Sareko arriskuak saihesteko aholkuak

Informazioa. Ez jarri eskuragarri sare sozialetan balizko erasotzailea indartuko duen elementurik. Gauza bera gertatzen da lagunei bidalitako irudiekin ere, beste norbaitek eskura baititzake.

Lapurretak saihestu. Norbere informazioa babestu, inork lapurtu ez dezan neurriak hartuz, adibidez, pasahitzak maiz aldatuz.

Pribatutasuna. Garrantzitsua da pribatutasunari eustea, eta horretarako neurri bat izan daiteke nork bere irudia zaintzea.

Ez eman amore. Ez onartu mehatxurik, ez eta xantaiarik ere, behin amore emanez gero zurrunbilotik ateratzea are zailagoa izango delako etorkizunean.

Laguntza eskatu. Zaila da halako egoera bati bakarrik aurre egitea; horregatik, laguntza eskatzea da lehen urratsa. Beste norbaiten ikuspegiak lagun dezake.

Mehatxuak egiaztatu. Xantaiagileak zer informazio izan dezakeen argitu, eta mehatxuak egia bilakatzeko aukerak aztertu.

Mugak jarri. Gerta liteke xantaiagilea biktimaren kontuetako pasahitzen jabe izatea. Halako hiru pauso eman behar dira: pasahitzak aldatu; sare sozialetako kontaktuak nahiz pribatutasunerako baliabideak gainbegiratu; eta, azkenik, kasu batzuetan baliagarria izan daiteke sareko profila aldatzea ere.

Erasotzaileak egin dituen urraketak aztertu. Sexu jazarpena dagoen kasuetan, zaila da erasotzaileak bere kabuz amore ematea. Halakoetan baliagarria izan daiteke ordura arte egin dituen delituak identifikatzea, nahiz eta askotan ezinezkoa izan inoren argazkiak dituela frogatzea. Gerta daiteke ere ezin frogatu izana irudi horiek engainuen bidez lortu dituela edo lapurtuak direla.

Frogak bildu. Elkarrizketak, mezu elektronikoak, argazkiak, profilak, pantailako irudiak… guztia izan daiteke baliagarria erasotzailearen jatorria ezagutzeko edota haren jokatzeko modua argitara ateratzeko. Dena den, kontu handiz ibili behar da frogak biltzean legea ez urratzeko.

Salaketa jarri. Gertatutakoa aztertu eta ahalik eta froga gehien bildu ondoren, salaketa jartzea da hurrengo pausoa, nahiz eta ordurako mehatxuak amaituak izan. Dena den, adituek ohartarazten dute kasu bakoitza berezia dela. Batzuetan baliagarria izan daiteke mehatxatzaileari kasu egitea ere, hari buruzko datu gehiago jaso ahal izateko. Beste batzuetan, ordea, Poliziara jotzea da egokiena.

Posted on 2013/12/29, in STEAM and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi iruzkina