Ilargia

Hizkuntza batean erabiltzen diren termino edo hitzek informazio interesgarria ematen digute hizkuntza hori darabilten herritarren kultura edo zibilizazioaren inguruan. Gaur egun, eta bizi garen mundu globalizatu honetan, gauza guztiak itzultzen saiatzen gara; hau da, indioek erabiltzen duten termino oro edozein hizkuntzatan nola esango diren bilatzen da. Eta hori ez da beti posible, beharbada kultura edo zibilizazio horrek gertakizun edo egoera jakin bat azaltzeko asmatu zuen hitzak ez duelako zertan itzulpen zuzena izan beste edozein hizkuntzatan. Eta zertara dator hau guztia? Bada, irratian behin baino gehiagotan entzun dudan eztabaida edo azalpen baten harira.

Gure artean gehien entzuten den irrati euskaldunean —entzuleria gehiena duena; horrek ez du esan nahi beste guztiak gutxiesten ditudanik—, asteburuetan landareen eta nekazaritzaren inguruko irratsaio ezagun bat egoten da, eta bertara entzule askok deitzen dute euren zalantzak argitzeko asmoz, edo euren ortua ongi zaintzeko aholkua eskatzeko.

Nekazaritza munduan betidanik izan dira kontuan ilargiaren kokapena, itxura eta bestelakoak. Ez dut hemen eztabaidatuko ilargiak landareetan duen eragina; ez da hori gaurko helburua. Hori bestelako adituentzat utziko dut, baina nire arreta jaso zuena ilgora eta ilbehera hitzen esanahia izan zen. Irratiko esatariak behin eta berriz esaten du ez direla nahastu behar euskaraz esaten ditugun ilgora eta ilbehera, eta gazteleraz esaten diren creciente eta menguante terminoak. Gauza bat da ilargia gorantz doan (gure ilgora) edo beherantz ote doan (gure ilbehera), eta horrek ez du zerikusirik ilargiak erakusten digun aurpegiarekin. Esatariak dioenari jarraituz, landareetan eta baratzeetan eragina duen ilargiaren egoera ez da creciente edo menguante izatea, ilargia gorantz edo beherantz ote doan jakitea baizik. Badirudi euskaldunon artean erabili den terminologian ez dela kontuan izan ilargiaren itxura, zeruan gorako bidean ote doan ala ez jakitea baizik.

Aldaketa horiek ulertzeko, ilargiaren, lurraren eta eguzkiaren mugimenduak hartu behar ditugu kontuan. Ilargia gure satelitea da, eta lurraren inguruan orbita osoa betetzeko 28 egun behar ditu, gutxi gorabehera. Lurra bere ardatzaren inguruan biratuko ez balitz, erraz ikusiko genuke hamalau egunean ilargia gure zeruan, eta hurrengo hamalau egunetan ez genuke ikusiko. Baina, lurrak bere ardatzaren inguruko bira emateko egun bat erabiltzen duenez, egunero aurkitzen dugu ilargia berriro ere zeruan; hori bai, egunetik egunera desfase txikia egongo da bi mugimendu horien konbinazioz.

Ilargia zeruan goraka edo beheraka ote doan ulertzeko, eguzkiak urte osoan zeruertzean dituen ibilbide ezberdinak har ditzakegu adibide gisa. Neguan, ipar hemisferioan, eguzkia hego-ekialdetik ateratzen da, eta hego-mendebaldetik sartu. Zeruan betetzen duen ibilbidea baxua da. Udaberrirantz goazenean, eguzkia lurrarekiko elkartuago dago, eta haren irteera ekialdetik izango da, eta sarrera mendebaldetik, eta zeruan beteko duen arkua handiagoa izango da. Antzeko mugimendua ilargiak beteko du, baina ez urtebetean, 28 egunean baizik. Gorago edo beherago ikusteko arrazoia ilargiaren orbitak lurraren orbitarekiko duen 8 graduko inklinazioan datza.

Beraz, ilargia goraka edo beheraka joatea eta ilargia handitzen edo txikitzen ikustea ez dira gauza bera, eta badirudi euskaldunek sortutako hitzak ilargiaren mugimendua zehaztu nahi duela, ez ilargiaren itxura.

Iturria: Marian Iriarte (Berria)

Advertisements

Posted on 2014/04/12, in Berriak, DBH-1 and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: