Celia, Pirinioetako azken bukardoa (basahuntza)

1. irudia: Celia, azken bukardoa. Pirinioetako basahuntz emea zen, 13 urte zituen eta 2003. urtean klonatu zuten. Ez zen emaitza onik lortu eta 2014. urtean berriz ahalegindu baziren ere berau klonatzen, ez dute lortu berreskuratzea.

1838. urtean Heinrich Rudolf Schinz zoologoak identifikatu zuen bukardoa.Pirinioetako basahuntzaren azpiespezie bat da bukardoa, Capra pyrenaica pyrenaica. Ezaguna zen, batez ere, Euskal Herriko, Huescako, Lleidako eta Gironako mendietan XX. mendera arte baina haren aztarnak Historiaurretik datoz, Paleolito garaiko haitzuloetan aurkitu baitituzte haren arrasto ugari.

Jatorriz lurralde zabalagoan bizi bazen ere, Pirinioetako ingurunean kokatu zen. XIX. mendeko erdialdetik aurrera bukardoaren ehiza modan jarri zen Espainia, Frantzia eta Bretainia Handiko ehiztarien artean. Arren adar handiak eta zabalak trofeo preziatua bilakatu ziren eta haren ehiza izugarri hazi zen. Ondorioz, 1860. urtean Pirinioetako isurialde frantziarrean desagertu zen. 1920. urtean 50 bat ale gelditzen ziren, ia guztiak Ordesa inguruan bizi ziren. 1913-1918 tartean ehiza debekatu bazen ere, populazioa nabarmen jaitsi zen Ordesan eta 1980. urtean 30 ale besterik ez ziren zenbatu.

2. irudia: Bukardo arra, 1970 inguruan Ordesako parkean. (Argazkia: Bernard Clos)

Handik aurrera desagertzeko arrisku bizian egon zen eta arriskua egi bihurtu zen. 1999. urtean aurkitu zuten hilik azken arra eta 2000. urteko urtarrilaren 6an hilik aurkitu zuten Ordesako Faja de Pelay ingurunean Celia, azken bukardo emea, jausitako izei baten azpian.

Celia desagertu aurretik haren zelulak hartu zituzten eta 2003. urtean basahuntza klonatu zuten zientzialariek, berreskuratzeko asmoz. 60 ahuntzetan egin zituzten inplanteak klonazioa bideratzeko. Ahuntzak hiru motatakoak izan ziren, ahuntz arrunta, Pirinioetako basahuntz hispaniarra eta bien arteko hibridazioa ziren ahuntzak. Zazpi ernaldi lortu ziren baina bakarrak eman zuen emaitza. 2003ko uztailaren 30ean jaio zen Celiaren klona baina minutu gutxi biziraun zuen, arnasketa arazoak zirela eta, laster zendu zen.

Seguru nago zuetariko asko Pirinioetara hurbildu dela egunotan eta, beharbada, Ordesa eta Monte Perdidoko Parkeko egoitzan ezagutu duzue Celia, azken bukardoa, bertan baitago. Horrez gain, Linas de Broto herriko aterpetxera hurbildu bazarete, honako hau irakurriko zenuten bertan:

Neurrigabeko ehizak desagerrarazi zuen frantziar isurialdetik Pirinioetako ahuntza 1860. urtean (Bukardoa, Capra pyrenaica pyrenaica, Schinz) eta Espainian haren bizitokia zeharo mugatu zuen. Batez ere, Huescako Maladeta eta Monte Perdido mendiguneetan ikusi zen handik aurrera. 1910. urtean, gutxi gorabehera, Maladetatik desagertzen da eta bizirik iraun zuten ale apurrak Monte Perdidoko eremuan alboratu ziren. 1918. urtean, 40 ale besterik ez zeudenean, bukardoaren ehiza debekatzen da. 1944. urtean Bukardoa Berreskuratzeko Plangintzari hasiera ematen zaio, sasoi hartan dozena bat ale besterik ez zeuden bizirik. Izugarrizko porrota izan zen. Azken bukardoa, Pirinioetako basahuntz eme bat izan zen eta 2000. urteko lehen egunetan zuhaitz batek zapalduta hil zen Ordesan. Espezi baten amaiera izan zen, gizakion utzikeriaren biktima.

“Pirinioetako endemismoa da (zen). Egungo populazioaren tamaina: zero (0)”.

Gainbehera latza sufritu zuen Pirinioetako basahuntzak, bukardoak, neurrigabeko ehiza eta haren habitataren galerarengatik. Mendian bazabiltzate, gogoan izan, gure gozamenerako diren inguruneak hamaika espezien bizitokia direla.

Iturria: Zientzia Kaiera

Advertisements

Posted on 2015/08/08, in Berriak, DBH-1 and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: