Blogaren artxiboa

Elikagaiak mantentzeko, krustazeoen oskolak plastikozko filmen ordez

Nork ez du etxean, elikagaiak bildu eta mantentzeko erabiltzen dugun ezinbesteko material hori, plastikozko film-biribilkia? Ahalik eta luzaroen irauteko eta mikrobioetatik babesteko, besteak beste, estali ohi dira jakiak plastikozko filmez. Hori dela eta, gure sukaldeetan ohikoa dugu plastiko hau baina ohikoa da ere beste hainbat lekuetan aurkitzea. Izan ere, itsasoak eta ibai-bazterrak plastikoz beterik daude, arrain askok plastiko-zatiak irensten dituzte, zabortegiak ere plastikoz gainezka ageri dira.  Nonahi ikusten dira plastikozko poltsak eta filmak, eta 100-400 urte behar izaten dira haiek degradatzeko. Horrenbestez, petrolioaren deribatu diren plastikoez bestelako materialak sortzea premiazko eginkizuna da, ingurumenari egiten diogun kaltea leuntzeko.
Egun, hauen erabilera murrizteko, hain kaltegarriak ez diren materialen bila ari dira ikertzaile asko eta dirudienez badugu bat: kitosanoa, krustazeoen oskolekin egindako materiala.

plastikozko filma

Kitosanoa kitinatik lortzen da. Krustazeoen (karramarroak, otarrainak, izkirak eta abar) exoeskeletoko egitura-elementu bat da kitina. Zelulosaren ondoren naturan dagoen polimero ugariena da, ez da konposatu toxikoa eta gaitasun antimikrobiar handia du bakterioei eta onddoei aurre egiteko. Propietate hauek kontuan izanik, Itsaso Leceta ingeniari kimikoak, elikagaiak estaltzeko kitosanoaren erabilera aztertu du azenarioetan. Egindako ikerketa-lanean Lecetak frogatu du, alde batetik, kitosanoz egindako estalkiek ongi eutsi zietela jakiaren kalitate-ezaugarriei, eta luzaroago kontserbatu zirela.  Bestalde, ingurumenari kalte txikiagoa egiten diotela kitosanozko filmek plastikozkoek baino, inpaktu-kategoria ugaritan.

Ikertzaileak azaldu du, kitosanoz egindako estalkiak erabili dituztela lanerako eta zeintzuk diren honen onurak: “ganba, otarrainxka eta beste krustazeo batzuen oskolekin egiten da kitosanoa. Ingurumenari mesede egiten zaio oskol horiek aprobetxatuta; horrez gain, produktu biodegradagarri bat egiten da, kitosanoa alegia. Produktu horrek propietate antimikrobianoak ere baditu, eta oso aproposa da, hortaz, elikagaien industriarako. Horrez gain, azenarioen karga mikrobianoa murriztu egin du kitosanoak. Hori dela eta, hobeto eutsi diete beren propietateei”.

Laborategiko probek emaitza onak ekarri arren, elikagaiak ontziratzeko kitosanoaren erabilera industrial masiboa ez da berehalako kontua izango. “Oraindik ere ikerketa gehiago egin behar da. Energia berriztagarriekin gertatzen den bezala, bakarra ez da aski; hobe da ‘mix’ bat egitea. Biopolimero ezberdinekin lan egitea komeniko litzateke, petrolioaren deribatu diren materialak ahalik eta gehiena murriztuz joateko”, dio Lecetak. Dena dela, positiboa da egindako lanaren bere balorazioa: “Bizi-ziklo osoa kontuan hartuz gero, hobea da gure materiala petrolioaren deribatuekin egindakoak baino, ingurumen-kategoria ugaritan gainera. Izan ere, ingurumena da gakoa, eta hori izan du ardatz nire tesiak. Ingurumenaren aldetik hobea den material bat ez badugu lortzen, ez du zentzurik gure lanak”.

Nolanahi dela ere, oro ez da urre, eta hala aitortu du Lecetak: “Ingurumenari dagokionez, plastikozko filmak baino hobea da kitosanozkoa, ingurumen-inpaktuen kategoria ugaritan. Hala ere, horrek ez du esan nahi kutsatzen ez dutenik. Ohiko plastikoen produkzioan gertatzen ez den bezala, kitosanoaren manufaktura optimizatu gabe dago, oraindik. Optimizatuz gero, are gehiago murriztuko litzateke kitosanoaren ingurumen-inpaktua”. Laburbilduz, konponbide guztiek dituztela beren alde txarrak, eta kalte txikiena eragiten duen hura hautatzean datzala gakoa: “Zer da ‘hobea’: itsua izatea, ala gorra? Bada, antzeko erabakiak hartu behar izaten ditugu guk ere”, adierazi du ikerketaren egileak.

Ikertzaileari buruz:

Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen Itsaso Lecetak (Donostia, 1985), Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan (UPV/EHU), eta Material Berriztagarrien Ingeniaritzan (Donostiako Eskola Politeknikoa, UPV/EHU) masterduna da. Biopolimeroetan oinarritutako filmen prestaketa, karakterizazioa eta bizi zikloaren analisia du izenburu Lecetaren doktore-tesiak; tesiaren zuzendari, berriz, Koro de la Caba (unibertsitate-irakasle titularra eta BIOMAT ikerketa-taldeko burua) eta Pedro Guerrero (ikertzailea) izan ditu.

Iturria: Zientzia Kaiera

Advertisements

AG-21: Energia-erabileraren diagnostikoa; IKASLEEN galdetegia

DIAGNOSTIKO FASEKO  galdeketa honen bidez, ikastolako ikasleok Energiaren kontsumoarekiko dugun sensibilitatea eta benetazko ohiturak ezagutu nahi ditugu.

Irakasleek esaterakoan bete ezazue jarraian ageri den galdetegia.
Gogoan izan galdetegia ikusi eta erantzuteko beste leiho batean Haurtzaro ikastolako ikasle posta irekia eduki behar duzula ala orri hau postatik ireki izana.

10 galdera dira eta galdera batetik bestera mugitzeko galdetegiak berak duen eskuineko desplazamendu barra erabili.

Guztiak erantzun ondoren behealdean dagoen BIDALI botoia sakatu eta ongi eginez gero baieztapen mezua ikusiko duzu.