Mega eta Megabox, MegaUpload polemikoaren oinordekoak

Pasa den urteko urtarrilean, MegaUpload fitxategi biltegiaren itxierak hautsak astindu zituen. Urtebete geroago, Internet hankaz gora jarriko duen zerbitzu parea kaleratuko ditu MegaUploaden sortzaileak.

U rtarrilaren 19a aukeratu dute Mega zerbitzu berria abiarazteko egun. Ez da ausazko aukeraketa, urtea beteko baita egun horretan FBI-ak Megaupload itxi zuenetik. Orduko sareko fitxategien artean gehien hedatutako biltegiaren ataria ixtearekin batera, P2P teknologiako programek edo bakoitzaren ordenagailuko edukiak zuzenean partekatzeko programek izugarrizko gorakada izan zuten. Izan ere, Megaupload zerbitzua moztearen ondorioz, han kontua zeukan jendeak ere bertan gordetako fitxategi pertsonaletarako sarbidea galdu zuen, egile eskubideak urratzen zituzten edukiak partekatzeagatik salatu baitzuten hodeiko biltegia.

Orain, hala ere, bi zerbitzutan bereizitako eskaintza iragarri dute: Mega, batetik, hodeiko biltegien esparruan alternatiba izatekotan datorrena; eta Megabox, bestetik, musika zigilu ahalguztidunen kontra eginez, beste era bateko negozioa proposatuko duen doako abesti libreen sarea. Hasieran bazirudien biak zerbitzu berean integratuta kaleratuko zirela, baina berriki iragarri dutenez, azkenean bi izango dira. Gainera, Megabox hilabete batzuk geroago argitaratuko da, ekain aldera, itxura guztien arabera.

Kim Dotcom sortzailearen ahotik jakin ahal izan denez, musika proiektua abiaraztekotan zegoela auzipetu zuten; eta hori izan omen zen, benetan, Megaupload-en kontrako auzirako azken bultzada. Hollywood eta musika zigiluen aldetik presio handiak jaso zituzten. Alabaina, musika industria iraul dezakeen proposamena da, ezbairik gabe, Megaboxena: eduki sortzaileei diru sarreren %90 banatzean datza, eta erosleetan nahiz publizitatean oinarritutako negozioa ezartzean. Musikariek, adibidez, abestiak zuzenean saldu ahalko lituzkete; eta doan lortu nahi duten erabiltzaileengandik ere etekina jasoko lukete: haiei jarritako publizitatearen gaineko irabaziak ere jasoko lituzketelako. Megakey izenez bataiatu dute teknika hori.

Zaharkitua geratu den eredutik at, bere kabuz errentagarria izateko ahalmena daukan eredua da, beraz, pirateriaren mundutik bereizia. Hori dela eta, entzutetsuagoak izaten ari dira Megaboxen gorabeherak gizartean, Megarekin alderatuta.

Hitz-jokoen zale, bere izen bereko web ataria kaleratu zuen (http://kim.com) —ingelesez puntua dot esaten da— eta Mega zerbitzuarekin ere berdin egin nahi izan zuen, Interneten me.ga helbidea jartzekotan izan baitzen. Domeinu horiek, baina, gehienetan herrialdeei dagozkie; kasu honetan Ghanari, eta lurraldean bertan jarri behar izaten dira zerbitzariak edo atariko egoitza soziala behintzat. Jada guztia lotuta zeukatela, AEBen eraginez atzera egin zuten Afrikako herrialdeko agintariek, pirateriaren kontra zeudela argudiatuta. Azkenean, prozesu luze baten ondoren, Zeelanda Berrian onartu zuten hacker ohia eta haren enpresa berria.

Nazioarteko konspirazio eta espioitza sareen zaleek, edo auzi horren inguruan gehiago jakin nahi dutenek besterik gabe, haren webera joan besterik ez dute (kim.com), haren bertsioa ezagutzeko hainbat txosten baitaude eskuragarri.

Pirateria amaitzeko manifestua

Paradoxikoa dirudien arren, pirateria bukatzeko egin beharrekoen zerrenda publikatu du Kim Dotcomek, berriki, bere Twitter kontuaz baliatuta. Haren hitzetan gordetzen den logika sendoa da zinez: 1. Gauza eder eta erakargarriak sortzea, Hollywoodek gastatzen duena eta are gehiago berreskuratzea zilegi baita, baina kalitatezko produktuak ere sortzeaz arduratuta; 2. Erosteko erreza izatea, euskarri fisikoa baztertu eta apaletan lekurik kentzen ez duten deskarga sistema sinpleak bultzatuz; 3. Mundu osoko plazaratze bateratuak egitea, horrek pirateria itoko bailuke, zain egotea gustuko ez dutenek desiratzen dutena eskuratu ahalko bailukete, AEBetako kopia original hori legez kanpo jaitsi beharrean; 4. Arrazoizko preziotan salgai jartzea, ez baita ulergarria hainbat herrialderen artean dauden prezioen arteko aldeak, edo zinematik pasatu den pelikulagatik eskatzen diren gehiegikeriak DVD edo Blu-Ray formatuetan; 5. Edozein gailutan ibiltzea, zailtasun tekniko nabarmenagoak baititu kopia babesteko sistema eraginkor bat aurkitzeak, euskarri guztientzat eskuragarri jartzeak baino, bidenabar.

Hitz horiek zuzenak eta garbi askoak dira; gehiengoa atxikitzeko modukoak. Orain, bakoitzari dagokio erabakitzea nori interesa dakiokeen eredu berri horretara aldatzea, eta nori ez. Erosleak garbi izango du aukera bederen.

Mega, hobekuntzaz jositako hodeiko zerbitzu berria

Esan bezala, Mega heltzear dago, eta besapean hainbat berrikuntza dakartza hodeiko zerbitzuak. Deigarrienak aipatzearren, pribatutasun sistemari eta datuen ostalaritza sistema berritzaileari dagozkienak aipa daitezke. Lehendabizikoari dagokionez, erabiltzaile bakoitzak sarean gordeko duen informazioa gako pribatu batez zifratuta joango da. Enpresak berak ere ez du edukiko ahalmenik mekanismo hori irauli eta gordetzen dena zer den jakiteko; hala, lege arazoez libratzen da Mega. Bestela, erabiltzaileen pribatutasunaren gaineko nazioarteko legea apurtuko luke; mugimendu azkarra da, beraz. Besteari dagokionez, hodeiko sistema osatzen duten zerbitzariak munduan barrena banatutako kopietan egongo dira, eta horrek Mega behin-behinean istea eragotzi edo zailtasun gainjarria ekarriko luke. Beste fitxategiak partekatzeko sistemen aldean gainera, doako kontuak 50GB-eko espazioa eskainiko duela iragarri dute.

Ezer gutxi esan daiteke gehiago, martxan ikusi arte. Googe Drive, Microsoft SkyDrive, Dropbox, Ubuntu One edo Box hodeiko disko zerbitzuekin lehiatuko den Mega-ren weba ondorengoa da: http://mega.co.nz.

Euskaratzen laguntzeko deia

Urte hasieran egin zuen deia —beste behin ere— bere Twitter kontutik Kim Dotcomek, itzultzaileen laguntza eskatuz, falta zitzaizkion hizkuntzetan ere eskuragarri jartzeko asmotan Mega. Litekeena da, beraz, lana aurreratuta egon arren, oraindik ere laguntza behar izatea egitasmo honetan, Megabox irteteko hilabeteak falta baitira. Interesatuek helbide honetara idatz dezakete laguntzeko: twitter@kim.com. Itxura guztien arabera, Megabox ekain aldera argitaratuko da.

Iturria: Berria

Advertisements

Posted on 2013/01/17, in Berriak and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: