Meteoritoa Errusian. Azkenaldiko kaltegarriena

Ural mendien inguruan, Errusiako Txeliabisk eskualdean, mila lagun inguru zauritu dira eroritako meteoritoaren ondorioz

Hainbat aditu ez dira ausartzen 2012 DA14 asteroidearekiko lotura guztiz baztertzera

Errusian eroritako meteorito zatien ondorioz, mila lagun inguru —horietako berrehun umeak— zauritu dira Errusiako Txeliabisk eskualdean, Ural mendien inguruan. Errusian egun argia zela gertatu da ezbeharra. Albiste agentziek jasotako testigantzen arabera, abiadura handian zihoan argi bizi zuri batek lagundutako suzko bola batek zeharkatu du Txeliabiskeko zerua, 09:23ean, —Euskal Herrian 04:23 zirela—. Atmosferako beheko geruzetan lehertu da, eta zati batzuek lurzorua jo dute. Uhin eztandaren eraginez, eraikinetako leihoak txikitu eta hormak mugitu egin dira. Eztanda bortitzak entzun dira, eta izuak hartu ditu inguruko herri eta hirietako biztanleak. Eztandak sortutako uhinak sei hiritan eragin ditu kalteak, eta mila lagun inguru artatu behar izan dituzte, gehienak kristalek sortutako ebakiengatik. Azken balantzearen arabera, 34 lagunetik gora eraman dituzte ospitalera. Errusiako Larrialdi Ministerioaren Krisi Egoeren Zentroak azaldu duenez, bost lagunek kristalek sortutako ebaki sakonak dituzte.

Atmosferako eztandak lurrikara txiki bat sortu du, eta 3.000 bat eraikinetan kalteak eragin ditu. Badaezpada hartu beharreko neurri gisa, eskolak eta aurreskolak hustu eta gas hornikuntza eten dute. Egun hauetan 18 gradu azpiko tenpepaturak izan dituzte inguruan. Meteoritoaren zati bat Txebarkul hiritik (46.000 biztanle) kilometro batera dagoen laku batean erori da. Errusiako armadak sei metro zabal den krater bat topatu du lakuaren ertzean. Herrialde horretako hedabideek elkarrizketatutako zientzialarien arabera, hainbat tonako pisua eta hamarnaka metroko luzera izan zitzakeen harritzarrak.

Adituen hainbat teoria zabaldu dira Txelibaisken eroritakoaren inguruan. Zenbaitzuek diote meteorito zaparrada bat izan dela. Errusiako Larrialdi Ministerioak hasiera batean teoria hori ezeztatu arren, orduak igaro ahala bere egin du teoria. Atmosferako geruzek zatitu duten meteorito baten zatia izan dela diote beste batzuek. Bada 2012 DA14 asteroidearekin —atzo arratsaldean 20:00 inguruan Euskal Herrian Lurretik 28.000 kilometrora igarotzekoa zen— lotura ikusten duenik ere, bi gertaerak ordu gutxiren bueltan jazo izanak bultzatuta.

Europako Espazioko Agentziak ziurtatu du 2012 DA 14 asteroideak ez duela zerikusirik Errusian eroritakoarekin, bien ibilbidea guztiz desberdina dela argudiatuta. Agentzia berberak jakinarazi duenez, egungo baliabideekin ezin aurreikusi zitekeen Ural mendien inguruan jazotakoa. Bestalde, Espainiako CSICko (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia) ikerlari Pablo Santosen arabera, ezin bazter daiteke guztiz bi harrien arteko harremana, nahiz eta orain arteko datuek lotura hori ukatu. Lotura hori guztiz ezeztatzeko bi harrien konposizioa alderatu behar litzatekeela dio Santosek.

Moskutik 1.500 kilometro ingurura dago Txeliabisk eskualdea, ekialderantz. Fabrika ugari, zentral nuklear bat eta hondakin atomikoen biltegi bat eta tratamendu zentro bat daude eskualdean. Rostom energia atomikoaren Errusiako agentziak ziurtatu du instalazio horiek ez dutela kalterik jasan. Bestalde, meteoritoak ez du erradiazio mailan eraginik izan, eta ohiko parametroetan dabiltzala jakinarazi dute.

Azken urteetan eroritako meteoritoen artean kalte handiena eragin duena da. Halere, errusiarrei ez zaizkie guztiz arrotzak egiten horrelako gertaerak. 1908. urtean 2.200 kilometro koadroko landa eremua suntsitu zuen Siberian —egun, Errusia— Tungsuka ibai ondoan erori zen meteoritoak. Tungusko gertaera gisa ezagutzen da, eta 80.000 zuhaitz inguru erraustu zituen. Hiroshiman bota zuten bonba nuklearrak baino 300 aldiz energia gehiago askatu zuen arren, lurzoruan ez zuen kraterrik utzi, eta horrek mota guztietako teoriak zabaltzeko bidea eman zuen —estralurtarren erasoa izan zela iradoki zuenik ere ez zen falta izan—.

Antartikako ekialdean topatu zuten meteorito batek sortutako kraterrik handiena, 2006an. Talka orain dela 250 milioi urte gertatu zela uste dute adituek. 480 kilometroko diametroa du kraterrak, eta izotz azpian lurperatua dago, bi kilometroko sakoneran.

Ugariak dira meteoritoaren zati batek lurra jo duten kasuak, baina gutxitan frogatu ahal izan da erorketa horiek kalteak eragin dituztela. 1999an, Koben, Japonian, etxebizitza batean erori zen bat, eta nahiz eta teilatua zulatu, zauriturik ez zuen eragin. 2003ko martxoan, meteorito zaparrada batek AEBetako hainbat estatu jo zituen. 10 zentimetroko diametro arteko harriak erori ziren, eta etxeetan zenbait kalte sortu zituen, baina ez zen inor zauritu.

Ez da ahaztu behar zientzialarien arabera 10 kilometro diametroko meteorito batek dinosauroen aroaren akabera ekarri zuela. Orain 65,5 milioi urte erori zen Mexikoko Yucatango penintsulan, eta orduan bizi ziren espezien ia hiru hereni eragin zien.

Atzo arratsaldean Lurretik 28.000 kilometrotara igaro zen 2012 DA14 izeneko asteroidea. Historian aldez aurretik detektatzerik izan duten tamaina horrelako asteroiderik ez da sekula horrenbeste hurbildu Lurrera. Lurraren orbitaren oso antzekoa du, eta 50 metro inguruko diametroa duela uste dute zientzialariek.

NBEk arriskutsuak izan daitezkeen asteroideak detektatzeko plan bat proposatu du, nahiz eta Lurra jotzeko probabilitatea oso txikiak dela azaldu. NASAk jakinarazi duenez, 40 urtetik behin igarotzen da asteroide bat Lurretik gertu, baina soilik 1.200 urtetik behin egiten du talka.

Etxebizitzaren kontra talka egitean bitan zatitu zen harria. Zatirik handienak bost zentimetro neurtzen zituen eta 60 gramo pisatu.

Handia izanagatik ere, teleskopioak eta prismatikoak baliatu behar izan ziren hura ikusteko, distira nahikorik ez baitzuen giza begiak ikusteko.

Milaka erreskate langile eskualdera bidali dituzte, zaurituak artatzeko. Bestetik, Errusiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, segurtasun indarrak inguruko hiriguneetan jarraipena egiten ari dira, gorputz zerutarrak sor zezakeen kalte gune guztiak aztertzeko.

Iturria: Berria

Advertisements

Posted on 2013/02/16, in Berriak and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: