Mikrosendagaiak, alzheimerra eta parkinsona tratatzeko botika berriak

Alzheimerraren eta Parkinsonaren gaixotasunek neuronei eragiten diete: neuronek berezko egitura eta funtzioa galtzen dute, eta, horren ondorioz, pazientearen funtzio motor, kognitibo, sentsorial eta emozionalek kalteak jasaten dituzte. UPV/EHUko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean lanean dabilen Enara Herran ikertzaileak, alzheimerraren eta parkinsonaren aurkako tratamenduak emateko modua hobetzen dihardu.

Alzheimerra eta parkinsona tratatzeko erabiltzen diren ohiko botikek, kasu askotan, sintomak arintzea besterik ez dute lortzen, gaixotasunaren jatorrian eragin gabe. Botika hauek normalean pilulak izaten dira, eta ahotik hartzen dira. Ez dira horiek alzheimerrari eta parkinsonari aurre egiteko erabiltzen diren botika bakarrak. Badira neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaiak, nanopartikulez osatuta dauden kapsularatutako botikak.

Neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaia hauek ez dira hainbeste erabiltzen. Enara Herran ikertzaileak dioenez  “ez baitago haiek emateko modu erraz eta segururik”.  Neuronetara iristeko botikek hesi hematoentzefalikoa igaro behar dute, eta hori ez da batere erraza. Herranek arazo hori gainditzea bilatzen du haren ikerketarekin. “Hazkuntza-faktoreak eraginkortasun eta segurtasun handiz eman ahal izateko, kapsularatu egiten ditugu. Hau da, mikro eta nanokapsuletan sartzen ditugu, eta garunean ezarriko genituzke, kraniotomia baten bitartez. Horrela, eragin behar duten lekuan bertan joango lirateke askatzen botikak, modu iraunkorrean eta dosi egokian”, esplikatu du Herranek.

Mikro eta nanopartikula horiek 2-3 hilabetetik urte batera egoten dira hazkuntza-faktoreak askatzen, polimeroa degradatu egiten den arte; horri esker, gaixoak ez du egunero hartu behar botika. Hala ere, alde handiena ez da hori, baizik eta kapsularatutako botikak askoz ere eraginkorrak direla ahotik hartu ohi direnak baino. Hori ikusi dute, behintzat, saguekin eta arratoiekin egin dituzten esperimentuetan. Hain zuzen ere, Herranek gogorarazi duenez, “Bi gaixotasun horiek osasun publikoaren arazo larri bihurtu dira, eta komunitate zientifikoa ahalegin handia egiten ari da tratamendu berriak aurkitzeko eta aurrera eramateko”.

Herranek azaldu duenez, animaliekin egindako esperimentuetan bi faktore probatu dituzte –vascular endothelial grouth factor (VEGF) eta glial cell-line derived neurotrophic factor (GDNF)-, polimero biobateragarri eta biodegradagarri baten barruan kapsularatuta -poly (lactic co-glycolllic acid) (PLGA). “Zenbait kapsularatze-teknikaren bidez, mikro eta nanopartikulak egin genituen. Lehenengo, parkinsonarekin probatu genuen; hasieran, zelula-kulturetan, eta, gero, arratoietan. Eta bietan izan genituen emaitza onak”. Partikulekin tratatutako arratoiek hobekuntza handia erakutsi zutela nabarmendu du Herranek: “Alde handia nabari zitzaien portaeran zein kaltetutako eremuen osatzean, kontrol-taldekoekin alderatuta”.

Bigarren pausoan, alzheimerrarekin egin zuen proba, saguetan, eta kasu horretan ere emaitzak onak izan zirela baieztatu du Herranek: “Tratamendua jaso eta hiru hilabetera, tratatutako saguek oroimen ona zuten, sagu osasuntsuenen parekoa. Azterketa histologikoan frogatu genuen alzheimerrean garatzen diren beta-amiloide plakak asko murriztu zirela, hantura apaldu eta angiogenesia areagotu“.

Esperimentu horien emaitzak eta ondorioak aldizkari espezializatuetan argitaratu dituzte, tartean, Journal of Controlled Release aldizkari ospetsuan. Eta horixe izan da orobat Herranen doktorego-tesiaren gaia. Baina ikerketa ez da amaitu; Herranek aurreratu duenez, orain “formulazio hobeak” lortzeko ikertzen ari da, mikro eta nanopartikulak garunean ezarrik beharrik ez izateko. Azken helburua argia da: parkinsona eta alzheimerra tratatzeko bide eraginkorrena, seguruena eta egokiena garatzea.

Enara Herranek, Farmazian doktoreak “Faktore angiogenikoak eta neurotrofikoak askatzen dituzten mikro eta nanopartikulak, neuroendekapenezko gaixotasunen tratamendurako tresna terapeutiko gisa” izeneko tesia egin du, UPV/EHUren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Saileko Rosa María Hernández katedradunaren eta Manoli Igartua doktorearen zuzendaritzapean. Tesia, UPV/EHUren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean egin badu ere, atal handi bat Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko Ikerketa Zentroko Neurozientzia Laborategian egin du.

Iturria: Zientzia Kaiera

Advertisements

Posted on 2014/10/21, in DBH-3, DBH-4 and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: