Baleak desagertzen badira, arrantzaleak ere

Enara Marcos Ipiña: “Baleak desagertzen badira, arrantzaleak ere”

Garai batean euskal kostaldean baleak ikustea arrantzale zaharren kontuak direla uste dugu, baina EIBEk hamazazpi zetazeo espezie identifikatu ditu euskal kostaldean, eta asko bertan bizi dira urte osoan.

 

Duela bizpahiru aste Donostian bale bat agertu zen gaixorik, eta bertan hil zen. Enara Marcos (Hondarribia, 1977) biologoaren arabera, hemen ez dira baleak bizi, baina urtero pasatzen dira, migrazio garaian. Hori bai, beste zetazeo espezie askok euskal kostaldea dute bizitoki, haien artean izurde handia. Europan babestuta dago baina hemen ez, nahiz eta legez hala izan beharko luke. Marcosentzat, ezinbestekoa da zetazeoak babesteko neurriak hartzea, ekosistema garatzen laguntzen dutelako.

Noiz erabaki zenuen biologia ikasi nahi zenuela?
Oso argi nuen. Asko gustatzen zitzaizkidan animaliak, natura. UBIn nengoenean zalantza nuen geologia, biologia, ozeanografia… eta azkenean biologia egitea erabaki nuen, dena hartzen duelako.

Unibertsitatean ikasi bai, baina gero zerbait gehiago egin al zenuen?
Ingurugiroa eta Nekazaritzan espezializatu nintzen, eta ondoren praktikak egiten hasi nintzen zetazeoekin eta bide hori jorratu nuen. Kanariar Uharteetan egon nintzen, eta gero Gibraltar inguruan.

Eta orain Euskal Izurde eta Baleen Elkartean, EIBEn zabiltza.
Aldi berean proiektuak eta tesia egiten ari naiz. 2003an hasi nintzen tesia egiten, eta 2014ean bukatzea espero dut. Zetazeoen arloan ikerketak luzeak izaten dira. EIBEn egiten dudan lanean oinarritzen da nire tesia.

Zer da zehazki egiten duzun lana?
Nire lana batez ere ikerketa da, baina dibulgazioa ere garrantzitsua da. Guk espezie mehatxatuekin lan egiten dugu eta beste espeziekin egiten dena baino lan gehiago egin behar da, gizarte mailan batik bat.

Itsasora atera eta arakatzen dugu zetazeoak aurkitzen ditugun arte. Lehenengo gauza da identifikatzea, zein espeziekoa den zehaztea, eta ez da erraza. Espezie batzuk azkar mugitzen dira, beste batzuei ez zaie gustatzen inor hurbiltzea. Hori da lehenengo gauza, eta gero zenbaketa eta markaketa egiten ditugu.

Nola egiten da markaketa?
Argazkien bidez, fotoidentifikazio teknikaren bidez. Bizkar hegatsei argazkiak ateratzen dizkiegu eta hori da marka guretzat. Zetazeoen hegatsa gure hatz marka bezalakoa da, oso espezifikoa; indibiduo bakoitzak bere ezaugarriak ditu hegatsan.

Informazio asko biltzen dugu: nolakoa den espeziea, zenbat indibiduo dituen. Ale batzuk markatzen ditugu eta gero oso kalkulo konplexuen bitartez espezie bakoitzaren poblazioa zein tamainakoa den jakin dezakegu.

Zein egoeratan daude gure kostaldeko zetazeoak?
Planetako zetazeo espezie guztiak mehatxatuta daude, eta legeak denak babesten ditu. Europan Habitat Direktiba dago, babestu behar den fauna zehazten duena eta zetazeoak zerrenda guztietan daude, batzuk beste batzuk baino mehatxatuagoak, baina denak daude babestuta.

Lapurdin badira legez babestuta dauden itsas eremuak, baina Gipuzkoan eta Bizkaian ez.

Duela gutxi izendatu dituzte bost eremu horiek Lapurdin. Eta aldiz Bizkaian eta Gipuzkoan ez, bueno, Espainiako Estatu osoan, leku oso zehatz batzuetan salbu: Balear irletan, Kanarietan, Alboran itsasoan…

Zetazeoak guretzat aterki espezieak dira, itsasoko beste espezie guztiak babesten dituztelako, ekosistema osoa. Horregatik dira hain garrantzitsuak, espezie indikatzaileak direlako, eremu baten ekosistema nola dagoen esaten digutelako. Giltza garrantzitsua dira kontserbazionismorako eta eremuak mugatzeko. Ez espezie guztiak, baina adibidez izurde handia eta mazopa, hemen ditugun bi espezie horiek dauden tokiak legez mugatuta beharko lukete egon, espezie horiek babesteko.

Eta zure ustez, zein arrazoi daude kostaldeak ez babesteko?

Kontzientzia handia falta dela. Direktiba hauek Europan idazten dira, ezagupen osoarekin, jakinda zein onura ekarriko luketen ez bakarrik animaliei, baizik eta gizarteari. Ulertu behar da zetazeoak babesten dituzunean gauza bera egiten duzula sardinarekin, antxoarekin, olagarroekin… zetazeoak espezie horiek ibiltzen diren lekuetan daude eta babesten dituzte, eta hori ez da ikusten, ez da ikusten zetazeoek interes ekonomikoa duten espezieak babesten dituztela.

Politikan erabakiak epe motzera hartzen dira eta zuk planteatzen baduzu hemen eremu bat mugatu behar dela, horrek esan nahi du arrantza kudeatu behar dela, itsas trafikoa ere bai, eta horrek lan handia emango luke, eta dirua behar da. Europako beste lurraldeetara joaten bazara ikaragarria da izurdeentzat zenbat leku babestuta dauden, zenbat jende dagoen lanean horren inguruan, eta zein onura sortzen duen horrek guztiak.

Gauza batzuk bai ematen du aldatzen ari direla. Izan ere, zuek Hondarribiko arrantzaleekin lanean ari zarete eta hori beste garai batean pentsaezina zen.

Beti sentsibilizazio lana egin izan dugu beraiekin, beraiekin konpartitu. Beraiei zetazeoen inguruko informazioa azaldu, galdetu ze espezie ikusi dituzten, non… Hori izan zen lehen urratsa, 2003an. Lagun asko ditut arrantzaleak direnak eta horiek bidea irekitzen lagundu ziguten eta beraiekin batera ikerketa bat egitea planteatu genuen. Tunidoek eta baleek gauza bera jaten dute eta arrantzaleekin atunetara joatea pentsatu genuen, zein bale ikusten genituen eta zein interakzio duten ezagutzeko.

Arrantza tradizionalaren eragina zetazeoengan oso baxua da, beste gauza bat da beraiek harrapatzen dituzten izurdeak jateko diren ala ez, baina populazioan duten eragina oso oso baxua da. Eta oso ondo moldatzen gara, finean arrantzaleek ikusi dute baleak eta beraiek leku berean ibiltzen direla eta baleak desagertzen badira beren lanbidea desagertuko dela. Hasieran ikusten gintuzten mugak jartzera datozen horiek bezala baina ulertu dute gure helburua eta beren helburua bera dela.

“Zetazeoak guretzat aterki espeziea dira, beste espezieak babesten dituztelako, ekosistema osoa”

Oceanak eta Biologoen Euskal Elkarteak Ulia-Jaizkibel itsas eremua babesteko eta Miarritzerainoko itsas korridore bat sortzeko eskatu dute. Zer dela eta eskaera hori?
Eskatzen dugu legea betetzea. Legeak eskatzen du egiten ditugunak bezalako ikerketak egitea eta gero neurriak hartzea. Korridoreak oso garrantzitsuak dira animalia hauen mugikortasuna oso handia delako, izurdeak egun batean hemendik Santanderrera joaten dira, eta eremu bat babesteak ez du eraginik, korridoreak behar dira. Lur eremuan animaliak ez dira basotik ateratzen, oso espezie gutxirentzat zehazten dira korridoreak, baina itsasoan ezinbestekoa da, espezie asko, asko mugitzen direlako. Habitat Direktibak hori bilatzen du, korridore sare bat sortzea, animalia hauek ibiltzen diren lekuak babesteko modua hori delako.

Eta korridore horrek mugak ezarri beharko lituzke arrantzan?
Bai, ze gauza bat da sare txikiekin arrantzatzea edo atunak banan banan harrapatzea, eta beste gauza bat da arrastre bat sartzea. Arrantza mota batzuk talka egiten dute zuzenean espezieen kontserbazioarekin eta lan handia dago egiteko arlo horretan. Hori lehentasuna da eta horretarako denak eseri behar gara eta babes eremuak diseinatu. Horrela egiten dira eremu onak, funtzionatzen dutenak. Ezin duzu eremu bat babestu eta gizartea kontra eduki, arrantzaleak kontra, hori ez, beraiekin batera diseinatu behar dira, baina inpaktu gehien duten jarduerak kendu edo murriztu behar dira.

“Arrantzaleek ikusi dute baleak eta beraiek leku berean ibiltzen direla eta helburu berak ditugula”

Legea beteko balitz nahikoa litzateke?
Bai. Begira, guk euskal kostaldean egin ditugun ikerketak Kantauri itsasoko beste erakundeek egin dituztenekin bateratu ditugu aurten, Galiziaraino. Datuak bateratu eta espezie desberdinen mapa bat osatu dugu. Gure lana indartuta atera da horrela, ez baikara bakarrak esaten dugunak esaterako, hemen izurde handia dagoela. Habitat Direktibak ezartzen du izurde handiarentzat eremuak berehala babestu behar direla eta hemen daukagun populazioa ikaragarria da, Europa mailan. Lehen ikerketa bat aurkeztu eta esaten ziguten ‘bai baina zuek ez dakit nola interpretatzen duzue…’, orain horrek ez du balio, datuak bateratu ditugulako eta gure emaitzak kontrastatuta daudelako. Mundu mailako ikerlariek gure datuak baieztatzen dituzte.

“Habitat direktibak korridore sare bat sortu nahi, animalia hauek bizi diren tokiak babesteko modua
hori delako”

Aranzadik antolatuta Jaizkibelen egin diren ikerketa guztiak bateratzeko sinposioa egin zuten joan den hilabetean Lezon eta zuek ere parte hartu zenuten. Zein balorazio ateratzen duzu?
Oso interesgarria izan zen, aurkeztu ziren ikerketa gehienak goi mailakoak zirelako: zoologian, antropologian, geologian, botanikan… Lan asko egiteko dagoela argi geratu da, batez ere lur eremuan. Arlo askoko adituak izan dira, kalitate handiko lanak aurkeztu dituzte eta argi geratu da Jaizkibelen zer nolako aberastasuna dagoen bai lur eremuan, baita itsasokoan ere. Orain monografikoa landu behar dugu eta eta horrek indar handia emango dio edozein proposamen egiteko. Horrelako lan bat edukitzea hain eremu txikian ez da askotan gertatzen. Aurten Jaizkibel Mendiaren Kudeaketa Plana abiatu da behingoz, eta sinposiotik atera diren ondorioek babes handia ematen diote planari. Orain egin behar dena hori da, kudeaketa.

Normala al da 2012 urtera arte ikerketa lan horiek guztiak ez bateratu izana, edota kudeaketa planik ez izatea?
Ba ez, oso arraroa da, baina kontuan izan behar da orain gutxira arte Jaizkibel kontsideratuta egon dela ustiaketarako mendi bezala soilik. 2007 urtetik babestuta dago eta bost urte behar izan dira kudeaketa plana izateko. Planik gabe ez dago ezer babesteko modurik. Eta gero, kudeaketa planak zoragarriak dira, baina betearazi behar dira eta neurriak hartu. Oso kontrol gutxi dago, jarraipena ez da ona eta hor huts egin du, Jaizkibel ustiatzen dutenek ez dutelako kudeaketa plana errespetatzen, eta horren aurkako neurririk ez delako hartzen.

Eta zer beste zetazeo daude?

Pila bat daude. Hemen bertakoak dira izurde handia, izurde marraduna, izurde arrunta, izurde pilotua… eta gero zifioak, ikusteko zailak direnak mila metroko sakoneran bizi direlako; hiru zifio espezie ikusi ditugu. Eta gero mazopak, orkak… izurde grisak, katxaloteak. Asko daude. Imajina ze dibertsitate dagoen hamazazpi espezie identifikatu ditugula eta munduan 85 besterik ez daudela. Eta izkin txiki honetan hamazazpi ditugu.

Eta denak daude arriskuan?
Bai, denak. Munduko zetazeo guztiak daude mehatxatuak eta babesa behar dute, ezinbestean.

Euskal zetazeoen inguruan jakin nahi duenak liburutegietan edo interneten bilatu behar du. Badira euren armarrian baleak dituzten herriak, baina Euskal Herrian ez dago zentrorik, ez museorik.
Ez, ez dago. Eta pentsa Gipuzkoan zer garrantzia izan duen baleak gizartearen garapenerako. Baleak ez zeuden hemen kasualitatez, zetazeoentzat oso leku ona delako baizik, kumeak edukitzera hona etortzen ziren, babes eremu bat zelako beraientzat. Baina ez dago ezta museo bat, ez zentro berezirik. Noski, dirua behar da horretarako eta ez da politikoen lehentasuna. Guk, esaterako, diru laguntzarik gabe ez gara ezer, eta aurten bigarren urtea izan da Eusko Jaurlaritzak diru laguntzarik eman ez diguna. Azkenean, guk ere migratu beharko dugu eta pena litzateke hemen dugun aberastasuna edukita. Guk lanak Europan argitaratzen ditugu eta ez dute ulertzen egoera, ez dute sinisten euskal kostaldean zetazeoen aldeko babes neurririk ez egotea eta zetazeoen ikerketarako diru laguntzak ez egotea.

Iturria: Berria

Advertisements

Posted on 2012/12/24, in Berriak, DBH-1 and tagged , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: