Mugarria Irizarren historian

Ormaiztegiko konpainiak Irizar i2e aurkeztu du, autobus erabat elektrikoa.
Donostian ibiliko da «etorkizuneko autobusaren lehen modeloa».
2016rako zabalduko du lantegi berria Irizarrek Gipuzkoan.

I2e bere proiektu izarrari eman dion garrantziaren adinako aurkezpena antolatu zuen Irizarrek atzo, Donostian. Aquariumeko auditorium betean, ozen entzun zen «mugarria» dela Ormaiztegiko enpresaren historian. Hirian ibiltzeko autobus erabat elektrikoa, Irizar i2e modeloa, zero emisiokoa da, eta ez du kutsadura akustikorik eragiten. «Etorkizuna da», esan zuen harro Jose Manuel Orcasitas kooperatibaren zuzendari nagusiak.

Aurten 125 urte beteko ditu konpainiak, eta baliabide guztiak jarri ditu enpresaren geroan pisu handia izango duen proiektu honetan; emaitzak «ikusgarriak» dira, Orcasitasen hitzetan. Ibilgailu elektrikoen autonomiaren erronka handienari aurre egin, eta 250 kilometro egiteko gai da i2e autobusa, garajera eraman eta bost orduz berriro bateriak kargatu beharrik gabe. Horrek 14-16 orduko jarduna egiteko gaitasuna ematen dio; batez beste, orduko 17 km-ko abiaduran. Bateriak 2-3 orduan kargatu ahal izateko lanean ari dira ingeniariak.

«Egun osoan ibili ahal izango da, Donostiako edozein ibilbide eginez», esan zuen DBus Donostiako konpainiako Gerardo Lertxundi arduradunak. Bertatik bertara kusi ahal izan zen atzo Ormaiztegik soilik bere teknologiaz sortu duen autobusa. Donostian geratuko da, izan ere; aurrerantzean, hango autobus sareko kide izango da, ibilbide lauetan aurrena (17an eta 21ean), baina baita aldapatsuenetan ere. «Donostia ez da hiri erraza autobus batentzat», esan zuen Lertxundik, eta gaineratu zuen maila «handiena» exijitu diotela autobusari, segurtasun, diseinu, teknologia eta gogortasunaren aldetik. «Ez da erakusteko prototipoa, benetako autobusa baizik, hirietan jo eta su erabiltzeko». Donostia izango da, Europako lehen hirietakoa, beraz, autobus erabat elektrikoa errepidean jartzen.

Hurrenak, Bartzelonara

I2e modeloko hurrengo bi autobusak Bartzelonara joango dira, lehena uztailean eta bigarrena irailean. ZeEUS Europako proiektuan sartuta dago Irizar, zortzi hiritan autobus elektrikoak sartzeko helburuz. Bartzelonarekin egin du akordioa Ormaiztegik, eta Irizar izango da lehenengo konpainia Europan bere autobusak ematen.

Izan ere, Ormaiztegin erabaki dute etorkizuneko ildoa zein izango den enpresan, eta, aurrerantzean, motor elektrikoen alde jarriko dute euren teknologiaren zatirik handiena, i2e proiektuak enpresa osoaren baliabideak jarri baititu emisio eta kutsadura akustikorik gabeko ekoizpenari begira 2009n abiatutako proiektuan: Jema, Datik, Hispacold eta Masats enpresak eta Creatio I+G zentroa.

60 milioi eta lantegi berria

Autobusaren material nagusia aluminioa da, pisua arintzeko, baina sendotasunari ez dio uko egin, lehen autobusa baita %100 elektrikoa baita R.66 iraultzekoaren aurkako neurria betetzen duena. Autobusak erresistentzia test guztiak gainditu ditu 600.000 kilometro egin ondoren. 12 urteko erabilerari dagokio kilometro kopuru hori.

Jose Manuel Orcasitasek azaldu zuen ez dutela prototipo zurrun bat egin, bezero (hiri) bakoitzari egokitzeko gai den autobusa baizik. Enpresak aurreikusi du 60 milioi euroko inbertsioa egingo duela datozen urteetan, i2e egokitzapen guztietara garatzeko. Gipuzkoan zabalduko duten fabrika berri batean egingo da seriean 2016tik aurrera. Lantegi berriak enplegua sor dezakeela bistakoa da, baina hori Irizar i2e modeloak lortzen duen eskaeraren araberakoa izango da hein batean. Gaur egun 750 langile-bazkide daude Ormaiztegin (3.500, munduan).

Hector Olabegogeaskoetxea i2e proiektuaren arduradunak azaldu zuen bateriak kargatzeko denborarekin lotuta dagoela motor elektrikoen geroa, eta Irizar lanean dabilela jada «jauzi kualitatibo bat emateko». Asmoa da bateriak 2-3 minutuz kargatzea hiri autobusek egiten dituzten geldialdi jakinetan. Karga ahalbidetuko luketen hainbat autobus aterpe jarriko lirateke ibilbideetan, eta haiek kargatuko lituzkete bateriak autobuseko sabaiaren bidez. Nahi beste autonomia emango lioke sistemak autobusari, betiere zero emisioekin.

Irizarren helburua da teknologia hori eskaintzea, autobusak eta aterpeak poltsa berean sartuta. Iaz, 556 milioi euroko fakturazioa lortu zuen enpresak, eta, i2e modeloari esker, urte hauetako salmenta errekorrei eutsi nahi die edota haiek areagotu nahi ditu.

Iturria: Berria.eus
Advertisements

Posted on 2014/07/13, in Berriak, Teknologia and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: