Birziklatze ohiturak gora egin du, Gipuzkoan batez ere

Birziklapen datuek gora egin dute EAEn, Eustatek argitaraturiko inkestaren arabera; lurralde historikoen artean, aipatzekoak dira Gipuzkoako datuak. Bertan, organikoa bereizteko ohiturak nabarmen egin du gora, 2008ko %16,8tik 2015eko %79ra.

Ingurumen kezkak gora egin du eta horrek eragina izan du birziklatze tasan.(Arg:Goiena)

Hondakin organikoak birziklatzeko ohiturak %40ko gehikuntza izan du EAEn, 2008ko datuekin alderatuta. Lurraldeen artean, Gipuzkoa da organikoen birziklapenean hobekuntza handiena izan duena. Papera eta kartoia EAEko familien %93,1ek birziklatu zuen, beira %92,8k eta plastiko zein metalezko ontziak %92,3k. Nolanahi ere, datuok herritarrei eginiko inkesta batean oinarritzen dira eta ez dute zertan bat etorri organikoen birziklapen tasa errealarekin; 2015eko martxoan, esaterako, %50ekoa zen birziklapen tasa.

Eustatek argitaraturiko datuek adierazten dute, bestalde, ingurumen kezka %92,9koa dela EAEn. Txostenaren arabera, biztanleak masiboki (%93,1) daude ingurumenaren egoera hobetzeko zenbait neurriren alde; hor leudeke erregai kutsagarrientzako zerga berezi bat ezartzea eta ur-kontsumo gehiegizkoa gutxitzea gisakoak. Ingurumenean arazo ekologikoren bat atzeman dutenen kopuruak (%19,9) behera egin du, 2008ko datuekin (%23,2) alderatuta.

Mugikortasuna

Ingurumenarekin loturiko bestelako familia ohiturak ere aztertu ditu Eustatek. Horien artean dago mugikortasunarena. Gipuzkoan garraio pribatua da erabiliena (%39,6); Araban oinez edo bizikletaz mugitzeko ohitura nagusitzen da (%50); eta Bizkaian orekatuagoak dira garraio publikoan (%36), pribatuan (%33) eta oinez zein bizikletan (%30) mugitzen direnen kopuruak.

Iturria: argia.eus

Posted on 2016/02/15, in Agenda 2030, STEAM and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi iruzkina