Hezkuntza eta jakin-mina

Azken hilabeteotan, eztabaida bat piztu da gizarte-sareetan eta blogetan. Eztabaidak ez du kasu guztietan emaitza interesgarririk eman, baina sutsua izan da beti ere: zientzia-ikasketetan emakume gutxi daude. Ikerketa batzuek agerian jarri omen dute adin txikiko ume guztiek erakusten dutela zientziarekiko jakin-mina, eta askoz ere beranduago hasten direla neskatoak grina hori alde batera uzten. Izan ere, beste ikasketa batzuetara jotzen dute beranduagoko aldi horretan.

Emakumeei erreparatzen ari ginela, ahaztu egin dugu kontuaren benetako gakoa: zientzia-grina falta. Izan ere,  zientzietako karreretan izen-emateak jaisten ari dira eta bestelakoetara aldatzen ari dira eten gabe, eta bestelako horiek praktikoagotzat jotzen omen dira.

Hezkuntza eta jakin-mina

1. irudia: Zer izango ote dira gure seme-alabak etorkizunean?

Eragile asko daude zientzia-grinaren galera honen atzean. Zientzia gutxitan azaltzen da hedabideetan, eta gizarteak arrotz eta elitista ikusten du esparrua. Gizarteak uste du zientzialaria friki bat dela, eta zientzialariek eragozpenak dituzte gazte jendearengana iristeko moduko diskurtso bat gauzatzeko. Eragile hauek guztiak oso garrantzitsuak dira, baina nire ustez bada are funtsezkoagoa den kontu bat, gure gizartearen oinarri betean kokatua: gurasoek seme-alabei helarazten diegun hezkuntza eta diskurtsoa.

“Zertarako ikasiko duzu hori?”

“Ez du eta ezertarako balio”.

“Goseak hilda bukatuko duzu azkenean”.

Hemengo post honetan oinarri horretara jo nahi dut: hasiera-hasierako irakaskuntza, eta zer ikasi erabaki behar den garaia. Argibide batzuk helarazi nahi dizkiet gurasoei, beren umeak ilusioz eta nolabaiteko itxaropen errealaz aukeratu dezaten lan bat eskain diezaieketen ikasketa.

Girls.Inc web-orriak hainbat aholku ematen ditu zientzia-bokazioa pizteko, baina hori neskato zein mutikoetan lortzeko egiten du. Izan ere, nik uste, zertarakeria da orain inguruan dugun arrisku nagusia. Gurasoen kezka ulergarria da, baina kezka horrek baldintzatu eta murriztu egiten ditu gure seme-alaben ondo bideak.

Gurasoentzako aholkuak
  1. Onartu gure seme-alabek zientzia, teknologia eta matematikarekiko duten grina. Galdetu zein ikasgai dituzten atseginen.
  2. Jakin gure seme-alabak nola dabiltzan ikastetxean. Zein irakasle dituzten gustukoen, eta zein irakaslek ematen dieten kemena, atsegin duten gaietan aritzeko. Esan seme-alabei irakasleei galderak egin eta laguntza eskatu behar dietela. Zer esanik ez, komenigarria da, ahal dela, irakasle horiekin hitz egin, jakin behar baitugu gure seme-alaben jakin-minei buruz beraiek duten iritzia, eta gainera guztion artean erabaki dezakegu gure seme-alaben pizgarriak etxean nola jorratu.
  3. Galdetu seme-alabei nola ikusten dituzten zientzialariak eta zientzia bera.Erakutsi gure eguneroko bizitzaren parte dela zientzia. Museo, erakusketa eta beste edozein tokitara joan, baldin eta bertan zientzia “ikusgarri” bilakatzen bada. Egun era eta eduki askotako baliabide ugari daude, gure seme-alabek zientzia beregana dezaten.
  4. Kemena eman seme-alabei bere jakin-mina aintzat hartzeko eta garatzeko. Ez utzi inoiz “bakarrik mutikoena” edo “bakarrik neskatoena” dela pentsatzen. Laguntza eman edukiak eta materialak erosotasunez, konfiantzaz eta lasaitasunez jorratzeko. Ulertarazi arazo eta oker handienetatik sortu direla batzuetan aurkikuntza handienetako batzuk.
  5. Galdetu etorkizuna nola ikusten duten. “Zer izan nahi duzu handitzen zarenean?” Neskatoei zientzian aritzeko kemena eman, orain arte esparru horretan neska gutxi aritu bada ere. Mutikoei ez eragotzi erizaintza, haur-eskolako irakaslea edo emagin izatea.
  6. Giza eredu desberdinak ezagutu behar dituzte, bereziki emakume ereduak, esparru guztietakoak. Emakumearen presentzia ageri-agerikoa izan behar da, bai neskatoentzat bai mutikoentzat ere. Emakumezkoen ereduak normaldu egin behar dira. Telebistaz agertzen denaz harago joan behar dugu. Izan ere, futbolariak, abeslariak eta meriturik gabe ospetsu bilakatu den jendea, besterik ez da ikusten bertan. Iraganeko edo egungo zientzialarien bizitzaren berri eman behar zaie. Beraiengandik gertu dagoen jendearen berri eman behar zaie: kimikariak, fisikariak edo matematikariak, zientzia-eremu guztietan lan egitea zer izan litekeen erakutsiko dietenak.
  7. Seme-alabak ekartzen ditugunean, mundua berriz aurkitzen dugu, edo agian lehendabizi aurkitzen ditugu munduaren hainbat esparru. Oso pizgarriak izan daitezke umeentzat guretzat inola ere interesgarriak ez ziren esparru batzuk, eta hori dela eta, erraz gerta daiteke etengabe guri galdezka ibiltzea. Ama edo aita modura, suerte hobeagoa dugu aurreko belaunaldiko kideek baino. Badakigu Internet baliabide oso garrantzitsua dela, eta bertan aurki ditzakegu haurrei emateko moduko erantzunak edota gure zalantzak argitzeko moduak ere. Areago, beraiekin batera egin dezakegu “bidaia”, ikerketaren gozotasuna dastatuz.
  8. Gutako asko, txikitan, ez ginen ondo moldatzen irakasgai batekin: fisika, kimika, historia… Berriz pentsatu behar dugu horretaz, gure garai hartako jarrera aldatzeko. Edonola, garbi dago gure iragan horrek ez diela gure seme-alabei eragin behar, eta ez ditugula desbideratu behar guk jorratu genituen okerreko bide berberetara.
  9. Pentsatzen erakutsi behar diegu, “ez dakit, nork lagunduko dit” edo “saiatuko naiz”. Inola ere ez “ezin dut”. Funtsezkoa da zaila izan arren bide hori jorratzeko moduan daudela erakustea. Bai zientzietan, bai bestelako esparruetan aritzeko, oso garrantzitsua da lana eta jarraikitasuna. Bizitzan ere halaxe gertatzen da: matematikan, fisikan edo bestelako batean okertzeak ez du esan nahi txarrak garenik; saiatu saiatu garela esan nahi du.
  10. Ez esan inoiz “hori oso zaila da” edo “hor asko ikasi behar da”, eta are gutxiago “…eta gainera gero lanik ez lortzeko”. Askoz ere txarragoa da zure gustukoa ez den zerbait ikasi, beti ere ustezko lan bati begira. Bultza ditzagun gure seme-alabak atsegin dutena ikastera, eta eman diezaiegun are babes sendoagoa, baldin eta uste badute ezinezko gertatuko zaiela, oso zaila dela, ikasketak bertan behera utzi behar dituztela. Ez diegu guk behintzat esango ezinezko geratuko zaiela edo ez duela merezi.

Aurreko hauek guztiak, aholkuak baino zehatzago, gure seme-alaben hezkuntzan hartu beharreko jarrerak dira. Eta berdin-berdin balio dute, historia, artea zein arkeologia tartean dagoelarik.

Hezkuntza eta jakin-mina

2. irudia: Hezkuntza ez da bizitzarako prestakuntza, hezkuntza bizitza bera da.

Ez dugu ahaztu behar unibertsitateko ikasketak ez direla langile-sorgune bat, batzuek nahierara sortutako langileak nahi balituzte ere. Unibertsitatean, ezagumendu jakin batzuk lortu behar dira, pentsatzen ikasi behar da, eta jarrera kritikoa garatu behar dugu.

Alde batera utziko dugu bada zertarakeria eta sor dezagun gure seme-alabengan fisika, kimika, arte edo dena delako esparruarekiko grina. Lagun diezaiegun bokazio-izar horren atzetik ibiltzen, aukeratzen duten izarra aukeratzen dutela ere.

Iturria: Ana Ribera, Zientzia kaiera

Advertisements

Posted on 2015/06/26, in Berriak, DBH-4 and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: