatua zuten ospitale militar haietan, zirujauekin batera lan egin zezaten. Edith Cavell, alemanek exekutatutako erizain britainiarraren izena eman zion eskolari. Mariek berak eman zizkien eskolak bi hilabetez, han formatu ziren 150 emakumeei. Besteak beste, matematika, fisika eta anatomia erakutsi zien.

Curie Txikia.

Erradiologia zerbitzuari paralelo, Radona lantzen aritu zen Curie anderea. Radioaren gasa da radona, garai hartan zenbait zauri osatzeko ospitaleetan oso erabilia. Teknika berriei esker, gas hori likido bihurtzen hasiak ziren zientzialariak, eta Marie Curiek radon hodiak fabrikatzeko Frantziako lehen zerbitzua sortu zuen Pariseko Ulm karrikan zuen lantegian.

Iturria: Argia

Advertisements

Posted on 2014/09/10, in Berriak and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: