Giza zelula enbrionarioen klonazioak alboratuta zegoen bidea ireki du berriro

Nukleorik gabeko obulua, zelula helduaren material genetikoarekin. Arg. Shoukhrat Mitalipov/OHSU Photos

Zelula somatikoen nukleo-transferentziatik eratorritako giza zelula enbrionarioak (Human Embryonic Stem Cells Derived by Somatic Cell Nuclear Transfer); hori da, gutxi gorabehera Cell aldizkari espezializatuak argitaratutako artikulu entzutetsuaren izenburua. Izenburuak dioen moduan, giza zelula enbrionarioak lortzeko metodologia azaltzen du artikuluak, eta, gainera, gaur egun sendaezinak diren gaixotasunak tratatzeko bide itxaropentsua irekitzen duela ere aurreratzen du: parkinsona, esklerosi anizkoitza, bizkarrezur-muineko lesioak…

Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitateko eta Primateen Ikerketarako Zentroko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta, haien esanean, “iraultzailea” da. Unibertsitatearen prentsa-oharrean, Shoukhrat Mitalipov ikerketa-buruak teknika arrakastatsua dela baieztatu du: “Teknika honetatik eratorritako zelula amen azterketa zorrotzak erakutsi du [guk lortutako zelulek] zelula enbrionario arruntek adinako gaitasuna dutela beste zelula mota batzuk bilakatzeko, besteak beste, nerbio-zelulak eta gibeleko zein bihotzeko zelulak”.

Horrez gain, zelula ama horiek errefusa eragiteko arriskurik ez dutela adierazi du, “pazientearen material genetikoa baitute”. Hala ere, aitortu du “oraindik lan handia” dutela egiteko, zelula ametan oinarritutako tratamendu seguruak eta eraginkorrak garatzeko.

Prentsa-ohar berean, material ugari jarri dute eskuragarri, tartean, erabilitako teknikaren laburpena erakusten duen bideoa:

Ustekabeko lorpena

Lorpenak ezustean harrapatu ditu zientzialari asko. Hain zuen ere, gehienek alboratuta zuten bide hori, orain arte porrotak baino ez zituelako eman. Gainera, teknika horren inguruko albisteak sarri errezelo-puntu batekin hartzen ziren, batetik, oraindik ez delako ahaztu Woo Suk Hwang ikertzailearen iruzurra, eta, bestetik, arazo etikoak berpizten direlako, gizakia klonatzeko aukera gertuago egongo bailitzateke.

Horrenbestez, laborategi asko eta askotan zelula helduak birprogramatzen saiatzen ari dira, haietatik beste zelula-mota batzuk lortzeko. Horiek ere ez dute errefusarik eragiten, eta, gainera, ez dute arazo etikorik sortzen. Hain justu, iaz jaso zuten Medikuntzako Nobel saria zelula helduak pluripotente bihurtzeko gai zirela frogatu zuten ikertzaileak. Hala ere, oraindik ez dute teknika fintzea lortu.

Beraz, zientzialari asko ahalegin horretan dabiltzala harrapatu ditu albisteak. Edonola ere, Oregonen egindako lanak batzuen eta besteen goraipamena jaso du (tartean, izan da Nobel Sariekin gogoratu denik ere).

Ikerketa, berez, garbia da. Zelula ama enbrionarioak lortzeko nukleo-transferentzia teknika klasikoa erabili dute,  baina orain arte zituzten oztopoak gainditzeko, aldaketa txiki batzuk egin dituzte metodologian. Adibidez, ikertzaileek Sendai birus inaktibatuak erabili dituzte obulua eta zelula helduen materiala elkartzeko; deskarga elektriko bat, enbrioiaren garapena eragiteko, eta kafeina, obulua garaia baino lehen aktibatzea eragozteko.

Pauso horietako bakar bat ere ez da berria, baina ikertzaileek konbinazioa zuzenarekin asmatu dute, nonbait. Ikertzaileek adierazi dutenez, orain, zelula helduak birprogramatuz lortzen diren zelula amekin alderatu nahi dituzte bereak; emaitzak “zirraragarriak” izango direlakoan daude.

Iturria: Zientzia.net

Advertisements

Posted on 2013/05/16, in Berriak. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: