ETORRI NIRE BILA

Gidaririk gabeko autoak, edo sareaz konektatuta egongo diren etxetresnen hedatzea ekarriko du gauzen Internet gero eta gehiago zabaltzeak. Edozein gailu konektatu ahalko baita sarera. Hori izan da ostiralean amaitu den Las Vegasko CES azoka teknologikoak ekarri duen berritasunik aipagarriena.
1

Teknologiaren hazkundea ez da lineala izaten ari, esponentziala baizik». David Roberts Sillicon Valleyko (AEB) Singularity unibertsitateko adituak hitz horiekin laburbildu zuen joan den urte amaieran teknologiaren egungo egoera. «Teknologia abiadura astronomikoan ari da garatzen; pentsa, batzuetan guretzat ere zaila da bilakaera hori ulertzea». Hori esanda, mahai gainean jarri zituen aipatzen duen hazkunde horren adibideak. XX. mendeko lehen 70 urteetan izaniko aldaketa abiadura «erruz gainditu» dela azken lau urtean zioen, eta 2003. urte osoan munduan sortu zen informazio guztia gaur egun hamar minutuan sortzen dela. «Produktu berriak dagoeneko ez dira ukitu daitezkeen objektuak; software gisa ari dira sortzen». Eta hor dago garapen esponentzial horren gakoa, Aitor Aretxaga adituaren ustez ere: «Gailu batentzako sistema eragile ugari sortzen dira». Beraz, objektu bakar baten bueltan teknologiaren garapena uste baino handiagoa dela zioen Robertsek.

Baieztapen hori aste honetan bertan berretsi dute, gainera. Ostiralera arte CES azoka egin dute Las Vegas (AEB) hirian, eta nahikoa da han aurkeztu dituzten berritasunei erreparatzea adituek dioten joera hori hala dela ikusteko. Hasi berri den urtean teknologiak zein joera izango duen erakusten dute sektoreko enpresek, eta aurten aldaketa nagusi bat izan da. Aurreko urteetan ez bezala, sakelako telefonoak, ordenagailuak edota tabletak ez baitira azokako protagonista nagusiak izan. Bigarren mailan geratu dira. Horien ordez, garrantzi nagusia gauzen Internetek eta janztekoak diren gailu elektronikoek hartu dute. «2014an abiatu zen joeraren jarraipena» dela azaldu du Aretxagak. Jarraipena bai, baina teknologiaren garapena bezala, esponentziala.

Kasinoen hirian egon diren aditu denek izan dute gauzen Internet ahotan. Baita Yoon Boo-Keun Samsungeko presidenteak berak ere. Hala zioen azokaren sarrera hitzaldian: «Gauzen Internet esaten zaion aroa hastapenetan dago, eta ez da etorkizun abstraktu bat. Errealitate hori egia bihurtzeko beharrezko elementu guztiak gure artean dauzkagu». Egunerokoan ohikoak diren elementuak sarera konektatzeari deitzen zaio gauzen Internet, eta horiek edozein lekutatik kontrolatu daitezke era horretan. Azokan halako gailu ugari aurkeztu dituzte. Hala nola sarean konektatzen diren automobilak, erlojuak edo etxetresnak. Eta etorkizunean ildo horrek izango duen garrantziaren jakitun, Yoonek aurreratu zuen bide hori sakontzen jarraituko dutela: «Hemendik bost urtera gure produktu denak, telefono, labe edo xurgagailuak izan, adimendunak izan daitezela nahi dugu».

Duela gutxi arte ezinezkoa zirudien garapen horrek, baina horretarako baldintza logistikoak hobetzen ari direla azaldu du Aretxagak. «Iraganean, sarea mugatuta zegoen, eta ezin zen nahi zen guztia sarean konektatu. Orain nahi beste helbide izateko mugarik egongo ez denez, edozein gailuetara konektatzeko aukera zabalduko zaigu». Ondorioz, gauzen Internetek iraultza teknologiko eta ekonomiko bat eragingo duela dio.

Michael Knight berriak

Horren jakitun dira automobilen sektoreko arduradun nagusiak ere. «Gauzen Interneten garapenarekin batera, gure industriari aukera berri bat zabaltzen ari zaio parean», zioen Elmar Frickenstein BMWko zuzendariorde elektronikoak aste honetan. Hori esan, eta orain arte zientzia fikzioa zena errealitate izan daitekeela erakutsi zuen. Horretarako, eskumuturrean zeraman erlojuari lau hitz esan zizkion: «BMW, etorri nire bila». Agindua jaso, eta autoa abian jarri zen, gidariaren ondoan geratzeraino. Ez zen Knight Rider telesaileko Kitt automobila, eta Frickenstein bera ere ez da Michael Knight. BMW garatzen ari den teknologia azokan erakutsi zutena ez den bezala. Lantzen ari diren aplikazioa erakusteko modu bat besterik ez zen izan. Forbes aldizkariak aurreratu duenez, konpainia alemaniarra autoak aparkatzeko teknologia bat garatzen ari da. Erloju batekin aktibatu, eta ibilgailua aparkaleku batean era autonomoan mugituko litzateke aparkalekua topatu arte. Frickensteini, ordea, antzezpenak balio izan zion arreta guztia bereganatzeko.

Mercedes konpainiak bai, gidatze autonomoa duen ibilgailua aurkeztu zuen azokan, eta, horrela, BMWk bezainbeste arreta bereganatu zuen. Automobilen geroaz hala hitz egin zuen Dieter Zetsche konpainiako presidenteak: «Etorkizunean, luxuzko ondasunaz gozatu ahalko dugu ibilgailuetan: espazio pribatuaz, eta denboraz». Horretarako, gidariaren eserlekuak bira ematen du, automobilaren barruan espazio handi bat sortuz. Aurrerapena ere egin zuen Zetschek: «2030erako era horretako ibilgailuak ikusi ahalko dira errepideetan». Urruna den etorkizuna oraingoz, baina mugarria ere izan daitekeena, askoren ustez.

Jantziak ere sarean

Gauzen Internet garatuz joango den heinean, gero eta gailu gehiagok izango dute sarerako sarbidea. CES azokan oheak, labeak, garbigailuak eta kafea egiteko makinak ere aurkeztu dituzte, denak ere Interneterako sarbidearekin, eta, ondorioz, sakelako telefonoaren bidez aginduak emateko aukerarekin.

Baina gauzen Internet ez da gailuetara bakarrik mugatuko, baita jantzietara ere. Teknologia weareable-a bezala da ezaguna. Ezagunenak eskumuturrean jartzen diren gailuak dira, eta, CEA AEBetako elektronika kontsumoko patronalak egindako ikerketa baten arabera, arrakasta izango du aurten teknologia horrek. Izan ere, estatubatuar helduen %9k halako gailu bat erosteko asmoa dauka aurten.

Baina horiez gain, txirrindularitzako kamisetek, galtzerdiek, kaskoek eta maskotentzako osagarriek ere izango dute sarerako sarbidea. «Espero ez dugun jantzietara ere iritsiko da Interneterako sarbidea».

Joan den urtean Googlek betaurreko adimendunak aurkeztu zituen, «sustapen itzela egin zien, baina, oso garestiak zirenez, ez zuten arrakastarik izan», azaldu du Aretxagak. Aurten, baina, kontraerasoa egingo duela dirudi, beste betaurreko batzuk merkaturatzeko asmoa azaldu baitu konpainia estatubatuarrak. Edozein moduz, adituak ez du uste aurten ere salmenta handirik izango duenik.

Bestelako iritzia du hiru dimentsioko inprimagailuen inguruan. «Joan den urteko berrikuntza interesgarrienetako bat izan zen, eta iraultza bat eragin du, esaterako, hezkuntzan». Lanbide Heziketan eta halako ikasketetan gailu oso erabilgarria dela uste du, une bakoitzean behar den pieza egiteko aukera ematen duelako. Gailua bera ez da izango 2015 honetako berrikuntza bat, baina bai haren demokratizazioa. Izan ere, gero eta konpainia gehiago interesatu dira teknologia honetan, eta horrek produktuaren merkatzea eragingo du. Adibide moduan, CES azokan 30 enpresak erakutsi zituzten euren inprimagailuak, eta azokan bertan 1.400 metro koadro hartu zuen horiei eskainitako guneak. Aurreikuspenak ere tamaina horretakoak dira, CEAren arabera. Urtea amaitu bitarte, mundu osoan, 67.000 inprimagailu salduko baitira AEBetan, iazko kopurua baino %43 gehiago. «Eskola askok erosiko dute, norbanakoez gain».

Baina inprimagailuen esparrua ez da urte honetan demokratizatuko den bakarra. Irudiaren esparruan bi eremu gero eta gehiago zabalduko baitira. Batetik, 4K telebista dago. Zinemako pantailako kalitatearekin gero eta gehiago parekatuko da pantaila txikikoarena, eta prezioak ere merkatu egingo dira. Horretarako, ezinbestekoa izango da garatu berri duten puntu kuantikoen teknologia, eta, aditu askoren arabera, 4K telebista —bereizmen handiko estandar berria— zabaltzeko giltza ere izango da. Samsung eta LG konpainiek baliabide horrekin landutako telebistak aurkeztu dituzte azokan, eta harrera beroa jaso dute, gainera. Horrez gain, Hollywoodeko estudioek eta etxetresnetan lider diren konpainiek 4K sistema bultzatzeko akordioa plazaratu dute CESen bertan. Berrikuntzak eta asmoak, beraz, ildo beretik doaz.

Bestetik, irudiaren esparruan errealitate birtualak ere zeresana eman du aurten. «Proiektu oso handizalea zen hasieran, esparru askotara iritsi nahi zuelako, baina azkenean bideo jokoetara mugatuko da ziurrenik», azaldu du Aretxagak. Razer konpainiak OVSR betaurrekoak eraman ditu azokara, eta duela gutxi arte oso esku gutxitan zegoen gailu bat jende gehiagorengana iristeko prezioan merkaturatuko ditu, gainera. Baina aurrera pauso nagusi bat eman du bideo jokoetan espezializatutako enpresak, kode irekiko plataformakoak izango baitira betaurreko horiek. Hau da, bakoitzak bere arabera programatu ahalko du, eta, adituen ustez, aplikazioa esponentzialki haziko da. Baita horretan ere.

Advertisements

Posted on 2015/01/11, in Berriak, Teknologia and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: