Natura 2000 Sarea. Babesa kolokan

Europako bioaniztasuna mantentzeko sortu zen Natura 2000 Sarea; babesa eman nahi die natur balioei, baina beti ez du helburua lortzen. Euskal Herrian bertan, hainbat proiektuk kolokan jarri dute sarearen xedea.

Sare batek balio dezake barruan gauzak hartzeko. Baina zuloak handiegiak direnean, bada arriskua barruan hartzen den horrek ihes egiteko. Horixe bera gertatzen da Europako bioaniztasuna mantentzeko sortu Natura 2000 Sarearekin. Europako natur balioak hartzeko, babesteko eta zaintzeko sortu zen. Baina babes hori galdu egiten da anitzetan, zulotik behera eginda. Euskal Herrian bada «Natura 2000 Sare osoa kolokan» jartzen ahal duen zulo bat: Magnesitas de Navarra enpresak harrobia egin nahi du Zilbetin, Aldude mendian. «Aurrera egiten badu, Europa osoan atea zabalduko zaie gisako proiektuei», ohartarazi du SEO/BirdLife elkarteko Octavio Infantek.

Ez da nolanahiko eremua Aldude mendikoa. Europaren intereseko tokitzat jo zuten lehenbizi, eta, 2005. urteaz geroztik, babes bereziko eremua da, kudeaketa plana onartu eta gero. Izendapen hori jasotzen lehena izan da Euskal Herrian, eta lehenengoetakoa Europa osoan.

9.000 hektarea ditu. Pagoak dira nagusi, espazio horren %90 hartzen baitute. Ez da nolanahiko pagadia, gainera. «Badira pagadi neutrofilo, basofilo eta azidofiloak. Hirurak daude Alduden; harrobia egin nahi duten tokian, Antzerin, azidofiloa da nagusi. Berezia da, halakoak ez baitira ohikoak Europan», azaldu du SEO/BirdLifeko Ramon Elosegik. Basoarekin batera, basoan bizi direnak babesteko ere sortu zen Aldudeko babes bereziko eremua: ugatzak, okil gibelnabarrak eta bertze. Azken hori desagertzeko arriskuan da.

Sare zabala da Natura 2000. Denera, 26.406 gunek osatzen dute, urtarrileko datuen arabera; Europako Batasuna osatzen duten herrien azaleraren ia %18, alegia. Babestutako toki horiek Europaren interesa duten berrehun habitat mota ordezkatzen dituzte. Europak, gainera, interesa duten eta babestu beharreko bostehun landare mota zehaztu ditu, bai eta 386 animalia espezie ere; haietako 186 hegaztiak dira.

Planak egiten, oraindik ere

Europako bioaniztasuna babesteko sortu zen Natura 2000 Sarea, baina Aldude mendian egin nahi duten magnesita harrobiaren gisako proiektuek agerian uzten dute sare horrek ematen duen zaintzaren ahuldadea. Proiektu hori, gainera, ez da babes bereziko eremu horri eragiten dion bakarra. Aldude mendiko babes bereziko eremu beraren barruan, Mendiaundi eremuan, silizea bilatzeko proiektuak mehatxu egin dio naturari. 2007an eskatu zituen Silices de Navarra enpresak zundaketak egiteko baimenak lehendabizi, baina gobernuak ez zizkion eman. Orain, ordea, lortu ditu. «Zortzi zundaketa egiteko baimena lortu zuen enpresak, baina, hiru egin eta gero, alde egin dute», ezagutarazi du Elosegik.

Euskal Herrian, Itoizko urtegia da kasurik aipagarriena. Naturaren babesaren ahuldadearen ikur bilakatu da azpiegitura hori; batetik, egitasmoa hutsean uzten zuten sententziak izan arren, ezerezean utzi zituelako ekintza burutuen politikak sententzia horiek gauzatzeko aukerak; eta, bertzetik, natura babesteko legeen malgutasuna agerian utzi zuelako, urtegia egin ahal izateko aldatu egin behar izan baitzituzten.

Izan ere, hegaztien babes bereziko hiru eremu hartu zituen Itoitzek azpian, eraitsi zituzten zazpi herriekin batera. Hori egin ahal izateko, Naturguneen Legea aldatu zuen Nafarroako Parlamentuak. Proiektu horretarako propio egindako aldaketa izan zen, baina atea ireki zion etorkizunean bertzelako egitasmoentzat erabiltzeko aukerari. Horretaz ohartarazi zuten aldaketaren aurka agertu ziren talde ekologistek, eta halaxe gertatu zen. Larrako eski estazioa moldatzeko, bigarrenez aldatu zuten, Natura 2000 Sareko toki horren babes muga murriztuz.

Arikulu guztia irakurri: Berria.info

Advertisements

Posted on 2013/12/20, in Berriak and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: