Geruza bakarreko ontzi biodegradagarria

Plastikoek gure bizitzan duten presentziak goranzko joera geldiezina da. Jakina da, ontzi tradizionalek produktua babesten dutela, merkeak direla eta luze irauten dutela baina iraupen hori arazo larria da ingurumenerako. Hau kontuan izanik, ontzien industriak material berri iraunkorragoak garatzea du ardatz. Propietate hobeagoak, ekonomikoki bideragarriak direnak eta, horrez gain, sektoreak eskatutako betekizunak betetzen dituzten materialak. Ildo honetan, ekoizle eta kontsumitzaileengan antzemandako joerak erantzuteko asmoz, material iraunkorrak garatzen ari da UPV/EHUko BIOMAT taldea. Egun, nekazaritza eta industria arloetako azpiproduktuetatik abiatuz, produktu koipetsuetarako geruza bakarreko ontzi aktibo eta biodegradagarria garatu berri du taldeak.

1. irudia: EHUko Biomat ikerketa-taldea. Besteak beste, material berriztagarrien eta biodegradagarrien,  ikerkuntza-lerroa ikertzen dute.

1. irudia: EHUko Biomat ikerketa-taldea. Besteak beste, material berriztagarrien eta biodegradagarrien ikerkuntza-lerroa garatzen dute.

“Gaur egungo gizarteak, kontsumo joera berriak dituenez, bere premietara egokitzen diren diseinu berriak eskatzen ditu. Bizitzaren erritmoak erosketak egiteko maiztasuna gutxitzea dakar, eta horrek, halaber, produktua denbora luzeagoz kontserbatuko duten ontziak eskatzen ditu. Gainera, ontzi ekoizleen eta ontziratze industriaren kezka ere aintzat hartu behar da, ekoizpen eta logistika sistemetan joera berriei aurre egiteko eta irtenbide berriak prezio lehiakorrean eskaintzeari dagokionez. Xede hori lortzea posible izango da, betiere ontzi berrien garapena gaur egun erabiltzen den teknologiara egokitzen bada, eta erabilitako material kantitatea gutxiagotzeko diseinua hobetzen bada” azaldu du Pedro Guerrero UPV/EHUko Unibertsitate Eskola Politeknikoko Material Berriztagarriek Ingeniaritza arloko ikertzaileak eta BIOMATikerketa-taldekoak.

Zenbait ingurumen estrategien aldeko apustua egin da, tartean iturri berriztagarrietatik eratorritako lehengaietatik abiatuz lortutako materialak erabiltzea, hain zuzen ere, bizi-zikloa bukatu ondoren, biodegradatzeko gaitasuna dutenen alde. “Gaur egun, material horiek mundu mailako ekoizpenaren % 1 besterik ez dute hartzen, European Bioplastics elkartearen datuen arabera, baina epe laburrera merkatu segmentu horrek gora egitea espero da; aurreikuspenen arabera, 2017. urtean laukoiztera ere iritsiko da. Zehazki esateko, 2013an bioplastikoen mundu mailako ekoizpena 1,6 milioi tonakoa izan zen, eta 2017. urtean 6,2 milioira iristea espero da, Institute for Bioplastics and Biocomposites erakundearen arabera. Ikerlerro horren barruan, BIOMAT taldea zenbait proiektu garatzen ari da elikagaien ontzietan eta beste sektore batzuetan aplikatzeko, esaterako sendagaien sektorean, elektronikan edota garraioan.”

Bioplastikoen industria sektore dinamikoa da eta etengabe hazten ari da, eta, horri esker, material horien salneurriak behera egin du; etorkizun hurbilean ohiko plastikoen pareko prezioa izatea espero da. Alderdi horri esker, elikagaien ontzien sektorean aplikatutako ikerketa material biodegradagarri edota berriztagarrietan oinarritutako ontziak garatzerantz bideratu ahal izan da. UPV/EHUko BIOMAT taldearen ikerlerroetako bat polimero berriztagarrien eta biodegradagarrien nahasketak prestatzea da, propietateak hobetzeko eta materialen kostuak gutxitzeko.

2. irudia: Olioz beteta dagoen ontzi biodegradagarri garatu berria.

2. irudia: Olioz beteta dagoen ontzi biodegradagarri garatu berria.

Hala, ikerketa talde horrek ontzi biodegradagarri/konpostagarri berri bat garatu du produktu koipetsuetarako, likido zein solido, nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik abiatuz; hala, lehengaien kontsumo iraunkorrean eta azpiproduktuen balorizazioan ere laguntzen du. Ontzia gardena da eta, aldi berean, argi ultramorerako eta oxigenoa bezalako gasetarako hesi bikaina da. Oro har, geruza anitzeko laminatuak erabili ohi dira gasetarako hesi gisa. BIOMAT taldeak garatutakoproduktuak, hala ere, geruza bakarra du, eta horrek kostua nabarmen jaistea dakar. Gainera, termikoki zigilatu daiteke, eta inprimagarria da.

Ontzi berri honek hesi gisa jokatzen du elikagaiaren eta kanpoaldearen artean, eta edukiontzi huts izatetik (ontzi pasiboak), eginkizun aktiboa duen ontzi bihurtu da elikagaiaren kalitatea mantentzen, baita hobetzen ere. Ontzi aktibo horren eginbehar nagusia,  iragazte fenomenoen kontrolen bitartez, elikagaiaren bizitza baliagarria luzatzea da.  “Elikagaiak oxidazio erreakzioengatik hondatzen direnean” azaldu du Guerrero irakasleak, “aintzat hartu behar da erradikal libreek hasitako erreakzio bat dela, oso azkar garatzen dena, eta horrek zaildu egiten du prozesua kontrolatzea. Erreakzio hori atzeratzeko edo galarazteko, hainbat estrategia aplika daitezke, zuzenean oxigenoan edo horrekin erreakzionatzeko gai diren espezietan eragiteko. Lehenengo kasuan, kanpotik gasa sartzea eragotz daiteke, hesi materialak erabiliz; bigarren kasuan, antioxidatzaileak gehitu daitezke, ontzi barruan edo ontzian bertan. Kontsumitzaileek osagai kimiko sintetikorik gabeko produktuak eskatzen dituzte, eta horrek gehigarri naturalak dituzten ontzi aktiboak garatzeko elikagaien industriak duen interesa areagotzea ekarri du.”

Esaterako, gazta oso koipetsu, koipetsu edo erdi koipetsuetarako eta gazta zatietarako ontzi aktibo bat ekoitzi du BIOMAT taldeak, agente antioxidatzaile naturalekin. Ontzi horrek produktua baldintza onetan mantentzea luzatzen du, eta horrek eginkizun garrantzitsua du produktuaren kalitatean ez ezik, baita kontsumitu gabe bota beharreko elikagai kopurua gutxitzen ere.

Iturria: Zientzia Kaiera

Advertisements

Posted on 2014/11/04, in DBH-2 and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: