Neil Armstrong astronauta ohia hil da, Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia
Ilargia lehenengo aldiz zapaldu zuen gizonak 82 urterekin eman du azken hatsa. Neil Armstrong (Ohio, 1930), AEBetako NASAko astronauta izandakoa, atzo hil zen. Joan den hilaren 7an arteria koronarioan ebakuntza egin zioten, eta haren osasunak okerrera egin du azken asteetan.
1969ko uztailaren 20an jaitsi zen Apolo 11 misioko komandantea lurraren satelite bakarraren gainazalera. AEBetako bandera lurrean sartu, eta ilargiko zoruan lehen giza oinatza laga zuen. Esaldi gogoangarri batekin deskribatu zuen Armstrongek berak une historikoa: «Pauso txiki bat da gizon batentzat, baina pauso handi bat gizadiarentzat». Mundu osoan 500 milioi lagunetik gora egon ziren telebista bidez lehen pauso hari begira.
Lurrera bueltan, heroi gisa hartu zituzten bai Armstrong, bai bi bidaideak —Buzz Aldrin eta Michael Collins—. AEBetako Ordezkarien Ganberako Urrezko Domina jaso zuen Armstrongek, herrialdeko garrantzitsuena. Ilargia zapaldu zuenan zer sentitu zuen galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Oso-oso txiki sentitu nintzen».
Iturria: Berria
Posted on 2012/08/26, in Berriak, DBH-1 and tagged unibertsoa. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.
Utzi iruzkina
Comments 0